www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kantak
Jose Mendiage
1863-1913

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]

 

Iturria: Jose Mendiage (1845-1937) Haren bizia eta haren kantuak, (Piarres Xarritonen edizioa). Etor, 1992

 

 

aurrekoa hurrengoa

«ESKUAL-ETCHEA»-KO
KOMISIONEAREN OHORETAN

 

                Airea: «Suiet eder bat deklaratzen dut...»

                edo: «Ume eder bat ikusi nuen... ».

 

Bi bertsu berri paratzen ditut Buenos-Aires-e hirian,

Bihotzez noble, ideia oneko gizon batzuen gainian,

Euskal Herriak, denak batera eman nahiz, dira abian,

Emeki-emeki, elgarretara helduko gira, agian!

 

Gure Jainkoak ezarri dauku, Euskaldunentzat, argia,

Ikus dezagun, elgarren ganat hartu behar den bidia.

Hari segituz, ez da dudarik, segura dugu heltzia,

Elgar lagunduz, pasa dezagun gure munduko bizia.

 

«Euskal-etxea» egin beharrez egina dute bilkura,

Ideia ona etorri zaie, guziendako, burura;

Pobre gaixoen sokorritzeko orai jinen da denbora,

Hartua duten pentsamendua denetan hedatzen bada.

 

Bizi hobea pasatuko du «Euskal Etxean» pobreak,

Ibili gabe kalean kurri, pena dolorez beteak,

Neguan hotzez ikaran, eta udan iguzkiz erreak;

Segi zazue, zuen obrari, Euskaldun Bihotz nobleak!

 

Pobre gaixoa, hor zabiltzana, batetik bertzera kurri,

Bihotza triste, botz ezti batez galdatuz zerbait sokorri,

Zure otoitzetan gomenda zaitzu, gure anaiak, Jainkoari,

Lagundu ditzan, fite egiten, obra saindu eder hori.

 

Hola zuzentzen dira munduko gizonen diferentziak,

Duenak, beti heda ditzala ez duenari, eskuiak!

Pobre eta aberats, ttipi eta handi, anaiak gira guziak,

Elgar lagunduz, konpli ditzagun Jainko Jaunaren legiak.

 

Abia gaiten elgarrekilan, denak eskuak emanik,

Egin ahala egin dezagun, bakoitzak bere partetik!

Ez diro nehork sekulan egin, munduan, gauza hoberik,

Segi gaitezen, ene anaiak, itzuli gabe bidetik.

 

Gure semier, sortu orduko, erakuts gure legiak!

Ttipitan aise doblatzen dira, arbola gazte, tendriak.

Ikusiz geroz Euskal Herriko kostuma eder, nobliak,

Guziek, oihu eginen dute: «Gare Euskaldun semiak!».

 

Kantabria-ko seme maiteak, har gaiten denak lanean,

Gure arbola zabaldu dadin, hartuz gu, bere itzalean;

Unionea baino hoberik, deutsik ez dago munduan,

Bihotzez elgar maita dezagun, bizi gaitezen bakean!

 

Jose Mendiague

EUSKAL-ERRIA, 1912-IX-22

 

aurrekoa hurrengoa