www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kantak
Jose Mendiage
1863-1913

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]

 

Iturria: Jose Mendiage (1845-1937) Haren bizia eta haren kantuak, (Piarres Xarritonen edizioa). Etor, 1992

 

 

aurrekoa hurrengoa

ESKUALDUN-FRANTSES BILKURA

 

                Airea: Otxalde eta Etxahun

 

Felizitatzen zaitut gure Presidenta,

Zu zira egun hemen guzientzat aita;

Pesta ederragorik hau baino ez baita,

Permisionia emadazu dezakedan kanta.

 

Gauza ederragorik ez ditake izan,

Gizonari ezartzeko begiaren bistan,

Zer alegrantzia den gure bihotzetan.

Elgarri beha gaude, denak lorietan,

Eskuen emaiteko, egun handi huntan.

 

Hunat bilduak gira, gazte eta zahar,

Leku hobiagoan ez ginintazken jar.

Gostuz libertitzeko ein dezagun indar,

Errespetua beti elgarrentzat ekar,

Salutatu dezagun bihotzetik elgar!

 

Libertizionia eder da, alde guzietan,

Eta partikulazki, hola, bilkuretan:

Kanta dezagun beraz, hunen ohoretan,

Eta denek desira, gure bihotzetan,

Partia har dezaten denek, gurekilan!

 

Sozietatia da denen gidaria,

Ttipi eta handier etsenplu emailia.

Ez da libertitzeko soilki ezarria,

Ikusi nahi duenak munduko bidia,

Hunek emaiten dauku guzier argia.

 

Zer «bentaja»-k dituen, nahi naiz mintzatu,

Ene lagun maiteak, egizue kasu!

Munduko abantailak hunek eman ditu,

Eta inorant hainitz izan du argitu;

Elgar nola lagundu erakutsi dauku.

 

Elgartasuna zer den dener erakutsi;

Nehor ibil ez dadin huntarik ihesi;

Ez dakienak, hola behar du ikasi.

Ikasi-eta, ondoan, bihotzean onetsi

Huntan ikasten dela bizitzeen oneski.

 

Bizi gaitezen beraz, oro anaia gisa,

Elgar maita dezagun, bihotzetik, ontsa!

Elgarrendako atxik eskuan bihotza!

Hau da gure Jainkoak eman zuen hitza:

«Batek bertziari beti eizue laguntza!».

 

Horra nola pasatu munduko bizia,

Pobre eta aberats, ttipi eta handia,

Errespetu berian bat ala bertzia.

Maita dezagun denen anaia izaitia,

Hori da egiazko «egalitatia».

 

Hau da alegrantzia, dugun bihotzian,

Iduri du girela, zoin gure herrian,

Mahainian jarriak, gure familian,

Xuti gaitezen denak, basoak eskuian,

«Biba elgartasuna!», oihu einez gostuan.

 

Jose Mendiague

 

aurrekoa hurrengoa