DOHATSU EGIAZKOAK. EBANJELIOKO DOHATSUTASUNAK
Beati pauperes spiritu
Munduak aberatsenak
Dagoka direla dohatsu;
ordean bertzela Jaunak
Mendian erakatsi dauku:
Izpirituz pobre dena
Erran du dohatsu dela.
Ontasunez gainditua
Mundua huntan izana gatik,
Bihotza, izpiritua
Urrun badagozka hetarik:
Hari dio hitzemana
Jaunak bere erresuma.
Beati mites quoniam
Ezti eta mantsoetan
Da egiazko zoriona;
Beti hekin bihotzetan
Datza bakerik gozoena:
Deusek ez ditu kexatzen
Ez sekulan altaratzen.
Mundu huntarik beretik
Jainkoak ditu saristatzen,
Bai lurrak bere partetik
Bere fruituez sasiatzen.
Zerurat heldu artean
Dohatsu dire lurrean.
Beati qui lugent
Mundutarrek uste dute
Nigarrez dagozen guziak
Egiazki dohakabe
Egin tuela tristeziak.
Ordean bertzela Jaunak
Hartzen justuen auhenak.
Dohatsuak ditu deitzen
Jaunak hemen aflisituak.
Eta nigarretan urtzen
Ari diren gizon justuak:
Beteko tu gozo onez
Eta kontsolazionez.
Beati qui esuriunt
Justiziaren egartsu,
Saindutasunaren goseak
Egiten ditu dohatsu
Egiazki bihotz-barneak
Apetitu saindu hori
Berretuz dohakonari.
O justuen egartsua,
Zeruan iraungitzen dena,
O gosete dohatsua,
Jaunak sasiatzen duena!
Hola gose ta egarri
Izan nahiko dut beti.
Beati misericordes
Bihotz peitatetsuak
Eta miserikordiosak
Deitzen ditu dohatsuak
Eta egiazki urusak,
Urrikalmenduen Jaunak,
Egia ber-bera denak.
Nork ere bere laguna
Izanen bai du urrikari
Aitetan den hoberena
Urrikalduko zaio hari.
Eta emanen saria:
Bere miserikordia.
Beati mundo corde
Ala urusak bai dire
Bihotzaren garbitasunak
Kasik aingeruen pare
Egiten dituen gizonak!
Bizi dire urrundurik
Atsegin likitsetarik.
Bertuterik ederrenak
Plazer gozoz ditu betetzen
Garbien bihotz-barrenak
Eta Jaunarekin juntatzen.
Kastoaren golardoa:
Ikusiko du Jainkoa.
Beati pacifici
Batzuek armen indarrez
Etsaiak dituzke garraitzen;
Bere garaia ederrez
Eremuak urrun hedatzen:
Bainan anbizionea
Baino hobe da bakea.
Bakeak du deskantsua
Gure bihotzetan ezartzen
Eta bizi dohatsua
Munduan eraman-arazten.
Jainkoak baketiarrak
Deitzen ditu bere haurrak.
Beati qui persecutionem
Mundua maite dutenak
Munduak ditu lausengatzen;
Eta gizon justuenak
Etsaiak bezala tratatzen.
Bainan persekutatuak
Legez dire dohatsuak.
Persekutatzailetarik
Libratuko ditu Jaunak
Eta hekin penetarik
Eginen atsegin gozoak.
Hekientzat da egina
O! zeruko erresuma.
Jendek madarizionez
Kargatzen dituzten denboran
Eta persekuzionez
Jazartzen darotzuten hartan,
Orduan ditu gozoak
Beteko zuen gogoak.
Zerua bixtan harturik
Dolorerik handienetan
Ez da senditzen penarik;
Aitzitik zuen bihotzetan
Ezarriko tu Jainkoak
Kontentamendu osoak.
|