www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Mendekoste gereziak
Jean Etxepare Landerretxe
1962, 1991

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Inazio Mujika Iraola.

Iturria: Mendekoste gereziak, Jean Etchepare (Inazio Mujika Iraolaren edizioa). Erein, 1991

 

aurrekoa hurrengoa

GAUEZ GAU

 

        Hamar bat urte ukan behar nituen denbora heetan.

        Etxean labea pizten ginuen oraino ogiaren egiteko.

        Behin, labearen pizteko bezpera arratsean, ama ohartu zen altxagarria zaharra zuela.

        —Eta futxo, batere ez duk altxatu! —erran zuen hirugarren aldikotz usaindatuz— Ez zian ontsa hetsia... Eta Hartxurirat joan behar diagu.

        —Ez ni segurik —ihardetsi nuen berehala—. Izigarri ilun duxu!

        Aintzinetik banekien nik segurik joan beharko nuela, gehiena izanez.

        —Biak joanen gituk. Nik makil ferratua hartzen diat.

        —Zer eginen duxu xuk makilarekin?

        —Sugeak eta apoak kalituko!

        —Eta otsoak?

        —Berdin-berdina!

        —Hartzak?

        —Hek ere!

        Ez nintzan gogotik atera etxetik. Beldur nintzan, gaua zelakoan.

        Bide handirat atera orduko, amaren makilak, eskuetan gogor, tanka-tanka azantz egiten zuen harriaren gainean.

        Nihaun baitan ari nintzan, hea amak makilaren xixpa aski goiz agertuko zuenetz etsaiaren garbitzeko, edo bederen iziarazteko, ala izialdurak buru-besoak lokar araziko ziozkan

        Ez dakit zendako amaren aintzinean abiatu nintzan patarrari goiti. Alta izitua nintzan, hea zer aterako ote zaukun bi aldetako hesien gibeletik.

        Begiak hetsirik ala idekirik berdin-berdina ageri zen.

        Ene baitan egin nuen ni gizona nintzala eta ama emaztea. Haur hutsa izanki eta... Ez dut sekulan konprenitu zertako amaren aintzinean jarri nintzan.

        —Hago emeki, mutikoa! Zer nahi duk ala nitaz trufatu?

        Nere bidean abian nintzan, ezker, eskuin eta aintzinerat beha. Ene begiak ez zauden ez lo!

        Eta burua airean nuen hea zer aterako ote zen. Hori nuen beti arrangura. Hortaz nintzan beldur.

        Eta hara hantxet bi argi hori, elgarretarik ez urrun, bi argi luxe eta mehar.

        Izitu nintzan eta bihotza tanpa-tanpa senditu nuen. Ez nintzan halere gelditu, amari oihu egiteko.

        Ordu berean azantz bat hauteman nuen hesian. Burua itzuli. Deus ez ikusi!

        Argi heieri hurrantzen ari nintzan, beti hurrantzen. Ama gibeletik nuela ahantzia nuen. Nihaur nintzan.

        Gorputz guzia inarrosten zuten bihotzaren tanpek. Izitua nintzan. Hotz bat jin zautan bizkarrari behera.

        Bi argi, gero eta gaixtoago, hurbiltzen ari zaizkitan...

        Deus ez nuen hautemaiten. Buruko indar guziak begietan nintuen. Begirik baizik ez nuen tenore hartan.

        Argiek marra beltx bat bazuten inguruan eta bertze bat erdian.

        Eni beha zauden argi hek, ene begiak lehertu eta itsutu behar baluzte bezala, eta burua burtzura arazi.

        Amak ez zuen deus erraiten. Ni bezain izitua araiz! Eta makila?... Funtsean ez nakien hor zela ere!

        Bi argien ondoan iragan nintzan. Han itzatuak bezala egon ziren. Argiak baizik ez nituen ikusi gau beltzean.

        Eta ez nuen gero berriz gibelerat behatu, hea amak zer jestu atxikiko zuen.

        Hartxurian sartu ginelarik, ama harritu zen begiak zoin zorrotz nituen. Bixtan da, akituak ziren; zorroztuak argi heieri beha.

        —Zer duk, mihia galdu? Are, hea erran zak gau on!...

        Ene gogoa hila bezala zen. Ez nezaken deuseri ihardok.

        —Alta oixtian arrebarekin aharran artzeko on hintzen!... Badakizu, Kattalin, bortxaz ateratua da, eta nahi daut punizione bat eman. Bide guzian, zanpa-zanpa, ene aintzinean ibilia da...

        —Bi argi...—erran nuen uste gabetarik.

        Bi emaztekiak elgarri beha egon ziren.

        —Gatu bat zian, mutikoa —erran zautan amak.

        —Ah! Gaixo Frantxua, ez hinakiena gatuen begiek argitzen dutela gauaz? Orai ikasiko duk...

        Eta bi emazteak irriz hasi ziren.

        Ni ahalgetu nintzan.

        Etxerat ere amaren aintzinean jin nintzan.

        Ni, gatu batek izitzeko! Hik errak! Zer soldadoa! Zer gizona!

 

aurrekoa hurrengoa