www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kantak
Jose Mendiage
1863-1913

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]

 

Iturria: Jose Mendiage (1845-1937) Haren bizia eta haren kantuak, (Piarres Xarritonen edizioa). Etor, 1992

 

 

aurrekoa hurrengoa

EZKONDUA ETA DONADOA

 

                Airea: «Xuberoan baduzu mutil ederrik...»

 

— Adi-zak ezkongaia, bi solas gu ganik,

Kontseilu on hau har-zak, ezkonduetarik:

Gizonak, izaitekotz nehon deskantsurik,

Gazterik, familia formatu behar dik,

Zahartu-eta ez dadin egon doluturik.

 

— Zuen kontseilu onari, hemen nago irriz,

Donado gelditurik, arras kontent bainiz,

Ikusiz, penatuak zireztela hainitz,

Miseria gorrian, haurrak ezin haziz.

Jainkoari eskerrak, hortarik libro niz.

 

— Ez dut bada hobea donadoen planta:

Urgulutan sarturik, ez hadila banta;

Hik ere izanen duk noizbait zerbait falta,

Ez zakala sobera biktoria kanta,

Donadoen zahartzia arras tristia baita.

 

— Tristia dela, diozu, gure zahartzia;

Zuk ere ez dukezu mila alegrantzia;

Guziek badakigu zer den ezkontzia:

Gazte danik, gizona esklabo jartzia,

Gure gostuko, hori ez da zuhurtzia.

 

— Gure esklabitatiaz tronpaturik hago:

Guk manatzen ditiuk familian oro,

Andre eta haurretarik badiuk «cariño»,

Eta gelditzen denak, beldurrez, donado,

Harek bizi behar dik guzien esklabo.

 

— Guk ere ikusten'tugu, jaunak, zuen faltak,

Ez gaitu ilusitzen ezkonduen plantak:

Haurrekin lana frango amak eta aitak;

Batek xapela falta, bertzeak zapetak;

Zenbait aldiz izertu behar du kopetak!

 

— Kuraie ona daukak, donado gaizua,

Haurrak ez nahiz hazi, hola gelditua,

Orai hiretako duk etxeko zokua,

Eskarnio frango eta maiz esker gaiztua;

Mando tzar bat bezala beti tratatua!

 

— Jauna ez zazula egin sobera espantu,

Nehorentzat zahartziak gauza onik ez baitu,

Ezkontzen denak ere ondorioak baitu,

Heldu diren bezala behar ditu hartu;

Jainkoak daki ere ez ziren tronpatu.

 

— Gure penek baitie ondotik plazerak,

Egun ditugun lanak ez dituk alferrak;

Zahartzia pasatzeko baditiuk haurrak;

Lagunduko ahal'tie beren aita-amak,

Ikusiz heien hazten izan'tugun lanak!

 

— Uste nuke sobera zirela fidatzen,

Hainitz ikusi dugu muduan tronpatzen:

Belek ere dituzte beren umiak hazten,

Gero, umek, amari begiak jalgitzen;

Hainitz ezkonduer hoi zaie gertatzen.

 

— Hori egin badeza semiak aitari,

Zer ein dezake ilobak bere osabari,

Haurren hazteko lotsaz gelditu denari?

Ttipi eta handiek eiten die irri,

Denen esku-makiltzat behar duk ibili.

 

— Zuk ere izanen duzu zerbait arrengura,

Ez zirade biziko nahi duzun gostura:

Zure haurren haurren zain egon behar zira,

Nahi ez duzun presentak izanez eskura;

Guziendako zerbait sortzen da mundura.

 

— Sinesten ahal dituk ene kontseiluak,

Deusik ez dik balio «kobarde» izaitiak,

Gizonen einbidiari ihesegitiak:

Hiri ez emana gatik Jainkoak haur ttipiak,

Debruak emanen daizk iloba handiak!

 

— Ixildu behar dugu, aintzina joan gabe,

Gelditurik zein gure arrazoinen jabe,

Beti danik izan dut libertatia maite;

Ehun mila kontseilu zuk emanik ere,

Sekula ez naiz izanen ezkontzaren alde.

 

— Kantu hauien emailia izan da donado.

Ontsa probetxaturik ezkondu zen gero.

Aise emaiten ditu berri hauiek oro.

Dakienikan bada zerbait gehiago,

Oraino paperian bada leku frango.

 

Jose Mendiague

Euskal Erria, 15-IX-1912 / 11-V-1913

 

aurrekoa hurrengoa