www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kantak
Jose Mendiage
1863-1913

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]

 

Iturria: Jose Mendiage (1845-1937) Haren bizia eta haren kantuak, (Piarres Xarritonen edizioa). Etor, 1992

 

 

aurrekoa hurrengoa

BUENOS-AIRES-TARRAK
MONTEVIDEO-N

 

                Airea: Ostalerak eta Letxeroak

 

Buenos-Aires-etarik zonbait gizon gazte

Montevideo-rat jinik, bisita ein daukute;

Gure ganat jitiaz plazer egin dute:

Triste dena heiekin alegera daite;

Gizonekin ibiltzen ontsa badakite.

 

Untzitik zirenian Montevideon jautsi,

«Ochoa»-ren etxia ez zaie ahantzi;

Bazakiten zonbaitek ontsa hango berri,

Ez zirela izanen tratatuak gaizki:

Euskaldunen gostua «Ochoak» badaki.

 

Edari onak dauzka, jatekoak hobe;

Zerbait ikasia da etxeko andria ere;

Euskaldun janariak dituenak maite,

Etxian badituzte, onak eta merke;

Galdatzia aski du izaiteko fite.

 

«Tabakera» goizetik tratuan zen hasi,

Dudarik gabe nahiz zerbait irabazi:

Ferietara joanik, handik du ekarri

Pastinagre eder bat, luze eta lodi;

Ochoa-ri eman dio sei «gindauen» sari.

 

Guziak elgarrekin izan dira mezan,

Debozione handian, euskaldun elizan,

Ni ere aspaldian ez bainintzen izan,

Belaunetarik minez, hantxe egon nintzan,

Otoitzian ari den saindu baten gisan.

 

Ederki ibili dira, batetik bertzera,

Montevideoko bazter hauien ikustera,

Batian «Union»-era, bertzian «Cerro»-ra,

Beren gostuko gauzak emanez ahora;

Ez dute miserian pasatu denbora.

 

Parke herrialdean, guri bazkaria

Eman izan daukute, ongi prestatuia;

Behiki eta bildots bat, ederki erria,

Eltze handi bat, oilo gizenez betia;

Mahainian ez zen falta arno emailia.

 

Mahainian ginenian trenpu onian jarri,

Graziano B..han ginuen guzien gidari;

Eri balin bada ere ez zuen iduri:

Nork eman ote dio erremedio hori?

Ontsa errerik, jan ditu, bi kilo haragi.

 

Bertze eri bat, aldian, Pettaka:

Bekatutik ez zaiten nehundik eskapa:

Haragi jatetikan pribatua baita,

Galdurik medikuak eman errezeta,

Oilo bati lotu zen, haragiz ase-eta.

 

Apetitu onekoak, han ziren guziak,

Garbi utzi zituzten gerrena eta eltziak;

Gero kantu errepikan, ederki asiak,

Hola bete badituzte haurrian hertziak,

Ez dirade amasok kilutik haziak.

 

Ochoa-ren partetik bazuten laguntza,

Kostumatua baita lan hoietan ontsa;

Badaki nola kendu barnetikan hotza;

Ez da delikatua, hortzez da zorrotza,

Ardirikan ez badu, jaten du bildotsa.

 

Bazkari eder hartan nor ziren «zozio»,

Izenak emaiten 'tut bertsu huntan oro:

Pettaka eta Zimarron, Tabakera gero,

Pottolo ezarria zuten «tesorero»,

Guzien aintzindari, President Graziano.

 

 

Omore onekoak sortuak mundura,

Badakite ibiltzen guzien gostura,

Ez da horien ganik jaliko makurra,

Ideia onak 'tuzte hartuak burura,

Agian jinen dira gu ganat ardura!

 

Permisionerik gabe hola mintzatzia,

Gaizki egina bada, har pazientzia.

Betidanik izan da ene malezia;

Erran ditazken gauzak kantuz kondatzia,

Jaunak otoi barkatu nere ausartzia!

 

Jose Mendiague

ESKUALDUN ONA 1907-IV-26

 

aurrekoa hurrengoa