www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Mendekoste gereziak
Jean Etxepare Landerretxe
1962, 1991

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Inazio Mujika Iraola.

Iturria: Mendekoste gereziak, Jean Etchepare (Inazio Mujika Iraolaren edizioa). Erein, 1991

 

aurrekoa hurrengoa

KATTALIN GORRI

 

        —Mayi, itzulan behi hura! Gero bertze ixtorio bat kondatuko daunat...

        Mayi, nik erran bezain laster, artoan sartua zen; behi zuriaren itzultzerat joan zen makila txar bat harturik...

        —Eta ixtorioa?

        —Ba, orai berean... Haurra nintunan. Hire adina, no... Bederatzi-hamar urte... Alor huntan berean. Aita eta ama merkaturat joanak. Beren beharrez. Ez gininan ez gauza handirik esperantza. Bixkotxak, oñoñak edo bedera liranja. Bainan ez denak batean, aldian bat. Halere kontent gintunan, aitamak ateratzen zirelarik, guhaur nagusi-etxekandere, hiru anai-arrebak. Arratsaldeko biak hiria izan behar zinan. Udako arratsalde bero bat, beroa, oi ba beroa... Iguzkiak min egin nahi zinan. Egun baino biziki beroago. Zeru garbi-garbia. Lurretik halako bero sapa bat ateratzen zunan.

        Alor huntan orduan parux eder bat bazunan, lili. Dena lili gorrail, matalaz perde batean xixtatuak bezala, berdin-berdina.

        Hemen gintunan ez dakinat orai zertako. Denbora pasa, araiz!

        Lili gorri heien ondoan, hobeki behatu-ta, bertze gauza gorri batzu ageri zitunan. Gauza ttipi batzu, gorriak ttitta beltxekin. Zoin pollitak! Badakina zer diren?

        —Baa! Kattalin gorriak!

        —Hala ditun, Kattalin gorri, gorri... Zernahi Kattalin gorri bazunan, paruxaren hosto perden, itzal eztian. Eta badakin Kattalin gorri bat erhiaren puntarat iganarazten badun erranez: Kattalin gorri-gorri, bihar iguzki gorri! eta hortik hegaldatzen bada, biharamunean denbora ederra izanen dela. Ez bada hegaldatzen berriz, denbora txarra!... Eta Kattalin gorriak eta Jainkoaren xakurrak hiltzen badira ikaragarriko erauntsiak hasten omen ditun.

        Guk ere, ikusteko, egun hortan zernahiko Kattalin gorriak bildu gintinan. Hiru anai-arrebek bedera ahurtara. Gero lurrean zilo bat egin gindinan... Eta hiruetan hogoitaemeretzi Kattalin gorriak ziloan sartu eta lurrez estali... Batere marrakarik gabe hil zitunan.

        Ixtant bat ziloari beha egon gintunan, ez ahal zirela araiz hegaldatuko, beren hobitik, Jesus bezala...

        Eta ordu berean zerua iluntzen hasi zunan, beltz-beltza jartzen. Etxerat joan gintunan lasterka.

        Gu etxerat orduko euria burrustan hasi zunan. Euri zikin bat, lur kolore, erreketan badakin zer ur nahasia heldu den euri ondotan? Hal-hala.

        Jendeak oraino merkaturat abian zitunan. Bat gure hegazperat sartu zunan, ater beha.

        —Zer euri zikina! Oixtian halako zeru ederra eta halako iguzki samina! Zer ari zauku Jainkoa, —erran zuen, kexu, aztala lurrean joz bere soinekoetarik uraren jautsarazteko.

        Guk hiru anai-arrebek elgarri behatu gininan. Ixilik ginaudenan. Baginakinan gu ginela hobendunak. Guk ekar arazia euri zikin hori!

        Ez gintunan samur.

        Ez gininan halere erran hiru ahurtara Kattalin gorri baginituela bizirik ehortziak. Nehork ez din jakin gauza hori.

        Eta, gaixo Mayi, ikusten dun, orai ez nezaken Kattalin gorri bat ere hil... Bihotzean pena hartzen dinat. Kattalin gorri bat ikusi orduko gauza hortaz oroitzen nun.

        Lehen, haurra nintzalarik, ixtorio hau biziki alegerakiago kondatzen ninan, dena irri eta espantu. Bainan orai bihotzean halako hisdura bat senditzen dinat... No, Katxo berriz ere artoan dun... Habil itzultzerat...

 

aurrekoa hurrengoa