www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Mendekoste gereziak
Jean Etxepare Landerretxe
1962, 1991

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Inazio Mujika Iraola.

Iturria: Mendekoste gereziak, Jean Etchepare (Inazio Mujika Iraolaren edizioa). Erein, 1991

 

aurrekoa hurrengoa

PAPO-GORRIA

 

        Peyo ttipia bere ohean etzanik zagon enoatua han iragaiten zituen egun ilunez, bakartasunean. Handik ez zuen ikusten, hiru egun ohean zela, zeru xoko bat baizik, batzuetan urdin, bertzetan ilun eta hotz, eta leihoaren aintzinean zen gereziondo baten kaskoa... Adarrak huts eta beltz, baziren hosto banaka batzu haatik, urre koloretan herdoil batzuek itsustuak.

        Beti bixta bera, zerua, adarrak. Batzuetan kanpotik heldu ziren arrabots batzu eta Peyo ttipia dena beharri zagon, begiek ez bazuten gauza handirik ikusten ahal, araiz beharriek hautemanaraziko ziotela zer iragaiten zen haren ganbaratik kanpo, hain gogotik atera litaken larrazkeneko bazter horietarat.

        Orga batzu tarrantan iragaiten zirelarik bide berrian, behi andana baten orroa edo xintxilak, zaldi baten trosta heldu zelarik haren beharrietarat, bere baitan egiten zuen, hamar urteko gaixo mutikoño horrek: horiek Etxeberriko orgak eta Piarresen eskalapoinak, horiek Herdoiko behiak, hori gure zaldi beltxa hori auzoko etxekanderearen botza... Eta norbeit edo zerbait azantzetik ez bazezaken asma, bere gogoa erabiltzen zuen luzaz heia nor edo zer izan zitaken holako azantza egin zezakenik.

        Sukalde gainean baitzen, ama zer arizen pentsaketan zagon. Bere anai-arreben kalapiteri dena beharri eguerdi eta arrats...

        Gaixoak zerbaitetan iragan behar zuen bere denbora... Eritasuna ahantzi behar zuen, eta gogoz bederen ibili, hain maite zituen herriko xoko galduetaraino. Bera ari zen solasean bezala bere lagun ttipiekin, jende handiekin ere bai. Eta ardura amari oihuka, beti zerbaiten beharretan...

        Eskolatik bere lagunak hautemaiten zituen bidean iragaiten irriz eta oihuka eta elgarri pasoka.

        Asteritan karrikako haurrak onddoketa eta gaztainketatik heldu entzuten zituen.

        Norbeitek galdatzen zioten:

        —Bazena onddo?

        —Zernahikoak! So egizu ori, iratzetara huni, denak kasko beltxak.

        —Eta hok?

        Haren bi anaiek ere ekartzen zituzten etxerat gaztain eta onddo. Harek ezin ikus ere...

        Orduan gogorat heldu zaizkon joan den urte horietan ibili harat-hunatak, oihanetan gaindi, gaztain eta onddoketa, zer onddoen usain goxo ona... oheraino senditzen zuen...

        Eta hura ez dela haizu onddo jaterat, harek, hortxet, ohean egon behar duela, geldi-geldia, bi mihise zurien artean etzanik... Gorriñoak baditu eta beroki egon behar, beroki ohean eta ez zeruko iguzkiaren eztitasunean. Haurrik ezditake sar haren ganbararat, beldurrez eta eritasun bil, hain baita kotsakor gorriñoa.

        Gorputz guzia dena plantza gorri du, nunnahi hatz eta aztaparrak geldirik egoiterat bortxatuk dira...

        Aita eta ama, eta medikua ditu bakarrik ikusten ahal...

        Ganbara hits da eri delarik...

        Nahiz batzuetan gogotik ohean egoiten zen, amak hogoigarren oihua egin artio goizetan jeikitzeko.

        Bera zagon ohe handi hartan, anaiaren lekua hu-tsik zagola. Hortxet ohe ttipi bat anaia gaztenarena. Hura ere beti hutsa duelako gau hortan...

        Enoatuta zen Peyo ohean...Beti gauza berak, beti etzanik, gorputza sutan sukarrarekin.

        Amak ganbarako berinak zabalik ezarriak zituen aire zahar eta usainduaren erreberritzeko. Goizeko aire bipila sartzen zen nasaiki, firrindika, ganbara, epel eta garbi hortarat, gauazko aire bero nardagarria haizatzen zuela.

        Goizeko lano meheak urtzen ari ziren urriko iguzki ahularekin, emeki-emeki.

        Ordu berean, xixtez, xori papo gorri bat sartzen da Peyo ttipiaren ganbaran...

        Peyo ttipia, begiak egin ahala zabaldurik, loriatua dago...

        Bainan ganbaran sarraldi bat egin orduko eta biz-pahiru ttirrittitti, xoria ihes doa kanporat.

        Haurrak ontsa ikusia zuen eta zen baino ederrago ikusten papo-gorri maite hura...

        —Berriz jiten balitz?

        Eta xori papo gorri pollita berriz heldu da. Ohe buruan jartzen da eta kantuz hasten.

        Ttirrittitti­ttirrittitti...

        Peyok ez du egundaino hoin pollit eta goxo atxeman papo-gorrien kantu eta musika.

        Xoria haurrari so dago eta haurra xoriari so.

        Zer gauza mikoa. Begi ttipi erne batzu baditu, beltxak, perla bezain argi eta garbi. Peyori so daude...

        Ama sartzen da eta papo-gorria hegaldatzen. Amak ez du deus ikusi. Bakarrik zerbait asmatzen zuen: haurra ixilik zagon.

        —Zertako heldu xira hunat? —dio amari kexu bezala.

        —Uste nian trenputxartua hintzala hoin ixilik.

        —Ez, papo-gorri batekin ninduxun. Kantuz artzen duxu eni so. Xoaxi hemendik, ontsa nuxu.

        Ama ateratzen da ixilik, irri goxo bat ezpainetan.

        Xoria, Peyo aspaldian beha dagolarik,ixtantean berriz heldu da.

        Xoriek haurrak maite dituzte, eta haurrek xoriak.

        Kantuz hasten da berriz ere, jauxi-jauxi, mahain ttipiaren gainean, papo-gorri pollita. Peyo xoratua dago. Oi zoin polliki xabaltzen duen moxko miñiñ hori. Xango mehe beltxino batzu dantzan bezala arrarazten ditu...Buxtana harat eta hunat ari zaio, lurrean ez baita deus hoin arinki ibiltzen.

        Peyok ez zuen behin ere xori bat hoin hurbiletik ikusia eta pollita kausitzen zuen.

        Papo-gorria ausartatzen hasia da. Xoko-miko guziak ikertu nahi ditu. Peyok erhiarekin bixkotxa untzia idekirik erakusten dio. Bainan kokina, ez du ba sine-tsi nahi hor bixkotxak badirela...

        Ohe muturrean dagolarik Peyori so eta Peyo hari so, haurrak eskua poxiño bat luzatzen du eta xoriari erakusten dio, irri ezti bat ezpainetan xori bat badela, hantxet, mirailean...

        Haurra keinuka ari delarik begiez, ezpainez eta erhi-ez, xoria hari so dago beti tente. Ez du deus kon-prenitzen, bainan ez da izitzen eta han dago harritua bezala.

        Ixtaño baten buruan papo-gorria itzultzen da lekuaren gainean jauxi bat eginez. Eta mirailean bertze xori bat ikusten du, bera iduria.

        Hegaldatzen da mirailari buruz eta ikusten du bertze xori hura harenganat heldu dela eta elgar kaskatzen dute, berriz kaskatzen, eta berriz ere oraino. Atxeman nahi luke eta ezin atxeman...

        Poxi bat akitu delarik, xoria berriz ohe muturrean jartzerat heldu da.

        Mirailari so emaiten da, geldi-geldia, harritua bezala. Begiak zabalik dago bulta bat, gero hets eta idek hasten... Deus ezin konpreni...

        Han ere bertze haur bat ikusten du etzanik, haren hura iduria. Hark ere bere xoria badu, kantuz artzen zaiona, hura hasten delarik

        Jauzi bat egiten du... Mirailako bertze xoriak berdin. Kantuz hasten da; bertzea ere mokoa xabalka...

        Peyoren zoriona...

        Xoria Peyori buruz itzultzen da jauzian eta haren begieri beha plantatzen.

        Orduan haurrak eskuak zabalduz eta ganbarako asko gauza erakutsiz xoriari nahi dio mirailak emaiten duela konpreniarazi ganbararen itxura. Han bertzaldean ikusten dituen haurño hura, xoriño hura, ohe hura ez direla itxura batzu baizik.

        Xoria haurrari dago eta mirailari so aldizka, galdua bezala egundaino ikusi ez duen mundu batean, mundu paregabea eta ezin sinetsia. Kanpoa bere iguzki eta ilargi xarmagarriekin, primaderan bere lili-hostoekin, udan bere ogi alorrekin tilluraren usain gozo mensgarriarekin, larrazkenean bere mahats-molko hori eta beltxekin, ez kanpoa ez da ganbara bezain ederra izaiten sekulan.

        Haurrari berari iduri zaio ez dakit nun, ez dut erraten zeruan edo lurreko parabisuan, ikusten zuela bere burua, ez, ez litake egia. Bainan ez ditake erran ere xuxen haren gogoa zer xoko pollitean alha zagon, xori hura ikusterat abiatu zaionekotz.

        Oihaneko onddo eta gaztainek, mendiz-mendi ibiltzeko dohaina, deus, fitxik ez ziren horrek hor etza-nik gozatzen zuen zorionaren aldean.

        Hola-hola uste gabetarik sendatu zen bertze zortzi egun ohean, xori papo gorriaren ondoan iragan eta.

        Haurra joan zen kanporat eta eskolarat. Ez zuen ahanzten xoriaren ixtoria eta bere laguneri kondatzen zioten zer egun goxoak iragan zituen ohean.

        Xoria ere joan zen norapait.

        Bainan lehen hotzak abiatu zirelarik, asteri batez haurrak berak bere ganbaran, atxeman zuen xori papo gorri bat, hila. Ezagutu zuen haren lagun maite hura zela.

        Nehork ez zuen jakin hori eta Peyok nigar egin zuen. Ixil-ixilik bi otoitz egin ziozkan eta baratzeko lurrean, amak ekar arazten zituen lore andana baten artean ehortzi.

 

aurrekoa hurrengoa