 |
BEKATU KAPITALAK
1. Orgullua
Orroit handi orgullutsua
Ixtil puska bat haizala
Lizunkeriaz orhatua,
Hil bezain sarri ustela.
Bizian adimendua
Ilunbez duk estalia,
Eta hi haizen guzia
Ez-deusetarik hasia,
Amets baten itzala!
2. Abarizia
Bihotza dauk abariziak
Suak bezala erretzen.
Aberasteko gutiziak
Gogotik irets-arazten
Krima suerte guziak.
Munduan bizi haizeno
Duanaz aberats baino
Ez duanaz pobreago,
Gosea duk sofritzen.
3. Lohikeria
Ez da sekulan sasiatzen
Plazen likitsen gostua;
Atseginak bai du berretzen
Atseginen egartsua.
Desirek desirak bizten.
Jainkozko gauza guziak
Gogotik arras utziak
Dagozka bihotz lohiak,
Haragi bihurtua.
4. Inbidia
Gizona, hire inbidiak
Ez dik kolpatzen hi baizik:
Ikusten tuan on guziak
Pozoin bihurtzen darozkik.
Etsai haren maleziak
Gozamenez eskasia,
Ontsasunez pobrezia,
Bozkarioz tristezia
Hiretzat egiten dik.
5. Gormandiza
Jateko eta edateko
Uste duk sortu haizela?
Noiz artean duk idukiko
jainkotzat hire sabela?
Ordu duk ezagutzeko
Bizitzeko dela jaten
Et'ez jateko bizitzen,
Adimendurik ez duten
Errana den bezala.
6. Kolera
Errabiaren pareko da
Koleraren asaldua.
Kolerosak ez du gupida
Ez mundua, ez zerua:
Guziak ditu partida;
Blasfemioak ahoan,
Gaixtakeria gogoan,
Bere baitarik kanpoan
Dabilla zoratua.
7. Alferkeria
Alferkeriaren pozoinak
Atakatzen tu eztiki
Gure biziaren harroinak
Eta bihurtzen hain nagi:
Gorputzak eta arimak:
Indarrez ditu gabetzen,
Arras herabez betetzen,
Izpiritua goibeltzen,
Uzkurturik osoki.
|
 |