www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Mendekoste gereziak
Jean Etxepare Landerretxe
1962, 1991

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Inazio Mujika Iraola.

Iturria: Mendekoste gereziak, Jean Etchepare (Inazio Mujika Iraolaren edizioa). Erein, 1991

 

aurrekoa hurrengoa

MUNDUKO ZIRKARIK EDERRENA

 

        «Igande arratsaldean, munduko zirkarik ederrena... handiena... aberatsena... Izigarriena... Donibanen izanen da! Bizi guzian ez duzue bertze holako zirka bat ikusiko! Zoazte, zoazte beraz ikusterat ordu deno!...»

        Gizon bat otoaren barnetik mintzo zen herriko karriketan gaindi. Jende guziak, bazkariaren artetik, borta-leihotan jarri ziren. Etxe batzuetan aitamak oihuka ari ziren, hea zer behar zuten, haur tzar horiek, kanporat joan jateko artetik!

        Otoa plazan gelditu zen. Bi gizon jautsi ziren. Plazako murrua busti zuten eta paper handi bat hedatu

        Haurrak hurbildu ziren.

        —Hartz horri!

        —Hortz horiek!

        —Hilen dia gizon hori?

        —Eta lehoinak!

        —Ez duk lehoinik!

        —Ba araiz: zozoa! Eta hori?

        Gizonek mustatx handi batzu bazituzten. Haurrer erran zuten munduko zirkarik handiena zela hori eta ikusi behar zutela!

        Eta otoa, berriz musika eta oihu, herritik kanporat joan zen.

        Uda zen. Iguzkiak joiten zuen. Lehoin, hartz eta zimino horiek deubrua begietan iduri zuten iguzkitarat.

        Martik amari buruz erakusterat eman zuen zirka horren ikusterat joan nahi zukela. Amak erran zuen gauza hori aitari galdatu behar zela. Bainan aita ixilik zagon. Eta haurra ez zen aitari galdatzerat menturatzen. Marti mintzo zen, mintzo, hartzez eta lehoinez...

        —Are! Jazak salda hori, eta bakea!

        Aita zen hola mintzo.

        Haurrak burua apaldu zuen. Ixildu zen eta jaten hasi.

        Aita jeiki zen eta atera.

        Haurra berriz zirkaz, lehoinez eta hartzez mintzatu zen amari. Amak Marti sugaiketa igorri zuen eta Martik ama berehala obeditu zuen, sekulan ez eta!

        —Oherat orai!

        Marti ganbaran sartu zen, bortxaz, eta leihoan jarri.

        Kanpoan ikaragarriko beroa! Plazan haur batzu oihuka ari ziren. Martik pentsatu zuen zirkako paper handi haren aintzinean zaudela haren lagunak.

        Ez zitaken ganbaran hetsirik egon tenore hartan!

        Ganerrerat joan zen espartinak eskuan, zango punttetan, aitamek hauteman gabe, eta handik sabairat.

        Kanpoan zen.

        Plazarat laster egin zuen.

        Ba! Haren lagunak han ziren, harek pentsatu bezala!

        —Marti! Igandean Donibanerat baniak aitarekin!

        Martik ez zuen bere lagunari behatu ere. Begi eta gogo han zagon paper handi haren aintzinean zoraturik.

        Otsoak, lehoinak, hartzak, zaldiak, elefantak, jirafak...

        Ez! Zirka hori ez du huts egin behar Martik!

        Munduko zirkarik ederrena, aberatsena... Bizian aldi bat...

        Bizpahiru egunen buruan avion bat iragan zen zeruan, avion bat biziki apal. Garbi-garbia ageri zen: Circus-Circus! bi hegalpetan.

        Biharamunean oraino avion hura bera herriaren gainean inguruka arizan zen, gaitzeko itzulipurdiak eginez, xoriek berek egin ez dezazketenak. Bai. Zirka hori munduko handiena ditake avion bat ukaiteaz geroz!

        Martiren errabia ez zoan ttipituz.

        Herritarrak oro, gizonak haurrak bezala, zirkaz baizik ez ziren mintzo.

        «Munduko zirkarik harrigarriena...»

        Martik egin zuen, gizonak berak zirka hortaz dena espantu ari zirenaz geroz, zirka hori ez zitakela hain txarra.

        Eta bertze zirka batzuetan ikusi gauza harrigarri batzu kondatzen zituzten, haurren aintzinean berdin!

 

* * *

 

        Horra igandea.

        —Joanen ote niz zirka horren ikusterat?

        —Jazak ba salda hori! Jazak haurra! Zer uste duk dela zirka? Hemen ez dea zirka? Gezurrak dituk horiek oro, sos biltzeko!

        Aitak ez du nahi. Ez da gehiago deus egitekorik. Martik ez du munduko zirkarik ederrena ikusiko.

        Haurra oherat badoa. Nigarrez ari da eta.

        Munduko zirkarik handiena, ederrena... Bizian aldi bat.

        Ez ote du ba Martik zirka hori ikusiko?

        Ba, ikusi behar du. Eta ikusiko du.

        Espartinak eskuan sabaitik gaindi ateratzen da beti bezala. Iguzkia samin. Ixtant bat: Aitak ez du deus hauteman? Ez.

        Zahalo bat mozten du hesian eta Peko-Pentzerat doa heinka.

        Eta han etxeko zaldi beltzaren gainean jartzen da eta lauazka hirirat buruz abiatzen.

        Johan da, johan zaldia, haizea bezala, haurra biz-karrean etzanik esku batez lepoko kumari lotua, ber-tzean zahaloa.

        Munduko zirkarik zoragarriena...

        Lehoinak, hartzak, elefantak, tigreak...

        Badoa, badoa Etxexuriko zaldi beltza! Martik maite du zaldi hori: hoin gogotik eremaiten du eta zirkarat!

        Arri! Mando! Arri! Zalu-zalu! Arri! Arri!

        Zirka!

        Haur guziak han dira beren aitamekin. Eta Marti bakar-bakarrik! Ai zer gizona!

        To! Sosik ez! Nola sar? Lau gizon ate zain!

        Bainan hain da, gure Marti, bideko errauts eta izerdiez zikindua nun zirkako haur tzar heietarik batentzat harturik sartzerat uzten baitute.

        Hartzaren potta! Elefanta dantzari! Gizonak burua lehoinaren hortzen artean!!

        Gizonak airean, harat jauzi, hunat jauzi!

        Oh!...Oh!...Oh!...

        Ai hamar urtetan ikusi zirka! Hori da, hori, munduko eta bizi guziko zirkarik ederrena!

        Ez dea hala Marti?

 

aurrekoa hurrengoa