www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Mendekoste gereziak
Jean Etxepare Landerretxe
1962, 1991

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Inazio Mujika Iraola.

Iturria: Mendekoste gereziak, Jean Etchepare (Inazio Mujika Iraolaren edizioa). Erein, 1991

 

aurrekoa hurrengoa

DONADOA

 

        Iturretxeko Eñaut donado gelditua zen eta hiruetan hogoitamar urte bazituen. Erraiten zuen nahi ukan balu ezkondua izaiten ahal zela, lauetan berdin, bere bizian, eta nolako etxeko alabekin! Atseginekin aipa-tzen zuen hogoitamar urtetan, haren gibeletik ibilia zen neska gazte baten ixtorioa. Nik uste Donapaleu alderdiko etxalde handi batetako andregai bat zen. Bortz urtez segidan han erosiak ukanak zituen ardien bazkak. Alorrak mahain hau bezain ordoki omen ziren, eta gizenak. Laneko ez baitu berdin balio.

        Iturretxea Garaziko maldetan hedatua zen. Ikusazue zonbait ez zirenez gutiziatuko Amikuzeko etxalde ederrean sartzeaz. Eta gehiago zena, neskak zuen galdatua lagun, etxekoek onarturik. Bainan ez, Eñautek donado egon nahiago zuela ihardetsi zion, garbi-garbia. Eta neska trixterik gelditu omen zen, batere samurtu gabe haatik. Oraino, adinean harat joanak izanagatik ere, elgarrekin solastatzen ziren, Donapaleuko merkatuetan kausitzen zirelarik. Eta berdin Graxiren haurrez mintzatzen ziren, adixkide zahar batzu bezala. Graxiren senarraz egundaino...

        Ohore zitzaion ere bertze hiru etxeko alaba hartaz hartuak izanik eta berek senartzat galdaturik. Hiruer eza eman zioten, berdin-berdina, ardien amodioa azkarrago zuelakotz bihotzean.

        Eta artzaina bere artaldeaz mintzatzen zen, mutiko bat bere emaztegaiaz bezala, aita bat bere haurrez bezala, amodio berarekin, atsegin berarekin, ohore berarekin. Artzain izaiteko sortua zen.

        Nola moldatua zuen bere ehun burutako artalde hori? Emeki-emeki, berak bere gostuz, bere lana dela medio. Ardiendako bizi zen, aita bat bere haurrentzat bezala, edo hobeki ama bat bere haurrentzat bezala. Egiten zituen sos guziak ardietan ezartzen zituen. Hogoi urtetan herriko nagusi batentzat artzain sartu zen. Orduan, nagusiaren artaldearen aldean, zonbait ardi hazi zituen. Holaxet berrogoitamar burutarat heldu zen.

        Neguan etxalde ttipi batean ezartzen zituen bazketan. Udan berak zaintzen zituen bortuan.

        Kontrabanda poxi bat ere egiten zuen. Bainan ez zen erraiteko kontrabandixta. Artzaina zen oroz lehen. Kontrabandixta zen bere ardientzat. Eta mozkinak oro bere artaldearen handitzeko, edertzeko xahutzen zituen. Denak ardientzat, beti.

        Etxeko partea hunki zuelarik, berrogoi ardi erosi zituen ukaldian, berak zakien artalde ttipi bat osoa. Artalde hura saltzerat jina zen. Eta ardi hek berak zaintzen zituen, udan, bortuan, nagusiaren eta beraren multxoarekin. Bazakien ardi onak zirela, esnadunak, sanoak. Aspaldian begibistatuak zituen.

        Eta egun batez heien nagusia jin zitzaion galdez saldu nahi luzkela, sos beharretan zelakotz alabaren dotearen muntatzeko. Eta horra nola Eñautek Mentaxuriko artaldea erosi zuen.

        Ehun eta hogoi ardi bazituen orduan. Eta hogoitabortz urtetan nagusi jarri zen. Bere ardiak hobeki maitatu ahal ukan zituen. Osoki heieri jokatu zen. Heietaz baizik ez zakien mintzatzen, ihiztari bat bere balentriez bezala.

        Artzain azkarra zela erraiten zuten. Denak ados ziren erraiteko mereximendu handiak bazituela, deusetarik hasirik, hein hartarat heltzeko. Gogo txarreko gizonek, bekaizgoa bihotzean lotua dutenek, erraiten zuten ohointzaz bildua zuela bere ontasuna, eta suerteak emanik. Ez zuten sinesten ahal, gizon bat, eta guziz Iturretxeko seme bat, hortaratzen ahal zela bere izerdiaren gostuz.

        Etxean ezkondurik zen seme gehienak sei haur ukan zituen, lau mutiko eta bi neska. Domingok aski pena ikusten zuen bere familiaren hazten, etxaldea aski ona izanik ere. Kenka bat txarra pasatu behar ukan zuen bereziki, alabaño bat biziki eri egon zaiolarik, zortzi urtetan. Sei hilabetez ospitalean atxiki zuten, eta gero zer xahutzeak. Urtearen itzulikatzerat ahal bezala heltzen ziren. Bainan Eñautek laguntza handia ekarri zuen bere etxekoeri. Anaiaren haurrak bere haurrak izan balire bezala maite zituen.

        Eta bere baitan egina zuen Domingoren semeetarik bati utziko zuela bere artaldea. Ainitz urtez bere ilobak maitatu zituen, denak berdin, denak haren seme-alabak izan balire bezala. Maitatzen zituen, bainan batere mindulinkeriarik gabe, sanoki, gizonki. Bere ideia bazuen, harek ere, haurren hazteko moldearen gainean.

        Haurrek ttipidanik bizitzen ikasi behar dutela zion, beren heinean. Gero egiazko bizian, bizi handian sartzen direlarik, ontsa heziak dira. Biziaren berri badakite ordukotz. Eta ez dira orduan sobera harrituko, mundua gaixto, neke eta idorxko atxemaiten badute. Berak ikusiak eta frogatuak zituen gauzez mintzo zitaken. Bere haur denbora hola iragana zuken. Eta bazakien bizi goixtiar horren balioa.

        Ilobak handitzen ari zirelarik behatzen zuen zoinek erakusten zuen artzaingoko gosturik hoberena, zoinek ekartzen zituen haren dohainak, haren begietako sua. Hiru mutiko gehienak, ez zazkon iduritu haren segidaren hartzeko kapable zirela. Beraz Luis hautatu zuen, ilobetan gaztena.

        Hamabortz urtetan berekin ereman zuen borturat.

        Atsegin ukan zuen Luis haren iduria agertzen ohartu zelarik, berak ardientzat zuen amodio ezin utzizkoarekin.

        Luisek bortua maite zuen. Ez zen beldur gau ilunarekin hango oihan beltzetan gaindi ibiltzeko ardi errebelatu baten bila. Eñautek zion, Luisek odolean zuela, harek bezala, ardien amodioa.

        «Bainan ez da menturaz ni bezala donado geldituko, denborak kanbiatuak baitira».

        Bazketarat jausteko irian ardi bat galdu zuten. Luis goizeko bietan sartu zen etxolan, bezpera guzia ardiaren xerka ibilirik. Oseba ohean etzanik zagon, bainan begiak hetsi gabe, bere ilobaren beha.

        —Atxeman duka?

        —Bai, hila. Mendi guzia ikertu dut, batzuetan bi aldiz pasatuz leku berean. Hantxet, Beraineko etxolaren gainekaldean, arroka baten artean atxeman dut. Hiruetan pasatua nintzan inguru heetan. Ahalge nintzan hemen sartzeko ardi haren berri jakin gabe. Ez nuen hotzik senditzen. Ardi haren atxemaiteko esperantxak indarrak emaiten zaizkitan. Bizirik ekartzea uste nuen.

        —Ontsa duk mutikoa —erran zuen artzain xaharrak bere esku zabala Luisen sorbaldan pausatuz—. Etzan hadi... A! to! gose izan behar duk... Xingar eta arroltze erreko deat. Bero-beroa janen duk.

        —Ez du balio, oseba, ni bezain akitua iduri duzu ardi haren arranguran.

        —Ez. Etzan hadi ixtant bat. Badakiat zer den ardi baten bila ibiltzea. Gose hiz.

        Bazketarat joaiteko tenorea hurbiltzen hasia zen. Hotzak uste baino lehen abiatuak ziren. Biharamun goizean ikaragarriko izotz batek zuri-zuria ezarriak zituen mendi kasko hek guziak. Arbolen adarrek hilak iduri zuten, beltz elur xuriaren azpian.

        Gau hartan artzain zaharrak ez zuen lo handirik egin. Ez zen bere gostuan. Iratzartu zelarik, Eñaut halako arrangura batek hartu zuen. Gauaz lotarik aments txar batzu eginak zituen. Bere ardiari pentsatzen zuen. Uste ukan zuen Luisek gezur bat errana ziola, hari atse-gin egiteko eta bere buruaren garbitzeko. Alta ez zeza-ken onart iloba halakoa zela.

        —Hondarrean zer da haraino joaitea, ardiaren ikusterat. Egun guzia ene eskuko diat —pentsatzen zuen.

        Segur nahi zuen izan ardi hura hila zela, berak ikusi, han arroka-zilo batean itzulipurdikatua, erroz-gora, begiak odoletan. Ez zuen hola baizik sinesten ahal ardi haren galtzea. Iduritzen zitzaion oraino bizirik ikusten zuela hantxet, berrehun ardiren erdian alhan ari, bortuko belar meheari tiraka.

        —Alta egia izan behar dik, hila duk ardi hura. Luisek erranez geroz... Eta bizkitartean...

        Ardi hura ez zuen bertzeak baino maiteago. Denentzat amodio bera zuen, aita on batek bere haur guzientzat duen amodio hura, hautura txarrik gabe. Aitamek beren haurrak, artzain batek bere ardiak Jainkoaren ondotik.

        Askalondoan, ilobari erranik egur poxi baten bil-tzerat zoala neguko, ez urrun, Eñaut abiatu zen Berai-neko etxolari buruz. Ontsa ezagutzen zuen Luisek esplikatu arroka-zilo hura. Lehenago ere ardiketa ibilia zen, frangotan, alderdi heetan, bortu zoko guzietan bezala. Hiruetan hogoitamar urtetan bortuko arroka guziak ezagutzen ahal zituen, zilo guziak, iturri guziak. Haren mundua zen, bortua. Han bizi zen, bertze ba-tzu hirian bizi diren bezala. Hango bidexkak ezagu-tzen zituen, hiritar batek bere karrikak bezala. Bortua, artzainaren lurra, lur bortitza. Bortua beti berdin mendengatik: etxolak, arrokak, arbolak, ur-turrustak, belarra mehe... Duela berrehun urte bizi izan diren artzainek hola-hola utzi zuten Irupelle, Oilaxkoa eta bertze... Gizonaren lana guti ageri mendi kasko horietan!

        Gizona uros zen ardiak maite zituelakotz. Bihotzean su baten ukaitea aski da zorionaren ukaiteko.

        Makila eskuan, aspaldiko makila, elorri zurizkoa, bazoan. Emeki zoan ez baitzen lasterka ibiltzeko adinean, Beraineko arrokari buruz. Iguzkia ateratu zen. Haren argiak izotz zuriaren gainean distiratzen zuen. Arbolak buluziak ziren, han-hemenka hosto bakar batzu baizik ez ziren higitzen eta den mendren haize kolpean lurrerat heldu ziren, izotzak gogorturik. Begietan min egiten zuen goizeko iguzkiak.

        Eguerditan artzain xaharra ez zen oraino etxean sartua. Ilobak pentsatu zuen etxola zonbaitetan sartua zela eta bazkaiten atxikarazia zutela.

        Bortua gauak hartu zuelarik, Eñaut ez zen oraino etxolaratua.

        Luis arranguratzen hasi zen. Afalondoan ottoren biderat abiatu zen. Gaua beltza zen eta ez zen errex bi gizonek elgar kausitzea bortu zoko heetan. Zerbait azantz hautemaiten zuelarik, Luis gelditzen zen eta beha egoiten. Beti uste zuen Eñaut hurbiltzen ari zi-tzaiola. Eta orduan oihu bat egiten zuen. Nehor ez zen ihardesteko. Abere zonbait zitaken, hor gaindi.

        Luis arrokarat heldu zen. Nehor ez zen ageri. Ar-tzain gaztea arranguratzen hasi zen, zinez.

        Orduan Beraineko etxolan sartu zen eta argi bat galdatu. Jakes ere atera zen, bertze artzain gazte bat.

        Biak arrokarat buruz itzuli ziren berriz. Jakesek ez zuen ikusi Eñaut egun hartan. Iluntxeari buruz sartua zen etxolan, igandea bere herrian pasaturik.

        Luisek konprenitu zituen artzain xaharrak ukan gogoetak ardi hil hartaz.

        Argiak ez zuen barna zilatzen gau beltza. Hamar urratsetan doi-doia.

        Arroka inguruak ikertu zituzten. Deus, nehor.

        Ixtant bat gelditu ziren, heian deus hautemanen zutenetz.

        Heien urratsak gelditu ondoan, ixiltasun osoa zagon bortuan.

        Luisek erakutsi nahi ukan zuen Jakesi nun sartua zen haren ardia. Zilokaren ondorat hurbildu ziren. Jakesek argia eman zuen bertze mutikoari.

        Han ikusi zuten Eñaut, ardiaren gainerat eroria, hila.

        Luisen begitartea ilundu zen. Orai konprenitzen zuen haren errana ez zuela sinetsi artzain xaharrak eta bere begiez nahi ukan zuela ikusi ardia zinez ziloan zela eta betikotz.

        Ardien amodioak hil zuen Eñaut, martirak Jainkoaren amodioarentzat bezala, ama bat bere haurrentzat xahutzen den bezala.

 

aurrekoa hurrengoa