www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Mendekoste gereziak
Jean Etxepare Landerretxe
1962, 1991

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Inazio Mujika Iraola.

Iturria: Mendekoste gereziak, Jean Etchepare (Inazio Mujika Iraolaren edizioa). Erein, 1991

 

aurrekoa hurrengoa

AVE MARIA

 

        Euria zen. Euri xikin bat txirtxirika.

        Donibane Lohizuneko plaiako legarra legun-leguna zen, balusa iduri. Ukaldika, itsasoko hagun zuriak plaia horaila, hotz eta trixte, ikuzten zuen, eta haur baten begitartea bezain goxo ezartzen. Uhainak ezti-tzen ziren plaia erdirat heltzean, goxo-goxoa jartzen, haur esku bat bezain goxo eta umil.

        Neska gazte baten ile hori dilindetan orraze xehea pasatua iduri zuen.

        Zonbait jende itsasoari beha zabiltzan harrizko bidean. Gelditzen ziren, abiatzen, berriz gelditzen, uraren hagun eta burrunbaz begi-beharriak ase artio. Itsasoan ez zen barna ageri. Euriak hesten zuen bixta, biziki labur. Urean ez zen untzirik ageri. Hits zen, hits, itsasoa, zerua bezain ilun. Jenden begitartek, euriak zafratu eta bustiak, ez zuten alegrantzia handirik erakusten. Ixil-ixila zoatzin, arrotz ala arraintzari, uraren harat-hunateri beha, gogoa itsasoko gauzez hartua.

        Neska gazte batek Maritxu kantatzen zuen ostatu batean.

        Berrogoitamar bat urteko gizon bat, mustatx ttipi batzuekin, pasatu zen ene ondoan, bi haur eskutik.

        Neska eta mutikoa galde eta galde ari ziren.

        —Aitatxi, zertako kexatzen da itsasoa denbora txarretan? —galdatzen zuen mutikoak.

        —Oi, zerua samur delakotz.

        —Eta zu, aitatxi, ez zinena izitzen batoa uraren gainean jauzteka hasten zelarik? —zion neskatxak.

        —Oh! Ba!

        —Otoitzean artzen dea orduan?

        —Baduk aski lan untzia ezin atxikiz. Bainan bakotxak bere gogoari Jainkoari pentsatzen dik. Ixil-ixila...

        —Eta aita? —galdatu zuen neskak.

        —Ez dun itsasoa izigarri kexu gero gaur! Ez dun lotsatzekaik. Eta den lekuan, berdin atorra-has dion, iguzki samin baten pean. Urrun dun. Eskolan ikasia duna nuntsu ditaken?

        —Nik ba.

        Eta aitatxi bere bidean joan zen bi haurren erdian.

        Gero, hantxet, emazteki xaharño bat ikusi dut agertzen, legarraren gainean, bakar-bakarrik. Ondotik uzten zituen bere urratsen hatzak, sigi-sagaka. Ba-tzuetan uhainen ondoraino lerratzen zen. Beldur nintzan emazteki txar hori, adinak urtua, uraren jostagai-lu izan zadin noiznahi. Doi-doia xutik zagon-eta!

        Aztal-beharrietarainoko zaia luze ilun batekin zen. Bizkarrean pelerina beltx bat, buruan moto ilun bat. Uretik ateratua iduri zuen, hain zen ur hitsarekin berdintzen. Urrunerat ageri zen haren begitarteko bizar beltza. Oi zer begi ondo bortitzak, zer behako bortitza!

        Arraintzari emazte bat, egin nuen ene baitan.

        Adinetako gizon baten ondoan gelditu nintzan. Arraintzaria zen, naski.

        Emaztekia guri buruz heldu zen, plaia guzian bere urrats ttipien herrestoak utziz.

        Gaixoa, urari sobera hurbildu zen, eta uhainek horren zangoak atzeman zituzten. Deus ez zuen egin urari ihes egiteko. Bere bidean zoan.

        Berriz ere urak zangoak busti ziozkan.

        Emaztea bere bidean bazoan, beti, deus ez eta nehori behatu gabe. Uhainek, orai, haren herresto guziak berdindu dituzte.

        Uraren hotza ez zuela senditzen ere iduri zuen.

        —Mentsa dea? —galdatu nuen nahi gabe ere ene ondoko arraintzariari.

        —Oi, mentsa! Berdin! Zer nahi duzu! Egun guziez, tenore huntan berean, aro eder ala txar, bere itzulia egiten du plaian. Gu ez gira harritzen. Ez diogu kasu handirik egiten ere. Orai hogoi bat urte baditu hola ikusten dugula. Eta menturaz harrituko zira, itsasoko gauzen berri ez badakizu, nola bilakatua den hola erraiten badautzut. Zonbat urte du? Nik orduan hogoitamabi urte nituen. Biziki ontsa oroitzen niz. Gauza horiek ez dira ahanzten. Orai hiruetan hogoitabi, aur-ten... Beraz hogoitamar urte egiten du...

        Orduan Maritxu arraintzako untzi batean nabilan, itsasoz-itsaso, marluzketa. Joan dira, denbora hek ere... Emazteki horren senarra berriz, Gilen Burugorri, Ave Mariarekin zabilan. Oi, aspaldian nagusi berarekin zen. Hain zen gizona, Gilen. Gizon ona, gozoa. Uli bati ez ziozkan zangoak hautsiko. Ixila zen, gizona. Bizi zelarik nehork ez zin behatzen. Bera hain gordea zen eta! Halere Maider atzeman zuen egun batez, ezkontzeko...

        Hor arraintzariak irri goxo bat egin zuen.

        —Gero ba, hil eta, hau zela eta hura zela. Bainan berantxe. Beti bezala. Hemengo bizia hola da. Zer nahi duzu, jauna!

        Ave Maria, bertze untzi batzuekin, Lur-Berrietarik heldu zen. Arin, biziki arin. Urte hartan marluzak ihes egina zuela iduri zuen. Gertatzen dena frangotan. Urte batzu badira hola, deubru fitsik ez baituzu biltzen ahal. Jainkoaren nahia! Eta guk deus ezin egin. Jasan behar, heldu den urtea hobea izanen dela gogoan hartuz.

        Ave Maria hantxet, porturat hurbiltzean, harri-koz-kor bati kontra joan zen. Nehork ez daki nola. Ez du balio itsasoaren indarren ondotik ibiltzea. Deus ez duzu konprenituko. Jainkoa ez baduzu alde, itsasoa gauza hitsa duzu... Holakoetan hobe duzu lurrean egoitea... Alta itsasoa gaur bezalatsu zen. Funtsean, lurrean ere, Jainkoa ez baduzu lagun...

        Beraz untzia xehatu zen arrokari kontra. Bertze untziak berehala hurbildu ziren, bainan berantxe, gizon bat falta... Gilen Burugorri.

        Gizonik ixilena urak bereganat bildu zuen. Bortizki, esku errebes batez, sak! Deubru batek bezala bildu, ohartu gabe.

        Nehork ez zuen erran itoa zela, hila. Bainan bai galdua... Falta...

        Bixtan da, emaztekia trixte gelditu zela. Bertze guziak bizi. Gilen bakarrik falta. Haren gorputza ez da egundaino nihun agertu. Orai, ez du balio beha egoitea, ez...

        Alarguntsa, bulta batez, ahal bezala bizi izan zen, bertze arraintzarien alarguntsak bezala. Jainkoaren kontsolamenduaren beha. Hola da, arraintzariaren bizia. Orai ba, gero deus. Uste gabetarik itsasoa samurtu delakotz, haizea jeiki, arroka bat gertatu urpean... Itsasoko bizian deuseri ez zira fidatzen ahal... Ez zira zure buruaren jabe, arraintzako untzi txar horietan. Itsasoa bortitza da, idorra gizonentzat. Eta zer nahi duzu egin Jainkoaren kontra?

        Senarra hil eta hamar bat urteren buruan hola abiatu zen alarguntsa, plaian egunean eguneko itzuliaren egiten.

        Lehen egunetan kondatzen zuen hamar bat urteren buruan bere senarra agertu zitzaiola gauaz, han, arrokaren gainean oihuka, oihuka! Gizona falta zela bakarrik buruan hartu zuen, ez eta hila... Funtsean beti, galdua dela diote jendek ere.

        Eta bere senarraren biderat doa hola, goiz guziez, tenore huntan. Uste du hezur eta larru agertuko zaiola, Jesus bere hobitik bezala. Aments egin zuen eta egia dela uste du. Haren senarra bizi da. Ez zen bakar-bakarrik hiltzen ahal, hamasei gizonen artetik.

        —Bainan, orai, mentsa dea?

        —Oi mentsa?... Bixtan da aments horien ondotik hola ibiltzeko ez dela burutik arras xuxen. Bainan ez dugu irri egiten guk, arraintzariek. Ez diogu mentsa erraiten. Sobera badakigu zer diren gauza horiek. Ainitz oroitzapen bada arraintzari baten bihotzean. Eta bihotza hain da beratza, hunkigarria. Guti aski ba-tzuetan! Gure lagunen oroitzapenak errespetatzen ditugu. Menturaz ez dakikezu gizona zein heinetarat erortzen ahal den zorigaitz baten ondotik. Batzuetan zure penak jasanen ditutzu, eta bertzetan, kasu berean... Zer nahi duzu egin, Jainkoa ez baduzu alde?... Hola da bizia. Ez gira beti gure buruaren nagusi... Jainko bat bada.

        —Ainitz ama eta alargunts badea hola?

        —Hein hortan guti. Bigarrena dut hola ikusten dutala. Lehen, oraino haurra nintzalarik, ama bat ikusi dut, mutxurdina, bere haur txarra hogoitamar urtetan galdurik, molde berean. Hura oihuka artzen zen. bere semeari, gauaz, plaian gaindi... Iduri zaut oraino hautemaiten dutala: Piarres, Piarres, nun zira?...

 

aurrekoa hurrengoa