www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Mendekoste gereziak
Jean Etxepare Landerretxe
1962, 1991

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Inazio Mujika Iraola.

Iturria: Mendekoste gereziak, Jean Etchepare (Inazio Mujika Iraolaren edizioa). Erein, 1991

 

aurrekoa hurrengoa

ILUN-ONDO

 

        Gerezitein, abendoko egun batez, beren behi lanak bururatuxeak dituzte. Aberer arbi xehatua emanik, gero deitzi dituzte. Azken kotxutara nagusiak ereman du sukalderat, oraino dena haguna, epel-epela.

        Nagusiak dio, esneari lotuz geroz haren bizia ederki kanbiatu dela. Gerezitein ainitz alor pentze utziak dituzte, duelako zonbait urte hotan eta esneari jokatuak dira. Lehenagoko behi idor hek, laneko baizik on ez zirenak, kendu dituzte. Barrukia arrunt berritua dute. Alor malda guziak, iraultzeko eta lantzeko neke ziren lurrak pentze ezarriak dituzte. Lur erretxak landa atxiki dituzte artoaren eta arbiaren egiteko. Eta pentze batzu ibiltzeko on zirenak landa eman...

        Ikaragarriko hotza izanki eta Peyo, sukaldeko mahain gainean kotxia pausatu orduko supazterrerat hurbildu da eta suaren aintzinean belauniko, eskuak garrari so, torratuz, berotzen ari da.

        Deitz-ondo guziez, bi urte hotan bederen bere semeak uzten zituen behieri azken belar poxi baten emaiterat. Hastean barrukitik kasu emaiten zuen heian zer heinetan botatzen zuten belarra ziloetan behera. Bainan orai Ttotek eta Beñatek, hemezortzi eta hamasei urtetan badakite, aitak bezain ontsa, abereak nola bazka belar idorra ez eskasteko gisan urtearen buruan. Xaz gelditua da Ttotte laborantxako eskolatik bere diploma bildurik.

        Belarra ateraturik eta Beñat mañateretarat aurtikitzerat doala, Ttotte leihorat badoa heian zeruak bihar ere, gaur bezala, sekulako hotzaren egiteko itxura erakusten duenez.

        Zerua garbi dago. Argizagia kanpoan da, izarrez inguratua. Herria bakean sartua da. Jendeak barnean ari dira lanean xinaurri batzu bezala. Bizia orai barrukietan da, sabaietan eta sukaldetan.

        Airea bipila izanagatik bere sudurra kanpoan dauka mutiko gazteak. Eta hura bere lanari ari hozpildua, Beñatek galdatzen du:

        —Lokartzen ari hiza, to, leiho hortan?

        —Haugi!

        —Zer duk ala uste haize goxo horren gutizia dutan!

        —Haugi!

        Beñat leihorat badoa.

        —Hautemak!

        —Elizako zeinua!

        —Ba, izigarri apal. Alta bihar ez duk igande ez bestaburu.

        —Tenore huntan zeinuak hola zanpaka, zonbait etxetan su dukek. Joan behar diagu...

        Sabaitik beheiti jausten dira lasterka, erranez:

        —Aita nunbait su duxu.

        —Su?

        —Zeinuak zanpaka ari ditxu auzo herrian... Nun dira zedoak?...Ama zedoak? Xerka hadi hi ere Mayi!...

        —To bainan zikino duk.

        —Are ekar hunat...

        —Josep, ene botak!...

        —Banioak otoaren ateratzerat.

        —Ba.

        —Kasu bide horietan. Zeina abiatu aintzin!

        Eta otoan sarturik badoatzi bi anaiak auzo herrirat buruz.

        —Benttako Xarlex hortxet duk, geldi hadi!

        Eta gizon bat barnean hartzen dute, hura ere su hiltzerat abian lasterka!

        Gereziteiko nagusi-etxekandereak bortaintzinerat ateraiak dira, beren bi seme-alaba ttipiekin, Mayi eta Josep.

        Ezagutzen dute zeinuak nundik ari diren. Apal-apala heltzen dira heien beharrietarat. Ixil-ixila daude lauak, hotza ahantzirik, harat norapait so, begiak tente, bi mendiren arterat.

        —Ez dira ixiltzen, eh? —dio amak.

        Gizon bat bidean iragaiten da erdi lasterka, zedo bat eskuetan trangalatuz.

        —Su! —oihu egiten du Gereziteikoak kanpoan ikusiz.

        —Joanak dira; gure mutiko hek ere! —dio amak.

        Zanpa-zanpa, musika ilun eta dorpe bat bezala, auzo herriko ezkilek, mendiengatik, jenderi erraiten diote etxe bat sutan dela. Usaia zahar batek hola nahi du, zerbait makur izigarri gertatzen delarik auzoak husten dira ezkilak jo eta jo. Orok, zeinu trixte horiek entzutearekin, badakite zertsu gertatzen den: sua, sua!

        Ezkilak gauaz, gauza itsusia, ikaragarria. Bat-batean jenden gogoa kanbiatzen da.

        Jenden gorputzak berak halako ikara hits batek hartzen ditu.

        Nahiz urrunetik heldu diren hanbat eztiturik, beti badaukate, gauaz hasteko, ezkilek, zerbait jenden gogoak asalda arazten dituenik... Zinez... Ainitz gauza beltz heldu dira bururat, sua, sua...

        Hil-zeinuak entzutearekin bakotxak bere baitan egiten du: nor da hila? Hola-hola ezkilak jo eta jo hautemaitearekin tenorez kanpo gogoan pasatzen da galde ilun hau: Nun da su? Bai nun da su?

        Orduan denak ahanzten dira, guti edo aski, ergel-keriak, irriak eta herrak eta samurgoak berdin... Zeren gogoan iragaiten da ilundura bat hitsa: Etxean su! Eta bakotxa bere etxeari so jartzen da, ikusiz oraino zer gerta zitaken...

        —Zer trixtezia!

        Eta bi hitz horiek hainbertze bihotz-minekin erranik Gereziteiko nagusia sukalderat badoa eta afaiten hasten, bakarrik. Sukalde hutsa senditzen du. Jatekoak mahain gainean daude berorik, zaku baten artean. Sukaldean sua bada, bainan Gereziteien barnea hotz dago, ilun.

        Ama bere haurrekin sartzen da.

        Ixil-ixila; denak mahainaren inguruan jartzen dira.

        Gero haurrak elgarrekin ari dira, beren gisako solasetan.

        —Nun izaiten ahal da sua? Bidexaharrean, Errepillaren etxean?

        —Edo Bigotenean. Badakik Josep, joan den egunean hemen izan baita gizon bat, haren etxean!

        —Zer irriak egin gintien orduan. Erran apezaren ixtorio hura!... Nik, Errekaldia ere ezagutzen dinat, bide bazterreko etxe handi hura, badakin! Berdin han dun sua. Zer jokatzen dun han dela?

        —Jainkoak begira gaitzala etxean suaren ikustetik —dio amak—. Denak asaldatuak, bat hunat, bertze bat harat, kiski-kaska. Behiak orroaz, zakurra ihausika; dena ketan. Oi, zer itsuskeria! Etxekoak izituak, deus ezin egin, bertzek arta hartu behar denetaz. Aita oihuka, ama nigarrez, haurrak nigarrez eta garrasika, amari aztaparka lotuak... Jainko maitea!...

        Eta etxeko behiak orroaz hasten dira. Mutikoak behi batzu bazkatzeko utzirik joanak dira. Behien orro latzak Peyo Gereziteien barnea hunkitu du. Iduri luke etxearen teilatua beheiti ari dela eta guzien lehertzerat doala.

        Nagusia badoa sabairat, belar hondarraren emaiterat.

        Etxe guzietan argiak piztu dira.

        Bulta baten buruan jausten delarik, behien bazkatzeko behar zuen baino gehiago denbora emanik, Mayik galdatzen du berehala:

        —Ari direa oraino?

        —Bai.

        Gerezitei supazter xokoan jartzen da. Kaseta bat hartzen du eta irakurtzeari emaiten.

        Berrogoitamasei urtetan gizona ontsa bipila da. Kaskoko bilo guziak eroriak ditu eta bonetaren petik, kopetan gora, larru legun argi bat ageri du. Ez mehe, ez gizen, arteko gizon pollit bat.

        Bi haurrek kanpoan itzuli bat egiten dute.

        —Zer hotza! Beti berdin!

        —Etxu atertzen ama!

        Bakea laiteke zeinu horiek ez batire ageri.

        Bat-batean, brau, Peyok kaseta mahain ttipiaren gainerat botatzen du.

        —Ez da berri onik, ez? —galdatzen du etxekandereak.

        —Ez dakit hori!... —ihardesten du senarrak suari so eginez, begiak galduak, ezpainak doi-doia higituz.

        Haurrak dira mintzo.

        —Ezagutzen duka, Josep, Errekaldeko gizon hura, animaleko sudurra baitu. Erran, zer pimentona!...

        —Ba asteartean ikusia diat hemen pasatzen. Merkatutik heldu zitakean. Ez dakiat zer iduri zuen gibeletik! Bizikleta eskuan jautsia dik malda hori. Dena sigi-saga...

        —Badakina nork ezarria dion Pimenton izengoitia?

        —Ez!

        —Hegoaldeko tripa handi hark! Duela zonbait urte goizalderat, Mendigibeletik heldu zitian, biak, ogi joi-tetik. Trenpian omen zitian gero! Mendiari behera zeiharka heldu zitian. Eta orduan Hegoaldek, bere begi ttipiekin, bere sator begiekin Errekalderi: Bazter hadi mutikoa! Herri guzia gordetzen datak hire Pimenton haundi horrekin!

        Bi haurrak irriz arizan ziren gozoki ixtorio hortaz, aitamak ixilik zaudelarik, bertzerik gogoan.

        —Ama gure etxea baino handiagoa da Errekaldia? —galdatzen du mutiko ttipiak.

        —Berdintsu... Puxka bat handixago berdin nik uste.

        —Eta mendi zoko hartan baita etxe zahar bat izigarri apala, kantonierraren etxea dea hura?...

        Hola hola bi oren luze badoatzi. Hondarrean bi semeak etxerat heltzen dira.

        Beñat sukaldean sartzen da bi zedoak eskuan.

        —Nun zen? —galdatzen du aitak.

        —Errekaldian!

        —Errekaldian.

        —Hara no, Mayi, nik errana! —dio berehala Josep ttipiak.

        —Hil duzea?

        —Ba.

        —Ontsa egin duzie.

        —Bainan dena erre duxu, beltz-beltza... Etxekoak osorik atera ditxu, zazpi haur ttipi, ttipienak hamar hilabete.

        —Bat edo biga hartzen ahal zinuzten ba.

        Errekaldek eta Gereziteiek ez zuten aspaldian elgarri adiorik erraiten.

 

aurrekoa hurrengoa