www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Mendekoste gereziak
Jean Etxepare Landerretxe
1962, 1991

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Inazio Mujika Iraola.

Iturria: Mendekoste gereziak, Jean Etchepare (Inazio Mujika Iraolaren edizioa). Erein, 1991

 

aurrekoa hurrengoa

AXERIAREN EZTEIAK

 

        Tartarin de Tarascon-en bi adixkide, Domingo Mendiondo eta Piarres Hegoburu ihizirat joan ziren. Larrazkena zen, naski, zeren urtzo bakar batzu abiatzen hasiak baitziren, ihiztari onen ihizi.

        Domingo eta Piarres? Ezagutzen ditutzue ba! Ez da herrian horiek bezalako bertze ihiztari bat kausituko. Horiek dira, horiek, zinezko ihiztariak! Euri ala iguzki, goizalderat ala eguerdi gainean, beti ihizirat joaiteko prest, urtzo sasoinean. Errakozute ba ihiztari txar batzu direla, frangotan eskuak hutsik heldu direla etxerat, egunean eguneko ixtoriak kondatuko dauzkitzute, ihiziko ixtorioak, bixtan da, eta ez zira berriz menturatuko ihiztari handi horietaz trufatzerat. Sinetsi behar duzu! Zerbait baditake, zeren egia ala gezurra, horien ixtorio guziek egia iduri baitute. Ixtorio bakotxak urtzo bat bederen balio du. Eta gure Jainko jaunak izkiriatzeko gostu puxka bat eman balakiote, aspaldian baginuke Eskual Herrian liburu eder bat dena ihiziko ixtorio. Funtsean, ba ote da ihiztaririk bere bizian, behin bederen, zazpi urtzo hil ez duenik tiro bakar?

        Ihiztari batekin zertaz mintza ditake ezinez eta ihiziaz? Ihiztari handi guziak denak ixtorio ditutzu-eta!

        Domingo Mendiondo eta Piarres Hegoburuk ez zuten balentria handirik egiten ahal beren behi, ardi edo artoez. Trixteak ziren, trixteak, laborantzaz min-tzo zirelarik! Bainan ihizia, emakozute beti ihizia, haurrekin ere ez dute bertze solasik. Eta haurrak loriatzen dira, loriatzen.

        Eta horra, haur maiteak, aldi batez zer gertatu zaioten. Menturaz berek erranez hobeki litake, bainan izkiriatzeko funtsik ez dutenaz geroz, batek ez bertzeak, nihaurek beharko dautzuet ixtorioa kondatu, ahal bezala.

        Larrazkeneko egun bat zela errana dautzuet, bainan egun bat aski hitsa, eta bazen...

        Ahanzten nuen erraiteko Domingo eta Piarres, nagusi-mutilak zirela. Mendiondo ez zen nagusi gaixtoa. Egiari bere bidea zor zaio. Nagusi bat gozoa, ez sobera bolbora, eta mutil bat arras fidela. Batek ber-tzeari zer galda dezake gehiago?

        Bazkalondoan, etzanaldi puxka bat eginik, eta beti eurixka zela ikusiz, ihizirat joan ziren gure nagusi-mutilak. Zertako zen, funtserat-eta aro, ihiziko baizik?

        Eta larrazkeneko lehen urtzoak, oi zer atsegina ihizin artzea, han gora-gora doatzilarik bakarka. Orduan da ageri zinezko ihiztaria ez eta ehun urtzoren gainerat tiratzean. Orduan du ihiztari onak, bere zinezko plazerra senditzen bihotzean, ihizia bakan delarik. Orduan ditu bere dohain guziak agertzen. Orduan du ikusten zertan duen burua, zertako den on. Orduan ditake ihiztari ona xartetik berex.

        Begia! Begia! Ihiztari onaren ontasuna. Dohakabe oker, itsu eta errebesak!

        Ihizia, oi zer plazerra! Mendi guziak zeiharkaturik ere ihizi bat ikusi gabe, ihiztari on batek ez du sekulan lotsatu behar...

        Domingo eta Piarresek, hiru orenen buruan, ez zuten oraino ez lapin, ez erbi, ez urtzo, ez xoxo, deus ikusirik. Ez zirela lotsatuak, jakizazue nik erranik. Iratze, ote, lapar, hesi eta euria gainerat, aski ihiztari txar batzuen lotsarazteko. Ez zuten ez egun hartan bertze ihiztari bat kausitu mendian!

        Lauak irian atertu zen.

        Piarresek urtzo bat ikusi zuen pagatx baten hosto herdoilduen artean. Ohartu bezain laster pan! pan! eta urtzoa lurrean zen. Ez zen bertzela izaiten ahal!

        Oraino bide puska bat egin zuten ihizi bat ikusi gabe.

        Pan! Pan!

        Orai Domingok du biligarro pollit bat garbitu elorri zuri baten barnean. Ihizi ttipia, ttipia, bainan bertzerik ez delarik dena ere on!

        Mendi baten zolarat sartu ziren. Oihana zen. Eta erreka txar batek itsasoaren orroa egiten zuen euri ondo hartan.

        Euria hasi zen berriz.

        Oihanean euria ez zen hala sartzen. Gure bi ihiztariak gelditu ziren gaztainondo ikaragarri baten pean.

        Hantxet sorropilo bat ageri zen dena ziloka.

        —So egizak, Piarres, axeri ziloak!

        —Hek, axeri ziloak?

        —Ba!

        —Menturaz bat edo bertze aterako zauku.

        —Agian ba! Gauden hemen berean.

        Axerien lurra zitaken oihan zoko hura. Oihanaren erdian sorropilo hura hautatua zuten korte gisa haitzez inguraturik. Azeri korte batentzat ez zen batere gaizki! Belarra mehe zen eta labur, bainan perde-perdea, balusa bezala. Lili bakarño batzu ere ageri ziren oraino, han-hemenka, larrazkena izanik ere. Azeriek beren sasoinak badituzkete. Gero, bertzenaz, dena zilo. Hamar bat azeritegi bederen bazitaken.

        Gure gizonak beti beha zauden hea noiz aterako ote ziren jaun-andere gorrail horiek beren jauregietarik. Bainan hek ere aterbean hobeki baitzitazken.

        Bainan hara nun gure ihiztariek arrabots batzu hautemaiten dituzten lurpean. Zer izan ditake? Azeriak segur!

        Harat eta hunat, hemen jo, han kaska, atxemanka ari direla erran ditake.

        Piarresek bizpahiru azeri senditzen ere ditu zangopetan pasatzen lauazka, gerezi pikorrak hertzetan bezala.

        Arrabots ilun bat zen, tapa-tapa, lurraren barnean.

        Euriak atertzerat bezala egin zuen.

        Eta iguzki epel bat jauzi zen euriarekin batean.

        Domingok ere lurra senditzen du, orai, inarrosten, zangopetan.

        Marraka mehe bat atera zen lurpetik. Azeri irrintzia. Ihiztariak harritu ziren.

        Euria gelditu zen.

        Iguzkiaren lagun ortzadarra agertu.

        Orduan bi ihiztariek azeri baten muturra ikusten dute erdiko zilotik agertzen ari.

        Armak! Armak!...

        Zilo guzietarik azeri muturrak agertu dira. Ihiztariek ez dakite zoini tira eta beren armak apaldu dituzte.

        Inomine santian hogoi bat azeri bazen kanpoan, ez bazen gehiago.

        Erronda handi bat muntatu zuten dantza jauzietan artzeko bezala.

        Eta azeriak, denek biloa dir-dir-dir, dantzan hasi ziren inguruan.

        Bi azeri errondaren erdian elgarrekin dantzan...

        Piruri! Piruri! Tantiruri! Tiruri!...

        Bi mila hamaseia!

        Gero azeriak birazka besarkatu ziren. Handik laster batek hixtu mehar bat egin zuen azeri guziak beren ziloetan sartu!

        Eta euria hasi zen berriz.

        Ez Domingo, ez Piarresek ez dezake erran zonbat iraun zuen gauza horrek. Sobera xoxotuak ziren beren gaztainondo itsusiaren petik beha...

        Nagusi-mutilak etxerat buruz abiatu ziren. Harrituak zauden nolaz nehori ez zitzaion gogorat jin tenorean bi tiroren emaiteko. Ixil-ixila zoatzin. Ez zakiten zer pentsa, zer erran. Ez zuten sekulan erranen egia batzuetan gezurra baino handiago izan ditakela.

        Iluntzea zen herrian sartu zirelarik.

        —Haugi, pint-erdia hartuko diagu! —erran zuen Domingok bere mutilari.

        Eta ostatuan sartu ziren.

        Beren arnoaren aintzinean zauden buruz-buru, ixil-ixila.

        Ostalerra harritu zen nolaz bi ihiztariak hoin ixilik egon zitazken ihizitik landa, sekulan ez eta.

        —Orai lotsatuak, hotzez ikaran! Zoazte, zoazte berriz holako aroarekin ihizirat, ihizirik ez eta oraino! Euria, euria, gaur...

        —Euria?

        —Euria ba.

        —Ah ba!

        Eta Domingok azerien ixtorioa kondatu zuen.

        Hantxet musean ari ziren gizonetarik batek erran zuen lehenik:

        —Hago ixilik, Domingo, zer uste duk ala gezur zozo hori sinets araztea? Badakiagu nor hizan...

        —Ez baita egia, Piarres?

        Orduan Piarresek ixtorioa berriz kondatu zuen.

        Bertze muslari batek gero trufatzeko:

        —Ba, mutuek kantu,

        besomotzek soinu,

        elkorrek oihu,

        mainguek dantza,

        haurrek otoitza,

        kunkurrek jauzi,

        itsuek argi,

        zaharrek irri...

        Halere, Domingo Mendiondo eta haren mutila Piarres Hegobururi gertatu ixtorioak Eskual Herriko itzulia egin zuen.

        Biek ere ez zuten ihiziko ixtorio ederragorik ukan kondatzeko beren bizian, bertze ainitz ixtorio eta balentria guziengatik. Egia zen bezala kondatu zuten, hol-hola aski bazela sinesteko.

        Ordutik omen da erraiten, euriaren artetik iguzkia agertzen delarik, ortzadarra ondotik: Axeriaren ezteiak.

 

aurrekoa hurrengoa