www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Mendekoste gereziak
Jean Etxepare Landerretxe
1962, 1991

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Inazio Mujika Iraola.

Iturria: Mendekoste gereziak, Jean Etchepare (Inazio Mujika Iraolaren edizioa). Erein, 1991

 

aurrekoa hurrengoa

OTTO PETTANEN ASTOA

 

        Zoin pollita zen otto Pettanen astoa, bere beharri luzekin, bere buru apalarekin, bere begi ilunekin eta bere lepo meharrarekin!

        Herriko astorik pollitena, otto Pettanen asto xuria.

        Negu hondarra zen. Artzainen astoak herrirat jautsiak ziren bortutik, ardiekin batean, negu hastean. Gaixo astoak, badute zerbait ikusirik udan bortuko patarretan goiti eta beheiti. Artzainek ez dute asto beharrik neguan. Hortakotz kanpoan uzten dituzte.

        Ardura etxe ondoetan inguruka dabiltza hea bortuko belar mehearen ondotik aza puntta goxo bat edo ebatsiko dutenez gauaz.

        —Jakes! Hea baratzeko xeila hetsia denez. Barda, Elorriko ilar biribil puntta guziak jan omen ditie berriz ere, asto tzar horiek!

        Jakesek-eta, biziki maite dituzte astoak. Bakotxak berea badu jostatzeko, astoka artzeko, berek erraiten duten bezala.

        Zer nahi duzu egin hamabi urtetan, aitamak lagundu eta, etxondoan astoak badirelarik? Etxetik urrun joan, urrun, bertze mundu berri baten atzemaiterat. Zertako ez? Eta zertako eginak dira astoak, gainean ibiltzeko baizik? Horra zer zioen Jakesek astoez.

        Goiz hotz eta ilun baten ondotik, iguzki epel bat agertu zen eguerdi irian. Hantxet, urrun, elurra xuri-xuria ageri zen, bortu mendi kaskoetan.

        Otto Pettan artzainaren astoa ere hor zen iguzkitarat, bide bazterreko belar piruen biltzen ari. Jakesek zaldare bat ona eman zion: arto buru bat! Gogotik milikatu zuen, astoak haurrari begi bazterraz behako zuri bat emanez. Balaki, gaizo astoa!

        Orduan, Peyok bizkarrean perekatu zuen astoa. Eta alegia deusez, Jakesek kordak sakelatik atera! Astoak begi bazterraz berriz ere so egin zion, orai haatik irririk gabe!

        Eta gure bi mutikoek astoaren gainerat jauzi egin zuten.

        —Norat abian gira?

        —Goazen mendirat, nehork ez ikusteko.

        Antxarteko xaran harat zoatzin, gero Bidarteko iraztorrean, beren asto xuriaren gainean til-til-til. Handik harat ez zakiten nungo bide, pentze, alor, oihan eta iraztorretan zabiltzan lauazka!

        Azkenean oihan batean sartu ziren. Oihana dena haritz eta pago zen. Hotz zen. Arbolak buluziak ziren, dena hezur beltz iduri: nundik behar zituen iguzki ahul horrek zoko horiek berotu? Arbolak mehar eta gora ziren.

        Oihan eder horri beha geldituak zirelarik, horra nun zerbait hautemaiten duten hesi putzuka batean.

        Erbia? Xoxoa? Basurdea? Azeria? Azkona?

        Astotik jausten dira eta emeki-emeki hurbiltzen. Deus ez da hauteman orai. Bazterrak ixildu dira haurrak hurbiltzearekin.

        Bizpahiru harri aurtikitzen dituzte hesirat. Deus ez da higitzen.

        Gero ixil-ixila egon ziren bi mutikoak, hatsa doi-doia hartuz.

        —Deus! erraiten du Jakesek.

        —Ixo!

        —Ez!

        —Ba, beherean.

        Bedera makila biltzen dute lurretik, aski azkarrak zer gerta ere, eta hesiaren ikertzen hasten beheraxago. Zerbaitek ihes egiterat egin zuen.

        —Hemenxet! —erran zuen Peyok ahapetik eta eskuz keinu eginez Jakesi.

        —Zer?

        —Xori handi bat?

        —Hago.

        —Ixo, eskapatuko duk.

        —Urtxoa! —egin zuen Jakesek hurbildu-eta.

        Peyok eskua luzatu zuen. Ez zen heltzen ahal. Laparretan barnegi sartua zen urtxoa,

        Orduan Jakesek ziri luze bat hartu zuen, hesian sartu eta urtxoa zirikatu. Izitua, urtxoa laparretan barna sartu zen.

        —Nolaz da hemen urtxo hori, negu beltzean?

        —Lapar horietan preso gelditua berdin.

        —Eta jatekoa nola biltzen du?

        —Zonbait pagatx eta ezkur erortzen direlarik.

        —Ez duk ateratzen.

        —Ba araiz, zertako nahi duk preso egon dadin?

        —Edo bere kafira hemen dik?

        —Ez die urtxoek kafirarik egiten hemen. Galdua duk. Eta joan den eguneko elur hura!

        —Hilen duk.

        —Ba.

        Jakesek ziriarekin baztertu zituen laparrak eta urtxoa libratu. Bainan barna zen oraino. Haurrek barnago baizik ez zuten akulatzen. Beldurrarekin, urtxoak egin ahalak egiten zituen haurretarik urruntzeko.

        Astoa hantxet, urrunetik, begi bazterraz beha zagon. Zer ote du buruan? Haur itsusiak!

        Haurrek bertze ziri bat hartzen dute, oraino luzeagoa. Bainan urtxoa beti eta barnago sar arazten dute! Hesiaren bestalderat badoatzi, handik hurbilago baita orai, eta berriz ere zirikan hasten.

        Urtxoa gibelerat abian zen.

        —Maingu duk —erran zuen Peyok.

        —Ateratzen bada makil kaska batekin eroriko duk —erran zuen Jakesek.

        —Ez diagu hil behar.

        —Zertako ez?

        —Maingu baita.

        —Ihiztariek ere hiltzen ditie.

        —Ihiztariek kolpatua duk. Etxean sendatuko duk.

        —Gero berdin hiltzeko?

        Peyok ez zuen deus erran. Bere makila lurrerat utzi zuen.

        —Are, Peyo, har makil hori.

        —Ez duk aterako berdin. Gaua duk berehala. Goazen etxerat.

        —Hori bildu gabe ez. Zirikazak bestaldetik.

        Urtxoa bazter guzietarat beha zagon. Haurrek zirika lumak xehatzen hasiak ziozkaten.

        —Su eman dezagun. Aitaren briketa hemen diat.

        Jakesek iratze zango idor batzu bildu zituen eta hesiari su eman.

        —Erreko duk eta bertzerik ez —egin zuen Peyok.

        —Ez, hegaldatuko duk nunbaitik.

        —Nola?

        Gaitzeko sua lotu zen. Dena gar eta ke, haurrak urrundu ziren.

        Bat-batean, urtxoa ateratzen da eta lurrerat erortzen. Haurrak lasterka abiatzen dira ondotik. Xoriak hegaldatzerat egiten du. Bainan ez zitaken hegalda. Zango bat hautsia zuen eta hegal bat ere orai dilindan.

        Jauzi-jauzi ari delarik, hantxet zuri bat ikusten du, gaixo urtxoak. Azken indarrak emanez gainerat jauzi egiten dio.

        Eta Pettanen asto xuria lauazka abiatu zen urtxo kolpatua bizkarrean.

        Haurrek ez zuten ikusi norat hartu zuen. Oinez sartu ziren etxean, hitz bat erran gabe gau beltzean.

        Jakes hoztu zen gau hartan eta eritu.

        Biharamun arratsean, sukar handienean, urtxo kolpatu bat ikusi zuen ganbarako leiho aintzinean. Elgarri beha zauden. Haurrak irri eztiño bat egin zion. Urtxoa ganbaran sartu zen eta ohearen gainean pau-satu. Haurrak eskuak sutan zituen. Perekatu zuen, urtxo gaixoa, eta musu bat eman...

        Gero izerditan iratzartu zen, nigarrez. Zerbait xerkatu zuen oraino. Ez zen gehiago urtxorik han.

 

aurrekoa hurrengoa