www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Olerkiak
Salvat Monho
XIX. mendea

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Poèmes basques de Salvat Monho (1749-1821), Salvat Monho (Pierre Lafitteren edizioa). Ikas, 1972.

 

 

aurrekoa hurrengoa

ERROMAKO GORTETIK

 

                (Beltzuntzeren koplen airean)

 

Erromako gortetik,

Aita Saindua ganik,

Jin dire berriak

Pontifo berrientzat,

Apez zin egilentzat,

Bihotz hautsgarriak

Eta latzgarriak.

 

Jesu-Kristoren partez

Eta haren podorez

Gauzak pisaturik,

Elizak ditu kentzen

Eta arras berexten

Bere gorputzetik,

Eskumikaturik.

 

Zenbait profeta berri

Elizan aintzindari

Nahi litezkenak

Ukaturik fedeaz,

Higanoten legeaz

Hautatu direnak

Dire atzemanak.

 

Aita Saindurik gabe

Apezpikurik ere

Ez izana gatik,

Elizaren fedean,

Errelisionean,

Ez da mudantzarik,

Dio Mentaberrik.

 

Ez da hori guzia.

Gure doktor berria

Deus ikasi gabetan

Ez da deusez penetan:

Baderasa Elizan

Zinaren fagore

Gezurrez badere.

 

Jesu-Kristo noiz hil zen,

Tonban zenbat egon den,

Ez omen baitaki,

Haurrekin eskolara

Eta katiximara

Behar da ibili,

Jesusetik hasi.

 

Mentaberrik uste du

Jendea lilluratu

Bere gezur tzarrez,

Bainan bertzeak ere

Mintzatu gogo dire

Egia zaharrez,

Elizaren partez.

 

Ala gaixtakeriaz

Ala tontokeriaz

Mentaberrik daki,

Jesu-Kristoren hitzak,

Jainko baten agintzak,

Hain inpertinentki

Dituen irauli.

 

Jaun horren arabera

Aita Saindua bera

Bere kadiratik

Mintzo denean ere,

Ezin sinets daiteke,

Ez badu manurik

Erregeren ganik.

 

Parisko Biltzarrean

Ez Luisen gortean,

Ez da arrastatu

Deus ere halakorik.

Ez dakit Mentaberrik

Nondik duen sortu!

Berak erranen du.

 

Elizaren manuak

Beti Aita Sainduak

Ditu hel-arazten

Apezpikuenganat,

Hauk erretoretarat

Dituzte igortzen

Publika detzaten.

 

Jaunak beira gaitzala,

Angleterra bezala

Xisma bat eginik,

Errege aintzindari

Emanez Elizari,

Errebelatzetik

Zeruko bidetik.

 

Ez du nazioneak,

Ez du gure printzeak

Hori pretenitu.

Lutheren liburutik

Du naski Mentaberrik

Hori ateratu:

hala iduri du.

 

Balio balu pena

Bertze zenbait koplena,

Fite molda laizke.

Bainan aski dela zaut.

Ihardesten baderaut,

Bardotzen naiteke:

Monho deitzen naute.

 

aurrekoa hurrengoa