www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kantak
Jose Mendiage
1863-1913

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]

 

Iturria: Jose Mendiage (1845-1937) Haren bizia eta haren kantuak, (Piarres Xarritonen edizioa). Etor, 1992

 

 

aurrekoa hurrengoa

LORENZO LATORRE
MONTEVIDEO-KO GOBERNADOREARI

 

Mila-zortzi-hiru-hogoi hau da hamazazpi,

Montevideo-n nahi naiz bertsuetan hasi,

Aspaldian baitugu zerbait ikusi,

Urte guziez gerlan, trankil ezin bizi;

Orai bat gelditu da guzien nagusi;

Makurren xerkatzailiak joan dire ihesi.

 

Aurten gobernadore Lorenzo Latorre,

Zure obra ederrer denak beha gaude,

Zu ateratzen zira justuien alde.

Gaizki egiten duena puniturik ere,

Nehork ez du hartuko penarik batere;

Justizia zuzenak, horiek dire.

 

Zuk egiten daukuzu dener justizia,

Punitzen duzularik gaizki egilia;

Errespetuz daukazu mundu guzia

Zuhaurk, gobernatzeko baduzu eskuia;

Iduri duzu espresa, hartako sortuia,

Ez da gaizki emana, zuri, karguia.

 

Nazione guziak zaitugu laudatzen;

Zure jakitateaz duzu merezitzen;

Erakusten daukuzu, dener, bizitzen;

Orai ikasiko du makurrak xuxentzen,

Bere burua badu deusik estimatzen.

Zu bezalako baten beharra bazen.

 

Zenbait, ongi usatuak, orai daude triste,

Beren ofizioak profitatu gabe,

Heien denbora onak, denak joan dire;

Lehenago ez zuten beldurrik batere;

Aise egiten ziren bertzerenaz jabe,

Orai, zure beldurrez, ikaran daude.

 

Orai ezagutzen da zure larderia,

Humiltxago dabila orotan jendia;

Ez da lehen bezenbat gaixtakeria;

Zure ordena dugu, denek sinetsia

Hobexago dugula zuzen ibiltzia:

Beldurrak zain-arazten du mahastia.

 

Ez dezakezu egin guzien gogora,

Holakorik ez zaiku sortuko mundura.

Onen abantail dena, gaiztoen malur da.

Zutaz jelos direnak beti izanen dira,

Heiek zure menean egoiten badira,

Ixtant baten bakean izanen gira.

 

Aspaldi huntan bazen, hemen, zure falta;

Noizbait agertu zira, ez baita beranta.

Zure baitan daukagu gure esperantza;

Ideia hobekorik nehun ezin hauta,

Xerkaturik ere, bertze bat ez baita,

Zu zira, lur huntako guzien aita.

 

Zuretako munduan oro berdin dire,

Ahaide, adiskide, aberats eta pobre,

Diferentziarikan ez da batere;

Legien konplitzeko baduzu kuraie,

Behartzen zarenian, zure alde gare,

Oihu eginen dugu: «Biba Latorre».

 

Jose Mendiague

 

aurrekoa hurrengoa