www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Olerkiak
Salvat Monho
XIX. mendea

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Poèmes basques de Salvat Monho (1749-1821), Salvat Monho (Pierre Lafitteren edizioa). Ikas, 1972.

 

 

aurrekoa hurrengoa

ESKANDALA

 

                (Aire huntan: Atzar gaiten, atzar lotarik...)

 

              1

Eskandala izigarri

Dugu Bardotzen ikusi;

Mentaberrik dauku herria

Partitu eta nahasi.

        (Berriz hastetik)

 

              2

Orai artean Bardoztarrek

Lege bat zuten segitzen.

Baian orai Jainkotiarrek

Bertzela dute pentsatzen.

        Eskandala izigarri...

 

              3

Mentaberrik irakaste du

Jesu-Kristok ez bezala

Apezpiku ez Aita Saindu

Beharrik ez ginukela.

        Eskandala izigarri...

 

              4

Elizaren gobernatzeko

Aski dela Mentaberri,

Ergel batzuek erraiteko

Ez da bada harrigarri?

        Eskandala izigarri...

 

              5

Nork eman daie sinestea

Aski dela salbatzeko

Heren-ordenan izaitea

Mentaberri aintzineko.

        Eskandala izigarri...

 

              6

Graziote, oi Graziote,

Bardozko andre serora,

Errotu zarela diote

Alde bateko aldera.

 

Eskandala izigarria

Saindutzat du Mentaberri,

Enganatu nahiz herria,

Andre serorak ezarri!

 

              7

Oilanda oilaskotaraino

Doha debozionea.

Hegaztin hauk elizaraino

Ikasten dute bidea.

 

Eskandala izigarria

Oilandak elizan kantuz;

Oilasko gazten boz berria

Harmairutik kukurukuz.

 

              8

Jo duenean eguerdik

Dohaz serorategirat.

Altzo pean gerizaturik

Mentaberri jaunarentzat.

 

Eskandala izigarria

Mentaberriren zintzurrak

Xahutzen tu garbi-garbia

Bardozko etxe-bazterrak.

 

              9

Ilar xehekin baltsaturik

Gaxinak ditu apaintzen

Eta mehenak saltsaturik

Aita semei zerbitzatzen.

 

Eskandala izigarria

Hegaztinez Tiso bizi

Zeinak ura eta ogia

Ez bailituzke merezi.

 

              10

Donibaneko bidean

Tisoren orroitzapena:

Zubi tipi baten aldean

Gurutze bat emana.

 

Eskandala izigarria

Tisoren seme Jean hori

Aspaldi erretor nahia

Bardotzen dugu bikari.

 

              11

Semeak aitaren omena

Ez du galtzerat utziko:

Ez Mentaberriren izena

Ez da behin ahantziko.

 

Eskandala izigarria

Elizan eman derauku,

Erretor on batez herria

Nahi baitzuen gabetu.

 

              12

Zenbait emakume hitzuntzki

Iñorant urgullutsuak

Ditu lehenik irabazi

Itsu-gidari itsuak.

 

Eskandala izigarria

Gau et'egun hor dabiltza

Beretu beharrez herria

Maingu tropa bat tringilka.

 

              13

Ez zaitut zu ez behar egin

Paxuko debot atea

Maingu tringil horien berdin:

Berex da zure partea.

 

Eskandala izigarria

Zalu zabiltza hor gaindi

Puntxoinztatzen lege berria

Jende handiz jende handi.

 

              14

Haroxaren andre limatu

Heren ordenako serora,

Ala urrun baita hedatu

Merezia duzun fama!

 

Eskandala izigarria!

Debotak oihuz elizan

Artzain onak erran egia

Mentaberrik ito zezan.

 

              15

Hortara ziren aintzinetik

Artoski preparatuak

Mentaberrik katiximatik

Goiz mezan gonbidaturi.

 

Eskandala izigarria!

Jaunaren hitzaren plazan

Errebolta garbi-garbia

Predikatzen du elizan.

 

              16

Elizaren profanatzerat

Disposatzeko sainduki,

Goizetik komuniatzerat

Ditu igortzen debotki.

 

Eskandala izigarria!

Mahain saindutik lekora,

Han janik Sainduen ogia

Dohaz fedez aldatzera.

 

              17

Damu zitzaien aditzea

aintzineko igandean

Garbiki higanot legea

Eman zela jenden artean.

 

Eskandala izigarria!

Tiso zuten predikari

Bardotzeko Luther berria,

Eta ez aditu nahi!

 

              18

Xikiro gizenen joaileak

Ez balitu kondenatzen

Ebanjelioko legeak,

Hura predikatuko zen.

 

Eskandala izigarria!

Xikiro ebaslen plazan

Glub berriko ez den guzia

Kondenatzen da elizan.

 

              19

Hori da hori dolorea!

Banda hortako presunak

Ezagutuak izaitea

Diren bezain hobendunak.

 

Eskandala izigarria!

Heren ordenak Bardotzen

Elizaren fede garbia

Hasi dauku ganbiatzen.

 

              20

Ministro zaharren doktrinaz

Ez baitziren hau gustatzen,

Mentaberriren katiximaz

Dire gozoki bazkatzen.

 

Eskandala izigarria!

Katixima ahantzirik

Glubeko doktrina berria

Ikasi du Mentaberrik.

 

              21

Nork erran dio ausart horri

Erretor apezpikuak

Bizi zirela alfer gorri

Krimetan pulunpatuak?

 

Eskandala izigarria!

Aditzea kadiratik

Kalomnia hain latzgarria

Mentaberriren ahotik!

 

              22

Hainitzak gordeak daudela,

Bertze batzu joan ihesi...

Bai zeren zin-egilen gerla

Ez baitezakete sofri!

 

Eskandala izigarria!

Zer nahi du Mentaberrik

Sasiatu bere egarria

Hekin odola edanik?

 

              23

Zointan xaxpi liburutarik

Lunetekin, zuk, Paxkosa,

ikusi duzu Tisok baizik

ez dezakela konfesa?

 

Eskandala izigarria!

Azkenaz goiti Paxkosak

Ikasirik lege berria

Jujatzen ditu apezak!

 

              24

Izenda netzake guziak

Zein bere tituluekin.

Ordean lista hain handiak

Ez lezake plazer egin.

 

Eskandala izigarria!

Eman dituzte Bardotzen

Tiso baten gezur larriak

Gozoki tuzte iresten.

 

              25

Erretora bere ahotik

Nahi zuten galarazi.

Bainan hark egiaz bertzerik

Ez diote irakatsi.

 

Eskandala izigarria!

Justizian Mentaberrik

Eman du artzain onegia

Faltsoki akusaturik.

 

              26

Lekukotzat ditu hautatu

Gezurtirik debotenak,

Bainan hauk ez zuzen kondatu

Irakatsi zaizkotenak.

 

Eskandala izigarria!

Baionan eman dutena,

Mentaberriren errabia,

Argitan eman duena!

 

              27

Arrosarioak eskuan

Zauden aldiaren beira.

Nork erran zuken hauk golkoan

Gaixtakeria zutela?

 

Eskandala izigarria!

Baionan eman dutena,

Bardozko eliza berria

Laidoz estali duena!

 

              28

Gizon galantik ere bazen

Lekukotzat igorririk.

Ez naiz batere estonatzen

Dakizkidanak jakinik.

 

Eskandala izigarria!

Erran behar dut nor diren,

Has dadin Bardozko herria

Jenden ongi ezagutzen.

 

              29

Ezin helduz galeretarat

Aita bidean hil bazen,

Doienart gaztea, zu harat

Uste dut, helduko zaren.

 

Eskandala izigarriak

Eman ditutzu orotan

Kurritu ditutzun herriak

Mintzo dire paperetan.

 

              30

Ez zaitut ez ahantzi behar;

Orai da zure aldia.

Okil beltz edo Etxezahar

Xartrusetarik jalgia.

 

Eskandala izigarriak

Bordelen eman ditutzu

Jakin tugu zure berriak;

Kopletan erranen tugu.

 

              31

Pozoindatzaileak direla

Bordelen xartus guziak

Orotan banatu duzula

Badire froga garbiak.

 

Eskandala izigarria

Bordelen eman duzuna,

Goxea eta egarria

Sofri-arazi dautzuna!

 

              32

Kalomnia ez bada hori

Ahal daiteken beltzena!

Eman diozu Ordenari

Gizon hiltzailen omena.

 

Eskandala izigarria

Orotarat heldu dena,

Hainitz urtez presondegia

Gozarazi darotzuna!

 

              33

Hunen ondotik mintzatzeko

Nor zen diñe justizian,

Erretor on baten galtzeko

Zenbait hitzen aitzakian?

 

Eskandala izigarria

Debotak dire altxatu,

Bardotzen eliza berria

Behar zutela fundatu!

 

aurrekoa hurrengoa