www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Mendekoste gereziak
Jean Etxepare Landerretxe
1962, 1991

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Inazio Mujika Iraola.

Iturria: Mendekoste gereziak, Jean Etchepare (Inazio Mujika Iraolaren edizioa). Erein, 1991

 

aurrekoa hurrengoa

GAUAZ BIDEAN

 

        Luhusoko garan jautsi nintzan.

        Iluntzea zen. Laspost kilometra banituen oinez egiteko, Lekornerat buruz. Ez zen lehen aldia bide horren oinez egitea gertatzen zauntala. Ez nintzan samurtzen. Banakien etxea nuela buruan; etxean aitamak eta arreba.

        Zonbait hilabete hautan iduritzen zaut etxekoak hobeki maite dituztala. Ama bereziki. Harek ere biziki maite nuela erakusterat eman daut. Etxetik urrun ikusiz, Terexak ere hobeki maitatzen nu. Aitak bihotz bat badu orai artio ezagutzen ez niona. Egia da. Norbaitenganik urruntzea aski da haren hutsaren sendi-tzeko bihotzean.

        Larrazkena izanagatik, zonbait urrats aski laster egin orduko bero nintzan. Paltoa kendu nuen. Soldado paltoa.

        Oto bat heldu zautan gibeletik. Gelditu nintzan. Keinu egin nion. Otoa ez zen gelditu. Badakit nor zen. Bazakien nor nintzan.

        Etsi-etsia, beti aintzina abiatu nintzan.

        Aski ilun zen. Gaua laster heldu da sasoin huntan. Bide bazterretan hesiak buluzten ari ziren. Halako huts bat senditzen nuen ene inguruan eta bihotzean.

        Larrazkena zen. Beti bezalako larrazkena.

        Bertze oto bati keinu egin nion. Gelditu zen. Bihotza goxatu zautan. Gizon adinetako bat zen. Nungoa nintzan galdatu zautan. Etxearen izena erran nion. Gure etxean izanik oroitu zen, duela hogoi bat urte, urde baten erosten. Haur nimiño batzu ikusi omen zituen.

        Terexa eta ni...

        Versaillestik heldu nintzala erran nion. Armadako berriak galdatu zauzkitan, hea orai nola zen. Haren denboran nola zen erakutsi zautan.

        Luhusoko errienta zen naski. Hala iduritu zautan. Herriko etxe urrun batean gelditu zen. Haur eri baten ikusterat zoan.

        Oinez hartu nuen berriz bidea.

        Larunbat arratsa. Ez zen beranta, ilun izanik ere. Ilargia gordeka zabilen. Izar guti. Ainitz berri banituen araiz ikasteko. Etxean ez zautaten hamar bat egun hautan izkiriatua. Aste huntan jitekoa nintzala errana nioten.

        Gizon bat kausitu nuen gero lanetik etxerat zoala, tresnak bizkarrean. Atsegin hartu nuen haren kausi-tzea, nahiz ez nuen pikorrik ere ezagutzen. Aski xahartua iduri zuen.

        Bide puska bat pollita egin ginuen elgarrekin. Soldadogoko berria frango kondatu niozkan: lagunak, jana, bizia, aintzindariak eta holako. Beti berri berak denentzat. Berak ere bere denborako ixtorio batzu erran zaizkitan. Errekitu pollita ibilia omen zen, berak zionaz. Ohointza ttipi bat kondatu zautan. Hobe zuen ixilik egon balitz.

        Halere denbora errexkiago iragan nuen. Bidea biziki laburtua atzeman nuen elgarretarik berexi ginelarik. Ez nintzan urrun herritik eta etxetik.

        Gelditu nintzan, banuela berdin denbora. Bazter guziak ixilik zauden. Bazterrak arras huts kausitzen nintuen. Hirian hoinbertze hilabete hetsirik egon ondoan, poxi bat harritua nintzan. Goxo zautan leku huts horietan ibiltzea. Herritik hurbil nintzalakotz. Etxetik ere bai. Eta libertate osoan!

        Oroitzapen batzu ikaran zauden bihotzean. Lagun batzueri pentsatzen nuen. Maite ditut. Maite naute.

        Neska gazte batzu ere buruan ibili nituen.

        Kuku bat hauteman nuen mendi zilo batetarik.

        Zerua poxi bat garbitzen ari zela iduri zuen.

        Hantxet norbait heldu ikusi nuen. Emaztekia segur. Begiak iltzatu nituen. Makil bat bazuen eskuan.

        Aintzinerat etorri zaitalarik Graxi ezagutu nuen. Aspaldian ez ginuen elgar ikusia. Lehen...

        —Graxi!

        —Frantxua!

        —Zertan hiz?

        Zonbait hitz erran ginituen, funts handirik gabe, zerbait erran behar eta.

        Asko gustatzen zaut neska gazte hori.

        —Zer ari hiz tenore huntan bidean? —galdatu nion.

        —Behiak heldu ditiat Harizpuruko bordarat.

        —Ez baihiz gau beltzaren beldur?

        —Gauaren beldur? Ez duka makil hau ikusten? Hanbat gaixto. Kasu!

        —Nik ere?

        —Zertako ez hik?

        —Ez bainiz gaixtoa!

        —Are! Adio Frantxua, etxerat banoak.

        —Zer dun ba gaur?

        —Etxerat joan behar diat. Beranta duk.

        —Hainbertze denbora ez dugula elgar ikusi, ez duna enekin egongo memento bat?

        Neska gazteak trixte iduri zuen. Berrikitan nigarrez arizana zela ohartu nintzan. Gorde nahi zautan gauza hori.

        —Zertako?

        —Ama galdu diat.

        Hitz horiek erran eta burua apaldu zuen eta eror-tzerat utzi. Nigarrez hasterat zoala ohartu nintzan. Esku bat hartu nion eta tinkatu. Ezkerreko sorbalda eskaini nion buruaren finkatzeko. Biloak ordukotz ihintzez bustitzen hasiak zituen. Matel beroan hotx bat senditu nuen. Goxo zautan hotx hori.

        Lehen bezala. Oroitu nintzan. Ez ginen biziki arrotz.

        —Graxi!

        Ahalgetu nintzan. Ez nakien hea burua baztertu behar nuenetz. Dena gogoeta ari nintzan, hura hila bezala zagolarik. Graxiren ama berrogoi urtetarik ez zen urrun. Gazte-gaztea hogoi urteko neska baten ama batentzat.

        Etxean ez zautaten berri hori igorria. Berehala jitekoa nintzalakotz ez funtsik hartu? Bazakitena ere zer estimutan nauzkan, ordukotz, Kurutzezaharrekoak? Arrebak menturaz, deubruz egina baita poxi bat! Bainan Terexak ez zautan gauza hori sekulan erakusterat emaiten.

        —Graxi!

        Burua altxatu nion. Begiak arras lano behatu zautan. Ez dakit hea zeri pentsatzen zuen, zerbait gogoan balin bazuen bederen.

        —Graxi!

        Bitxi da zoin maitagarri iduritzen zautan gaur. Ez badut oraino aski maite, bihar gehiago maitatuko dut. Hobekiago. Harek ere maite nuela uste dut. Ez du halere, iduriz, amodioa oraino arras osatua. Bihar hobeki maitatuko nuela esperantza badut.

        —Graxi!

        —Zer duk?

        —Hogoi egunentzat heldu nun, bestaldian alderat itzultzeko.

        Begiak argitu zitzaizkion. Gogoa ere ba segur hitz horietan.

        —Bertze hilabete bat egin eta.

        —Frantxua!

        —Ba, ba, Graxi, hilabete bat.

        Graxi neska ixil eta goxoa, nik nahi-eta maite bezala!

        Besarkatu nuen eta musu bat eman.

        Berexi ginen. Etxerat buruz abiatu nintzan. Ez dakit hea bidea luze atzeman nuenetz. Ez nuen gehiago bideari pentsatzen.

        Zakurra ihausika ari zen. Etxean nintzan.

 

aurrekoa hurrengoa