www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kantak
Jose Mendiage
1863-1913

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]

 

Iturria: Jose Mendiage (1845-1937) Haren bizia eta haren kantuak, (Piarres Xarritonen edizioa). Etor, 1992

 

 

aurrekoa hurrengoa

MONTEVIDEO-KO
«EUSKAL ERRIA»-REN KOMISIONEARI

 

                Airea: «Biba gizonaren sortzea!...»

 

Berri tristeak izan ditugu Kantabriako aldetik,

Etsai gaixtoak heltzen zaizkula erdal herriko partetik;

Ama euskara nahi lukete kendu guzien bixtatik;

Ez ahal dugu galtzera utziko, hoinbertze semen artetik!

 

Ez dute orai lehenbiziko aldia hasten direla,

Zangoen azpian nahiz ezarri gure mintzaia ederra,

Gure artean nahi lukete nagusi ezarri erdara,

Ez dute eginen, gure odola ur bilakatzen ez bada.

 

Lehenago ere egin daukute gure kaltetan zernahi,

Gure artean nahi lukete nagusi ezarri erdara,

Libertateko arbola ere injustizian aurdiki,

Orai dabiltza gure Amari bizia nahiz idoki.

 

Sortuz geroztik hola dabiltza, gure kontra errabian,

Ikusiz gure arraza nola maitatua den munduan.

Ez gaituzteia noizbait utziko, bizi gaitezen bakean,

Ala neurritu nahiz dabiltza lehen bezala mendian?

 

Ez gintezke prest, holakorikan gure artean gerta baledi

Amodiorik aski ez dugu anaia batek bertziari,

Laster joaiteko laguntza eitera, lanjer handian denari:

Denak batera bildu beharrak, ihes gabiltza elgarri.

 

Zertan gabiltza, ene anaiak, hola elgarri ihesi;

Odol beretik sortu girela, mundu guziak badaki;

Hori ukatu nahi duenak, zer eiten duen ez daki;

Ongi egin liro, ama eta anaiak maita balitza hobeki.

 

Amak, semeak maitatzen gaitu, batzu bertzeak bezala,

Beti bihotzak erraiten dio, mugarik nehun ez dela;

Hau da egia, Bidasoa-ko bi aldetarik gaudela,

Bainan euskara bat baizik ez da; ez erran biga direla!

 

Mintzaia eder eta garbia, hau da gure «herentzia»,

Zaharragoek, ongi gostarik, guziendako utzia;

Ez dezagula honen gainetik elgarri eman auzia,

Kontrariorik aski badugu, Espainia eta Frantzia.

 

Segi dezagun gure arbasoek utzi daukuten bidea,

Izanagatik elorri tzarrez etsai gaixtoek betea,

Handik makurtuz xerkatzen dugu elgarrendako kaltea;

Anaien artian bederen, otoi, izan dezagun bakea!

 

Oroit gaitezen, denbora batez egin zituzten indarrez,

Libertatea eta bakea guretzat utzi beharrez,

Hetan etsenplu hartu dezagun, elgarri esku emanez,

Egon ez gaiten, denbora joan-ta, urrikiturik nigarrez.

 

Nere anaiak, egon gaitezen guziak fidel elgarri,

Gure etsaier kontra egiteko, eta laguntza amari;

Burua apal, bihotza triste, behar ginuke ibili,

Guhauren faltaz ama euskara mundutikan gal baledi.

 

Adi, adi giniro lotarik ere: «Seme madarikatua!

Orai hor daukak begien bixtan, egin dukan bekatua,

Kantabriako Euskal Herria, etsai gaixtoek hartua,

Ama euskara, bihotza triste, lurraren barnian sartua».

 

Zenbaitek indar egina gatik, euskara ez da galduko;

Ez eta ere erdaldun hoiek gure herriak hartuko;

Denak batera bilduz geroztik, behar-ordua deneko,

Gure mintzaia ken dezakenik, ez da mundura sortuko!

 

Gure mintzaia baino hoberik nehun bertzerik ez bada,

Gaztedanikan gure haurreri hau erakutsi behar da,

Bihotzetikan maita ditzaten, Jainkoa eta euskara,

Orduan segur heiduko gira guziak elgarretara.

 

Amarendako, izanezgeroz bihotz on eta amultsua,

Gure arrazak garaituko du etsai inbidiosua,

Beti guretzat izanen dira, lagun harturik Jainkoa,

Bizi gareno euskara, eta, hileta, ondoan zerua!

 

Jose Mendiague

Montevideo, EUSKAL-ERRIA, 1912-VIII-18

 

aurrekoa hurrengoa