www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Mendekoste gereziak
Jean Etxepare Landerretxe
1962, 1991

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Inazio Mujika Iraola.

Iturria: Mendekoste gereziak, Jean Etchepare (Inazio Mujika Iraolaren edizioa). Erein, 1991

 

aurrekoa hurrengoa

ARGI-ZIRRINTA

 

        Martik Ameriketatik eta Mayalenek Eskual-Herriko xoko batetarik elgarri izkiriatu letra batzu eskuetan gertatu zauzkigu.

        Hemen agertuko ditugun letra horien aintzinean bertze batzu izan dira. Bainan Marti bulta bat ederra dudan egon da Ameriketako mendi ikaragarrietan. Ai bakartasuna! Mendi hutsak askotan gizonarentzat bortitz dira. Eta mendi zabal horietan, bakartasunarekin, ixiltasuna.

        Ixiltasuna eta bakartasuna gizonaren frogatzeko bortitzak. Gizonak hor, ainitz pentsaketa egiten du. Eta haren gogoak esperantza handienak ukan ditzazke, esperantza guziak gal ditzazken bezain segur. Gogoa alde guzietarat lerrakor du. Amodio bat gal ditake fedea bezain segur.

        Sobera gogoeta ibili ditu Martik eta batzuetan arrazoinik gabe bere maitearen amodioaz dudatu. Egia da, lagun tzar batzuek berri makur batzu igorri zioz-katen. Esperantzak biziki apal eroriak ukan ditu. Eta orai berriz biziari lotzerat doa, amodio berri batez sustaturik. Mayalenetan ukan dudak eztitu zaizko. Lehen ukan duen amodio bizi haren atzemaiterat doa.

        Gauza horiek guziak ikusiz, jakinez zeren ondotik, nola eta zertako izkiriatua izan den, Martiren letra hunek ez du deus soberakinik.

        Tenore hartan Martiren bihotza, esperantza berri batek harturik, sutan bezala zagon. Orai artinoko guziak ahantziak dituela iduri du.

 

* * *

 

        Mayalen maitea:

        Iguzkia sartu dun. Biziki iguzki sartze ederra izan dun gaur. Mendi kasko bat gorri-gorria ikusi dinat, sutan bezala. Su ikaragarri bat, dena garra. Dena garra, dena berotasun. Harriturik eta uros egon nun bulta bat pollita. Harriturik eta hiri pentsaketa, gar handi horrek bere beroa bihotzeraino sartzen zauntala.

        Bihotza gozatzen eta zorionez betatzen.

        Iguzki horren su pindarra! Gar horren beroa! Ene amodioa! Maite hut, Mayalen, egiazko amodio batez maite. Bihotz-ezpainetan sukar bat senditzen dinat. Hire beharra, hire nahia, hire amodioa.

        Bainan zoin urrun giren elgarretarik! Urrun! Urrun! Itsasoaren bi aldetan!

        Halere egiazko amodio bat bihotzean delarik ez dun gorputzaren beharrik amodio hori egiazkoa dela frogatzeko.

        Goxo zaitan jakitea eni pentsatzen dunala. Goxo zaitan hiri pentsatzea.

        Iguzkia sartu dun mendi handi batzuen gibelean. Horra orai hegoa heldu Kalifornian barna. Liranja eta zitroin lore usain batek buru muinak kilikatzen zaiztan. Nahi niken hemen bahintz usain goxo hortaz hire bularren betatzeko. Bakar-bakarrik ez dinat usain gozo horren gozoa behar bezala gozatzen. Hire eskasa dun bakarrik hemen.

        Hego hunen gozoa Eskual-Herrira heltzen ote da tenore huntan? Ene bihotzaren beroa atzemaiten ote dun hego hortan?

        Mayalen! Mayalen! Oroitzen nun. Hire bilo bel-tzetan hol-holako usain bat ezartzen huen. Egia! Senditzen dinat oraino. Hire bilo beltzak! Usain hortaz mozkor arazi nun frangotan, Mayalen!

        Bihar San Franziskorat jautsiko nun. Liranja eta zitroin lorez eginikako usain gozo bat erosiko dinat, besoetan jasan ahalako kristailezko untzi eder batean. Hegoari emaitekoa ukanen dun!

        Eni pentsatzen ote dun tenore huntan, nik hiri pentsatzen dutan bezala? Bihotz berarekin?

        Horra gaua. Hor aldiz argi-zirrinta. Hemengo gauak bezain itxura ederra ote du hor egunak?

        Zer ziren gaur hire ametsak? Mayalen ene maitea!

        Hik ere maita nezan beti.

        Bihotza ezpainetan, musu bat emaiten denat lehen bezala.

                        Marti

 

* * *

 

        Marti maitea:

        Zer zoriona ekarri dautaten hire azken solasek! Zer zoriona, zer goxotasuna, zer bakea! Alegrantziarekin batean kuraia ere sekulan bezain azkar piztu duk ni baitan. Ainitz duk alegrantzia eta kuraiaren ukaitea bizian.

        Gure amodioaz bekaizti direneri ez diek kasurik egin behar. Badakik zer duten gogoan. Badakik heien ele guziek xede bakar bat dutela: gure elgarretarik berextea. Jendek maite die bertzetaz mintzatzea, nahiz ez den beti gaixtakeriaz. Bainan jende gahienak hola dituk: ez saindu, ez deubru. Gure amodioa ele horiek baino azkarrago duk.

        Atzo Etxarteko Graxanaren ezteietan nintian, Arnegin. Eztei ederrak. Ainitz ezteiliar. Halere ez nuk biziki jostatu. Ez nian jostatzeko gutiziarik. Hitaz oroit nintian. Hire eskasa nian bakarrik. Ontsa egin ote dut hain ilun egoitea?

        Oroitu nuk. Ostatu hortan berean gintian, Maiteren ezteietan. Hor ginian elgar ezagutu. Hor ginian lehen aldikotz, begiak begietan luzaz elgarri behatu. Behako hori garbia zian bihotzetik heldu baitzen. Ordu berean aitortu ginian zoin maite ginuen elgar. Hitzik ez ginian erran. Funtsean zer dira hitzak? Elgar konprenitu ginian. Bat bertzearen sendimenduez segur gintian ordukotz.

        Hortan uzten diat hori. Gure etxeko berri zonbait erranen dezteat orai. Aita azkenean menturatu duk Mendibeltzeko larrearen iraultzerat. Injenior bat ukan diagu. Bekatu dela erran dik holako lur baten larre uztea. Eskual-Herria ez dutela ote eta iratze zangoek salbatuko. Aita beti bere iratze eta otez arrangura duk. Gaixoa! Nik ere ene hitza erran diat, bai aitari, bai injeniorrari. Erran diat traktur bat erosiko dukala ezkontzen girelarik, trakturra eta bertze tresna frango ere. Ez dakiat nola menturatu nizan aitarekin gauza horietaz hoin garbiki mintzatzerat! Bihotza arras jauzia nian araiz. Oto eder bat erosiko dukala ere erran diat injeniorrari. Egia duk eh, ez dea hala? Gure gero guziaren kondatzerat abiatu nintian injenior hari! Sobera uros nintian ixilik egoiteko. Haur baten zorion izari gabea!

        Injeniorra loriatu duk nik gauza horiek erranik. Nunnahi bezain ontsa bizi gintazkela erran dik larre frango badugula iraultzeko, aski ordoki. Pentzeak eta artoa ontsa heldu omen dituk lur berri horietan. Aitak ere onartu dik azkenean, gure amodioarengatik segur nuk.

        Ikusten duk beraz aitak ere maite hituela, harek ere baitaki egun batez hunat etorriko hizala. Ez badaut gauza handirik erraiten gure amodioaz, jakizak bere baitan gogoeta frango egiten duela. Hola duk gure aita. Ez dik maite gauza horietaz mintzatzea. Halere bihotz handi bat badik bere haurrentzat begitarte bortitz horren gibelean. Maite diat aita bere indar eta zuzentasunarengatik.

        Frangotan buruan ibiltzen diat nola gure haurreko adixkidetasun goxo hura amodio baten hastapen eta erroa gertatu den. Ez nian holakorik uste. Alta haurdanik gure artean zerbait izan duk. Eskolarako bidean zonbat aldiz ez gira elgarrekin gertatu? Zonbat aldiz ez gira bidean gelditurik egon xori txar bati beha, ezdeus bati beha? Egia duk. Betidanik ukan diat hiretako, ez dakiat nola erran, halako goxotasun bat. Elgarrekin ginelarik, beti hiri zerbitzu egiterat ekarria nintian, ez hintudan kolpatu nahi, azkar nintian hirekin.

        Goxo duk norbaiten maitatzea. Goxo duk jakitea norbaitek maite hituela. Bihotzean halako pesta bat bezala senditzen duk. Azkarrago hizala iduri zauk.

        Ez ginakien oraino amodioaren izenik ere eta elgarren behar bat senditzen ginian. Elgar ikustea, elgarrekin egoitea, elgarrekin mintzatzea, deus gehiagorik gabe. On duk jakitea norbait hire beha dagola norbaitek hiri pentsatzen duela eta maite hituela.

        Orai berean gogorat heldu zatak ixtorio ttipi bat. Oroituko hiz. Kurutzaldeko pentzean gintian hiru anai-arrebak. Zuek lau anai-arrebak gureganat etorri zinezten, gurekin jostatzerat. Haur tzarrak izanki ta jende handien solas batzu ibiltzen gintian. Haurrak beti gizon eta emazte izan nahiak dituk adin batetarik harat. Gure artean ari gintian: Nor duk munduko jenderik maitena? Gure anai-arreba ttipiek aita edo ama zitean hautatzen. Guk ez ginian gure gogoa agertzen. Azkenean, ni beti ausartago, galdetu nean: Eta hik? Bulta bat ixilik egon hintzan eni beha. Eta gero, herabe bezala: Hi! erran hinautan besoa luzatuz. Begitartea gorde huen, hutsean atzemanik bezala. Egiazki ari ote hintzan ordukotz? O-la-la! Zer haurkeriak! Irriz ikusten hut. Nihaur ere irriz ari nuk ene ele mentseri. Maite diat irriz artzea.

        Ttipia nintzalarik erraiten omen nian amatu behar nuela handituta zeren ardura galdatzen baitzautaten hea seroratuko nintzanez ttantta bezala. Ez nuk aski saindu serora sartzeko.

        Bainan Mayalen? Zer ditun ba solas horiek? Gaizki ote da gauza horien hola erabiltzea? Zer pentsatuko du Jainkoak? Eta Martik? Zer gauza ahalgegarriak derazkinan hor Mayalen! Barkatu behar zatak. Oroitzapenez bizi nuk. Ainitz oroitzapenez. Oroitzapen guziak goxo zaiztak hiri pentsatzerat deramatelarik. Lehengo bizi hura berriz atzemaiten diat hi baitan. Egun guziez gauza berriak kausitzen ditiat. Goxo zatak hire amodioaren froga berri baten kausitzea oroitzapen horien artean. Hire ele bat, hire egintza bat ezdeus batentzat utziak nintuelarik elgarrekin ginelarik, orai, bat ber-tzearenganik berexi-eta, amodiozko ele eta egintza batzu zirela ohartzen nuk frangotan. Hire eletan ez bazen, hire begietan bazian zerbait. Horietaz guzietaz oroitzen nuk orai. Oroitzapenez bizi nuk geroaren beha.

        Bihotza esperantza handi batek hartzen zatak egun batez elgarretaratuko girela pentsatzen dutalarik. Orduan betikotz.

        Bizi eder bat eremanen diaguk, batek bertzeari behin ere esker txarrik erakutsi gabe, orai artio. Bihar ez duk urrun, gure bihotzak sobera uros izanen baitira, elgar berriz atzemanik.

        Denbora hok iraganen dituk. Bost urte joan diren bezala, bihar iguzkia goizetik zeruan dir-dir elizan sartuko baigira gure zorionaren finkatzeko Jainkoaren aintzinean. Eta eztailiarrak, gure zorionaz uros, erranen diagutek: Atxikazue beti gaurko bake eta zoriona bihotzean!

        Ene bihotzak eman dezaken amodio guzia hiretzat daukeat.

        Bihar, Bihar!...

        Hire maite fidela.

                        Mayalen

 

* * *

 

        Mayalen:

        Hire bihotzeko zorionari pentsaketa nindagonean oixtian. Nik egundaino ukan ez dutan alegrantzia goxo bat badun. Ez dakinat nundik heldu zaunan. Sor-tzezkoa ditaken. Hire ezpainetako irriño eztiak bihotza behin eta behin goxatu datan.

        Betidanik hola ezagutu hitut. Beti berdin hagola ikusten dinat. Funtsean ez hintake bertzela izan. Hizan bezala maite hitut. Zerbait badun nik eskas dutanik. Eskas dutan hura emaiten dautan. Eta badakinat gogotik emaiten dautanala. Ez dautan behin ere deus gorde. Hire buruarekin bezain argi eta garbi izan hiz beti enekin.

        Zoin maite nunan ikusten dinat, zer alegrantziarekin atxikitzen dunan ni baitan esperantza. Eta nihauri behatu-eta, nere gogo ilun eta hitsaz ahalge nun. Ahalge ez baitezakenat zorion handirik erakuts. Ontsa ilun eta hotz kausitzen ahal nun! Bainan, gaixo Mayalen, barkatu behar zatan. Ez dakinat hea ontsa ikusten dunanez hemengo bizi dorpea. Nahi ala ez, hemengo bazter ikaragarriek berek lotsa bat bezala emaiten dautane. Bakartasunean zer gerta ditaken pentsaketa hasten nun. Adio gero esperantza guzia. Emeki-emeki gogoeta ilunetarat lerratzen nun, nihaurek gauza handirik egin ez dezaketala. Eta gogoeta horietan hasten nizalarik, inguruko ixiltasuna ezin jasan dezakenat. Gizonek ez dine bakartasuna eta ixiltasuna biziki maite. Ez dun haratik ez hunatik, orduan, goiz edo berant, gizona bere buruari pentsatzeari lotzen dun. Eta bakotxa bere buruari sobera pentsa-tzen hasten delarik, ai zer gogoeta harrigarriak egiten dituen! Ai nere buruari pentsatu gabe bizi ahal banindadi!

        Hor nintzalarik ez ninan holako gogoetarik egiten. Aitamak, lagunak, eta hi, Mayalen, hor zinezten gogoeta ilunetarik ene begiratzeko. Bertze gauza batzuez mintzo gintunan, ele hutsa frango erranez ardura. Eta denbora bazoanan hola, egin ahala betea, bakotxak bere buruari ez pentsatzeko. Gogoeta hitsetarik urruntzeko, hor zitunan pilota, dantzak, kantuak, beti jendekin, lagunak lagun. Gizona ez dun segur bakarrik bizitzeko egina. Gaizo ni!

        Bainan gogoeta hits guziengatik, esperantza handi bat ere senditzen dinat bihotzean, noiztenka. Ez dakinat nundik heldu zatan bizi behar bortitz hori. Esperantza dela uste dinat. Eta orduan nihauri erraiten dinat ez dutala nere burua berriz, egundaino, gogoeta hitsetarat lerratzerat utziko. Hala iduri zatan. Azkar nun orduan. Ez dakinat xuxen zertako. Eta naski hiri ere pentsatzen dinat orduan. Munduko emazterik zoragarriena haukat. Hitan dela ene zorionaren iturri guzia ohartzen nun. Hiretako bizi behar dutala, gauza guziengatik, jasanak jasan. Badakinat ene beha hagola. Badakinat ez dunala egundaino nitaz dudatu.

        Zorionezko denbora labur guzietan gogoan erabiltzen hitudala ohartua nun. Eta ez dakinat hi gabe zer nuken hemengo bakartasunean noizean behin alegrantzia poxi-poxi baten ukaiteko.

        Badakinat ba zoriona ez ditakela betiko izan. Labur dun zoriona. Iheska dabilan eta! Ez dezakenat erran oraixe zorion osoan bizi nizala, nahiz ez nizan hain gaizki. Gizonak ez dezaken bere zoriona sendi, ez baitaki zer den zoriona. Bainan gero dun ohartzen, oroitzearekin, atzo memento goxo bat iragan duela uste gabean. Eta memento hura berriz iragan nahi liken. Bizkitartean memento hura berriz etor baladi ez lezaken memento hartan berean, zorion mikorik sendi edo atzeman.

        Mementoan ez dezakegulakotz zoriona sendi, atzo-koaren oroitzapenean edo biharkoaren esperantzan dun zorion guzia. Orain ohartzen nun, aitortzen dinat, hor nintzalarik hire ondoan, duela bost urte, egiazko zoriona gozatu dugula elgarrekin, jakin gabean. Atzoko zoriona gaur dinat zinez gozatzen.

        Atzo elgarrekin uros gintunan. Bihar elgarrekin berdin izanen gitun. Atzoko zorion hura berriz atzemanen dinagu bihar. Elgarrekilako zorion izari gabea!

        Bihar ez duk urrun, erraiten hautan hire azken solasetan. Bihar! Bihar! Bainan mementoan zer ez dugu jasan behar! Ez nun memento hunen jabe. Ez dinat nahi bezala bizitzen. Nahi dutan hura nitarik ihes baitoa beti. Zoriona, nik nahi dutan guzia. Zorionaren osoki gozatzea, zoriona eskuetan dugun ordu berean, ez dakinat, bizkitartean holako gauzarik badenez. Balinbada, ez ditaken sendi. Egia erran, elgarrekin iragan denboretan baino zorion azkarragoa senditzen dinat, frangotan, denbora heien oroitzapenean. Denbora hek berriz desiratzen ditinat, ene bihotz guziez, baitakit orai zoriontsuak zirela. Oroitzapenak esperantza emaiten datan. Hitaz oroitzapen onak badituztalakotz bihotzean ez dezakenat geroaz etsi.

        Oroitzapenak eta esperantzak!

        Iduri zautan horiek direla mementoko zorionaren gakoak. Ez dakinat zer den zoriona atzokoari eta biharkoari ez badut ene gogoa eratxikitzen. Oraiko zorionik ez dun, berenez.

        Gaixo Mayalen! Ikusten dun zer gogoeta bortitzetarat lerratua nizan bakartasun eta ixiltasun huntan.

        Halere, barkatzen badautan, ene gogoaren aldara-tze hunek ez bahitu bederen lotsatzen, hitzemaiten denat elgarrekilako biziaren esperantzari ez dutala uko eginen.

        Ene amodioa hiretzat ez dun oraikoa, bainan atzo-koa eta biharkoa. Atzo ontsa elgar maitatu dugula-kotz, bihar egundaino bezenbat elgar maitatuko dugula, horra zertako maite hitudan orai. Hori dun ene amodioaren hazkurri bakarra.

        Agian batzuetan erabili dituztan ele bortitzen barkatzeko bihotz ona ukanen dun. Ez niken nahi ene solasengatik gure arteko amodioa makurtu. Ahantz ditzagun oraikoak geroari pentsatuz. Jakizan arrangura horien burutik ateratzeak on egiten dautala. Bihotz goxatzen norapait. Beraz etzazkinala gaizki har. Gero dolu ditinat. Ikusten dun zer errango dutan...

        Egun batez, duela bost urte, elgarri betiko amodio hitzeman gindinan. Nitarik berextea onartu dun. Nik hitarik urruntzea onartu dinat. Ez gintunan deuseren lotsa. Eta atzokoaren eta gerokoarengatik, ez dezakegun, gaur, batek ez bertzeak, gure hitza jan.

        Gaixo Mayalen, otoitz egizan enetzat.

        Bihar artio, lehen bezala besarkatuz.

                        Marti

 

* * *

 

        Horra orai egundaino bezain bakarrik! Aspaldian ez dut hitzik igorri Mayalen gaixoari. Zonbat denbora du Mayalenek ez duela ene berririk? Hilabete bat? Berdin. Aspaldi du ez nizala hoin luzaz ixilik egon. Lehen ere gertatu zautan ba gauza bera. Lehen eta azken aldia zela uste nuen. Eta orai berriz haste!

        Nere buruaz ahalge niz. Maitearenganik urruntzen ari nizala iduri zaut. Eta harek maite ote nu beti? Ez dakit. Izigarri da bakartasuna. Bertzek bazterrerat utzia nutela uste dut. Menturaz nihaur naiz bertzetarik urruntzen ari, nihaur nere buruari harrika.

 

* * *

 

        Etxerat joan nintake gogotik. Eta gero? Eta bihar? Nola izanen niz? Berriz hunat itzuli beharko, bertze batzu bezala? Ezin bizia omen da han ere.

        Aski sos baduta Mayalenekin egin ginituen xede eder heien obratzeko?

 

* * *

 

        Zertako etorri niz ni hunat? Sosaren egiterat. Ez da bertzerik. Ez dut estakururik sosa baizik. Sosa... Sosa...

        Denbora galtzen ari nintzala nion Eskual Herrian. Etxean ez zuten ene beharrik. Beñat han da. Eta ni? Ni? Nahi nuen lekurat joaiteko sortua.

        Zer naiz ni laborari bat baizik? Ez dut sekulan bertzerik ikasi. Alta etxean ba ahal zakiten ez zutela ene beharrik ukanen handitu-eta. Mutil? Eta laborari etxe batean? Ez nuen holakorik nahi. Auzoko mutilarenganik ez duta behin eta behin entzun, mozkorra zelarik, lan tzarren guziak harendako zirela? Mutil? Ez.

        Lurrari sobera fida dira oro, lurrak gizona hazten duela.

        Zertarat joan ere hirirat? Untzi ikuzterat sukalde xahutzerat? Lantegi garbitzerat? Bide egiterat? Lan zikin guziak gu bezalako trixte batzuentzat dira. Lan zikinak, bertzek nahi ez dituztenak, sekulan aberasteko menturarik gabe. Hogoitabi urtetan ez nezaken holakorik onart.

        Ameriketarat joaitea hautatu badut, laster aberasteko bidea ikusten nuen hor. Frantzian egonez, hamar urteren buruan hastean bezala izanen nintzan. Nunbait egon behar eta berdin, Ameriketan artzain egoitea hautatu nuen.

        Nehork ez nu zinez han begiratu nahi ukan. Deusetako ez nintzan berdin, bertze ezdeus guzien artean. Ene falta ez zitaken biziki ageri. Geroztik ohartu niz hau ere bertzek nahi ez duten lan heietarik dela. Ni bezalakoentzat.

        Ene zango-sagar azkarrez gorago nehork ez du ni baitan deus gehiago ikusi. Zerbait erran zezaketenak ixilik zauden. Mintzatu beharrak.

 

* * *

 

        Zer dakite etxean nitaz, gezurrik baizik? Egiaren gordetzea gezurraren sinets araztea. Ardiez, bihiez, aroaz, herriko sortzez, hiltzez eta ezkontzez baizik ez dakite mintzatzen gure etxean.

        Eta biziki ontsa nizala uste dute. Eta uros dira auzoeri erraiten: Marti biziki ontsa dela.

 

* * *

 

        Mayalenek bakarrik jasaiten ditu ene koska bulta guziak. Gaixo Mayalen!

        Ez dut Mayaleni gezurrik erran nahi. Mayaleni ez. Eta izkiriatu gabe nago, egiaren erraiteko beldurrez. Ixilik egoiteko hobea niz.

        Zonbait hitz izkiriatzen ditut. Eta hondarrean gauza peningarri batzuen erraiten ari nizala ohartzen niz. Eta letra has-eta urratzen dut.

        Eta Mayalen berririk gabe dago. Gaixo Mayalen!

 

* * *

 

        Nork lagunduko nu? Egun guzietako bizi hura deramat beti bezala ahal dutalarik Jainkoa otoiztuz. Leku trixte hok utziko dituztalarik, agian Jainkoa beti bihotzean ukanen dut. Izanen da zerbait gero ere, sor-herrirat itzuliko nizalarik.

        Ez nuke Mayalenenganik entzun nahi, hemengo bakartasunak gogoa betikotz nahasi dautala. Horren beldurra dut. Orduan ez dakit zer gerta litaken...

        Ez. Mayalen ixilduko da. Badakit. Ezagutzen dut.

        Ontsa ilun izan behar niz holako pentsaketen egiteko. Ez dakit noiz eta nola galdu dutan ezpainetako irriñoa. Mayalen ez da hemen eta, nori behar dut beraz ene irriñoa egin?

        Bakarrik mintzo ote niz batzuetan, gora-gora, ardien erdian? Berdin ba. Berdin ez. Ez dakit. Dakitana da gora-gora edo ixil-ixila, gogoa ez dutala sekulan trankil...

 

* * *

 

        Mayalenen letra bat ukan dut atzo. Horra zer erraiten zautan:

        «Badiaguk hik eta nik elgarren laguntzearen beharra bizitzeko. Haugi etxerat, gaixo Marti, haugi etxerat! Ni hemen nuk hire beha. Ez duk oraino berantegi. Haugi, haugi...»

        Mayalen maitea. Aspaldiko nigarrak atzo ixuri ditut. Nigar egiten ere ahanzten hasia ote niz? Alta zoin goxo den maitearen bihotz onari pentsatuz nigar egitea!

        O Mayalen! Mayalen! Zoin maite zitudan!

 

* * *

 

        Bakartasuna.

        Kanperoak ez daki eskuara. Indiano horietarik da. Ontsa apal nintake ene arranguren gizon hits horri agertzeko.

        Apez bat bederen balitz hemen, ene ikusterat heldu, ene kontsolatzeko eta laguntzeko.

        Harek balakike zer erran.

        Aspaldi du ez dutala apez baten elerik entzun. Bertze gizonek ez bezalako solasak baluzke apez batek. Jainkoak uzten ari nuela diot. Edo bederen nik ez badut Jainkoa uzten ari. Ez dakit.

        Apez baten solasak behar nuzke orai. Apez bat nahi dut.

        Nor da horien guzien hobendun? Ni?

        Denak akusatzen ditut nere kexuan.

        Orai berriz mendian nago. Hemen iragan dut Paz-ko. Oroitu bederen baniz, eliza ere. Beti berdin da hemen. Halere, Pazko zelakotz bihotza loriosago nuen, iduriz bederen. Pazko! Neure gisan, nik ere, Krixtoren piztea kantatu dut bihotzean. Kar poxi bat eman daut horrek, bizitzeko doia menturaz, Salbatzalearen oinazez oroituz. Bertzek ere zerbait ikusten dute bizian. Bizitzea, ez dut bertzerik galdatzen hemen nizano. Bizia gauza ederra dela daukat eta eskerrak diozkat Jainkoari.

 

* * *

 

        Barda elurra erori da berriz. Ez da lodi. Oroitzapen tzarreko toki itsusi hoien gordatzeko ez du, halere, aski egin. Begietan dituztan lur horiek ez nuzke ikusi nahi. Elur egin balu gehiago, mendiak xuri-xuriak balire, bertze gogoeta batzu egin nezazke menturaz. Elur baztertzen nahiago nuke arizan, ardien zaintzeko, dena gogoeta egon baino. Alferkeriak ez du deus onik ekartzen. Gogoeta txar edo ilunen baztertzeko ez da lana bezalakorik.

 

* * *

 

        Gure etxeko goxotasunaz oroitzearekin, bixtan da, plazer baino trixtezia gehiago senditzen dutala. Etxeaz oroitzen niz. Aitaz, amaz, anaiaz. Hau ere ezkondu da. Eztei egunean ikusten ditut hortxet, bortaintzinean, ezteiliar guzien erdian, batek bertzea maite, zoriontsu. Uros dira. Hobe segur. Badakit sobera zer diren penak eta bihotz ilundurak. Ez nuke nehori zorionik ez kendu ez gutiziatu nahi. Ez nuke nehor ni bezala ikusi nahi.

        Ontsa jaten dut, ontsa edaten eta ez dut hotzik. Radioa mintzo da, kantuz ari, musikan ari. Horien guziengatik bihotza ilun dut, nun ez nizan uste gabetarik mozkortu edo lotarik ametsetan ari.

 

* * *

 

        Mayalenek beti maite nuela erraiten daut. Ez nuen sekulan erranen amodioa holakoa zela. Gu bien artean aspalditik lokarri gorde batzu ukan ditugu. Mayalenen izaite guzia, haren goxotasuna, haren bihotza bera nihauren baitan dituztala iduri zaut. Nitan dago, egun eder eta txarretan, gorputzez bestalde. Zorigaitzez ardura, bakartasun eta ixiltasunak Mayalenen amodio goxoa bihotzean nahasi dautate.

        Alta, amodioa, zer gauza ederra, zoragarria!

 

* * *

 

        Zertako nuzke sofrikariozko sos horiek oro Mayalenekin ez uros izaiteko? Ez dut, sos hori, ene nagusitasunaren erakusteko. Sobera maite dut Mayalen haren nagusi izaiteko. Batek bertzea lagundu beharko dugu, esker txarrik erakutsi gabe, batek bertzeari egiten duguna guhaurentzat egiten baginu bezala. Ez, ez da egia. Bertzearentzat egiten dugulakotz dugu bihotz onez egin behar. Izanen dira ba, bixtan da, kexaldi batzu bainan batek bertzearen amodioaz oroituz barkatuko ditugu biziaren nahigabe guziak. Badut aski ikusirik neure buruarekin, harat eta berriz nehoren gaizkiaren ondotik ibiltzeko. Ez nuke nahi Mayalenek sendi dezan nitarik esker txar edo hoztasun edo idortasunik.

        Barkatzeko atsegina zoin den handia, maite bati barkatzen delarik!

 

* * *

 

        Zonbaitetan baino gehiago neure buruaren jabe nizala iduri zaut.

 

* * *

 

        Ene arrangurak eztitu ondoan ez dut hemen, sei hilabete hotan, deus handirik izkiriatu. Negua zen eta beherean nintzan. Orai berriz hasten ari niz. Zertako ote? Bihotz min bat dugularik, orduan dugu norbaiten beharra senditzen horien guzien jasaiteko. Halere berekoi izaitea da hori. Ez litake hola izan behar. Nik paper-mutur batzueri eman ditut ene arrangurak. Ez nuen nehor bertzerik. Mayalen han zen ba beti. Bainan, frangotan, penarik ez egin nahiz ixilik egon niz, guziak barkatuko zauztalarik. Etxekoekin berdin. Denbora batez ene buruaren ahalge nintzan eta. Gaiz-ki egin dut menturaz. Bainan bego hortan, joanak joan.

 

* * *

 

        Etxerat banoa. Joan behar dut hemendik. Orai ez baniz joaiten, egun batez berriz haste litazke oro. Ez dut holakorik nahi. Badut ene biziko aski oroitzapen. Hortan geldi.

        Menturaz nihaur niz holakoa, ez dezaket bakartasuna jasan. Ez dakit.

        Hogoi egunen buruan Parisen jautsiko niz. Mayalen han izanen da. Ba, gaixo Mayalen! Maite dut.

        Zoin goxo izanen den elgar besarkatuz nigar xorta baten ixurtzea maitearen sorbalda gainerat.

 

aurrekoa hurrengoa