www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kantak
Jose Mendiage
1863-1913

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]

 

Iturria: Jose Mendiage (1845-1937) Haren bizia eta haren kantuak, (Piarres Xarritonen edizioa). Etor, 1992

 

 

aurrekoa hurrengoa

XABIER HARRIET
AIHERRAKO APEZARI

 

                Airea: «Lili bat ikusi dut...».

 

Aiherrako herrian zauden erretora,

Ez duzu beti elizan pasatzen denbora,

Bisitak eiten 'tutzu, gauza den lekura;

Egin duzun lanetik, hori ageri da.

 

Jauna, zuretzat badut orai zertaz mintza,

Egien aditzeaz ez zaitela ofentsa!

Hobenik ez duena ez dirot akusa,

Hori ikasia naiz aspaldian ontsa.

 

Emazte bat bizi zen zu zauden herrian,

Adinez zahartua, bere jauregian;

Ardura ibili zira haren inguruan;

Kontseilu onik bide zen zure liburuan.

 

Adinez zahartu, eta indarrez flakatu,

Orduan du Jainkoak zerutik galdatu;

Deusik ez da oraino, ez bada tronpatu,

Zure kontseilueri delakotz fidatu.

 

Zahartuz geroz on da kontseilu emailia,

Harentzat, izan zira zu, paregabia,

Zuhaurek hartu duzu lanaren saria,

Zu zira egiazko itsu-gidaria.

 

Ustez bertzela ez ziron salbatu arima,

Zure eskuan utzi du bere ontasuna.

Azken orenerako, zer kofesor ona!

Ez ziradeia beldur, Jainkoak kondena?

 

Zuk manatu bezala, ein du testamentu,

Hartan jabe ezarriz murde Mendiburu;

Bere ahaide guziak kanpo utzi ditu;

Zu zintuen kofesor, ez da mirakuilu!

 

Andre hark bazituen ontasun propiak,

Zuzenbidean, edo nolazpait, bilduak;

Jainkoak barkatu daizko hari, bekatuak,

Ez badu kondenatu zure kontseiluak.

 

Ibili izan zira, haren ontasunen,

Testamentu ein gabe, jaun bati eskaintzen,

Ustez zure iduriko gizonetarik zen;

Zu bezalakoa ez da non nahi kausitzen.

 

Arrapostu eman dautzu ez zuela nahi

Kontzientzian hartu karga handi hori,

Giristino legean nahi dela bizi;

Ez daukazu barnea harek bezain garbi.

 

Barnez zu iduria harrapatu duzu,

Isturitze herrian murde Mendiburu.

Harek barkamendua noizbait ukanen du,

Zuk bertzer ein duzuna, zuri egiten badu.

 

Xutitzen ahal balitz tonbatik Larregain,

Berri onik zuretzat ez lezake eskain,

Erran liro, suieta harturik bere gain:

«Oi zer otsoa dugun artaldian artzain!».

 

Halarik ere, gora daukazu kopeta,

Latinez hasiz geroz iduri profeta;

Jenden enganatzeko, eskola perfeta,

Zuzenen makurtzeko, oi zer abokata!

 

Eskola ederra duzu, noizbait ikasia:

Ahalge guti, bainan hainitz ausartzia;

Ez duzu errespetatzen bertzen «herentzia»;

Apeza izaiteko, zer kontzientzia!

 

Zuretako on dena, ezin utz bertzentzat,

Hori zer bekatua, erretor batentzat!

Zu hartzen zaituena, Jauna, etsenplutzat,

Ez da aise sartuko, hil ondoan, zerurat.

 

Manamendu sainduan daukagu ordena,

Errespeta dezagun guk zazpigarrena:

Dugunarekin geldi, utziz bertzerena,

Hori da zuk ikasi behar zinukena.

 

Ez zinuke zuk behar sartu elizara,

Manamendu sainduez trufatzen baitzira;

Eskritura sainduko hitzen arabera,

Erori behar zira ifernu zolara.

 

Jainkoaren legeak ahantzi bazaitzu,

Ene kontseilu oner egin zazu kasu:

Eliza abandona, abitua kendu,

Zu bezalako apezak, hori ein behar du!

 

Gure arimarentzat, zu, zer medikua!

Emaiten duzunian holako etsenplua!

Ez baduzu bertzentzat hobia kontseilua,

Urrikari dut, Jauna, zure populua.

 

Profanatzen dituzu soineko abituak,

Bai eta ostikatzen liburu sainduak;

Zutarik urrun dira, Jainkoa eta aingeruak;

Pesta trankil ein diro zurekin deubruak!

 

Bekatuen ondotik da penitentzia;

Hartaz garbi dirozu, zuk, kontzientzia,

Bainan hola segituz zure malezia,

Kaiola batetako, zu, zer ihizia!

 

Ez ahanztera utzi ene abisua,

Nahi baduzu arima izan salbatua:

Purgatu behar duzu egin bekatua,

Bertzela izanen zira segur danatua.

 

Euskal Herriko jender ez eman hobenik,

Present hau heltzen zauzu Ameriketatik;

Ni ez nindaite kexa, ez banauka minik,

Injustizian hola, zuhaurek eginik.

 

Ez zaitela enetzat, zu Jauna, samurtu!

Gaizki egina, nolazpait behar da pagatu.

Egiliak ala errailiak ein duen bekatu,

Egun batez, Jainkoak jujatuko gaitu.

 

Jose Mendiague

ESKUAL HERRIA, 1907-II-11.

 

aurrekoa hurrengoa