www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kantak
Jose Mendiage
1863-1913

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]

 

Iturria: Jose Mendiage (1845-1937) Haren bizia eta haren kantuak, (Piarres Xarritonen edizioa). Etor, 1992

 

 

aurrekoa hurrengoa

GURE HAITZA

 

                Airea: » Ume eder bat ikusi nuen Donostiako kalean...»

 

Haitza da gure sorlekuetan libertateko arbola,

Dener bihotza tristatzen zaiku, oroituz erori zela.

Hura lurrerat ez nahiz utzi, ixuri zuten odola,

Lurraren pean haren erroer indar emaiten ari da.

 

Landare azkarrak jalitzen dira erro hetarik, aspaldi;

Itzal ederrak emaiten'tuzte, landatuz geroztik ongi:

Beha zazue Amerikan den Euskal Herriko jendeari,

Libertatia hemen badugu, galdegin gabe nehori.

 

Arbola hori landatu dute Buenos-Aires-e hirian,

Denak bat jarriz, gure arraza bizi dadien bakian;

Egin ahala egin dezagun; ar gaiten denak lanian,

Euskal Herria izan ez dadin betikotz bertzen menian.

 

Hori dabila gure ondotik, ez nahiz galtzera utzi;

Maite gaitu eta maita dezagun, hoi gabe ez gaitezke bizi;

Batzu batera, bertziak bertzera, ibili gabe ihesi,

Entseia gaiten, elgar atxikiz geldi gaitezken nagusi.

 

Bihotzez oihu egin dezagun, lenagokoek bezala:

Adarrez zabal, hostoa berde, beti kontserba dezala!

Hori da gure iguzkia eta bai ere gure itzala.

Gure Jainkoak, horren azpian, hil onduan ehortz gitzala!

 

Bihotzez noble, burua gora, gauden len bezala egun,

Anaiak garen bezala, elgar beti maite izan dezagun;

Gure arraza baino hoberik ez baita munduan nehun,

Libro edo esklabo, bizi edo hil, beti izan gaiten Euskaldun!

 

Jose Mendiague

Euskal Erria, 16-II-1913

 

aurrekoa hurrengoa