www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



On egiņaren obaria
Martin Ugarte, «Saletxe»
1972

      [liburua osorik RTF formatuan]

 

Iturria: On egiñaren obaria, Ugarte'tar Martin. Kuliska Sorta, 1972.

 

 

aurrekoa hurrengoa

VII
SENDAKETA ARRIGARRIA

 

        Uzta erdiz-erdi zijoan. Egunaren erroan bero ittogarria egin ondoren, mendi goietara lanbroxka izpi narratsa jetxiaz zetorren illuntzerako.

        Eta illuna ari-arian zelarik, eta tarte urri onetzaz baliaturik, Martolo, zeraindar artzaiña, beste egunetan gisa, Saluita-ko kukulluan bere artaldea sarobira bildu ondoren, esne bilketan ziardun.

        Udarako bizitoki zitzaion etxola pizerra oin-bitara zuenez, bertan sarrerako atearen saietsera, kataian loturik zeukan zakur salataria, bat-bateko zaunka estuan asi zen.

        Arriz itxia zuenezko eskorta barrendik burua altxa-ta, ordu antan nor zitekean susmoz jarri zenerako, ongi erroturiko gazte luzeka bat, zerbait galdu bailitzaikion gisa, bazter bietara begira, gaiñik-gain zeartatzen zen bidexka medarrean barrena, ber-bertara urbilduaz zetorkion.

        Gerturatuaz gero konturatu zen zerbait bilduaz zebillenezkoa, ta alaxen zebillen izan ere. Eskuetan karraskillu ezpal batzuek zekarkian eta lepa-ondoan zinzilik larru-zorroa, bertan belar batzuek ezpaiñetaraiño batetzen zutelarik. Alaere, bazitekean belarren azpian zerbait astun izatea, sorbaldarekin indar egiten zuen tankeraz beiñepein, zerbait pixua zekarrena nabaritzen zitzaion.

        —Kaixo!... Onek, ukal-ondoak arresi gaiñera boteaz-. Esne askotxo biltzen aldegu edo?...

        —Gauz aundirik biltzeko ez gaude egun aukerakoetan...

        —Oraintxen-ba... Aizken jeetxialdi auek izan oi dire ugarienak.

        —Bai jatena balego. Legorte onekin, goseak ere dabilkigu... Oraintxen ez daukate erro mokoetako zizkua baiño.

        —Daukatena koipetsua ordea...

        —Ala bearko... Aste au ezkero jeeixteari utzi egin bearko...

        —Bai, emen ez dago agortzen ez den iturririk...

        —Antzutu sasoia ez alda... ?

        —Santiagotan gaude-ta, onezkero ez dago lotsik. Berriro umetuko badira ere...

        —Zer zabiltza, perretxiku ondoren edo...?

        —Ez, ez. Perretxikutan ez naiz amorratua... Sendakillu belar batzuek billatzen ote ditudan irten naiz.

        —Sasoi txarrean zatoz amets orrekin. Euririk ez onekin, bazter guziak txigortuak dauzka-ta...

        —Ez zazula pentsa... Lepaka aundiaren bearrik ere ez nuen-da, eskuka batzuek jaso ditut.

        —Aurren artzea ere bada baiñan... Enplasterorenbat etzaitugu bada izango?

        —Ez gizona...! Iñoiz ortan ere jardun izan gera baiñan, ez naiz orrenbesteraiño.

        —Litekeana da baiñan, mintzairaz dirudizunez, urrutikoa etzera noski...

        —Etzabiltza oker. Emen, Peatza-miñetan nabil lanean.

        —Nik ere or dabilkit-ba semea... Ezagutuko dezu noski... Tomax Gaztelu...?

        Etzuten luzeegi artu elkarrizketa gizaseme biek. Meamutillak illuntzerako Peatzaruntz urbildu nai zuelako noski. Izan ere toki aiek ez-ezagun zitzaikion, ta batez ere jeiskerako bidexka maldar aiek, goruzkoan ikusirik, bazekien meatz ondoren zebiltzala irikiak-edo, or-emen luebaiak zirela, ta auek illunetan oiñezkoen arrisku bide.

        Agian beste ar batek ere zulatzen zuen barnean baso maldarrak beera zijoen gazte arrotza. Aletik opilla, uste izan zuen berekix, baiñan uste okerra. Bere baitan jaioa egin ondoren, irizpideetan bat etzetozen ondoriak.

        Ain zuzen, Peatza-miñetako lur-zulo illun aietan, izurri gisa, gaitz itxaaskor batek kutsutuak ziren mea-mutillak. Eskuko beaz tarteetan agertu, ta gerora gorputz osoan zabalduaz lanerako ezean gelditzen zirelarik.

        Atza-miña zen gaitz berri ura. Aurrena alexka xeak irtetzen zitzaizkien, ordu batzuetara ur-bildu biurtuaz, eta gesala zeriela azkure-miñaz gelditu soin gaixotua, ta batez ere gabean etzatean. Baziren gau osoak begirikk bildu barik zirautenak.

        Odoletiko naasteria zela uste izan zuen aurrena. Garaiz konturatu zen ordea, azalekoa bakarrik izan zitekeala, ta ontarako sendagaia sortu asmoetan irten zen, lan orduak amaitzean, Saluita-ko aitzetara. Osagarri berrian billa.

        Zorionean azaldu zen aitaturiko enplastero edo zenezkoa. Edozein bezelaxen lur-zulo aietara lanera etorria, ta leenen egunetik besteen gisa burdinkokillaz, atxurraz edo burdinagaz arriki astunak askatzen burrukan, ogi-bide baten billa etorria zelarik, egunaren lan-ordu etsiak alaxen zeramazkien.

        Alaz guziz, nagi kutsurik etzuen-da, lan ordu luzeak loi tartean igaroaz gero, gaixo eroriek bere ardurapean artu zituen gaitza nabarmendu zitzaienetik.

        Etzuten izan ere osasungarri, lur azpiko lantegi ura. Birikak aize-berriztu ordez, meatz-arri naasiko gesal, edo-ta lipu kiratsa baiño ez bai zuten jasotzen, eta gaitzaren iturburu au zitekeala iduriturik, aurrena odolak garbitu aal izateko karraskillu atalka batzuez egositako ura edatera jarri zituen. Gerorago, berak bakarrik ezagutzen zituen belaregosi opilduekin loturak jartzen ziotzen miñak elduriko alderdietan.

        Alaere, egindako guzia etzen aski izan gaitza menderatzeko, edo-ta, elbarri aiek bixkortzeko, onetxengaitik, illunabar artan ere berekixako susmoz asmatua zuen zerbaitegaitik egin zuen bakarkako ibillaldia.

        Onako au zaraman bere baitan: «Arriak dakarrena arriak eramango». Eta erro ontatik egingo zituen asmakeri guziak, eta satorraren antzo lur azpian ibilli zen mutilla orretxek eraman zuen Saluita-ko aitzera. Berak uste zituen arkozkor karetsuek topatuko zituen usteak.

        Ain zuzen, larunbata zen, eta aparitako sasoi bete-betean noski Maiztegi-ko lo-toki aietara iritxi zenerako. Esan ziteken bere zai zeudela, oso urrutiko izanik, etxeratzeke gelditu ziren bakarrak. Egoardian geixkoan-edo gelditu zitzaikien baba-txikia piper-autsez ongi gorritu ta mindua zeukaten meakin aiek lotaratze aurreko otordurako, ta iñor gutxi zirelako-edo, txurruta bana ardo astearen bukaera bezela.

        Biaramon goizari eldu bearrik etzutelarik ere, nekatuak izaki-ta, garaiz oeratu ziren, menditik jetxi berri zen gaztea, ta onek egitekoaren itxaroz zeuden bakar batzuek ezik.

        Kare-arriek surtan gurituek afalosterako, ta eltze aundia bete ur irakiña illunabarrean bildu zituen belar aietatik batzuek apatzera bota, aldian-aldian oni arrikozkor guritua, atza-miñak arturiko alderdiei lurrindu luzeak artuerazi ziotzen elbarritu aieri, bana-banaka sukaldetik urbil zen gela izkutura eramanaz. Legortuaz, arri-gesalkiz asmatu berri zuen auts arre-gorria, ore-bigunkiz naasian, soin guzian igurtziz arturik itxatsia utzi ziotzen. Au ezegin etzedin eunkizko zapi xirrinda medarrez loturak egin. Eta abian lotarazi zituen mutil elbarriek, beste lankidekoek kutsutu ez zitezen ortarako itxirik zeukaten, aitaturiko gelatxo illun artan bertan.

        Ogi-mami uts zirudien mutillak. Argia, bera bezela, ta nola nai ere lan auetarako berekisako artezia zekarrena. Susmur auek bete-betean zabalduaz zijoazen aizearen gisan, eta batik-bat lankideko meakiñengandik. Bakoitzak beren poz eta esker ona ere azaltzen ziotzen. Orrezaz beste edozer lanetarako egokia. Gorputzez ez luzeegi, ez motz ere, bularrartez sendo ta zaintsua. Soiñaren neurrietarako indar askoko mutilla zen. Aurpegiz biribilla, bekokia zabal irtena, sudur zapala, ta okotza lepoondoak jaten ziotzan oietakoa. Begiratu zorrotzekoa, ille bizar beltz ugariek, edozeiñi itzal egingo ziotzana... Alaere, bide batez itz-jario xamurrekoa zen, lagun arteko, ta apal utsa iñor bazen.

        Aitaturiko guziek eta oro geiago zituen gizasemea, Joxamingo arriandarraren semea zen... Ogeitaka urteak leenago Zabaletan kabia artuaz, leenen landareetako sabelkide aietan bat. Ain zuzen ere, Joxe-Prantxisko ausarta...

        Aitaren ezpaletikoa zen oso-osoan. Langillea, apala, ta iñori on egitekoa. Illuntze artan ere, onexengaitik gelditua zen etxeratu zezakena. Gaitzak joak zeuden lantegiko adiskide aiexengaitik.

        Alaere etzen nasai oeratu mutil amesbera, ta argitu arteraiñoko orduen buruan, etzuen lokamux bat baiño egin, eta bera ametsetan purrukatzen. Apika, gaixoekiko asmakizun berriek kezka ematen, edo-ta, biaramon goizerako asmatua zeukan joerak, lo-kulixka ariña bat-batean itotzen. Zorrotza iñolaz Joxe-Prantxiskok zulaka zeukana. Batik-bat, burutamen naastu aiek, eta lo-betean zeuden meakiñen lelo zurrunka sorgarriak, arkakusu eztenaren zulatua ba litzakean, gilikor ziraun mutillaren gorputz minkorra.

        Etzuen egunan sentiera ustegabean nabaritu. Nekez bederen eldu zen, eta lo-tokiko leiatilla burua leenen argi txintak laztandu zuenerako oiñen gaiñean zebillen mutilla. Aurpegia garbitu, bizarra kendu, ta arropa garbiek soiñean jantziaz batera, onezik ziren lankide aiek lotan zeuden gelatxo medarrera urbildu zen. Beste gabetan ez bezela, zurrunka bete-betean aiek ostera. Auen patxadazko loa ezaguturik, pozez gaiñeztua, baiñan txistik aitatzeke, zeudenetan utziaz, egoarte osorako amets zebillen bere bidea artu zuen.

        Igandero bezela Aztiriko Baselizatxoan Meza entzutea egokiago zetorkion arren, barne-bultza estuak ere bere legeak izaki, Maiztegi-etxeberri-ko nexkekin Mutillo-ko San Pedrora joan aal izatea askozaz giligarriago zitzaion. Izan ere, gaizberrituen arduraz etxeratu barik zen mutillarentzat, noiz aukera egokiagorik, maite-miñetan murgildua zegoen Mari-Pantxikeren gonapean ibiltzeko...?

        Beraz, ezin zezakean aukera ura galdu. Urte bi joanak elkar ezagutu zirela, ta amar illabete osorik ez, bien maitasunak bateratuaz, elkarri itzak baieztu ziotzenetik.

        Agorreko Andre-Maritan ain zuzen. Gogoangarri noski Lierniko festa egun ura neska-mutil maite-minduentzat. Biotz-ondo gordeeneko pilpirak, bat- besteekana ixilpeko barik azaleratu zituzten-da.

        Geroztik, Mari-Pantxikeren saiets bat bederik eskuratua zeukan Zabaletako mutil argiak, eta udazkena urrutien, oso-osoan bereganatze itxaropen itxuarekin asero zebillela zirudin.

        Alaere Joxe-Prantxiskok etzuen luzeegi artu nai izan Meza-jira. Bidean txitxi-potxoki larregi narrastu barik, egun sentieran lo-zurrunkaz geldituak ere gogoan zituden-da. Zortzitaerdiek zerbait gora-beera, Maiztegiko meakiñen lo-gela bildu artara iritxi zenean. Goiz-sentieran lotan utzi zituen lan-kide aiek irtenak ordurako. Etzinleku gaiñean mordo-mordo, izardi usaia boteaz zirauten estalgarrien azpitik urruti barik, baratzuri salda artuaz badurra austen ziarduen.

        —Etzaudete txori, motelak luzaroan etziñak egoteko...-Joxe-Prantxiskok bertaratzean-. Itxuraz lo egin dezute edo...?

        —Aste osoan ezdiagu bart gabean aiñako atsedenik izan. —Denak batean erantzunaz—. Zer deabrukeri egin igukan atzoko ortan...?

        Etzuen deabrukeririk egin noski Joxe-Pratxiskok aurreko illuntzean. Bere baitan sortuak asmakeri guziak, eta uste zuenez, burutamen aiek bide, gaitzari zaiñak ebaki ziotzan seguroxean...

        Bederatzi arroba astun izango zen Mateo zeraindarra zegoen gaitzak geienbat kutsutua, ta Joxe-Prantxisko kezkatiak, aurrena oni begiratu ziotzan. Eskuko beatz tarteetan, eta abian soin guzian. Eta ontan bat-banaka osterontzekoei.

        Zirudienez, nai izan zuenari aurren artu ziotzan, erabillitako osagaiak adierazten zuenez. Aurreko egunetatik ur-gesal txirrioz zituzten aztalak legortu zitzaizkien, eta azkure-miñak utzi. Zer seiñale zuzenagorik...?

        Arteraiñoko asmakizunak onekin autsiko agian, eta bereala leengo gauz bera egitera jarri zen, batik-bat azal-ugentuaz, onekin erabat itxutua zen-da.

        Bazkal-aurrea ontan eramanik, Zabaletan otordurako bildu zirenerako aita-amen ondoan zegoen ain zuzen...

 

aurrekoa hurrengoa