www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Mendekoste gereziak
Jean Etxepare Landerretxe
1962, 1991

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Inazio Mujika Iraola.

Iturria: Mendekoste gereziak, Jean Etchepare (Inazio Mujika Iraolaren edizioa). Erein, 1991

 

aurrekoa hurrengoa

MUNTRA

 

        Bentaxuriko Joanes Baionarat joan zen bere semearekin. Seme harek, hamabi urte, lehen aldia zuen Baionarat zoala. Zer alegrantzia bihotzean!

        Bazakien ba aitak zertarat eremaiten zuen Baionarat, treinez.

        Hilabete baten buruan zuen, Mendekostez, komunione handia, Peyok.

        Eta aspaldidanik aitak hitzemana zion muntra bat erosiko ziola orduko. Peyok bere haur denboran ez zuen jostatzeko puskiletan sos handirik xahuarazi.

        Muntra bat ukanen!

        Holako hitzak ez dira ahanzterat uzten. Muntra eder eta pollit haren beha zagon haurra lau-bost urte heietan. Eta ez zuen bertzerik galdatzen.

        —Muntra! Muntra!... Ene ukaiaren inguruan. Noiz jinen ote da egun hura? Hamabi urte banintu!

        Egun hura jin eta aita beti hitz beretan zen. Ez zuen estakururik pentsatu muntraren ez erosteko. Hitza hitz.

        Alta haren moltsak ez zuen holako beharrik.

        Bainan hitzemana zuen bere haur bakarrari. Edo ez, ez zen ez bakarra: arreba ttipi bat galdu zuen hiru hilabetetan.

        Donibane Garazin ez zen muntra pollitik eta denak kario.

        Baionarat joan ziren beraz.

        Bentaxuriko Joanesek bazakien Port-Neuf karrikan bazirela muntrak saltzeko. Hoberenetarik.

        Arkupetan sartu zen bere haurra eskutik, boneta kopeta gainean xorrotx, errainetarik poxi bat makurtua. Baionaraino ateratzeko igandetako ator xuri mehatuari kola faltsua ezarria zuen ontsa lisaturik.

        Arkupetan lehen joaieria... Dena muntra, dena erraztun, dena zilar, dena urre, dena perla...

        Memento bat kanpotik beha egonik, sartu ziren, gure aita-semeak.

        Bi gizon eleketa ari ziren. Biek ontsa ekartzen zuten, beren tripa handiekin.

        Bat aita-semenganat hurbildu zen:

        —Zer atsegin zinukete jaunak?

        Haurra bazter guzietarat beha zagon, ahoa idekirik. Deus ez zuen entzuten. Egundaino ez zuen holako ametsik egin.

        —Nahi... Muntra bat nahi nuke, muntra bat haur hunentzat...

        —Berehala... Zure zerbitzuko... Zonbatsu eman zinezake?

        —O! O! O!

        Pollita nahi zuen, ona eta ez kario.

        Oi! laborari hori ez da zikoitza. Bihotz ona ere du. Duenetik emanen dautzu gogotik eta ausarki: ogia, arnoa. Bainan sosari kasu egin behar du. Berak daki nola egiten den sosa Bentaxurin.

        Gizonak ainitz muntra erakutsi zituen, pollitak, onak, bainan kario.

        Joanesek ez zakien zer erran eta ateratzekotan zen.

        —Iraupen poxi bat nahi baduzu ukan dezan zure muntrak, bixtan da behar dela doi bat pagatu. Orduan lau urtez, hausten badira, urririk erreparatzen ditut... Bainan gero, bixtan da, badira merkeak, bainan merkeak merke lan, eta hausten badira, Jesus!...

        Gizonak besoak zabaldu zituen sorbaldak goitituz.

        Haurra bat-batean ohartu zen haren amets guziek lurrerat joan behar zutela.

        Aita pentsaketa zagon, saltzaleak bazakien laboraria zela. Eta haren ustez laborariek nahiko sosa badute, bainan nekea laxatzen.

        Orduan bigarren gizon tripa handi hura hurbildu zen. Amerikano donado, aberatsa, Baionako ostatu batean bizi zena, lehengo Amerikanoek alfer bizitzen zakiten bezala.

        Laborariari erran zuen ahapetik bezala:

        —Zinez, ez duzu muntra on batentzat sos hori emaiten ahal?

        —Ez. Ez nihundik.

        Orduan Amerikanoak haurraren bertze eskua hartu zuen eta galdatu:

        —Zer ariko hiz gizondu-eta?

        —Laborari.

        —Aita bezala?

        —Ba. Ba jauna... —ihardetsi zuen haurrak burua apalduz eta gorrituz.

        Orduan jaun harek haurrak hautatu muntra pagatu zuen.

        Haurraren zoriona!

        Harek ere bere hitza atxiki du.

        Aitak bezala.

        Lau haur baditu orai, hantxet, Hergaraiko etxe ttipi batean.

        Haur horiek, handitu-eta, ez dezaket erran laborari egonen direnetz.

 

aurrekoa hurrengoa