www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



On egiņaren obaria
Martin Ugarte, «Saletxe»
1972

      [liburua osorik RTF formatuan]

 

Iturria: On egiñaren obaria, Ugarte'tar Martin. Kuliska Sorta, 1972.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XIV
ENTZUNAK KEZKATUA

 

        Urte sasoia aurreratzen zijoakien. Uzta erdiz-purdi bildurik zegonerako, osterontzekoa eskuetara etorria, eta leenen egunean kukildu zen legorpe txatxar artantxen zirauan arteraiñoan Zabaletako sendi errukarriak.

        Bilduaz zijoazen arian, gari, olo, zikirio ta abar, auzoan an-emen legorperatuek zeuzkaten, abereentzat lasto ta belarra metetan tolesturik, arto babarrunak, gaztain da sagarrak bildu egunetan, eta lepaka bat nun sartu legorrik gabe agertzen ziren zoritxarrean.

        Izan zuten ainbat tarte etxeberritze lanak aurreratzeko, baiñan usteak ez zijoazkien aurrenetik ikusi, edo-ta agindu tankeran. Etxejabearen iritzi ta erantzunan zai luzaro egon ziren, eta bitartean onen ordezkoak adierazi bezelatsu itzak mantenduaz zijoazen, ustekabeko akats pirrin bat-beste azalduaz eta konponduaz, oiñatiarraren irizpidera eroriaz noski. Bide berean, Joxe-Prantxiskok lan da lan ziardun bizi-leku berriztatzeari leen-bai-leen legorra eman aal izateko.

        Uste bezela laguntzailleak ugari zituen Arriantxo apalak. Agian gertatu zitzaionagatik palast, egiñak, edo-ta leendiko on-egiteaz zorretan zeudelarik, egunero zijoakion besaindar berria.

        Ez uztarri, ez gurdi gelditu zen gizarajoa, alaz ere era guztietariko laguntza zetorkion, eta zortziurren buruan suak kiskaliak utzi zituen zakar pillo izugarri aiek, nora-ara kendu zituzten. Zinzilik gelditu ziren orma erre beztuek bota, ta gauzako zen arria aukeraturik, eta onen osagarri bearko zena inguratua zeukan, etxeak eraman zezakean zura botea, ta arotzen agindu zai zegoen etxeak artuko zuen neurrietara ebaki ta lantzeko. Berak egin bearrekoa aurrez egiña zeukan.

        Alabeiñik bearreneko zen alderditik bero usai gutxi zetorkien zabaletarrei. Bein-birritan Oñatiratu zen ezeren aztarrik zetorren galdez baiñan garbitasun gutxi, edo baterez alde artandik. Nagusi-ordeak etxe-jabearen ozmena mai-gaiñeratzen ziotzan itzean-itzean. Apika... Ariltzeke zegoen matasa mai-azpian ez ote zegoen gero....

        Zena-zela, zusmo okerrak arro-arro zebiltzan erri barrutian. Zabaleta salgai zegoela... Leendiko maiztarrei erosi aal izateko geixkoren eskaera egin ziotzela... Basarria alakori eskeiñia... Bestelakok ainbat agindua...

        Arritzekoa ez izaki, Zabaletara ere eldu zitzaien belarri ertzera, erla-mando burrunda gisa ao-belarri zebiltzan berri beltzen aztarrak, eta ezingo ziran egon luzaroan egia ziur jakin gabe.

        Etzan izan ere lo egoteko jaioa Joxe-Prantxisko argia, ta nagikeri barik aurrez legeen berri jakin aal izan zuen. Itz emanak etzuten indarrik noski, baiñan egindako lanen obaria eskuratu zezakean nola-nai zela ere, ta alderdi bateko esku-kakoa berekin zeukan, eta bear ziren zuzenketak egin asmotan Oñatira bidean jarri zen berriro. Oraingoan ozpindua noski zenezko jauntxoekana. Esanak esan, aginduek agindu, atzera edo aurrera egitea burutamen artua.

        Goiz artan ere ez ziotzan egunsentiko loak nagitasunik utziko Arriantxo ariñari. Txoriek bezelatsu goiztar bere eginkizunetara. Ain zuzen, Oñatirako joan-etorriaren aurretik egin zezakean-da, Zarabain-dik Oazurtz tarterako larre-saillak zapaltzea egokitu zitzaikion galdua zuenezko artantzu baten ondoren. Bana-banaka artalde bakoitza maxiatuaz gero, amarrak alderatsu etxeratu. Gosari-legea egin, eta kezka zetorkion alderdiruntz abiadura artu ere, egoardi berandurako bederen itzuliko zenezkoan.

        Jan zuena zinzurrean zuela noski, Urkuilluko gaintxoa arturik, Elorregi auzoan barrena Udana-bentara zuzendu, andik gainbera, Olabarrieta-ko etxaaldea aldez-alde, zeartatuaz Oñatiko etxaarte bilduan sartuko zen.

        Orpoek dantzatua noski, ta Eliz-dorrean amaikaterdiek ziranerako, San Lorentzo-ko ateetan zijoen oiñezko ariña.

        Emen, bazkal-aurretik oi zuen ibilitxoa egin ondoren, eskuetan makillatxoa ara-ona, etxerako itzuleran zijoen gizaki elduarekin bateratu zen. Au patxadaz zijoen, Arriantxo laisterka txikian edo alatsu. Bide batez, bien ointartea bateratuaz, elkarrekin aiko-maikoan sartu.

        Au, ta beste, itzak izpide, nuntarra zen galde ziotzan oiñatiarrak.

        —Urrutikoa ez adiskide. Legazpiarra nauzu.

        —Kontxo! Neu ere angoxe jatorria naiz-ba... Albitxu-ren entzuterik izan aldezu iñoiz?

        —Nik dakitala beintzat ez... Jakiña, erriak ingurumari zabalak ditu-ta...

        —Nola izango duzu... Belaun erdi bada, aitaren jaiotetxeak lurra jo zuela... Nere ama zena ostera gabiriarra zen... Beeko etxe-ko alaba.

        —Jas! Beeko-etxekoa...? Joxe-Mari tarteriko dezu beraz...?

        —Birleungusu egiten gera. Ain zuzen, eranegun alkarrekin bazkaldu genuen, eta orain aldian beintzat esku bete lan badabilki. Izan ere, bizi guzian maizter izatea-ere zerbait-eta, basarria erosi nai zukean...

        —Basarria erosi?

        —Bai. Obeto esateko, erosia du iñolaz ere, bi bizitzakoa omen.

        —Ez nekien alderdi aietan etxerik salgai zegoenik.

        —Urbil zuenezkoa aitandu zigun bada. Joan zen udaberrian errea omen-da.

        —Ortara Zabaleta bearko du izan, osteroan ez dago inguruan suak kiskalitako beste etxerik. Baiñan arritzen naiz ori izatea ere. Maizter berak nagusiarekin konponduek direla-ta, berriro jaso otsean dire beintzat.

        —Ez nizuke esango zuk-diozuna den edo ez, dena delakoa, erosia izango du noski. Itzez beintzat konponduek omen.

        —Arranetan... Etxe berritzea galanki kostako zaizkio baiñan, diru egingo zuen etxaalde arrek. Inguru nasaiak dauzka-ta...

        —Amabimilla errealetan izatekoan iñolaz ere...

        —Lau orma erreak egiteko dirua da baiñan, zuk diozunean ez da gezurra izango... Aizu-ta, erosi duenezko etxe-jabea emen bizi alda?

        —Emengo jatorrikoa bai noski, baiñan orain Madriden bizi dela-edo... Emen bizi dena ordezkoa da. Au omen bere artu-eman guzietarako izendatua, onekin egiñak ditu tratu bide auek guziak.

        Onenbestez banakatu ziren oiñezko biek Bidaurreta-ko bidekurutzean ezker-eskuma. Joxe-Prantxisko jakin zuenarekin izotz koskor biurtua, odolak ordea irakiñaz zijoakion, geroxeago ikusiko zuen jauntxoak egin ziotzan saldukeriagatik. Bide batez, jelatua ta txingar bizi.

        Alaz ere, Joxe-Prantxiskok gizonki mintza ziotzan zelazko nagusi ordeari zegokion nortasuna gordeaz:

        —Estutua natorkizu gaurkoan jauna. —Onen aurrean exerleku biguiñean jarria, ta belaun-katilluetan esku zabalak zituelarik ziotzan—. Orain artekoa nola-ala egin degu, luzaro ordea ezin dezakegu itxoin. Arto babarrunak eskuetan dauzkagu, gaztaiñak erdi eroriak, alatsu sagarrik geientsuek. Negua zinzilik, eta gu artegi zirtzil artan, eskuzabala bete legor batik ezingo gera gelditu. Jakin bear det etxea jasoko den edo ez. Auxen jakitearren etorria nauzu, eta zuk esan eziñezkoa bada, Madridera bertara joatea baiño ez dagokit.

        —Leenik ere esana zauzkat ni ez naizela iñor erabaki ori artzeko. Etxekoandrearen erantzuna aurreneko bear dut. Uste dezu nere esku egon izan bazen onezkero paite antzu aiek ez zirela jasoak izango? ... Beraz badakizu ni ordeko baiño ez naizela.

        —Bai, banekian ordezko baiño etzerana, ta itzak legunak dituzula ere ikasiaz noazu. Baiñan itz soillak, antzuek. Egintzak ikusi nai ditugu, ta ez agintzak...

        —Kontu gero zer esaten diarduzun! ... Badakizu norekin ari zeran izketan?

        —Badakit bai, zoritxarrean... Eta utzi itzatzu legunkeriok beste baterako, ta garbitasun apur bat eman.

        —Nola nai dezu garbiago eman dizudana baiñan?

        —Guzi-guzia den bezela esanaz. Eskaera eskeinteak erabilliak ditezuenez, eta leendikoek geu giñan ezkero, arrazoizkoa izango zen itz erdi bederik aurrez ematea. Edo-ta, gure txanponak ez alziren aski?...

        Izotzetara erori zela zirudian zelazko jauntxoak, Joxe-Prantxiskoren arrazoi juxtoek lotsatua noski. Baiñan ateari maratilla nola-ala jarri bear-eta, zuri bezin saltzaille, berak egin zituen naspilkeri guztiek estali bearrez, geroztik legunkiro artu zuen mintzaira:

        —Jakiñean egoteak ez dakarkit kalterik, itz egiñaz konpondu gindezke-ta...

        —Konpon gindezken, eta beste norekin bezin jator agian. Amarmilla gatik, edo-ta zerbait geixkoan ere. Bai alzenekin eskaera orri erantzungo genion edo ez?...

        —Baiñan ziur zaude ala delakoan?

        —Niri belarrietara eldu zaidana esaten dizut.

        —Zuk dakizun ainbat ez nekian gizona. Zerbait bai, erdizka bakarrik, eta orrexengatik ez nizun oiñurrangoan txistik aitatu. Onanean, etxekoandreari norbait elduko zitzaion, ta berekixko tratu-giroan sartu-edo, litekeana da. Etxea berea da-ta...

        —Berea da, ala, berea zen? ... Orain beintzat, an ez dago orma erreak izan ezik beste aitatzekorik, eta aiek ere bide okerrez salduek. Jakingo dezu noski berria jasotzeko egin den guzia nerea dela, ta lan guzion obaria eskuratzeko eskubide oso-osoa detana?...

        Legunki mintzatu zen jauntxo biurria une berean mutu gelditu zelarik, Joxe-Prantxisko beste esanbearrekoek barnean gordeaz, ta egun batzuek buruan azalduko zitzaiola agindurik, etxera bidean jarri zen.

        Eguerdi aurtxoa ordurako Oñati-ko enparantz barrendik igarotzean. Bazkal ordu egokia noski, goizean artu zuena anka-orpoetaraiño jetxia izango zuen-da, baiñan ala bearrez txanpon bat bear eta, bera etzuen aldean, eta okerrago zena, ez jateko gogorik ere, bide batez gogait egiña, baiñan etsipenak mendaratzeke, Udana-bentarako bidean jarri zen, toki ezagun ura noiz zapalduko, ta gainbeerakoari eldu aal izateko tirriz.

        Bidealdi luze artarako pentsakizun bakarra jaso zuen errukarriak, alaere bakarra zeroelarik, jira-biraz artu bearrekoa zerbait argitzekotan. Bai, nagusi-odea gezurretan zebillena oso-osoan ikusten zuen, beeruzkoan zenezko zaldun elduak esan ziotzanetan. Etxekoandrearen ixillean ibilli zitekeana ere jaiotzeko aiña zen. Baiñan izugarrien zitzaiona, urreeneko atekoa aren ezbearraz baliatzea... Au zitzaion sinisgaitzena.

        Negar-muxiña geroztiko bidelagun aldengaitza Arriantxorentzat. Errukarriak, zorigaitz guzien tartean ordea, argi izpi medar bat bazeman berekin. Ain zuzen, amairu urte joanak ezagutu zuen arabar aundizkia. Iñoiz zerbaiten bear izan ezkero, arekana azaldu zedilla esan ziotzan zaldun argia.

        Bestekoz ordea, argi pirrin uraxen itzaltzen ziotzan atsa ere bazeroan barne naastuan. Egun batzuek buruan eskuratzea aginduriko zera, bere artan aitu zela alegia. Nexkaren gaixotasunari ez ote ziotzan igarriko?...

        Korapillo au gora-beera, aldiro negar malkoek dindirri, ostean barne suak txigortuaz, nola-ala iritxi zen bere lurrera. Gogoz auldua, ta soiñez aulago.

        Etxola pizerraren saietsera zegoen gaztain-ondoaren enporrean exeri zen iristeaz bat. Buru-makur errukarria, sendi ozmindu arren negarra berriztatuko zuela idurimenakin ain zuzen ere.

        Ama Tomaxa oilloei arto parraxtak boteaz urrean zegoen. Pantxike, ate mokoan exeria, ta soin-arropak konponketan ziardun. Abereen eginkizunetan zebiltzan neska-mutillek ere urreratu ziren zer entzungo. Baiñan Joxe-Prantxiskori aldian otzago, egonean mamirago zijoakion ixilpekoa.

        Andre biek, oni oztasuna nabariaz dardara larriz jarri ziren. Alaere, ama naigabetua izan zen aurrena aria ardatzari eman ziotzana:

        —Eta... Zer berri dakartzu? Ezer egin aldezute-edo...

        —Gauz onik ez ama. Etorkizun gorrien mendean eroriak gaituzu.

        —Zaude ixilik gizon! ... Ez aldu beingoan berrizten asi asmorik-edo? —Ziotzan emazte negartiak.

        —Bereak, eta bost jaurti diotzat gizon saltzaille orri, ta ikusiko dugu zertara erortzen den.

        —Saltzaille diozu?

        —Bai, saltzaille... Igaroak diren illabete auetan salduak egon gera, ta orain azkenik, etxea saldu digu naaspildaritzar orrek.

        —Saldu duela?... Nori ordea gure berri barik?...

        —Iñolaz ere, Zabaleta eskuz aldatua dago. Ez dute gurekiko errukirik izan saltzaille-erosleok. Beeko-etxeko Joxe-Marik erosia omen... Guzia ezjakin egin dit gezurtitzarrak, baiñan bidean gizaki batek esan didanez, itzez beintzat, esku-aldatua daukate.

        —Eskera bagoazke orduan!... —Malko lodiez naasian irten ziotzan Tomaxari—. Artu ditugun nekeek ez dire alperrikakoak izan...

        —Argi murritz bat badaukagu oraindik ama. Gazteizko aberaski arekana joan bear nintzake. Bear bada, erosi aal izateko dirua aurreratuko liguke, ta ortara, eskeintea gaindik joaz, eskuratu genezake.

        —Noiztik jaramonik egin ez dizu-ta... —Pantxikek irripar gisa.

        —Alabeiñik, gertatu zaigunan berria eman ezkero, ez ligukela ukatuko nik uste. Bearrean lagunduko zidala agindu zidan-da...

        —Iruditzen zaizu?

        —Ni ontan nago.

        —Agindua bat... Emana_bi...

        «Artzeko zaarra zor bizi!» Emazte saminduak asera emaniko esakunaren ospel alderdia, bere baitan entzuten zuela zeritzon Joxe-Prantxiskori, baiñan etzen kukildu alaere.

        Ao-bete gogo barik jan eta oitua ez bezela egun argitan artu zuen ibilbide nekatsua.

        Irten zan bai, ta noiz biurtuko zen ezjakiñez. Egun bi, iru, agian... Zetorrena ikuskizun, ta bitartean nasai egon zitezela etxekoei arrendurik abian aiekandik aldendu zen.

 

aurrekoa hurrengoa