 |
UMILITATEA
O umilitate saindu,
Bertuten zimendua,
Saindutasunak zu zaitu
Betiko sustengua,
Zenbatenaz apalago
Bai datza ezarria,
Hanbatenaz bortitzago
Da zimendu berria.
Zimenduan dire sartzen
Harririk sendoenak,
Hek bai dituzte jasaiten
Asenturik gorenak:
Axaletik hasten bada
Bertuten asentua,
Beti flako izanen da,
Aise barreiatua.
Gora igan nahi badu
Nihork Jaunaren bixtan
Behar du hagitz apaldu
Lehenik bere baitan,
Zeren apaltzen direnak
Bai dire altxatuak,
Eta altxatzen direnak
Justuki apalduak.
Jaunak kreatu zituen
Zeruan aingeruak,
Edertasunez beztitu
Hekin Izpirituak.
Bainan bere urgulluak
Ditu eror-arazi
Eta umiliatuak
Infernurat egoitzi.
Barnez ezti eta umil
Ez den giristinoa
Ez daite zuganat hurbil,
O Jesus dibinoa.
Bihotz ezti umiletan
Duzu zure gostua
Ezar azu gure hautan
Zure izpiritua.
Zer den gure etorkia
Ongi kontsideratuz
Eta gure miseria
Begien bixtan hartuz
Ezagutu behar dugu
Gure ez-deustasuna
Bihotzean garraiatu
Beti umiltasuna.
Gu baitan den on guzia
Zerutik heldu zaiku,
Ordean gaixtakeria
Gerok obratzen dugu.
Zertaz beraz glorifika?
Nondik har banitate?
Azkenean harren bazka
Bihurtu behar gare.
Bertute, merezimendu,
Dituzkegun apurrak
Jaunak emaiten dauzkigu,
Hek dire haren obrak.
Eskerrak beti umilki
Hari bihur detzagun,
Ez bagare maluruski
Haren bixtan hobendun.
Jaunaren aintzin-gidari,
Gorenaren profetak
Handi eta miragarri,
Saindu bezain diskretak
Umilki tu gerizatu
Dohainik ederrenak:
Jaunak hartaz egin ditu
Laudorio gorenak.
Jesusek bere amatzat
Maria du hautetsi.
Eta haren sabelerat
Gizon eginik jautsi:
Zer ontasun, zer ohore
O Jainkoaren ama!
Hautatzen duzu halere
Sehi baten izena.
Jesusek bere burua
Gizonaren semetan,
Hortaraino apaldua,
Tratatzen du munduan:
Nork esplika, nork konpreni
Handitasuna bera
Hain apal nola den jautsi
Gizonen altxatzera?
Jesusen umiltasuna
O zer mirakulua,
Suntsitu behar lukena
Gizonen urgulua!
Gu behar gare apaldu,
Jauna, zure oinetan,
Ahalaz umiliatu
Gure hobenen bixtan.
|
 |