www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Mendekoste gereziak
Jean Etxepare Landerretxe
1962, 1991

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Inazio Mujika Iraola.

Iturria: Mendekoste gereziak, Jean Etchepare (Inazio Mujika Iraolaren edizioa). Erein, 1991

 

aurrekoa hurrengoa

PUXKA

 

        Puxka, ttipian, xakur txar bat zen gero handitu bazen ere.

        Orkatzeko alabak bildua zuen, duela lau urte Itorrotzeko oihanean abendoko egun batez, hotzez daldaran zagola. Umeño bat baizik ez izanki eta jaberik ez, amarik ez! Ez bazen oraino, gaixo Puxka, norbaitek oihanerat aurtikia ez jakinez nola igor etxetik. Hiltzeak pena egiten, eta...

        Hain koxkorro txarra zen orduan, nun Puxka ukan baitzuen izena.

        Lau urteren buruan, bere izenarengatik, izigarriko zakur ederra zen. Bere andere gazte onaren etxearen zaintzeko hauta! Ez zuten segur ondotik dolu Orka-tzeko nagusi etxekanderek, lehen egunetan zonbait erasia emanik ere beren alabari.

        Behin Itorrotzeko oihan hartan berean zabilan, Puxka, zakur handi ikaragarria.

        Hesi baten gibeletik ohartu zen hantxet azeri andana bat bazela bildua haitz baten pean. Zer ari ote ziren?

        Zakurra gelditu zen eta barrandan egon.

        Azeri nagusia xutitu zen:

        —Barda Berhoko oilategian xixka pollita egin duzue, ene haur maiteak. Hola behar da arizan, hola! Atsegin egiten dautazie ene azeri bihotzean, hango zakur tzar hura hola koditurik. Biba azeriak! Kuku zakurrak! Goazen hol-hola! Bihar Orkatzeko oilategian itzuli bat eginen duzue. Bainan kasu! Kasu otoi! Kasu Puxka zakur itsusiari!

        —Ez gira beldur! —oihu egin zuten azeri guziek.

        Biba azeriak! Kuku zakurrak!

        Erran egunean, gauza horiek jakinik, Puxka oilategiko bidean etzanik jarri zen, hila bezala. Lau zango-besoak luze-luzea, han zagon hilik gogortua iduri.

        Goizalderat azeri bat jin zen bakarrik lekuen ikusterat eta hea Puxka nola ote zen. Haren gozoa biho-tzean Puxka hila ikustearekin!

        —Ez ahal duk araiz alegia ari? —egin zuen gero bere baitan.

        Eta ixtaño bat beha egon zen etxe gibeleko seiletarik.

        Bainan Puxka ez zen higitzen ere! Pentsa!

        —Hila duk ba, arras hila, hola erraz gora egoiteko! Eta holako hotza gainerat! Bainan ez dik sekulan zakur tzar horri fidatu behar. Hilarena eginen dik gero horrek berdin! Behar diat hobeki ikusi.

        Eta azeria, emeki-emeki, zangoak doi-doia lurrean finkatuz, Puxkaren ondorat hurbiltzerat menturatzen da. Mila dudetan haatik!

        Puxka ez zen higitzen oraino.

        Azeriak ezpainak milikatu zituen oilategirat behako bat emanez: Zer goxoa sarri!

        Gero puxkaren usaindatzerat menturatu zen.

        Beti eta erneago, zango zolatik kilikatu zuen zakurra bere aztaparrekin.

        Puxka ez zen higitzen! Bai to!

        Muturrean aztapar bat egin zion.

        Puxkak ez zuen deus senditzen.

        Orduan lasto bat hartu zuen gure azeriak eta zakurraren beharri ziloa kilikatu.

        Puxka hila zen.

        Ez zen gehiago dudarik.

        Eta azeria, bihotza airean, tiroa bezala Itorrotzeko oihanerat itzuli zen oihuka:

        Puxka hil! Puxka hil! Hil! Hil Betikotz!

        Azeri nagusia jauzian jeiki zen bere ohetik. Ez zen guti harritua!

        —Hila?

        —Ba!

        —Hunki duka?

        —Ba!

        —Kilikatu?

        —Ba!

        Azeri nagusiak sinetsi zuen. Mutil fidel eta ernenak erraiteaz geroz araiz!

        —Are huzt! Zoazte ba Orkatzeko oilategiaren husterat. Biba azeriak! Kuku zakurrak!

        Nagusiak erran bezain laster, hogoi bat azeri dan-tzan abiatu ziren Orkatzeko oilategirat buruz.

        Bainan Puxkak denak garbitu zituen jin doi.

        —Kuku azeriak! Biba zakurrak!

        Hitz horiek hautemaitearekin eta ikusiz haren mutileria ez zela gibelerat ageri, azeri nagusiak konprenitu zuen zer zen gertatzen.

        Eta bere azeritegian bakar-bakarrik, biziki trixte, beldurrak josia, hamar bat egunen buruan goseak hil zuen.

 

aurrekoa hurrengoa