www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Mendekoste gereziak
Jean Etxepare Landerretxe
1962, 1991

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Inazio Mujika Iraola.

Iturria: Mendekoste gereziak, Jean Etchepare (Inazio Mujika Iraolaren edizioa). Erein, 1991

 

aurrekoa hurrengoa

INTZAURRONDOA

 

        Denbora ederrak doatzi lurrarentzat. Uztaila da; hitzak poliki erraiten duen bezala, uzten hilabetea. Eskual-Herriko mendi-mazela perdetan belarrak lodi eta gizen dira zelai xabalenetan bezala, ogiak ere zonbeit egunen buruko epaiterat jinak, mahastiak ez du aspaldian holako itxura pollita izan, eta laborariek, holaxet, badute beren ganer, sabai eta sotoen ontsa betetzeko esperantxa goxo eta altxagarria.

        Bainan Harrixuri eta Urtebi egundaino izan ez diren bezala kexu daude, samur, kopeta ilun, begiak zorrotz eta burua gora. Bi auzo hurbilenek ez dute bortz urte hootan hitz bat elgarri erraiten, bakotxa bizi da bere etxean bere familiarekin, auzoa begiko zikina baino gehiago ez dezakela jasan. Inguruak ixilik daude, bakotxa berea gogoan, ez badira egundaino hizkatu ere eta are gutiago joka artzerat menturatu. Alta egun guziez, memento guziez, bi familiak, ez badira bederen beren barnetan hetsirik egoiten, ments batzu bezala, elgarren sudurpean bizi dira. Alabainan Harrixuria Urtebitik hogoi urratsetan da... Bi etxe mendi aldean, bakarrik, bertze etxetarik urrun.

        Zer gertatu zaiote bada bi familia gaixo horieri, batek bertzeari holako begi ukaldi beltzaren emaiteko? Intzaurrondo bat... Bai, intzaurrondo bat bakarrik, intzaurrondo zahar bat, ehun urte hurbil dituena eta bere adar nasai eta zabaletarik hiru gaitzuru intzaur ixurtzen dituena Harrixuriko pentzerat eta hiru gai-tzuru Urtebiko landarat. Ondo gotorra, lodi eta gora, bi metra inguru baditu bederen. Bi alorrak berexten dituen hesian bizi da egundainotik eta ehun urte ereman ditu gosturik hoberenean, nehori ez zuela kalterik egiten edo aharrarik emaiten, nehork ez zuela ere madarikatzen eta higuintzen. Gaixo arbola, nehork erran gabe egun batez sortu zen leku txar hortan, Jainkoak hala nahi zuelakotz... Ordu artio nehork ez zuen aipatzen, denena eta nehorena zen. Harrixuriko etxekandereak biltzen zituen haren alderdirat erori intzaurrak, Urtebikoak berdin...

        Zer intzaur ederrak, dio Harrixuriko Juanañok Urtebiko Mañañari, bakotxa bere uzta poxiaren bil-tzen ari direla, irria frango eginez eta herriko berriak xeheki jorratuz, intzaurrondoaren itzalpe eztian.

        Bai Harrixuritarrak, aita, ama eta semea, bai Urtebitarrak, aita, ama eta alaba, horren itzalpean pausa-tzen ziren beren lan dorpeen artetik, hor egiten beren atsalaskari puxka, hor solasean elgarrekin artzen, hor irri egiten, hor beren izerdiak xukatzen, euria zelarik horren aterberat elkarrekin biltzen...

        Bainan horra nun lur huntako aiseria berriek bake eta zorion gozo hori mustupilkatu behar zuten egun batez, duela bortz urte abantxu egunez egun. Intzaurra bizi zen hesia, betidanik Urtebikoen gain zen. Horiek mozten zuten hesia, ziloak hesten, batzuetan elorri zuri batzu landatzen han-hemenka... Funtsean, Urtebiko hesia zen...

        Beraz, Urtebiko Joanesek, lanaren errexteko eta alor inguruen poxi bat gurbiltzeko, hesia errotik atera zuen eta alanbre xixpadunez egin zerradura, bere alderdian hesten zuela intzaurrondoa. Hain ziren adixkide, Joanes eta Josep nun harek ez baitzuen galdatu auzoari zer egin intzaurrondoaz... Ez zuen hor deus gaixtakeriarik egin nahi izan, bainan, gizon guziek bezala, bere baitan bizi zuen jabetzeko nahikeriaren deubrukeria. Eta jabetuz geroz urrats bat gibelerat ez egin nahi.

        Eta horra nun, dretxo berekin, Harrixurik dion: «Zertako da intzaurrondo hori Urtebikoa eta ez enea? Orai arte hiruna gaitzurutara emaiten zaukun. Eta orai intzaurrondoaz jabetzen bada, itzala eta hiru gai-tzuruak utzirik ere, ni naiz galtzetan beti... Enea duk intzaurrondo hori!...»

        Horra zertarik samurtu ziren bi auzoak. Ez zuten ez batek ez bertzeak horgo intzaurren biltzeko lanik. Bele, pika, garratoin eta urtxintxak ederki goxatzen ziren anartean Jainkoaren lorian...

 

* * *

 

        Bortz urteren buruan oraino intzaurrondoak, beti zahartzen ari izanagatik, uzta ederrenaren itxura erakusten zuen bertze uztek bezala urte hartan. Bainan gure auzoak beti samur...

        Egun heetan herri guziko belarrak egintxeak ziren, bainan Urtebik gaineko pentze guzia lurrean zuen, zabal-zabala. Goizean, leher egiteko bero dorpearen pean, Joanes, Joanaño eta Maitek, saka-saka, belarreri emana zioten azken higialdi bat eskuz, ontsa baino hobekiago egin nahiz, bazka gizen horiek izan ziten ezinago sano eta usain onekoak. Beren denbora guzia hartzen zuten azken belarrak zirelakoan...

        Bazkalondoan, aroari soño bat egin eta, etzanaldi poxi baten egiterat joan ziren guziak. Zeruak ez zuen itxura gaixtorik, hantxet lano dilinda txar batzuengatik...

        Lo kixkaño bat egin orduko, kirrin-karran hasten da sabaiko leihoa. Kurrinka hori hauteman orduko joanesek ohetik jauzi egiten du eta kanporat joaiten. Aspaldian ikasia zuen kurrinka horrek zer erran nahi zuen... Zerua beltzatzen ari da.

        Ama-alabak ere jeikitzen dira eta tarrapatan pen-tzerat abiatzen.

        Zaldia uztarturik Joanes hasten da belarren biltzen mekanikarekin, Joanaño eta Maite pulatzen gibeletik zoin gehiagoka, begi zorrotz eta ilun batzu itzultzen dituztela artetan zeru alderat. Euria ez da urrun. Zer sapa lano apal eta itsusi horien azpian!

        Berehala ortzantza burrunbaka hasten da. Ximixtek, bat bertzearen ondotik, sutan emaiten dute, zipirti-zaparta, aire iluna.

        Harrixuritarrak leihotik so daude gaineko pentzerat buruz. Harrixurik, sobera erakusterat eman gabe, ageri du zerbait atsegin hartzen duela bere auzoen tarrapatez eta egin ahalez.

        —Erre balite bederen —dio bet-betan irri goxo batekin bere semeari—.

        Orduan, brau, semea xutitzen da eta kanporat doa xixpa bat bizkarrean eta lasterka gaineko pentzerat heltzen...Eta, hitz bat erran gabe, briu-brau, pulatzen hasten da.

        Ortzantz eta ximixtek, ilunpean, egiten dute karraska eta su...

        Pentzean lau jende ikaragarriko aro gaixtoarekin.

        Biga leihotik so oraino, aterbean, berena gogoan, hek ere ixil-ixila...

        Zirt! Ortzia hantxet erori da. Langileak, ixilik, berenari ari dira. Zerua samur da... Euria burrustan hasten eta lana utzi behar... Kopetak izerdi, belarrak lohitzen ari.

        Joanes hurbiltzen da Beñatenganat eta erraiten dio, kasik nigarretan eta mintzoa daldaran:

        —Milesker Beñat, esker mila, haugi gure etxerat, gurekin afalduko hiz.

        —Milesker, Joanes, etxean ere atxemanen dut ene gorputzaren doia. Ez du ene gorputzak hanbat sofri-tzen...

        Bakotxa bere etxean sartu ziren euriaren pean.

 

* * *

 

        Bi hilabeteren buruan bazen alegrantzia Urtebian eta Harrixurian, ezen buruilaren hogoitabian Beñat eta Maite ezkondu baitziren Jainkoaren aintzinean. In-tzaurrondoa aurtiki zuten eta herriko mahasturu hoberenari eginarazi ganbara eder bat. Bi etxaldeak elgarretaratu zituzten, Eskual-Herriko etxalderik ederrena egiten zutela. Mekanikak erosi zituzten, etxeak lilia bezala ezarri eta alorrek eta Jainkoak, urte hartan bezala, eman zioten, beti, etxean koka ahala uzta eta zorion.

 

aurrekoa hurrengoa