www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Olerkiak
Salvat Monho
XIX. mendea

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Poèmes basques de Salvat Monho (1749-1821), Salvat Monho (Pierre Lafitteren edizioa). Ikas, 1972.

 

 

aurrekoa hurrengoa

BERTUTE MORALAK

 

        1. Justizia-zuzentasuna

Fedeaz giristinoa

Dohatu duenean,

Ezarri dio koroa

Jaunak buru gainean.

Bainan beti orroit bedi

nausi bat baduela

Bizi ez bada zuzenki,

puniko duena.

 

        2. Indarra-kuraiea

Zenbat etsai mundu huntan

Errabian bekaitzez

Kristau onen ingurutan

Boztuak hekin gaitzez.

Bainan indarrez, kuraiez

Animatuz bihotzak,

Burlatzen dire etsaiez,

Bentzutzen tuzte gaitzak.

 

        3. Prudentzia

Ilunbez inguratuak

heldu gare mundurat,

jakitatez gabetuak

Gur'etsaien arterat:

Ez balitu prudentziak

Gure oinak gidatzen,

Maiz gintezke eroriak:

Noiz ginabilzke xuxen?

 

        4. Tenperantzia

Bihotzez Jainko xoilari

Juntatuak egonez,

Lurreko ontasunari

Kasu guti eginez,

Plazer, gustu, gutiziak

Moderatuz zuhurki

Behar tu tenperantziak

Izarian iduki.

 

        5. Emetasuna-mantsotasuna

Damuak, nahigabeak

Izpirituko penak,

Gorputzeko doloreak,

Gaitzak, eritasunak

Hartzen badire mantsoki

Hagitz dire arintzen:

Emetasunak errexki

Du kolera bentzutzen.

 

        6. Umilitatea

Izpirituz umil denak

Ez baditu barnean

Sendimendu apalenak

Maiteki bihotzean,

Haren umilitatea

Bertute agorra da;

Ez da hura bertutea,

Bainan haren axala.

 

        7. Modestia

Ibiltzean, mintzatzean,

Eta bere jaunzturan,

Elizetan, mundupean,

Beti leku orotan

Kristau onen modestiak

Behar du seinalatu

Ikusten tuzten guziak

Onez edifikatu.

 

aurrekoa hurrengoa