www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Mendekoste gereziak
Jean Etxepare Landerretxe
1962, 1991

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Inazio Mujika Iraola.

Iturria: Mendekoste gereziak, Jean Etchepare (Inazio Mujika Iraolaren edizioa). Erein, 1991

 

aurrekoa hurrengoa

MINTZAIRA

 

        Hiru egunez, lantegi batetarik bertzerat, jende handien etxetarik bulegoetarat, Michel Eygas lanketa ibili zen Parisen gaindi. Deus ez zuen atxeman.

        —Ez diat gehiago xerkatuko! —egin zuen bere baitan hiru egunen buruan—. Ez dautatenez geroz eman nahi, nihaurek hartuko diat!

        Eta gogoan hartu zuen ohointza bat egin behar zuela, lehen aldikotz bere bizian, atso xahar bati eskuko xakua kenduko zuela, eta beharrez hilen!

        Handiagoko zerbait egin nahiagoko zuen: aberats zonbaiten etxean sartu, joaieria edo banko batetako, coffre-forta bortxatu; bainan hortakotz biga behar litazke. Eta bakarrik zen hura, bakarrik eta gogoa ilun. Ez zen sekulan lagunekin ateratzen, moltxoan. Ez zuen otorik bide handiko ohoinek bezala. Errebolber txar bat baizik ez zuen, hantxet ur bazterrean erosia egun batez eta menturaz sudurrerat zapartatuko zaiona. Nola egin zezaken ohointza ikaragarri bat, lehen ukaldian?

        Beraz, hasteko, emazteki baten eskuko xakuaren hartzea, gauaz, edozoin karriketan... Gero ukaldi handiak!

        Apailatu zen, mutikoa.

        Hogoi urteko mutiko bat zen, ttipi eta beltx, beldurrik gabea eta lerdena. Ofizioko eskola batetarik ateratua zen.

        Aments egina zuen lantegi handi zonbaitetan zerbait lan atxemanen zuela eta hala bere bizia ederki eta oneski irabaziko. Bainan izanez geroz hola? Gosea tripan xorrotx delarik, soinekorik ez delarik, gaztetasunak galdatzen dituen guziak falta direlarik: sosa, zoriona, besta...

        Haren lanari zoakon karrika bat bilatu zuen 17garrenean. Bide kurutxe bati ohartu zen, hiru karrika elgarretarat juntatzen ziren toki hura behar bezalakoa zela harentzat... Han eman zen xutik, tente, eta beha egon. Gauerdi zen doi-doia. Sobera jende bazabilan. Bainan berehala menturaz...

        Eta beha zagolarik gogoan ibili zituen oroitzapen deitoragarri batzu: bere herriaz oroitu zen, bere aitamez ere, han Eskual-Herriko laborari sano batzu, gostuan lo zaudenak tenore hartan, eta ez zirenak dudatzen, gaixoak, heien Mixel ordu berean ukaldi tzar baten apailatzen ari zela... Bainan intziri bat egin zuen eta bazterrerat aurtiki haurkeria horiek. Miseria gorrian zenaz geroz Parise aberats horren erdian... Amak nahiko zuena bere semea eskatzen ikusi, adin hortan!

        Beha egon zen, xifritua, etxe handi baten xokoan, bertzetarik barnago zen etxe baten xokoan. Eta Saint-Bernardeko erloiak oren erdi bat joiten zuela, emazteki bat dena sanfreta ikusi zuen atseginekin, xakua eskuan. Kanpoz ontsa emana zen iduriz. Ainitz sos ba ahal zuen berekin. Haren begien aintzinerat jauzi zuen, errebolbera esku eskuinean:

        —Hire sosa! Edo erratzen hut!

        —Eh, Jainko maitea! Ene sosa! Ez diat sosik, mutikoa... Ukan banu, eman nezakek gogotik, to... bainan gaizoa...

        Gibelka zoan mintzatuz, gibelka, beldurrez itoa...

        —Oi! Ez nuzu hilen araiz!... Deus ez dutala erranez geroz... Bortz libera, goren-gorenetik...

        Mixel duda batek hartu zuen. Emaztekiaren min-tzaira hori, amaren, arrebaren mintza moldea... Hango norbait izan behar zuen.

        —Ez —erran zuen aski apal—. Ez zaitut hilen.

        —Ai! Irri egiteko ari zinen beraz?

        —Bai, irri egiteko! —ihardetsi zuen frantsesez.

        Eta gero eskuaraz ateratu zuen:

        —Eskualde berekoak izan behar gira emaztekia!

        —Oi! Jainko maitea! —egin zuen goraki— Gaizo mutikoa, hangoa hiza! Donibandarra? Baionesa? Nungoa hiz?...

        Arma sakelean sartu zuen Mixelek.

        —Bai, hangoa nunbaitekoa niz —ihardetsi zuen mutikoak—. Ez zitela izi. Nun egoiten zira? Lagunduko zitut. Jende gaixtoak atxemaiten ahal dituzu bidean.

        Eta haren sahetsean kurritu zen; jarraikitzen zi-tzaion, urrats ttipika, eskuaraz mintzatuz, Baiona, Donibane, Hazparne aipatuz, hango oroitzapenak erabiliz. Eta eskuarazko solas bakotxa, haur denborako lehen mintzaira, haren bihotzean sartzen zen odol berri bat bezala. Eta bazoatzin kanporat, holaxet, haren gogoeta beltz guziak. Haur denborako soinu eztiek beharriak goxatzen ziozkaten. Eta haren gogo ilunean bizi berri baten indarrak senditzen zituen, hegal batzu lotarik iratzartzen ari balire bezala. Iduritzen zitzaion emazteki horrek, eskuaraz mintzatuz, urtxo xuri andana bat presondegitik ateratzen zituela eta haren begien aintzinean ibil arazten.

        Mutikoa hurrandu zitzaion, besoaren emaiteko gutizia bazuen.

        Bainan emaztekia, hura, ikaran zagon mutikoa hola hurrantzen ikusiz... Bi mila hamaseia! Mutiko zarpila hori sosa galdez lotu zakona, errebolbera begien aintzinean ezarri diona... Ezker eta eskuin behatzen zuen, begi bazterraz, jandarmarik ikusiko zuenez araiz.

        Bainan Mixel, hango mintzairak goxoki lokar arazirik bezala ez zen ohartu emaztekiaren beldurrari. Eta bazoan, gostuan, bihotza argitua, kasik zorionak hartua.

        Bizkitartean ikara bat ukan zuen berehala, karrikaz-karrika, emaztekiak aski urrun eremana zuen. Argi dudazko bati ohartu zen, bere aintzinean, berrogoitamar urratsetan: polizaren jauregiko argia.

        Urrats ttipi bat egin zuen gibelerat.

        —Kixkila! —erran zuen samurrik—. Zer ninduzun presondegirat ereman nahi, eh! Ah! Oizu eta lekuak huskitzu hemendik zalukara edo bertzenaz... Hango mintzairarekin edo gabe... Eta menturaz salbatzen ahal ninduzun, gaixo herritarra!... Ai Jesus maitea...

        Eta Mixel Eygasek ihes egin zuen, zalukara, karrika huts batetarat.

        Harritua, emaztekiak ikusi zuen itzal hartan gordetzerat mutiko gaixo harek, bere herriaz mintzatu banako gehixago. Lehen aldia zikenan. Zer eginen du orai? Zer eginen!

        —Jauna! Jauna!... —oihu egin zion, ahul-ahula, karrika txar hartarat buruz zoala—. Nun zira? Hep! ene adixkidea! Zauri beraz!...

        Dolu zuen mutila polizaren jauregirat eremanik eskuen husteko. Iduritzen zitzaion eskuetan atxiki zuela arima nahasi bat, ongiari buruz bezain errexki gaizkiari buruz lerratzen ahal zitakena.

        Eta haren faltaz, menturaz, gau hartan berean...

        —Jainkoa! —erran zuen bere mintzairan intziri bat eginez.

        Oraino aldi bat oihu egin zuen karrixka ilunean; bainan nehork ez zuen ihardetsi, nehor ez zen agertu. Denak ilunik zauden, ixilik, deus ez zitaken konpreni!

        Bat-batean, han nunbait, urrun, garrasia karats bat, emazte garrasia bat: Hel! Hel!...

        Burua galdua, emaztekia zeinatu zen, eta lekuak hustu zituen harek ere, pentsaturik mutiko hura gaixtakeria baten egiten lagundua zuela, hura ere hobendun zela.

 

aurrekoa hurrengoa