www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kantak
Jose Mendiage
1863-1913

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]

 

Iturria: Jose Mendiage (1845-1937) Haren bizia eta haren kantuak, (Piarres Xarritonen edizioa). Etor, 1992

 

 

aurrekoa hurrengoa

SAN JOSE-KO HERRIAN,
KAIOLATIK GALDU DEN XORI BATI

 

                Airea: «Etxeko anderia, heldu naiz zu gana... ».

 

Primaderian dira arbolak loratzen,

Orduan du xoriak ederki kantatzen,

Orai, Baten berrien hasten naiz kondatzen,

Plazeraren ondotik zer duen sofritzen.

 

Kaiolako xoria penetan da beti,

Borta ezin idekiz, joaiteko ihesi.

Bainan airian gora joaiten ez badaki,

Kanpoan hirriskuan beharko du bizi.

 

Zaindu behar du amak umia berekin,

Ihizlari gaiztorik hurbildu ez dadin.

Hor kolpatuz geroztik, lehenago behin

Zer ondorio duen behar luke jakin.

 

Ama batek bazuen xori bat kaiolan;

Ikustera joan-eta, ez du han hatzeman;

Duda gabez ez dio bortari gakoa eman,

Edo ihiztariek diote ereman.

 

Aise ateratu da hola, kaiolatik,

Borta idekitzalia izanez geroztik;

Gaixoa ibiliko zen airian gogotik,

Ez baliote kendu luma hegal petik.

 

Lehen luma bat falta, eta orai bertzia,

Ez ditake urrun joan holako ihizia,

Ez eta gora egin bere ohantzia;

Sasian beharko du pasatu bizia.

 

Ihizi eder horren hola eskapatzia,

Ama gaixoarentzat, hau da tristezia!

Arra batek joan dio aldetik emia;

Orai nigarrez dago, galdurik umia.

 

Xerka abiatu-eta, harrapatu dute,

Sasi baten barnian xori gaixoa triste;

Amari erran dio: «Enganatu naute,

Nik bihotzian nuenak ez ninduen maite!».

 

Ezin erran dezake inozenta zela,

Lehen ere izan da tronpatua hola;

Ontsa xartatuz geroz gazte den arbola,

Bazakien fruitua emaiten zuela.

 

Orai nigarrez dago, bihotzetik, zinez,

Aspaldian dagola barnetikan minez,

Erremedio onik harentzat badenetz,

Otoi senda dezaten, denbora laburrez!

 

Xori kantari pollit eta «cariñosa»,

Zure eritasuna ez da lanjerosa,

Bama izana gatik orai zure gaitza,

Bera aterako da, ez zaitela lotsa!

 

Gaztiak ein zazue suiet huni kasu!

Holako nahigabiak gerta ez diten usu;

Bakotxak bere lumak maite ez baditu,

Ihiztariak hurbil, ardura, izanen'tu.

 

Jose Mendiague

ESKUAL HERRIA, 1903-XII-12

 

aurrekoa hurrengoa