www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



On egiņaren obaria
Martin Ugarte, «Saletxe»
1972

      [liburua osorik RTF formatuan]

 

Iturria: On egiñaren obaria, Ugarte'tar Martin. Kuliska Sorta, 1972.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XVI
GAZTEIZ-TIK MADRIDERA

 

        Goiz artan, jauregi nasai artako morroi goiztarra zen, leenen orduei eltzera zegokiona. Aurreko illunabarrean, zaldiei arretaz burubide eman ziotzen arren, irteera leentxotik alea eman, orraztu, ta zegozkien apainketak egitea bere..gain zeukan-da.

        Bostak gutxi-gora-beera orduantxen, eta mirabe onek berak Joxe-Prantxiskori dei egin ziotzan belarri ertzera.

        Gauleenetik loa ondu eziñik zelarik, unerik gozoenean orduantxen zegoen. Alaere, aopeko deadar zirtzillak ario altxarazi ostalari arrotza.

        Neskameak zerbait beroakin balurra ausi ziotzen, eta ateetara jetxi zirenerako, beste morroi elduak, zaldi areak ubeletik zeuzkan bidealdi luzeari eldu aal izateko prest.

        Ez nola-naiko zaldiek. Eskuetara ongi eziak, okelaz sendo zeuden, soin egokiak zituzten, eta bideetan jartzeko giliz zirela zirudien. Bigungarri ta petralak arretaz ornituak zeuzkaten, larru onduzko exerlekua ertzaren jira-bira urre iduriko iltzez josirik, eta artille kardetuzko litsak txurri-gorri zinzilik, soinkurutzetara ubel zabalez lotuak. Lepa-lokiek tarteka kaskabikuz apaindurik, ain zuzen, oinkada bakoitzeko dindirri atseginkorrak, zaldi ta zaldizkoei jaikia ematen ziotelarik.

        Ibillaldi luzeetarako oi zituen jazkeraz apaindu zen morroi sasoikoa. Galtzak estu, atze ta iztar bitarteak larru zimelkiz azalbituak, gerrikoa guziz zabal, eta jaka motz estua.

        Joxe-Prantxisko xotillak ere, gutxienaz intsentso egunetakoek izan zitezkean soiñean zerozanak, baiñan larru-abarka ariñak azmantar txurietara lotuak ezik, osterontzekoak bruxa beltz dizdirakor luzeak estaltzen ziotzan. Alabeiñik, onez gaindik arro-arro zeroena, buruan txapel zabala zen, eta bepuruetaraiño aurreratua.

        Erlaiño ezkoa lurrari itxatsia ta nagi zegoelarik, bidegiro atsegiña zetorrela zirudian, eta eguna ziaro argituko zuenerako Errioxa-ko lurretara iristea zeramakiten beren amets bakarra. Eta iritxi ziren.

        Antxen ber-bertan, bidegurutza ezaguna zetorkien, aurrerako eurei zegokiena artu aal izateko. Iru zituzten aukeran. Errege-bidea zeritzona. Errege odolekoek, edo-ta auen serbitzariek bakarrik ibil zitezkeena. Bigarrena, erriz-erri zebiltzan tratalari, mandazain, eta bidazti xeentzat bereziki. Irugarrena artu zuzen zaldizkoek. Eurei zegokiena. Aberaski ta aundizkientzat gordea ain zuzen.

        Egunaren buruan, zapalduriko lurrak orpoan galduaz, eta aurre-bidearen galga nabarra betaurrean, joanaren ardailla etzuten moteldu une batean ere. Aldean zeramazkien jakiak ere, zaldien trikiko ariñean janaz jarrai zuten.

        Demanda mendaitzari muxin egiñaz, eskumako ibarretik aurreratu ziren bidazti zuurrak, gaberako Soria-ko mugetara ez-bai iritxiko geldituaz. Peiñarroya baserrixka bakartira eldu illun arirako. Bertan, Moncayo zeritzan ostatu txatxarrean, gaberako ostalari artzen zituztelarik.

        Etzen aberaskientzat egiña noski aitaturiko ostatu zirtzilla, baiñan bide batez, abereentzat ukullu barrunbe nasaia zutelarik, antxen kako egin zuten zaldiei ler erazi aurretik. Bi orduko bidez urbil, beste atseden tokirik etzeukaten-da.

        Zaldientzat ura bearko zuten aurren-aurreneko. Jatena bezin premizkoa zutelarik, eta bidazti nekatu aiek abereak babestearekin batean, lur-ondora sakondua zen putzu medarretik, katai batzuen bidez, eta buztin-errezko ontziekin, arraska luzexkora jaso ta jaso asi zen, eguzkitan txigortua zirudin gizaki eldua, ta abian urez ase ere abere egarberak.

        Jatenak eman ziotzen ondoren. Lasto iralgia, garagaralez naasian. Gabaren buruan janaz egon zitezen. Azkena moldatu ziotzena, berentzat apari-legea zuten. Gaztel-babatxikia, ta gaiñetik ezur eta azal ziren, garminduriko txerranka bana piper-autsez gorriturik, eta gorri ainbat minduek, ao-sapaia kiskali gisa jartzeraiño.

        Ala-olako maikide batzuek bazituzten otordu buruan. Oro narratsak, eta ziruditenez ardo ta edariak banatzen erriz-erri mandoz zebiltzanak ziren. Aparia zinzurrean zutelarik, kantari ta zaratatsu ekin ere, ta aien leloan ao-zabal egotea alperrikakoa zutela-ta, etzanera murgildu ziren bidazti nekatuek.

        Etzen gela goiena noski, lotarako eman ziotzena. Lau ankako zerbait baiño, ez eo-ordeko zeukatena. Emen lastaia bat, eta estalki zutena ere berogarri geiegirik gabea noski. Alabeiñik, nekatuak zirenez, etzetorkien gaizki.

        Biaramonean goiz jeiki ziren, zaldiek apaindu, ta berriro eguzki alderako bidean ser zitezen. Irteeran, ontxixka bana pattar ogi mutur legorrarekin artu, ostatu-zorra morroiak diru zillarez ordaindu ziotzan galtzadun zirudin atso surmotzari, ta abian artu zuten Gaztela-ko lur gose kiskalduek barrena.

        Arre-nabar itzalik gabeko saillak ziren begi-neurri zitzaien lur-azal aiek. Ibillian aurreratuaz, buztin otz, eta teilla-erre gisakoek ere zapalduaz zijoazen. Batean-bestean, eguzkitan ezpalduriko giza-emakume moltxokak lur maniaketan ziarduen. Geienak goldaketan, iru, lau mando, ta bostetaraiño errenkadan artzen zituztelarik, gari ereitaroa zuten noski. Bide batez, lugin lanpetu aiek ao-zabal utziaz zijoazen bidazti arrotzak. Joxe-Prantxiskoren jazkerak arrituak ziurki, bide ezagun artan barrena, ainbat ibiltariz oituek ziren arren, tankeratsukorik etzuten ikusi arteraiñoan-da.

        Lur maniatuek urratuaz, ezpel-ondo tartaxka, ta artedi itxuek zetorkien karaitz bizian ebakia zen bidexka medarraren ingurumarira, ta aldi berean bidea ere aldapatsu ordu batzuetarako, Guadarrama-ko mendi-errenkai eldu bearra zetorkien-da.

        Bide ezberdin eta arritsua ez-bairik gabe, ta egalez-egal zeartatuaz, Jarama, ta Enares aranetara jetxiko ziren ordu batzuek gora-beera.

        Etenune geixkorik gabean apika, ta ibaiaren arabera errenkada osatzen zuten makal-ondoen tarte-martekako bide antzuan murgildurik, illunabarrerako Madrid, uri entzutetsuaren paparreraiño iritxi ziren.

        Bigarren gaba, bideetan atseden bear zutena. Alaere gaitzerdi, lenengoan baiñan ostatu txukunagoan egokitu zirela. Guadarramara atze-aurrera zebiltzanentzat jasoa ziurki, ta aurpegi ez-ezagun askoren ibil-bidean urbil, eta bidaztien emari neurtuaz jasoriko babes-toki zelarik, iñorkikoa egiten ikasiak zeuden ostatuaren ardura zeukatenak. Emen, oe-zurian lo egin zuten beiñepein, eta biaramonean goiztar bidean jarri ere, gelditzen zitzaien azken tarte murritza amaitu aal izateko.

        Egoardi berandurako, Gaztela-ko uri-buruan ala-ola ziren. Zekarkiten bidea, sortalderatz ateetan moztu zitzaien, eta artu zutena, etxalde nasaiak barren, uriaren biotzera zijoana zen.

        Alderritik zeuden ukullu nasai aietaako batean utzi zituzten zaldi nekatu aiek, aalik eta berriro billa elduko ziren bitartean, diruz ordainduta zeuden mutillen ardurapeko, ta oiñez, orpoen gaiñean egingo zuten, bear zuten biztokira iritxi bitarteko tarte motza.

        Ain zuren, Pizarro karrikan, eta laugarren bizitzan zeukaten ordu luzeen buruan begipetik aldentzeke zekarkiten jo-muga etsia. Antxen bizi bai zen, une batzuek joanak, Joxe-Prantxisko xotillak, gaxotasun makurretik osaturiko emakume gogoangarria. Balentiña!...

        Morroi albistariak leenik ezagun zuen sendi ura, ta egingo ziotzen arreraren berri zekielarik, patxadaz urbildu zen ate aurrera, ta esku potorrez ttankako bi eman ere. Arriantxo ostera kezkati, ikara larriz zegoen, ez noski sukalde artan sartzeak bildurrik ematen ziotzalako, baizik-eta, ondorerako il edo biziko jokua zinzilik ikusten zuelako baiño.

        Etxekoandre argiak, begi onez artu zituen bixitariek, aietan bat ezagun zuelarik ere, lagunari ez ziotzan iñoren tankerarik artzen, aurpegiz ezagun zitzaikion arren.

        —Etzera noski gure tarterikoa?... —Ziotzan Balentiñak, erdi-otz, erdi-bero.

        —Ez, aidetasunik ez dakarkit andre. Ezaupide utsa baiño.

        Eta abian, bere amak egiñiko esku-idazki luzea eman ziotzan morroi albistariak, irakur zezala eskatuaz, ta kontuan eroriko zela alegia.

        Eskailburuan kako egin barik, gela itxi batera aldatu ziren irurak, emen, ustekabeko bixitarien aurrez-aurre, bere ama onak igorria maxiatzen asi zen. Arretaz asi ere, asi ta jarrai. Begiek argi zeramazkin amak egiñiko lerro bakanari paper ertz batetik bestera jarraituaz, eta aldi motxera, gorri baiñan txuri, zeatzago zuen aurpegi guria, marrubi umoa duin gorri aldaturik, besoetan artu zuen Arriantxo apala, ta laztan beroek emanaz jarrai, bere osasuna berriztu ziotzaneko esker ona eman nai ziolarik.

        —Nolatan etorri zera... Gaixoren bat ikustera ez baiñan?...

 

aurrekoa hurrengoa