IHARDESTEA
Koplari aprendiz batek gogoan pasatu badu
Bertsu hotz batzuen bidez Lapurdi gobernatu,
Sinets beza frogaturik enganioan zela,
Lapurtarren xoratzeko bertzerik behar dela.
Bordaletik etorri den hitz-egile handiak,
Ithurbideren alde mintzo ziren guziak,
Agertu den bezain sarri, ditu ixil-arazi:
Eta lengoaia berri bat diote irakatsi.
Uztarizko parketaren inguru gehienak,
Tabernako salak eta zokorik ilunenak
Errepikaz egon dire gabaz eta egunaz
Garatentzat egin diren botuen oiharzunaz.
Mundu handiaren bixtan mintzatzen ohitua,
Nihon parerik gabetzat haltoki laudatua
Ahaiderik hurbilenaz izan denaz geroztik,
Nor bera beiratuko da bertzela pentsatzetik.
Erresumako zein herrik eta zein probintziak
Igorriko tu gorterat gizon hain bereziak?
Estatu Jeneraletan herritarren zuzenak
Hauk baino kartsukiago beiratuko tuztenak.
Herritar kalitatea ez balitz ere aski
Jaun hauk gure intresetan sar-arazteko finki,
Esperantzatzeko dugu bertze maneraz ere:
Lapurtar gehienekin ahaide omen dire.
Lapurdin zer egiten du arbaso-etorkiak?
Beti noble izan dire Eskaldun haur guziak.
Ez dute jende handiek beraz zeren gorritu
Gaztelu-dunen askazi direlakotz aurkitu.
Idalgotan sartu gabe direla sinetsiak
Gure osebak direla edo gure kusiak,
Deputatu egin tugun Garat anaia biak
Ardiesten badituzte gure galde guziak.
|