www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Mendekoste gereziak
Jean Etxepare Landerretxe
1962, 1991

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Inazio Mujika Iraola.

Iturria: Mendekoste gereziak, Jean Etchepare (Inazio Mujika Iraolaren edizioa). Erein, 1991

 

aurrekoa hurrengoa

GATU XURIAK

 

        Herriko emazteki batek hiru gatu xuri bazituen.

        Paristar batzuenganik ukanak bide zituen, duela bospasei urte. Eskual-Herrirat etorriak ziren, paristar horiek, hemengo larrazken ederraren ikusterat. Gure herrian bazuten etxeño bat pollita hartua, mendi baten zolan, erreka baten bazterrean.

        Delako emazteki hura —sortzez izen bat ukanik ere, orok bezala, guk beti Lipusa deitzen ginuen— etxez-etxe zabilan egun guziez, bere hiru gatuak ondotik.

        Hola zeraman bere bizia aspaldidanik. Nehork ez zion jendakirik ezagutzen. Bakarrik zen munduan. Haren odoleko guziak hilak ziren. Hiruetan hogoitamar bat urte zituzken

        Etxez-etxe zabilan, egunean eguneko ogiaren eske. Nehork ez zuen etxetik haizatzen, denek baitzakiten ez zela buhamia, bainan etxe batetako azken xoria.

        Arnoa maite zuen, maite, emazteki batek maitatu behar luken baino maiteago. Biper eta tomatea ere maite zuen.

        Paristar aberats heiek gaixo emazteaz urrikitu ziren. Heien etxondoan pasatzean, Lipusa segur zen zerbait hondarreriaren ukaiteaz. Beren burua edertzen zuten hola, paristarrek, ongiegile gisa.

        Paristar heiek hiru gatu xuri bazituzten, pollitak, hiruak berdin-berdinak. Haurrik ez zuten. Gatuak ziren jaun horien bihotz altxagarri. Orai xahartuak ziren. Ez zuten gatu beharrik.

        Gatu horiek Lipusari utzi zituzten eta Lipusari ohore zitzaion gatu xuri horien ukaitea. Herri guzian ez zen gatu horiek bezain pollitik.

        Gatuek Lipusa maitatu zuten. Alta ez zuten bizi bera.

        Bainan Parisen baino libertate gehiago bazuten. Etxetan esne ona edaten zuten, errabero goxo hartarik. Haur batzuek maite zuten gatu horien bazkatzea.

        Eta gu, haur tzarrak, egun batez pentsatu ginuen Lipusaren gatu xuriak gorde behar ginituela. Bai gorde! Orduan erraiten zaukuten gaizkiaren egiteko aski izpiritu baginuela.

        Igande batez gatuak iguzkitarat ikusi ginituen. Bildu ginituen eta artegi zahar batean hetsi.

        Emaztekia kexatzen hasi zen. Guk ez ginuen deus erraiten. Eta, gaixtoak, alegia xerkatzen egiten ginuen!

        Emaztekiak apezari meza bat galdatu zuen gatu gaixo heientzat. Bainan apezak ihardetsi zuen gatuek ez dutela arimarik eta ez duela, hortakotz, mezarik emaiten gatuentzat.

        Lipusa errientaren ikusterat etorri zen. Harri mutur batzu bezain ixil egon ginen. Orduan errientak erakaspen batzu eman zauzkun: ez dela ontsa andere hortaz trufatzea, gaixtakeria dela hori, haur onek ez dutela holakorik egiten eta holako.

        Gatueri jaterat eremaiten ginuen gordeka. Baginuen ongiarentzat ere izpiritu poxi bat. Ez ginuen nahi gatu horiek goseak hil zitzan.

        Lau egun atxiki ginituen gatu xuriak preso.

        Egun hartan Lipusak bere gatuak bide bazterrean kausitu zituen.

        Gure etxean sartu zen gatulu bat esneren galdez.

        Gure azken gaixtakeria izan zen, naski, Lipusarentzat, gatu xuri horien gordetzea.

        Gatuek oraino ainitz urtez bizi izan ziren. Ez dakit nola hil izan ziren, Zeren herritik urrundu bait nin-tzan.

 

aurrekoa hurrengoa