www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Mendekoste gereziak
Jean Etxepare Landerretxe
1962, 1991

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Inazio Mujika Iraola.

Iturria: Mendekoste gereziak, Jean Etchepare (Inazio Mujika Iraolaren edizioa). Erein, 1991

 

aurrekoa hurrengoa

ITSAS-IZARRA

 

        Euri xehe bat ari zen gogorki eta itsas usainez beterikako haize mehe batek azotatzen zuen hor bildutasunean zagon jendea.

        Itsas-Izarrako txopako guziak bilduak ziren Donibaneko hilerrietarat. Hor alainan ehorzten zuten Erramun Airexuri, untziko lagun bat.

        Gaxuxak dentela-egileak bere bilo horiekin, begiak nigarrez ilunduak, uste zuen oraino ikustea hain maite zuen mutil ederra. Hain azkarra iduri zuen, hainbertzetaraino ezin zaurtua, nun haren hiltzeak ezin jasanezkoa, ezin esplikatua, zozoa iduri baitzuen. Zeru ñabarrean, antxetak inguruka ari ziren beren boz herdoildua entzunaraziz eta zeremonia bururatzerat zoan.

        Gaxuxa ez zen gehiago gorputzez baizik horko lagunen artean. Gogoan berriz bazerabilan igande bat, duela zonbeit aste iragan. Erramunen lagungoa, nexka gaztea hiriko baratzean kausitzen zen eta mariñela boz nahasi batez mintzo, behatzen zuen.

        —Gaxuxa, horra, aspaldi maite zaitudala eta ez naiz menturatzen aitortzerat, onart zinezakea ene lagun izaitea?

        Segurrenik eskualduntsa pollitak baietz ihardetsiko zuen, Peyo, Itsas-Izarraren hirugarren mekanizier lagunak ez bazaion galde bera egina izan abantxu hitz berez, bi egun lehenago.

        Alta Erramun eta Peyo, biak gazteak eta lagun onak izanagatik ere, arras desberdinak ziren, bat mehe eta haundi zen printze baten goxotasunarekin, bertzea, Peyo, beltx, gizonaren idortasun poxi batez dohatua.

        Gaxuxak, denbora irabazi nahiz, gogoeta zonbeiten egitea galdatua zuen gauza horren gainean.

        —Zerbeit ilun bada ene bihotzean. Itsas-Izarra Donibaneko portutik ateratuko da zonbeit egunen buruan. Amerika alderat joanen da xardinaketa. Itzul-tzen zaztelarik erranen dautzuet ene xedea —hitzeman zuen bere bi gizongaieri.

        Eta heien atera-aldia abantxu hitzik erran gabe bururatu zen.

        Egun hits hortan, nexka gazteak ikusten zuen nola Erramunen ondoan iragan orenak, hiriko baratzean, halako hozdura bitxi bat bazuten. Mariñelak iduri zuen jadanik ez zela gehiago lur huntan. Ezen urrun bazoan eta, handik, nork erran bizirik itzuliko zela?

        Eta bizkitartean ez zuen mutiko xarmant hura bere gogoan hautatua, bainan bai bi gizonetarik edertasun gutienik zuena.

        Haize ukaldi batek zafratu zuen Gaxuxaren zaia zabala eta bere baitarat ekarrarazi haren gogo galdua.

        Otoitzak bururatuxeak ziren. Bihotza ilunik, Gaxuxak eman zuen azken behako bat mariñelaren kutxa xuriari. Untziko lagunak ziloaren hesten hasi ziren. Gaxuxa atera zen ezin egonez. Karriketan, jendeak multxoka bazoazin beren etxetarat.

        Mariñelak aintzinean zoatzin. Heien artean ageri zen Peyo. Gaxuxa harenganat hurbildu zen, nahasdura bortitz batek asaldaturik. Itsas-Izarrean gertatu destorbua hain zen bitxia. Gogoetarik zoroenak eta gaixtoenak heldu zitzaizkon bururat.

        Zer iragan ote zen untziko bi lagunen artean, bi lagun emazte beraz gustatuak?

        Boza daldaran erran zuen:

        —Lagun nezazu, Peyo, zonbeit galde egin nahi dauzkitzut gaizo Erramunez.

        Eskualdunaren begitarte soraioak ez zuen latzikara bat ere erakusterat eman.

        —Nahi duzun bezala, Gaxuxa maitia, bainan nik bezain ontsa badakizu.

        Portu xoko baterat heldu ziren eta han beranta bildu zuten euriaren azpian, bazterrak oro itorik zagozila eta itsasoa gorderik.

        Arrantzako untzia han ez izaitearekin, Gaxuxak buruan hartua zuen haren xortea zitakela Peyorekin ezkontzea. Bainan lehenik bazuen ainitz gauza aipa-tzeko, zeren, beharbada, hil bat heien artean alha baitzitaken.

        —Mintza zaite, erran zion nexka gazteak.

        —Urtarrillaren 12an gertatua da, Frantziako lurretarik 600 kilometretan ginen noiz eta ere lanoak loditurik kapitainak eman batzaikun xixtu orroaren joiteko manua. Azantzarengatik boz lazgarri hori hautemaiten nuen tresnategiraino.

        Gaua jin da bet-betan, bi urratsetan ez baitzen fi-tsik ageri... Gero haizea jeiki da, firrindaka. Manatua nintzen bezala, untzi bizkarrerat igan naiz. Lanoak emeki-emeki urratzen hasi ziren eta mendi batzu bezain gorako uhainak ikusten ginituen. Orduan untzi bizkarrak ukan du, zafla, Erramun urerat eremen duen uhain ikaragarria. Boz batek oihu: Gizon bat itsasoan! Norbeitek urgain bat aurdiki du. Kapitainak dio: Erramun da! Jauzi egin dut eta urean sartu. Gero badakizu...

        —Erramunen adixkidea zinen eta ez dautazu ukaturen. Badakizu, harek ere, enekin ezkondu gogo zuela? —dio Gaxuxak.

        Gizonak aitortu zuen lañoki:

        —Banakien.

        —Zertako atera duzu bada Erramun uretik?

        —Ez zinezan pentsa orai pentsatzen duzuna zorigaitzez, egin zuen Peyok bere eztitasuna galduz. Etsaiak ginen, nik banakien segur, eta Erramunek deus ez zakien, zeren beharrirat eginak baitzaizkian bihotzeko arrengura batzu. Nihaurentzat begiratu dut ene bihotzeko segeretua. Polizak jakin baleza amodio hori, preso nintake.

        —Bizkitartean, Erramun itsasorat bota bazinu, zure eskuz, zertako atera gero? —zion Gaxuxak bere begiak mutiko gaztearenetan sarturik.

        —Ekarri dut Erramun untzirat, hil-hurran, burua arraildua. Bere erorikoan kolpatu ote zen burdin kantail zonbeit kaskaturik? Ainitzek hala diote. Bada bertze bat dakizun bezala, zonbeitek diotena eta gogoak asalda arazten dituena. Erramun destorbuz kolpatua izan dea, ala norbeit oldartu ote zaio eta gero itsasorat aurdiki bere gaixtakeriaren gordetzeko?

        Kapitainak aipatu du gauza hori. Zertako? Zertako hil nahi ukan du norbeitek mutiko gaixo hori?

        Erramunek ez zuen etsai bat ere, hain zen mutiko maitagarri eta airosa. Nik bakarrik banuen arrazoin bat, nik bakarrik! Araiz sinetsiko duzu: ez naiz ni hiltzale bat. Jauzi egin dutalarik itsasorat, esperantxa nuen oraino Erramunen bizirik ekartzea. Bainan gero dut ikusi egia lazgarria, untziaren gainean, mutikoa uretik atera-eta. Iduritu zait oixtian, hilerrietan, ene zoriona ere ehorzten nuela.

        Gaxuxak trixterik behatzen zuen Peyoren boz idorra, haren solas laburrak eta xumeak. Hara hor xehe-xehea aipatua gertakari burutik joangarria, hara hor begien aintzinean.

        Nexka gazteari iduritzen zaion Itsas-Izarraren gainean zagola gauaz, erauntsia zurrupitan ari zelarik. Gertakaria hola aipatua, haren begien aintzinean gertatzen bezala zen. Senditzen zuen haize karats eta hormatua, hautemaiten uhainak zanpaka untziari. Ilun beltza, bi gizon joka ari, hura heien erdian, deus ezin egin...

        Peyo bere etsaiari oldartu ote zen? Nahi gabe, gizon bat hilik ba ote zuen bere kontzientzian?

        Gaxuxak eskuetan hartu zuen bere bularretan dilindan zuen kurutzefika urrea eta gero hari luzaz so egon.

        —Gutarik bat hautatu behar zinuen itzultzen ginelarik. Ez dautazu erran nahi, otoi, zer eginen zinuen Erramun ere bizirik itzuli izan balitz?

        —Zu hautatua zintudan —ihardetsi zuen ahul-ahula.

        —Eta orai? —galdatu zuen mutiko gazteak azken esperantza batekin.

        —Orai, ez dakit gehiago zer egin. Nahi zinduzket sinetsi, ez, ez dezakezu holako lan bat egin. Erramun zure adixkidea zen, ez dea hala?

        Gordetzen ote zuen zerbait bere bihotzaren zolan? Ainitz gogoeta eginarazten zuen gauza ilun horrek.

        —Otoi, ez zazula gehiago hitz bat erran —doi-doia marmarikatu zuen Peyo gaizoak...—, nehork ez ditu ezagutzen ene sendimenduak zure alderat, deus ez dut salatu, ixilik egona naiz.

        Nexka gazteak senditzen zuen bere bihotza arrail-tzen.

        Horiek orok bizi bat makur lezakete segur. Bainan, gaixo nexkatoa gau eta egun egiaren bila berma laiteke gero ondoan bizi uros bat atxemaitekotan.

        Beldur batek ximikatzen zion bihotza, gauzak ez zituen garbi ikusten, hortxet ari den euri goibel eta lanotsu horren pare. Aski amodio baten barreatzeko, zorion baten suntsitzeko, bizi baten pozoindatzeko. Gogoeta ainitz eta ez pollitenetarik. Alta zer zen gaizo Erramun Gaxuxarentzat? Itzuli izan balitz eza ukanen zuen, nexka gaztearen amodioa ez baitzen harendako.

        —Zer egin duzu? —galdatu zuen Gaxuxak bultaño baten buruan.

        Peyok, burua apalduz, etsitua, ihardetsi zuen:

        —Gehiago deusek ez nu lur huntan atxikitzen. Berriz itsasoa hartuko dut, itsasoa, zure ondotik ene amodio bakarra.

        Bainan Gaxuxak ontsa ezagutzen zuen eskualdun gotor hori eta bazakien mutiko zuzena zela. Orduan zertako ez sinets? Zoriona bil zezaken oraino, menturaz, bihotzerat. Ez ote zezazken ahantz griña horiek eta sinets Peyoren bihotza garbi zela oraino.

        Hondarrean eskua luzatu zuen mutiko gazteari:

        —Adios Peyo!

        Mariñelak tinkatu zituen harek eskaini erhiak bainan ez zuen ihardetsi, eta nexka gazteak ikusi zuen eskualdunaren begitarte soraio hartan ikaragarriko ilundura bat.

 

* * *

 

        Kanari xoriak kantuz ari ziren beren ohantzean. Gaxuxak burua goititu zuen.

        Leihotik, etxen gainez-gain, itsasoa ageri zen, al-tzairuzko itsaso bat, euria eskaintzen zuen plomuzko zeru baten pean. Nexka gazteak bere soa han nunbait ibili zuen. Berehala, ura ikustearekin, Peyori pentsatu zuen. Nun ote zen? Munduko zoin xoko-mokotan? Urte bat Erramun ehortzia zela eta Gaxuxak deusere ez ahanzten! Peyorentzat zuen amodioa berdin-berdina zagon, bero eta ostikatua.

        Bakarrik bere burasoak hilez geroz, Gaxuxa dentela egiten ari zen. Aste guzia lanean ari zen. Ez zuen gehiago onartzen, lehenago bezala, igandetan dantzatzeko atsegina. Hiriko baratzeko bidetarik egin ahala baztertzen zen. Sobera oroitzapen bazuken!...

        Jada bi gizongai antzara ferratzerat igorriak bazituen! Peyok hartzen baizuen haren bihotzeko amodio guzia.

        Batzuetan Gaxuxa harritua zagon nola egon zitaken hoin leial holako mutiko bati. Gaizki ikusten zuen bere sendimenduen indarra, ez jakinez zerbait trabak, frangotan, handiagotzen duela pasione bat.

        Bazterrak oro ixilik zaudelarik norbeitek jo zuen bortan ezti-eztia.

        Gaxuxak ideki zuen. Emazte gazte bat zen, biziki xumeki jauntzia, bainan askitton pollita.

        —Andere Gaxuxa, dentela-egilea ote zira?

        —Bai anderea. Nahi duzu sartu?

        Ez zen lehen aldia emazteak heldu zirela nexka gaztearen etxerat dentela manatzerat. Bizkitartean, emazte horren jauntzi apalek ez bide zuten dentela beharrik.

        —Jar zaite!

        Andere arrotza ixilik baitzagon Gaxuxak erran zuen:

        —Zer nahi duzu?

        —Ene anaiez mintzatzerat jina nitzaizu —iharde-tsi zuen emazte gazteak begitarte xifritu batekin.

        —Nor zira? Ez dut ezagutzen zure aneia.

        —Ni Mayi Haizkibel, ene aneia Gilen deitzen da. Eta Itsas-Izarrean zen mariñel gisa duela urte bat.

        Gaxuxa ikaran zagon zer berri jakin behar zuen.

        —Behatzen zaitut.

        —Neke da erraitea —ihardetsi zuen Mayik burua apalduz—... Lehenik utz nezazu galde baten egiterat. Menturaz zure ihardespenak lagunduko nu... Erramun bizirik itzuli izan balitz harekin ezkonduko zinena?

        —Ez.

        Bere indarrak bilduz emazte gazteak segitu zuen:

        —Erramun, ene aneiaren adixkide handia zen. Ardura atera gira hiruak elgarrekin eta badakizu Erramun zoin zen ederra... Egun batez erran zautan maite ninduela.

        Emazte horien begitarteak akidura batek joak bezala ziren.

        Mayik bazakien agintzak zoin hutsak diren, zinak funtsik gabeak, eta laburrak betiereko amodioak.

        —Pentsatzen duzu zer gertatu zen. Zoriona gozatu nuen zonbeit hilabetez. Gero Erramun bertzelakatu zen. Ez zuen ezkontzaz mintzatu nahi... Funtsean, utzi ninduen...

        Gaxuxa harriturik zagon.

        —Erramuni erran nion zer moldetan nintzan. Sobera maite zintuen eiki!... Orduan aneiari erran nuen zer gertatzen zen. Gero untzian zer iragan zen aise pentsatzen duzu... Gilen mindu zen entzun zuelarik: Gaxuxarekin ezkonduko nuk menturaz, harekin edo bertze norbeitekin, bainan hire arrebarekin sekulan, sekulan.

        Badakizu lanoa, erauntsia, iluna; noiz eta nun hobeki mendeka? Makur bat eta mutiko ederrak ez lezake gehiago bitimarik egin, horra zer pentsatu zuken Gilenek, haga luze batez jo zuelarik. Gero badakizu...

        Nigarrek iluntzen zituzten Gaxuxaren begiak. Haren beldurra suntsitua zen. Bertze batek karreatzen zuen hiltzearen hoben dorpea. Bainan zertako aitor gauza horiek? Zertako ager orai Itsas-Izarraren mixterioa? Barkamenduaren bila ote zabilana?

        —Zer egin da zure haurra?

        —Zonbeit hilabete baizik ez zen bizi egon.

        —Zertarat heldu zira gaur eneganat?

        —Zeren eta Erramun hilez geroz, Gilenek ez baitu bakerik. Hilak heldu dira gauaz beren hiltzalearen ikusterat, ez zinakiena hori? Amets itsusi batzu egiten ditu eta eri da Gilen. Zure ikusterat jitea otoiztu nu eta hondarrean onartu dut.

        Gaxuxari iduritu zaion sukarrak zaukala Gilen hola nahasirik. Erramun, aldakor, arin ñapur, Donibaneko hilerrietan zen.

        —Gilen bakean hilen da zure barkamendua eremaiten badiot. Bertzalde ez zinen Erramunekin ezkontzekotan. Gaixtakeria horrek ez dautzu beraz zuhauri makurrik ekarri. Ene aneiak ez du zure bizia mustupilkatu, beldur nintzan bezala. Barkatzen diozu?

        Gaxuxak so egin zuen urrunerat nun zerua eta itsasoa nahasten baitziren.

        —Zure aneiak andeatu du ene zoriona. Bertze mutiko bat maite nuen, hura ere Itsas-Izarrean mariñel zena. Horrela sinetsiko duzu zer amets itsusiak egin ditudan.

        —Duda bat? —galdatu zuen Mayik.

        —Bai, bi gizonek maite ninduten; bat nola hila? Ez dakit... Bertzea ez zitakena hiltzalea izan?

        Mayi harritua zagon. Ikusten zuen nola lan batzuek, airerat botatu harri batzuek bezala, gaixo batzu hunkitzen dituzten, begistatuak ez zirenak!

        —Nun da orai maite duzun mutiko hura?

        —Ez dakit... Nunbait... Itsasoan... Urrun...

        Gehiago nehor ez zen menturatzen hitz baten erraiterat.

        Ahanzten zituen ixuri nigarrak, duda samina, bakartasuna, bizi hutsa, ilundura etsigarriak.

        —Barkatzen diot zure aneiari —aitortu zuen hondarrean.

        Ordu berean, dentela-egile pollitak, jadanik begiak eta bihotza argitzen hasirik, bere bi matel xurietan ukan zituen ezin ahantzizko ezagutzazko bi potta.

        Jainko onak benedika zaitzala erranik atera zen emazte dohakabea.

 

* * *

 

        Leiho-berinak zabalik, Gaxuxa ari zen, arratsaldeko bortzetan, berak brodatua zuen ximindeiko oihal baten lisatzen. Atsegin hartzen zuen bere eskulanaz. Oihalaren erdian brodatua zuen Millet tindatzale famatuaren pintura ederrenetarik bat, laborari zahar batzu, senar-emazteak, eguerditan lusagar biltzeko artetik Anjelusaren egiten ari. Kolore berak erabiliak zituen oihalean. Eta bihotzean halako goxo bat bezala senditzen zuen, lana ontsa eginikako atsegina. Bazituen ere lore batzu ezin hobekiago brodatuak, eder eta nasai. Ageri zen bazuela gostua neska gazteak...

        Zertifikataren ondotik hiru urte Donibaneko seroretan ibilia zen josten brodatzen eta dentela egiten ikasten. Berehala lan horieri ohartu zen. Haren erakusleak ere biziki maite zuten atsegin zutela haren ahalez eskulan horietan. Eta erraiten zuten hek bezain ontsa ari zela... Hortakotz ez zen batere lanik gabe egon... Eta bizia hola bazeraman, josten eta brodatzen, etxeko bertze lanak eginez, ontsa direnetarik ukaiten zituen zernahi oihal brodatzeko bereziki: etxeko oihal, edo alaba baten linja, eta holako.

        Ixtant bat leihorat joan zen itsasoari behako baten emaiteko. Oraino iguzkia argirik zagon eta haren begiek egin ahala urrun behaturik ere ez zuten oraino ikusten Itsas-Izarra, berriz ere Peyo porturat ekarri behar zuen untzia. Mutiko gazteari pentsatuz jin zi-tzaion gogorat zer sofriarazten zion, ez sinetsiz...

        Sinetsi balu bederen, ez lezake deus arrangurarik ukan orai... Horra zeri pentsatzen zuen... Eta bere baitan zion heian zertan zitaken mariñelaren amodioa, ez zenez ote urean itoxea untziarekin batean? Peyo ez ote ditake haren ele hutsez asexea? Ezen, igorri zion letra bakarrean zertaz mintzo zen, gaixo mutikoa? Deus bihotz altxagarririk... Dolu zuen egiazki mutikoari bere gogoa hoin zozo erakutsirik, holako gauza ezin sinetsizkoa behar gabe ibilirik. Peyo menturaz sekulakotz etsiturik ezarria zuen funtsik gabe.

        Posta piztu zuen gogoeta horren itoarazteko. Kantu xaramela batek arindu zuen puxka bat haren burua. Eskuak kurutzaturik dauden senar-emazte xahar horieri so jarri zen, eta Jainkoaren onezira pentsatu zuen. Postako kontariarekin kantuz hasi zen, ximindeiko oihala lisatzen zuela.

        Sukaldean, bere kaiolan zagon kanari-xoriak, hauteman arazi zuen ere bere kantu ttirritta mehea.

        Berriz leihorat joan zelarik bere oihala lisaturik, untzia hor zen heldu, abantxu portuan ohartu gabean. Eta jendea biltzen hasia zen.

        Karrika xaharreri behera abiatu zen Gaxuxa bere zaia berriena jauntzirik. Larrazkeneko hego eztiak perekatzen zion begitartea.

        Untzi baten porturat osorik heltzea gertakari goxo bat da ororentzat, handiagoa neska horrek bezala bere bizia oraino finkatua ez duenarentzat, eta finka beha dagona. Ororen bihotzetan halako atsegin bat jauzten da, luzaz eta arrangura ainitzekin beha egon eta.

        Bazen jende andana bat bildua, ainitz ezagun, aitak, amak, semeak, eta Gaxuxa bezalakoak. Haren adineko bertze neska gazte batzu ere hor ziren bere maitearen beha. Ez zen sobera hurbiltzerat menturatu, eta bazter aire jarri zen. Bazakien hor ziren zonbait lagunek irri egiten ziotela. Erraiten zuten gizongaiak utzia zuela bere gisa eta hortakotz ez zuela gehiago heietarat hurbildu nahi, heien trufak ez nahiz entzun sudurrerat... Gaixo neskatoa!

        Haga, ximindei eta soka bazen portuan, dentela arin bat bezala egiten zutela. Iguzkia sartzerat zoan, urrunean su batek bezala zerua gorrituz. Eta portuan barna ageri zen halako urrezko bide bat iguzkiak egina uraren gainean. Itsas-Izarra bide horren bazterretik heldu zen...

        Gaxuxa ohartu zen lehenik mutiko gazteari. Kanporat agertua zen, iduriz begitartea ilun eta begiak zerbaiten bila deus ikusi gabe...

        Neska gazteak berehala hartu zuen mokanesa eta besoarekin keinu egin.

        Mutikoa ohartu zen. Hor zen hamar urratsetan... eta irriño bat jauzi zitzaion.

        Elgar konprenitu zuten berehala.

        Peyo jautsi zen Itsas-Izarretik, neskari buruz hegaldatu bezala, eskua tinkatu eta, besarkatu ziren aspaldiko orde, hitz bat erran gabe, hain handia ikusten baitzuten ordutik haste bizi guzikotz heien artean sartua zen zoriona.

 

aurrekoa hurrengoa