www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Mendekoste gereziak
Jean Etxepare Landerretxe
1962, 1991

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Inazio Mujika Iraola.

Iturria: Mendekoste gereziak, Jean Etchepare (Inazio Mujika Iraolaren edizioa). Erein, 1991

 

aurrekoa hurrengoa

KORRIDAK

 

        1.-Herria, 1960-Abuztuak-18

        Baionako bestakari, aurtengo lehen korrida gaitza izan da. Plaza kaskoraino betea zen eta bat baino gehiago kanpoan gelditu da leku eskasez.

        Iruñeko bandak ere hor ziren dena musika, oihu eta dantza, lekukoen lagun.

        Doña Maria Teresa de Oliveiraren zezenak ziren.

        Luis Miguel Dominguín famatuak ez du espantu handirik erakutsi. Bi abereak nekez garbitu ditu, nahiz, anartean, lan onik ere egin duen. Egia erran, abereak asko banoak zituen eta ez ziren behar bezala lotzen. Jendeak Dominguínen gain ezarri ditu huts guziak. Plazatik atera da, gaizoa, oihukatua eta xixtukatua.

        Curro Girón izan da hoberena. Lehen ukalditik garbitu ditu bere etsaiak. Banderillak berak ezarri ditu. Faena pollitak plazaren inguruan. Jendea alde zuen. Bi zezenetan lau beharriak bildu ditu, segur eder baita. Norbaitek oilaxko xuri bat ere eskaini dio. Berekin ereman du.

        Paco Camino, hemezortzi urte, gaitza agertu da. Segur badaki ontsa lanean. Jendeak maite du haren joko fin eta garbia. Lehenean bi beharriak irabazi ditu. Bigarrenarekin nekezago arizan da. Abere txarra zuen, bainan ontsasko garbitu du halere lehen ukalditik. Ukan du esku-zarta! Norbaitek eskaini xahako batetarik edaten ikusi dugu, hain zen jendeaz kontent, eta jendea hartaz!

        Laugarren zezenean mutiko buru-bero batek plazarat jauzi egin du bere balentrien erakusteko, kapa zahar batekin. Bizpahiru kapa ukaldi eman orduko polizak bildu du biligarroa!

 

        2.—Herria, 1960-Abuztuak-25

        Andredena Mari-kari korrida ederra egin dute Baionako plazan mementoko torero hoberenak: Dominguín, Ordoñez eta Cáceres, española frango etorri da Baionarat Donostiako korridarengatik. Hor ziren ere Domingo Ortega eta Antonio Márquez torero ohiak eta Domecq ganadero famatua.

        Plaza betea: hamabi milaz goiti jende! Arratsalde eztia. Urquijoren zezenak balio handikoak agertu dira eta toreroak nahiko lana egin dute. Piko bat edo bertze aski ukan dute zezenek indarren eztitzeko. Ez ditake ardura gertatu Baionako plazan korrida batean sei zezener hamabi beharri eta buztan baten moztea!

        Luis Miguel Dominguínek hondarrek-aidian baino arrakasta hobea ukan du. Merexi zuen. Kapa lan ona lehen zezenarekin, bere egun handietan bezala. Banderillak berak ezarri. Estokada axal eman du eta zezena erori da. (Bi beharri).

        Bigarrenean oraino hobea izan da. Bere nagusitasuna erakutsi du fini zela uste zuteneri. Zezena ontsa erabili du, zangoez ahulxko ere. Estokada handi bat eta bi beharriak eskuetan plazaren ingurua.

        Antonio Ordoñez kapatzaile handia. Muletarekin, bereziki ezkerraz, joko pollita erakutsi du. Labur utzi du bere lana zezenak azkenean bere oldar guzia galdua baitzuen. Estokada bazter aire. Bi beharri eta plazaren itzulia.

        Bigarrenarekin harrigarri izan da. Gozoki, nagusi handi batek bezala erabili du zezena, adarretarik hurran! Urrunetik bultatu da eta ezpata erroraino sartu. Presidentak, bi beharriez bestalde, buztana eman dio saritzat. Ez zuen ohore txarra!

        Oihu eta oihu, jendea ezin asea baitzen, hiru toreroek batean egin dute plazaren itzulia. Jendea arras berotua zen.

        Pepe Cáceres gazteak, hura ere norbait dela erakutsi nahi zuen. Eta handizki erakusterat eman du! Zezenari hurbil ibili da beti. Kuraia handia badu. Bera banderillero.

        Jenden esku-zartek burua berotu dute. Oraino hobekiago egin zezakela erakutsi nahiz irrisku gaitzak hartu ditu. Zezenak bi aldiz adarren puntan ibili du. Azkenean erori da eskuineko azpia odoletan. Halere behar bezala garbitu du etsaia (bi beharri).

        Azken zezenarentzat maiguka sartu da plazan. Etsa-ia zango-besoz ahula zuen eta ez da espantu handien egiterat arizan. Lan on bat erakutsi du. Ez zezaken gehiago galda zezen horri (bi beharri).

        Funtserat eta gaitzeko korrida. Menturaz aurtengo ederrena! Jendea zinez gustatu da. Afizione poxi bat dutenek egun hori ez dute ahanztekoa ukanen.

 

        3.—Herria, 1960-Irailak-1

        Dominguín Nagusi!

        Laugarren korrida hunek bertze hiruek ukan ez duten zerbait gehiago bazuen: iguzkia. Iguzkia España zolako plazetan bezala. Halere lan ederra eskas!

        Jendea beti berdin, azken maileraino metatua.

        Arratsalde hau Dominguínen ohoretan izan da. An-dramariako korrida ederraren ondotik, arratsalde hun-tan eman duen erakaspenarekin, Dominguínek erran dezake oraino, arratsalde txar batez jendeari oihu egin omen zuen bezala —To! eta Agorrilaren zazpia!—.

        «Bego ni lehen».

        Buendarien zezenak zituzten aldi huntan, pizuak bainan oldarrez desberdinak.

        Luis Miguel Dominguín izan da arratsalde huntako nagusia. Haste-hastetik esku-zartak bazituen: ederki errezibitu du etsaia. Zezena banoa zen eta besoz ahul. Nahi bezala ibilarazi du kaparekin, lanjer handirik gabe lan pollita gostuan eginez. Banderillak ezartzean lurrerat igorria izan da. Plazaren erdian arizan da lanean, ezkerraz eta eskuinaz, pasa xarmantak eginez.

        Ezpata erdiraino sartu du eta zezena erori da. Beharri bat ukan du.

        Bigarrena ez zuen segur banoa! Eho bat bezala sartu da plazan, dena zaina. Gizona beldurrez bezala zagon. Ez zakien xuxen hea etsaiak zer egingo zuen. Pasa batzu belauniko eman ditu, baitaki jendea horietaz gustatzen dela. Estokada handi batez garbitu du zezena; bi beharri ukan ditu saritzat.

        Jaime Ostos nekez arizan da. Aberea ez zitzaion nahi bezala heldu. Oihal gorriari ez zen biziki oldartzen. Ezkerrez erabili du muleta.

        Lau ezpata ukaldi eman behartu zitzaizko aberearen garbitzeko. Bazterrak ixilik!

        Bigarren zezenak adar bat hautsia zuen burladero bati kontra. Ez zezaken beraz lan handirik egin horrekin. Halere pasa pollit batzu egin ditu eskuineko adarrari biziki hurran. Ezpatarekin xantza ukan du.

        Esku-zarta batzuengatik, arratsalde hitsa Ostosentzat.

        Diego Puertak zezenak beti belauniko errezebitzen omen ditu. Bakotxak bere espantuak! Kaparekin arras hurran zabilan. Pikadorren ondotik, ahal zuena egiten zuen muletarekin, deus segidakorik gabe, hemen pasako bat, han bertze bat. Beharri bat irabazi du eta jendearen fagorea.

        Bigarrenarekin hiru pasako pollitak eman ditu segidan, muleta ezkerrean. Gero damurik zezena arras kostatu da eta ez zitaken gehiago deus onik egin.

        Zezena nekez garbiturik ere, ukan du esku-zarta ederrik! Badakiela, animalia! jendearen biltzen belauniko!...

 

        4.—Herria, 1960-Irailak-15

        Aurtengo azken korrida eman dute Baionan hilabete hunen 4ean. Beti gaitzeko arrakasta eurixkarengatik.

        Zezenak nahiz ez ziren hain pizuak, zain eta izaite onekoak agertu dira. Lanean arrarazi dituzte segur gizonak.

        Luis Miguel Dominguín lehen zezenaren bihotzaz baliatu da kapa eta muletaz faena arin eta goxo batzuen egiteko. Jendea loriatua zagon. Bainan etsaiaren ontsa garbitzeko ukan ditu lanak: sei ezpata ukaldi. Eta, jendea oixtiko lan ederra ahantzirik oihuka hasi zaio. Badu jada holako ikusirik Dominguínek.

        Bigarren zezenean jendea berriz bildu du ezkerraz eman pasako fin batzueri esker. Zezen ona zuen, lehena baino bizixago. Bi beharriak irabazi ditu aldi huntan.

        Jaime Ostosentzat arratsalde gaitza izan da gaur. Etsai bortitzenak zituzken. Behar bezala jokatu da lehenarekin. Ukan du begi eta bihotz. Jendea ikaran zagon eurixkaren pean. Hondarrean ikaragarri ederki garbitu du etsaia. Jendea esku-zartaka jauzi da Ostosek bi beharri eta buztan bat eskuetan plazaren itzulia egin duelarik.

        Bertze zezenarekin berdin ederki arizan da. Pasako batzu ezinago eder eta gustagarriak eman ditu. Jenden esku-zartek eta musikak burua arras berotua zioten. Bi beharriak eskuetan bi itzuli plazaren inguruan.

        Paco Caminok lehen zezen bat ukan du arras nahi bezalakoa. Kaparekin ez du, egia erran, lan handirik egin ahal ukan. Bainan muletarekin lotu delarik etsaia ezagutua zuen ordukotz eta lan ona erabili du gero. Ezpata bietan sartu du eta beharri bat ukan.

        Azkena nahi bezala erabili du. Beldurrik gabe ari zen. Pasako andana bat pollita erakutsi dauku. Jendea erotua zen. Aski errexki nagusitu da eta bi beharriak ereman ditu aldi huntan.

        Funtserat eta arratsalde ederra Don Graziliano Pérez Salamankarraren zezeneri esker.

 

        5.—Herria, 1961-Abuztuak-24

        Sei toro Paco Caminorentzat

        Paco Camino gaztea buruz-buru artzekoa zen Diego Puertarekin Baionako plazan. Bainan hau bezperan kolpatua izanki Donostian, Caminok nahiko ote zuen sei zezenen aintzinerat agertu? Bai, plaza-gizon gisa, ez da lotsatu eta bere egin ahalak egin ditu.

        Hamar bat urte bazuen ez ginuela holakorik ikusi: orduan Luis Miguel Dominguínek sei zezen bakar-bakarrik toreatu zituen Bordelen. Eta arrazoinekin, Paco Caminok ere Dominguínek bezenbat egin nahi! Ez da nornahi mutiko txar hori, ez da deusen lotsa! Ez dute so egilek aurten beti hola gastatu.

        Maria Teresa Oliveiraren zezenak banoskoak ziren bainan Caminoren lana ez dute halere sobera neketu. Lehenak salbu, bertzek ez dute gaztigu handi beharrik ukan oldarraren eztitzeko.

        Peonak kanpo emanik, berak hartu ditu bitxo guziak toriletik atera orduko. Lekuaren gainean kaparekin pasa andana pollitik erakutsi dauku.

        Lehen zezena ontsa erabili ondoan, estokada hede batean bi beharri irabazi ditu eta zernahi esku-zarta.

        Ontsa arizan da bertze biekin eta behar bezala garbitu ditu.

        Laugarrena biziki banoa zen, lekutik ezin higiaraz, eta Caminoren arratsaldea histerat zoan.

        Bosgarrena labur utzi du. Gizonak akitzen hasia iduri zuen.

        Bainan azkenarekin errege izan da. Zezena belauniko errezebiturik, gorputzaren inguruan airoski ibilarazi du. Ezpata ondoraino sarturik, jende guzia lorietan zagon.

        Eta bi beharri eta buztana eskuetan plazaren itzulia egin du Paco Caminok arratsalde guziko ohorea biltzen zuela.

        Artetik, Angel Peraltak zezen bat ontsasko toreatu du zaldiz. Bi beharri ukan ditu saritzat.

 

        6.—Herria, 1961-Abuztuak-31.

        Bi beharri eta ohorea.

        Laugarren korrida hau Baionan, ez bada ere beharri eta buztanez saristatua izan, ez zen batere enoagarri han milaka bilduak ziren soegilentzat.

        Urquijoren zezenak arras bortitzak ziren, adarrak luze eta burua arin.

        Bainan lehen biak pikadorek xehatu dituzte eta azkenean ez zitaken heiekin deus onik egin oihal gorriari oldartzeko indarrik ez zuten eta toreroen entsegu guziengatik mutur egon dira. Xixtuak ukan dituzte pikador horiek.

        Arratsalde hitsa Ordoñezentzat. Lehen zezena arras hila zioten beraz pikadorek eta berehala garbitu du. Bigarrenarekin lan ederra egin du, zonbait esku-zarta ere bildu, bainan gero gaizki hil.

        Curro Girón eta Pepe Cáceresek pasa pollitak eman dituzte, nahiz, ardura berreatuak, eta horiek ere hil-tzean errebes agertu dira. Halere bedera beharri bildu dute.

        Ainitzi ez zazkoten bi beharri horiek aski eta zernahi esku-zarta eman dituzte.

        Banderilleroek ontsa egin dute beren lana. Girónek berak ezarri ditu banderillak.

        Hastean Peralta bi anaiek gazitzeko ohorea: jendeari biziki gustatu zaio zaldiz toreatzea.

        Funtsean eder da ikusten zoin trebe diren. Bi beharriak moztu dituzte.

 

aurrekoa hurrengoa