www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kantak
Jose Mendiage
1863-1913

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]

 

Iturria: Jose Mendiage (1845-1937) Haren bizia eta haren kantuak, (Piarres Xarritonen edizioa). Etor, 1992

 

 

aurrekoa hurrengoa

MONTEVIDEO-KO BERRIAK

 

                Airea: «Nor nahik zernahi erranikan ere...»

 

Euskal Herrietarik izan dut galdia

Montevideon nola bizi den jendia.

Erran nahi dautzuet bihotzez egia:

Ene herritar maiteak, eizue guardia!

        Hemengo bizia,

        Horkoa iduria,

        Ez da hainitz hobia;

Hor ontsa denik, hunat ez bedi abia!

 

Guzietan badira hor bezala penak;

Nonnahi sofritzen du, pobria denak;

Hemen badira hainitz, hortik hunat jinak,

Ilusionez beterik, eitera fortunak;

        Ez dira lehenak,

        Tronpatu'tuenak,

        Urruneko famak:

Ezin biziz, orotan badira lanak.

 

Hunat ondoan dabiltza karriketan kurri,

Lanik badakitenetz, galdez elgarri.

Ez dira menturatzen jende aberatsari:

Heiek ez dute egiten kasurik nehori;

        Esker tzarra orori,

        Merkenikan hori,

        Bihotz-altxagarri,

Sofritu behar dute pobrek zernahi.

 

Bizi behar duenak hemen jornalian,

Ez da izanen beti abundantzian:

Suertez sartzen baditu hiru egun lanian,

Alfer, bertze hiruak, emanez etxian,

        Salda txarra eltzian

        Duke igandian,

        Mahaian jartzian;

Hobeki bizi dira Euskal Herrian.

 

Orai nahi duenak egia sinetsi,

Hemengo berriak kondatzen'tut klarki;

Behar duenak hemen eskulanaz bizi,

Pasatu beharko du zenbait neke-izerdi;

        Hala ere beti

        Ikusia gaizki;

        Pobre izaitia aski;

Jainkoa holakoaz urrikal bedi!

 

Denbora hobiagoetan zenbait hunat jinik,

Orai hemen gabiltza, sakela arinik.

Ez ginuen pentsatzen, orduan segurik,

Ondotik jinen zela holako urterik.

        Hortaz fidaturik,

        Gaude tronpaturik,

        Ez dugu lanjerik

Hemendik jalitzeko aberasturik!

 

Hok dira Amerikano zaharren berriak:

Pasatu izan'tugu urte hobiak;

Berantegi argitu ditugu begiak,

Ez izanez oraiko esperientziak.

        Orai zahartuiak,

        Laneko nagiak,

        Indarrak galduiak,

Planta txarrian gaude eiteko Indiak.

 

Arribatu ginenian gu Amerikara,

Zerbaiten egiteko bazen denbora:

Zahartuko ginenetz, guti oroitu gira,

Mundutik partitzeko jin zaiku tenora;

        Notaria etxera

        Jiten bada aldera

        Testamentu eitera,

Garbi geldituko da haren papera.

 

Huna zer bizi dugun Amerika aldian,

Nahasiak dabiltza oro, aspaldian,

Batek bertziarentzat beti inbidian;

Elgar ezin sofrituz daude errabian;

        Bataila gorrian

        Elgarren artian,

        Ez dauzke bakian,

Denak pagatzen ditu pobriak munduian!

 

Hor dudatzen duenak hauien sinestia,

Aski du ikustera berak jitia.

Hemen ere eiten dute zenbaitek suertia,

Ez da guziendako destino tristia.

        Ez da lan handia

        Berak probatzia,

        Jin eta ikustia.

Ez gure gatik utzi fortuna eitia!

 

Jose Mendiague

 

aurrekoa hurrengoa