www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Mendekoste gereziak
Jean Etxepare Landerretxe
1962, 1991

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Inazio Mujika Iraola.

Iturria: Mendekoste gereziak, Jean Etchepare (Inazio Mujika Iraolaren edizioa). Erein, 1991

 

aurrekoa hurrengoa

MENDEKOSTE GEREZIAK

 

        Bi haur ttipi baziren, neskato bat eta mutiko bat. Ixtorioa aspaldikoa da.

        Peyo eta Mayik ez zituzten sekulan sinesten amaren erranak. Alta hamarna urte zituzten doi-doia. Eta ordukotz beren burutarat ari nahi. Hik errak! Adin hortan!

        Laborari etxe batzuetan bizi ziren. Peyo Harginainean. Mayi aldiz Harxurian. Bi etxalde ttipi mendi baten gibelean.

        Mendi mazelak eta alorretako on ez ziren lurrak. Zoko-moko guziak oihanez estaliak ziren, udan dena putzuka perde, neguan hezur eta larru. Oihanez-oihan, Ihizgorriri behera, ur erreka mehe bat jausten zen, arroketan ohatua, nihun ere lohi putzu bat gabe. Ura kriztaila bezain garbi, jauzi-jauzi heldu zen gain behera.

        Harginainean eta Harxurian behiak, zaldiak, ahuntzak eta ardiak bazituzten. Gatuak eta zakurrak ere.

        Bi etxe horiek herritik urrun ziren. Herrirat hel-tzeko oihan beltz bati barna joan behar zen mendi bati gora; eta gero berriz jautsi oihanez-oihan, bidexka txar batzuetan gaindi.

        Bertze hiru etxe ere baziren horien inguruan. Bainan horietan ez zen haurrik. Haur handituak ba... Eta haurrak beti haurretarat biltzen dira.

        Harginaineko lau haurrak Harxurirat zoatzin jostatzerat. Bertze egun batez Harxuriko hiru haurrak Harginainerat bazoatzin.

        Eta ez zuten oraiko haurrek ukaiten dituzten jostagailurik! Ur errekan xipaka artzen ziren neskak eta mutikoak gaztain perdez xirula egiten, xori hiltzen harrika neguan, udako bero handietan suge mandil kalitzen harrusuetan eta holako.

        Neskek ez zuten pupetarik. Mutikoek ez zuten zurezko zaldirik. Ukanik ere ez ziren gustatuko. Ez zakiten xoko batean jarririk jostatzen, haur txar batzu bezala, iduri eriak, lasterka ezin ibil. Jauzteka ezin ar.

        Ez zitazken geldirik egon. Nahiago zuten aberen ondotik hatsangatuak ibili. Nihun ez zauzken.

        Astoen ondotik ibiltzen biziki maite zuten.

        Erle edo leizarfin kafira bat atzemaiten zutelarik, uli txar horiek hil artio ez zuten bakerik. Su emaiten zuten ziloari. Zonbait xixta bildurik ere, ez zituzten horrek lotsatzen. Eta ikusi bazinuzte, zoinek beldur gutiago, gizonak gerlako suaren aintzinean bezala.

        Alta aitamek egin ahala lanean arrarazten zituzten. Denbora huts guti zuten ardurenean. Neskek ama lagundu behar zuten barneko lanetan. Mutikoek aita.

        Eta lanean ez baziren ontsa ari aita eta ama ez ziren beldur oihu handi batzuen egiteko. Menditar boza: idorra, ortziaren ikararekin.

        Lurra, oihanak, etxeak, iguzkia, izarrak eta zerua baizik ez ziren ageri heietan. Alde guzietarik mendiak. Eta bixta labur.

        Eta haur gaixo hek nunbaitik jakina zuten mundua handiago dela, ederrago, ezin sinetsizko gauzak badirela mendiaren bestaldean.

        Eta enoatzen ziren mendi xoko heietan. Aseak ziren beti gauza beren ikusteaz. Norapait joan nahi zuten, etxetik ihes, nehori erran gabe, ixil-ixila, gordeka...

        Frangotan elgarrekin mintzo ziren, mendiaren haindian gauza ederrak badirela. Ametsetarik bezala mintzo ziren, ustez eta berak ziren. Eta ama hor zen...

        Eta amak erraiten zioten ez dela etxetik ihes joan behar, gaizki dela hori, ama nigarrez ariko dela bere haurrak falta ikusiz. Bertze ixtorio batzu ere pentsa-tzen zituzten, haur horien ama gaixoek: otsoak badirela mendiaren bestaldean, otsoak, axeriak, hartzak eta lehoinak... Denak zoin gaixtoago, denak aztapar eta hortz xorrotz!

        Haur gaixtoak jaten omen dituzte. Ez denez izigarri itsusi!

        Bizkitartean bertze nehork ez zuen, amak bezala, aipatzen mendiaren haindian holakorik bazela.

        Alta ikusi behar zutela! Mendi zilo hortan ere enoatuak ziren.

        Bazakiten mundua handia dela, ederra, ezin sine-tsia, eta jende onak badirela alde guzietan.

 

* * *

 

        Primadera etorri zen. Bazterrak oro kanbiatu ziren. Dena hosto eta belar perde, dena lili...

        Bainan mendi zoko hartan betiko primadera zen. Eta haurrek ere aspaldian ezagutzen zuten nola zen primadera. Urte guziez arbola berak hostatzen eta lilitzen ziren, pentze berak perdatzen, zeru bera izarrez betetzen, xori berak kantuz artzen. Hango primaderak ez zuen deus ederrik. Haurren begiak aseak ziren, enoatuak, akituak, beti bereri beha.

        Mendekoste gereziak bazirela hautemana zuten, mendiaren bestaldean.

        Igande arratsalde batez, bazkalondoan, amak etzanaldiaren egiterat igorri ondoan, sabaiko bortatik atera ziren eta mendiari goiti abiatu.

        Oihan beltzean zernahi xori airatzen zen arboletarik heien urratsak hautemanik. Baziren xori gorriak, baziren xuriak, beltzak, perdeak eta kolore guzietakoak. Kantuz ari ziren, oro batean, munduko soinu ederrena baino pollikiago.

        Batzuetan erbi batek zirurikan, tiroa bezala, heien sudurpetik ihes egiten zuen.

        Han-hemenka iguzkiaren erreiñu horiak oihanaren barnean sartzen ziren orratz batzu bezala.

        Suge luzeak baziren arboletan bihurdikatuak aihen batzu bezala. Xixtu mehar bat egiten zuten haurrak ikustearekin. Eztena agertzen eta luzatzen. Bainan haurrak ez zituzten hunkitzen ahal.

        Gero mendiari behera abiatu zirelarik iturri ttipi bat atzeman zuten arroka batean. Ura intzirika ari zen. Ahurraren barnetik zonbait hurrupa edan zituzten.

        —Etxean baginu ur huntarik!

        Eta berriz mendiari behera joan ziren, eskuz-esku. Ixilik zauden. Ez zakiten nun ziren, amentsetarik bezala zoatzin.

        Beren baitan egiten zuten mendekoste gereziak ez zitazkela orai urrun.

        Mendekoste gereziak, zer gerezi onak. Lehen gereziak!

        Mayik altzotara bat eremango zuen etxerat eta Peyok bonetaren bete.

        Mendekoste gereziak, zer gerezi goxoak!

        Mendiaren zolan etxe xuri bat ikusi zuten. Hurbildu ziren.

        Gereziondo bat bazen.

        Mendekoste gereziak, gorri-gorri, hosto perden artean. Bainan etxe horren jabea agertzen bada? Makil bat eskuan heldu bada bi haurrak gereziondoaren kaskoan direlarik?

        Ai! Ei! Ai! Ei!

 

* * *

 

        Etxe aintzinerat joan ziren hea nehor ageri zenez

        Eta bi milatia! Emazteki xaharño bat bortako harrian iruten ari zen.

        Hamar bat gatu bazituen bere inguruan, xuriak eta beltxak.

        Haurrak, etxe gibelean, ixil-ixila gereziaren gainerat igan ziren...

        Bainan emaztekiak berehala burua goititu zuen eta haurreri ohartu zen.

        —Zatozte, ene haur maiteak, mendekoste gerezien ondotik jinak zirezte, ez dea hala?

        Haurrak ixilik zauden, eskuz-esku, tinki-tankia.

        —Ba —erran zuen gero neskak ahapetik bezala.

        —Zatozte haur maiteak, mendekoste gereziak ukanen dituzue. Eta bertzerik ere... Beha zazue ontsa: murru guziak dena zukrea dira, arbola guziak dena xokoleta, fruita guziak dena oñoña. Eta Hortxet labe handi bat ikusten duzue haur maiteak, bizkotxen erratzeko. Bixkotxa emaiten dut haurreri ogitzat. Zatozte haur pollitak, zatozte lehenik ene sukaldearen ikusterat. Gosetuak zitazkete holako bideak eginik. Zatozte... Gero nahiko gereziak bilduko ditutzue. Arbolen gainerat igaiten zireztea?

        —Ba.

        —Kaskoraino?

        —Urtxintxak bezala —egin zuen mutikoak.

        —Ai zer haur pollitak. Nola duzue izena?

        —Peyo

        —Mayi

        —Oi zer izen goxoak. Peyo! Mayi!... Ai Mayi, hanbat gaixto, ez hunki, murru hori, ez milika, etxe guzia urtarazi gabe!

        Sukaldean sartu ziren hiruak. Ikaragarriko paztizeria usaina bazen.

        Ganderailuak, ximinia gainean, urrezkoak ziren. Kapitxuluak, zilarrezkoak, supazterrean. Murruak denak zukre.

        —Sar zaizte, haur gaixoak! Atsalaskaria eginen duzue lehenik.

        Erran bezala atsalazkaria egin zuten. Egundaino jan edo ikusiak ez zituzten gauzak milikatu, xurgatu eta murtxatu zituzten.

        Emaztekia kunkurra zen, hosto bat bezain arina, begitartea eta biloak xuri-xuria, soinekoak xuri eta beltx.

        Denbora laburrik barne borta-leihoak hetsi zituen gakoz.

        Haurrak izitu ziren eta jatekoak eskuetatik eror-tzerat utzi.

        —Horra haur maiteak, orai ene etxean egonen zirezte betikotz. Ni izanen naiz zuen nagusia. Orai preso zirezte. Bainan ez zirezte gaizki izanen, dena xokoleta, dena zukrea, dena oñoña eta edari goxo.

        Haurrak nigarrez orroaz hasi ziren eta gau guzian ez ziren atertu.

        Emazte txarrak Peyo burdin zirizko kaiola batean preso ezarri zuen. Ez zuen handik higitu behar, hura mendi-zelaietan jauzketa ibiltzen usatua.

        Mayi etxeko lanetan ari zen.

        —Orai ontsa zirezte, haur maiteak, ez duzue gehiago nigarrik eginen. Peyo hor egonen dun hamar bat astez handitzen, azkartzen, gizentzen. Gero jateko... Hik aldiz, Mayi, etxeko lanetan lagunduko nun. Hire adixkideari jaterat emanen dion... Gaixo haurrak, ni bakarrik niz mundu huntan, aitarik gabe, amarik gabe, anai-arrebarik gabe, haurrik gabe. Ikusazue zoin triste izan naiteken, bakarrik ontasun guzien erdian, oihan baten barnean. Eta zuek aitamekin enoatzen... Nik haziko zituztet, haur gaixoak. Aitamek ahantziak zituzte orai, ez dute nigarrik egin, sobera haur bazinezten etxean, ezin bizia! Ez zireztea ontsa enekin?

        Haurrek ez zuten deus ihardetsi eta ixil-ixila nigarrez ari izan ziren.

        Mayi, nahi ukan balu, errexki eskapa zitaken presondegi hartarik, harat-hunat ibiltzen zen, kanpoan gaindi, berbera.

        Bainan bere laguna ez zuen bakarrik utzi nahi hor preso.

        Bere burua salba zezaken.

        Bainan Peyo nigarrez ari zen. Eta hortakotz nahiago zuen hor egon, Peyoren lagun, haren bihotzaren poxi bat gozatzeko.

        Eta Mayi eskapatuz, menturaz atso xahar horrek Peyo hil zezaken mendekioz.

        Peyo biziki dohakabeago izan zitaken Mayi gabe.

        Eta gaixo bi haurrak beren mendi xokoaz oroitzen ziren: aitamak, anai-arrebak, lagunak, zaldiak, xoriak, suge mandilak.

        Horra norat eramanak zituzten mendekoste gereziak.

        Haurrak trixte ziren. Peyok ez zakien kanpoa nola zen, bere barne ilunean. Mayik erraiten zion noiz zen iguzki, noiz euri, noiz fruitak zohi, noiz ogi epaiteak, mahats biltzeak...

        Munduan izan ditazke gormandiza guziak jaten zituzten, bainan bihotza ontsa ilunik zagon halere, libertatea hola galdurik.

        Urte bat segurik iragan zen hol-hola.

        Egun batez atso xahar kunkurrak erran zuen labea piztu behar zutela, labetara bat bixkotxaren erratzeko.

        —Eta Peyo ere orai ontsa gizendua baita...

        Neska gazteak hitzerdiz konprenitu zuen. Bainan ez zuen deus erran bere lagunari, ez nahiz eta asaldarazi, orroaz hauteman.

        Mayi abar eta egur eihar karreatzen arizan zen, lehertua, oihanetik.

        Labe ziloan sartzen zituen ikaragarriko sugai pisuak, izerdi uharretan izigarri bero zen labetegian, sua pindarka ari.

        Atsoa sukaldean bixkotxa gaien apailatzen ari zen.

        Peyok gaitzeko usain ona senditzen zuen bere kaiolan. Nahiago zuen bere lagunaren laguntzerat joan, oihanetik sugaiketa arizan.

        Bainan preso zen eta kaiolaren ziriak ez ziren xokoletazkoak. Dena burdina ziren. Ez zuen balio debaldetan indarka artzea.

        Neskato gaztea bi oren segurrik arizan zen egur karrea-eta-karrea, labe ziloan sar-eta-sar. Azkenekotz ez zezaken gehiago eta labetegian erori zen.

        Atsoa etorri zen.

        —Zer ari hiz, no, hor etzanik? Kixkila! Itsusia! Xuti hortik eta ar lanean!

        Besotik har-eta xutiarazi zuen. Eta neska gaztea berriz sugaiketa joan zen. Doi-doia zagon xutik. Nigarrez ari zen. Halere bere indar guziez lanean ari zen. Nahiago zuen bere burua lanean lehertu ezinez-eta ikusi atso zaharra zahalo mehe batekin iztazainetan joka.

        Ikaragarriko sua ari zen labean. Ifernuko sua, gorri-gorria.

        Eta aingeru gaixo bat ari zen, deubruaren orde, ifernuko suaren akulatzen.

        Neska gaztearen eskuak zarrastatuak ziren, zango-besoak odolduak, zaiak urratuak. Nigarrez ari zen.

        Azken besotara ekarri zuelarik, atsoak sukaldetik oihu egin zion:

        —Mayi, labea gorri dea?

        —Ez dut ezagutzen anderea.

        Atsoa labetegian sartu zen, begitartea kexu.

        —Neska tzarra! Kixkila!

        Atsoa labe zilorat hurbildu zen eta burua ziloan sartu.

        Ordu berean, esperantzaren mila indarrek sustaturik, neska gazteak atsoa bi zangoetarik hartu zuen, labean sartu eta han hetsi.

        Emazteki gaixtoa han kixkaildu zen, deubruen garrasietan, eta ele itsusia frango erranez.

        Neska gazteak bere lagunaren kaiola ideki zuen.

        Luzaz besarkatu ziren eta etxean sartu.

 

aurrekoa hurrengoa