www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



On egiņaren obaria
Martin Ugarte, «Saletxe»
1972

      [liburua osorik RTF formatuan]

 

Iturria: On egiñaren obaria, Ugarte'tar Martin. Kuliska Sorta, 1972.

 

 

aurrekoa hurrengoa

IV
SAN JOAN GOIZA

 

        Udaaroa aurrera zijoan, eta lan giroak oneratzen zijoazen kurpillean lantegiak ere leloz aldatuaz Aizkor-azpiko baso itxietan.

        Joan Batixte zen ontan buru zijoena. Saillik aundiñena menderatua izaki ogeitaka txondarrak egosten zituen, eta beste ainbat auek egostearen begira surtan jartzeko. Beste bi lantegi maxkarragoak ere arakituak egalen bat-beste ezik.

        Etzen arritzeko zeukan mutil sailla ikusi-ta, baso-lanak aurreratuak izatea, basoko zezena menderatu zezakean taldean zeudenetan edozeiñek, alakoxe sasoiko mutillak ziren bere mendean zeudenak. Zaintsuak, langille itxuak, eta buruz jokazen zekitenak geientsuak, ala-olako bi astaputz bazituen ere.

        Auetan bat Paxkoal, giputza zen, udako irabaziak aste betean urtzen zekien oietakoa. Txilbor izengaiztoz deitzen ziotzen. Bestea Permin, jaiotzez naparra, baiñan azken urteetan giputz basoetan batekoz-beste ta udaaldiro lantegi bi aldatuez zebillen oietakoa.

        Martxeloren mendean zebiltzen mutillen artean iñoiz ixkamillarik bazen, bi auetakoren bat, edo-ta biak izango ziren izatekotan sasi-piztzaille. Pizten eta aize ematen zekiten-da.

        Lantegirik txatxarrenean, aurrez soildu ta legorturiko araki bilketan ziarduen amar-amabi mutil San Joan goiz artan. Beste bi-iruk, txondarren arretaz eta aiengandik banaturik, alborako baso egalean zuten lanik aski. Betegarri bearrean ziren txondarrak egur-berritu, sua jeetxierazteko egur-gabiaz gandorretik oiñera tankakoak emanaz, edo-ta gerrondotik aizea artu zezaten irikiak atereaz eta abar, bakoitzek zuten egitekoa egosleak agintzen ziotzen erara. Eta ekitaldi gogorra egiñak zeuden gatzemailleak, talo-mutillak lenengo otordurako deitu zietenerako.

        Otordu indartsua goizean-goizetik egitera zijoazena. Topiña bete baba-beltz zerri koipez gozatua naiko talorekin. Egoskari bera zuten goiz-arratsetarako, eta udaaldi guzirako jaki bakarra. Eta eltzearen ardura zeroena ostera, amairu urteetara zijoen mutikote zurtza baiño etzen-da, onen oiu sorkor eutsia entzunez batera, bana-biñaka urreratzen asi ziren basa-mutil gosetuak ortarako artua zeukaten tokira, lur-larruz egiñiko etxolatxoaren mokora ain zuzen.

        Beste egunetaz ez bezela, elkarganako begiramena urratuaz eztabai gogorrean marmari zetozen bidatxidor maxkarrean beera. Giputzak itza atera, ta naparrak mantenduaz noski.

        Etzen beraz arritzekoa osterontzekoak auen kaltez altxatzea, arrazoi izpirik gabeko naaspilla baiño ez zekarkiten-da, eta eltzearen jirara eldu zirenerako, auen parregarri gelditu ziren astakillo biak.

        —Ez didazute parrerik egingo. —Ziotzen Txilborrek ukalondoak jasoaz, eta Permiñen itzalean—. Ongi ta geiegi dakizute zuek arrazoi degula, alaere mukizu ori jasotzearren zeuen teillatura arrika diarduzue burugabeok. Baiñan oraingotik ez dik irtengo, datorrenean aurpegira botako ziozkat bereak eta bost.

        —Ago exilik ao-zabala!... —Asarrez ziotzan basa-mutil aietan batek—. Euli bat iltzeko aiña ez aiz eta... Gaiñera nori zer ziok, etxeratzeko baimena ziaken ezkero, ongi egin dik joatea. I ere joango intzan etxekoekiko ezpalak leendik erreak ez baituken.

        Topiñaren estalkia altxa zutenerako, txondarretan zebiltzenak iritxi ziren, gosari billa auek ere. Martxelo, lantegiko burua aurren zutelarik, mendira igo berria zen ikatz-egoslea bere laguntzalleakin, eta Joxe-Prantxisko gaztea auen orpoz-orpo.

        Bai, basa-lagunak ordu aietan ikustea itxaro etzuten aztiriar gaztea bera, iruri autsez eta izardiz larru azalak bezturik zituela, ekitaldi gogorra lan egin ondorean txori zetorren gosari billa. Basa-mutillak uste zuten bere jaiotetxera joana zela, aurreko illunabarrean aditzera ala eman ziotzen baiñan, egunsentian etxerakoari eldu bearrez, egoslea premi estuan zela ezaguturik geroago ere astia zeukala-ta, gosari bitarterako auen laguntzara irten bai zen.

        Istilluak ziren orduantxen lentxoago agotan zerabilten marmalarien artean. Usteak ustel irten bai ziotzen.

        Urbilduaz zetorrela, aizeak belarrira bultzata edo, Martxelok aixe somatu aal izan zuen jatordurako ekaiztea zela, ta besteraka, aurpegi ezberdin aiek aski zituen bere barnean susmo txarrak jaio erazteko. Iñoiz beste ainbeste ikusten oitua zegoenarren, begiratu zorrotza boteaz Paxkoal-i onek galdetzen:

        —Zer gertatzen duk gaur emen?

        —Ezer ez.

        —Ez didak egia esaten Paxkoal. Eztabaidak urrutitik somatu dizkitzutet ezer gaberik izateko...

        —Aztiriar txatxu onek naaspildu dizkigu..bazter guziak. Gezurti txatxu onek... Zer du onek guk ez deguna? Eztia edo? ...

        —Nik bazterrak naastu ditudala? Gezurtia naizela?... Ori zergatik esaten didazu Paxkoal?

        —Denen aurrean berrituko diat gaiñera, gezurti aundi bat baiñan ez aizela... Atzo illuntzean esan uena esan-da...

        —Nik atzo esana bete ez badet, gaur goizerako gure asmoak aldatzera beartu geralako izan da. Premi-premizko lana sortu zaigulako. Alaere, etzait beranduegi bazkal-ordurako nere etxera joan aal izateko, ta joango natzaitzu Jainkoak lagun.

        —Azer nolako zera i... Beste iñor ez bagiña bezela. Igarria aukat bai, zurikeriz, eta aitzakiz, lan gogorrei aldematen ikasia agoela...

        —Oker zaude ontan. Igaro ditudan lau illabeteetan, agindu didatena baiño ez det egin. Lan ariñetan ibil-banabil, zurikeriengatik ez da izan. Bestela esan dezala Martxelok... Ez nizuke esan bear baiñan... Ni ez, zu zera emen gezurti ta naaspildari aundiñena!

        Eskuetan zituen zur-zali ta talo erdikia, eltzearen zutigarritarako zegoen arri beroaren gaiñera su artan jaurtiaz, abian altxa ta etxola barrena sartu zen Joxe-Prantxisko gizarajoa, aoa-bete baba irentsi berriak zinzurrera zetorkiolarik.

        Aldi berean, lantegiko burua eraso bizia emanaz zijoen sasi-piztalleari:

        —Ik sortu bear uaken au ere, kirtentzar alenorrek! ... Erlea baiñan xuxenago den mutillarekin...

        —Bai, ta berriro ere esango diotzat gaiñera, lanari igesi dabil-da.

        —Arrazoi izpirik gabe diarduk ixkamillaz. Zuekandik banatzea eziñakatik izan dek, eta nere aginduz gaiñera, ez ik uste bezela, edo esan bezela, ni zurikatzeagaitik. Sorbalda konkorrak aragi-bizi ikusi-ta, ain biotz gogor izango ote natxiok berriro lepaketan jartzeko? Au ere gu bezelaxen gizaki ez ote duk edo?... Kontu gero itzik atera nik zertan diardutan bazekiat eta!...

        Martxelo etzen iz jario oietakoa izan ere, ta murruska motxean jaurti ziotzan esan bearrekoak, eta bide batez, arrazoi eman gaiñontzekoek, eta baba beteka egin zutenean, bakoitza beren sailletara irten, mutu ta buru makur. Eta nagusi-ordea lotarako zeukaten etxola maxkarrera sartu zen mutilla onbideratu zezan.

        Baiñan Joxe-Prantxisko etxera bidean jartzera zijoen ordurako. Oin-bitarte batzuek albora zijoen errekatxoan, gerriz goiak billotsik, soiñean itxatsiak zituen ikatz auts lirdikak kentzen ziardun gizarajoak.

        Martxelok gertatuagatik nai ziokean zerbait esan mutillari, baiñan aalik eta legortzera etorriko zen bitartean ez ziotzan jaramonik eman. Alegia, etzuen aurpegirik izan mutillaren bizkar konkorrean zauri arakaiztu aiek ikustean, bat-bateko zirrara kezkatsuak mingaiña lotu ziotzan-da. Onez-onean, apal, gizonki artu zuen buru-ordeak esan ziotzen zorakeri guziek aintzakotzat ez zitzala artu eskatuaz, eta berari zor ziotzan esker ona azaldu. Urdai atal gantxarretua talo bitartean sartu erazi ziotzan su-zaiari mutillarentzat, eta biaramon gaberako azaldu zedilla arrenduaz, aldentzera zijoen.

        Bat-batean, nagusi-ordearen itz xamurrak, ez-bai zegoen mutillaren barna gaiñezturik, begi biek betean malko dardari, ixillean gorde nai ziotzan naigabe samiña ustekabez azaldu...

        —Nituen irtenpide apurrok agortu zaitik oraingoz Martxelo... Ez dizut berriro igotzerik agintzen...

        —Orren itxuan ez dituk artu bear lagun arteko eztabaidak. Lantegi guzietan oi dituk antzerakoak. Orregaitik, barrunbe zabalagoa bear duk iriki... Ezagutzen diat ire zuurtasuna, ta naigabeak ittotzen auka ziurki, baiñan nasaitu adi Joxe-Prantxisko, denetara oituko aiz-eta.

        —Eziñezkoa zait orien zalamaletara oitzea. Aurrenengo egunetik beteaz nendorren, baiñan gaurkoak batik-bat, gaiñaz eragin didala sinistu zaidazu. Gaiñera, oiek makurtu nai nauten bideak ez dire niri dagokiadanak. Milla bidar entzungor egin diotzet, amets detan irtenpiberako esi gogor zaidanez. Bizikera narratsean eroriak dauden oiekandik jaso dezakedan guzia, nere kalterako baiño ez dut, eta ala-olako bideak artu baiñan oba etxean gelditu. Gurean lan egin ezkero, zer jana dago-ta.

        —Oien kirtenkeriak gora-beera, ez nakidak ontan utzi. Ez dituk oiek bakarrak lantegian. Badituk lagun jatorrak ere udaaldirako. Itza emana aizenagatik bederen... Esan bezela etorri adi...

        Gaiñera, oraindaiñoko lanen obaria galdu bearko uka, txanpon bakar bat jasotzeko eskubiderik gabe. Ez akidak orrelakorik egin Jainkoagatik!

        —Ez nuka egin bear. Txanpon batzuek irabaztera etorria nintzan ezkero, ta eskuratzeko egunetan ezeztatzea... Badakit nere buruari arrika diardudana baiñan zer nai dezu egitea?... Aleginduko naizu korapillo estu au askatzen, baiñan...

        Eta baiñarekin eten zuten alkar-izketa motza baiñan samiña, ta elkarrekiko ari albaiñu megatxa josi itxuretan jarri. Egia zen Martxeloren baitan argi erraiñu aaulak tokia artu zuela, ta aitormen aren buruz itxaropide zuen zerbait mutillagan. Bestekoz, beretzat lotsakizun zen, ainbat nagusiaren aurrerako, utsean-puntzean beso-indarra urritzea, ta idurimenez beintzat guztia bide onetan zijoen. Uste orretan atera zen, sailleratuek zituen mutillengana.

        Gazte minduarentzat ere nasaigarri izan noski nagusi-ordeari egin ziotzan aitormena, ta ordundik saiets-burutan sentikor zaroan biotz-tankako estua bareagotzen zijoakion.

        Baiñan denbora galtzea zen Joxe-Prantxiskorentzat etxola keetsu artan luzaro egotea, ta soin-arropak aldatu, gatzemaille gaztekotea agurtu, ta eskuetan urritz-makilla artzen zuelarik, abian etxerakoari eldu ziotzan.

 

aurrekoa hurrengoa