www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Mendekoste gereziak
Jean Etxepare Landerretxe
1962, 1991

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Inazio Mujika Iraola.

Iturria: Mendekoste gereziak, Jean Etchepare (Inazio Mujika Iraolaren edizioa). Erein, 1991

 

aurrekoa hurrengoa

ETXEKOAK

 

        Aita hila zuten, duela ordukotz hamar urte. Gehienak, Erramun, hameka urte zituen, eta bertzeak, Peyo, zortzi urte, aita azken egoitzarat lagundu zutelarik amaren bi aldetan emanik. Etxetik elizarat, elizatik hilerrietarat eta gero berriz etxerat amaren sahetsean ibiliak ziren, gaixo ama nigarrez hipaka hautemaiten zutela bere mantaleta beltxaren pean.

        Gazte eta gurdo zen oraino emaztekia, doi-doia hogoitamar urte bere senar maitea gerlan galdu zuelarik, tiro batek lepoa mozturik. Ezagutzerat eman ziotelarik bere senarra kutxa xuri baten barnean, bihotza hautsi zaion eta murrua bezain xuri lurrerat utzi zuen bere burua. Aguerdienta xorta bat edan arazi zioten eta begitartea usain goxoz perekatu iratzar arazteko.

        Maite zuen bere senarra, emazte batek sekulan maite ukan ez duen bezala bere laguna hamabi urte ezkontzaren ondotik. Emazte ona zen bere senarrarentzat. Ez zion deus ñaukelakeriarik egiten, emazte frangori atsegin zaioten bezala... Jaterat eta edaterat emaiten zion ausarki, beti haren ona bilatuz. Funtsean ezkont aintzinean zuten amodio bera eta suhar hura bera zaukaten bihotzean batak bertzearentzat. Eta fidantzia bera ere bai. Goizik elgarretaratuak, bainan amodio handi eta bizi baten jostura sanoek azkar zeraukaten elgarren arteko lokarria.

        Bainan gerla jin zen, gerla ikaragarria, deubruz egina, eta bortxaz utzi behar harat norapait joaiterat nahi den bezain maite den mutikoa, izan dadien ezkondua ala donadoa oraino. Gerlak ez du behatzen aita bat, ama bat, ala seme bat duen hiltzen. Xakurrez berdin...

        Gerlarateko bidea hartzearekin, Piarreñok, beti zuhurtzia gogoan eta ziolarik bere baitan: «Ez baniz hiltzen, hobe, gero ere urratu ahalko diat; bainan segurtamen batek ene emaztea balio dik». Gerlarakoan beraz Piarreño bere notariaren etxean iragan zen eta zentzurik hoberenean, elkordura eta itsudurarik gabe, bere ondoriotasuna egin.

        Haren hil egunetik hamar urteren buruan ideki-tzeko baimena emana zion lege-gizonari, bere emaztearen ixilik.

        Maite, begi eta matelak ontsa ilunik, etsi-etsia bere bizi berriari lotu zen ezinbertzean, frangotan bere senar zenaz oroitzen zela. Oherakoan, bere bi haurño onak beren ganbaran etzan arazi eta aitarentzat zonbait otoitz eginik, bere ganbaran sartzen zen, eta han, burua nigarretan atxikitzen zuen senarraren esposeko arropa beltxetan. Ezen etxerat ekarri zutelarik Piarreño, ez zuen gogorat eman ere gorputzaren aldatzea eta bere gerlari arropetan joan zen zeruko zorionerat. Maitek ez baitzuen asmatzen ahal holako gizon on bat zerutik baztertua izan zadien, eta bazuen fidantza Jainkoaren graziek behar zena egin zutela.

        Zonbait hilabeteren buruan, gerla gelditu aintzin, Maitek jakin zuen aintzindariak berak izkiriaturik, Piarreñok gerlako kurutzea ukaiten zuela, ikusiz haren bihotza suaren pean, haren eskualdun odolaren indar gaitza eta holako terrenteria batzu. Maiteren hisdura oraino barnago sartu zen iduriz, ez baitzezaken konpreni holako gizon bihozdunek hoin gazterik hil behar duten. Handitu baizik ez zen Piarreñoren estimua alarguntsaren bihotzean.

        Senar zenaren ordaintzeko lur lanetan, eta baitzakien ez dela burua mundu huntako herstura eta nahigabeen peko jartzerat utzi behar, mutil bat gotorra hartu zuen bere zerbitzuko. Ez zen ez beldur, bera ere, alorrerat aitzur bat bizkarrean joaiteko arto jorratzerat, xixpa batekin belar kargatzerat eta holako. Etxean egonez ere zango bat bertzearen gainean, beti bere senar zenaren oroitzapen dorpea heldu zaion gogoaren trixtatzerat. Han bederen aire zabalean, lanari borroka, iguzki gorriaren pean edo haizearen erdian, gogoeta hitsek ez zuten haren buruaz jabetzeko denborarik. Zorigaitzez gogoeta ilun horietarik heldu bazaizkon, amodiozko kantu alegera bati lotzen zen bera balinbazen, edo mutilarekin solasean hasten bat-batean, batere funtsik gabe. Egin ahalak egiten zituen bere buruaren arintzeko oroitzapen beltzaren aztaparretarik.

        Asea zen hondarrean nigarrez, asea bortz urtez ixuri nigar bero eta ilun heietaz. Eta bere buruarekin egiten hasia zen, askitto ardura, ez zuela, funtserat-eta, beti gizon hil baten esklabo egon behar, iduri eta biharko den azken jujamendua eta arimek elgar ikustea. Beraz xede hortarat Piarreñoren esposeko jauntzi beltx lerden eta pollita saldu zuen piltzarketariari berrehun liberetan, ikusiz dena nigarrez desberdindua zela eta plantako nehork ez zuela berriz soinean ekartzeko gutiziarik ukanen. Azekirat aurtiki zituen bortz urtez oroitzapen gisa begiratu zapeta mutzituak, espartin erraustatuak, mokanes bat haren buruko odolez gorritua, eta ordu artio hunki nahi ez zituen puskileria guziak. Etxe handi hartarik senar zenari eratxikiak ziren gauza guziak haizarazi nahi ukan zituen sorginen madarizione batzu bezala.

        Urteak jin, urteak joan, oroitzapen horien hondarrean errotik ezeztatzerat heldu zen emazteki dohakabea. Erramunek orai hogoitabat urte bazituen, Peyok hemezortzi doi-doia. Hunen bihotzean oraino aitaren oroitzapena doi bat bizirik zagon. Bainan amak Erramunen gogoa aiseago bere nahietarat moldatu zuen. Ama aitaren oroitzapenen barreatzen hasi zelarik, Peyok beti bihotzean halako ximiko bat senditzen zuen eta amari bere gogoa egin arazi ahal ukan bazuen ez zituen utziko gauza saindu horiek piltzarketariari saltzerat edo errekan beheiti igortzerat. Erramun berriz, ordukotz gizondua bezala eta bere onari behatuz, amaren alde zen, baizik eta puskila zahar horiek gogoeta ilunak pitzarazten dituztela eta etxea usaintzen, eta hor gaindi egonez zapeta zilatu horiek norbait eror arazten ahal dutela eta beso bat aise dela hautsia. Amak atsegin zuen beraz holako seme baten ukaitea, haren erraneri behatzen zuena. Eta senarrak, igande batez bakarrik zirelarik supazter xokoan, elgarrekin beren haurren geroaz mintzo, aipatua baitzuen: «Gutarik azkenik lur huntan gelditzen denak ikusiko du nor ezar ondoko», jadanik Maitek Erramun hautatua zuen, Erramun mutiko gixakoa, harek egin eta erranak on-tsa atxemaiten zituena.

        Peyo, iduriz mutiko huts eta ezdeusa, eskolarat igorria zuten, etxetik urrun, hura baino ziri bat hobe zela, eta adin hortan, sendimenduak gogoan atxiki behar badira, aski direla bulego zoko zonbaitetan mutzitu gabe zaintzea, lurrak lana galdaten duela eta ez bertzerik.

        Eta senar zena duela bederatzi urte hilerrietarat nigarrez lagundu-eta, delako etxerat bildua zuen mutil harekin ezkondu zen, deus ahalgerik gabe. Nagusi berriak etxea oraino hobeki garbitu zuen... Erramunek beti bezala, onartu zuen gogotik, deus ez zuela galtzen, harendako izanen zela berdin etxaldea ama kanpokoa zenaz geroz, hura premua, eta Peyo apeztuko zitakelakoan...

        Peyok ez zuen holakorik onartu nahi ukan.

        Eta delako hamar urteak iragan ziren hola-hola ohartu gabean ere; eta bakantza egun batez, uztailaren hemezortzian, Piarreñoren hiltzearen mugaburua egunez-egun, uste gabetarik, lege-gizona Hargainerat etorri zitzaioten bi lekukorekin eta galdatu:

        —Oroit zirea zu, etxekanderea, zure senar zenaz?

        —Bo, zer erraitekoa? Hamar urte hila dela! Ez ditake beti hil bat gogoan egon araiz?

        —Eta zuek haurrak, zer diozue?

        —Zer nahi duzu erran dezadan? —dio Erramunek—. Amak erraiten duen bezala, hilak hil dira; eta ez du balio hek gogoan egoitea.

        —Nik segurik ez dezaket ahantz gaixo aita.

        Eta Peyo nigarrez hasi zen burua mahain idorraren gainean emanik.

        Lege-gizonak, Piarreñok artamendatu bezala, bertze bi gizonen aintzinean egin zituen galde horiek, eta gero irakurtu etxekoeri paper horitu batetarik:

        «Ene etxaldeak uzten ditut ene emazteari ni hil eta hamar urteren buruan ez bada, ni ahantzirik, berriz ezkondua. Gero harek utziko ditu berriz semerik hoberenari.

        Ene emaztea ezkondua bada eta ni ahantzia banu, semeeri galdatuko diozute nitaz oroit direnez. Ez banute ahantzia, Hargaina Erramunentzat uzten dut, Errekaldea Peyorentzat. Biek ahantzia banute ene ontasun guziak salduak izanen dira ospitale baten egiteko.

        Seme bat oraino ni gogoan badago, harek bilduko ditu ene ontasun guziak, eta bertzeak kanporat joanen dira.

        Badut fidantzia zutan, ene lege-gizona.

                Piarreño Hegalde»

        Eta lege-gizonak behar zena egin zuen.

 

aurrekoa hurrengoa