www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Josetxo
Jose Manuel Etxeita
1909

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Josecho (Bizkaiko euskeraz), Jose Manuel Etxeita. Florentino Elosu, 1909

 

aurrekoa  

XXI
ZELAN JAKIN ZAN JOSETXOREN JATORRIA

 

        Irakurleak gomuta izango dau, zelan Josetxo agertu zan Ondartzara jitano batzukaz, ogetabi illebete inguruko mutikotxoa zanean. Izatez zan naparra, Etxauri eritxon erri batekoa, bikotxa bere arreba bategaz, da biak guztiz alkarren antzekoak, biak euken eskumako belarpean orañen andi samar bat, eta esan dan lez, zirean alkarren antzezkiak. Aitta zan gizon eder bat, Komandante esaten jakan agipidedun gudularia, gaur ara ta biar bestera, erregeren menpean ebillena. Ama zan emakuma iruder, argaltxo, elizale, onbidetsua, ta ezeukezan umetxo bikotx biok baño.

        Ondartzara joan zirean jitano emakuma bietarik batek, ostu eban Josetxo Etxaurin, da irakurleak badaki gero zelan geratu zan Ondartzan, Txomin-txiki ta emaztearen semetzat.

        Mutikoau ostu orduko, illebi lenago, joan zan bere aitta Manilara, an españarrak erebillen gudura: amak naibagez beterik egin ebazan alegiñak Josetxo billatuten alde guztietatik, baña ezin izaeban idoro. Aittak, arik bosgarren urtean artu eban Koronel esaten eutsen agipidea: amaittu zan gudua, ta urtebete garrenean itxi eutsan gudulari izateari, ta geratu zan illaroko sari onaz, da diru apur bat esku-artean ebala.

        Manilan egon zan arte, usmau eban, gauza batzuen salerosiaz, irabazi leitekeala polito dirua, ta asi zan salerosietan, eukan diruaz. Ogetabi urtetan egon zan Manilan, da etxeratu zan erdi makalik, baña diru askogaz: etxean, urtebetean jarri zan gizon ederra.

        Josetxoren aittari eritxon Erromulo, amari Anatole ta arrebeari Jule: zorionean, ezeren bear izanik ezeukela bizi izan zirean, Erromulo etxeratu zan ezkero, baña atsegiñak gitxitan izaten dira osoak, eta arek-be euken biotzetik aldenduten etzan mingarri bat. Anatoleri sarri jatorkan gomutara bere Josetxo laztana, ta sarri jausten jakazan negar malkoak, gogartetzen egoanean, nun da zelan ete egoan, bizi ete zan ala il ete zan, euren biotzeko seme kutuntxoa.

        Erromulok esaten eutsan emazteari:

        —Ogetazortzi urte igaro dira Josetxo ostu ebenik ona; agertuteko izan balitz, oraingo agertuko zan. Ezeizu artu mingarri geiago bera gomuta izanaz; egin eskariak bere alde, ta artu eroapena; olako gauza asko igaroten da Lurbira onetan, da siñistu daigun ondo iltzala ta Jaungoikoagaz dagoala.

        —Ori olan da, Erromulo, baña nik ezin aztu neure seme kutuntxoa: sarri-sarri gomuta izaten dot, zer egin ete eben lapurrak aregaz neure biotzeko ataltxoagaz. Josetxoren barri onakaz izango gintzakez oso zorionekoak: ogetazortzi urtetan nago egunaro Jaungoikoari eskariak egitten, erazagutu daizkun Josetxoren albistaren bat.

        Egun batzuk igaro zireanean eldu zan euren etxera monja-antzera jantzita egoan emakuma bat: jarri zan belauniko Erromulo ta emaztearen aurrean, da esaeutsen:

        —Ni naz jitana bat, ara ta ona, erririk-erri, emen lapurretan da bestean santarkeri asko egitten aspertu nintzana: sartu nintzan neskame monja-etxe batera, ta urte bi garrenean biurtu nintzan Jaungoikoagana damututa ainbeste gauza txar egiña. Neu izan nintzan zuen mutiko eder bat ostu ebana.

        Amat.—Ai zorigeiztokoa, ezteutsu Jaungoikoak parkatuko lapurreta ori! Nun itxi zenduan neure semetxo maittea?

        Git.—Igaro zan guztia esatera noa. Umetxo bardin bi egozan bakarrik burditxo baten, etxe onen ostean, da emendik basorutz niñoiala, artu ta eroan neban bietarik bat. orduan jitanoakaz nenbillen erririk-erri, da geugaz asto-ganean erabilli genduan mutikoa ille bittan, beti negarrez da deadarrez.

        Amat.—Ai neure laztantxoa!

        Git.—Bai; beti negarrez, da atzenean itxi genduan Mundaka deritxon Bizkaiko erri batetik itxasladerutz, ordulaurengo bidean dagoan baso-etxe baten. Mutikoak besartetu eban etxe orretako ugazabandrea, ta ezegaittik ezin izan genduan jaregin beragandik: berak eta senarrak esaten euskuen itxi daigula bertan euren ardurapean, da eurakaz itxi genduan amar ogerleko ta amar egaztiren ordez: arrezkero eztakit mutiko aren barririk, baña etxe atan jakingo dozuez bere barriak. Orain, autortu ezkero neure txar-egiña, damu dodan lez biotz-biotzetik egin neban deungekeria, apaltasun andiaz eskatuten deutsuet zeuen parkamena.

        Errom.—Aspaldion eztogu euki gaurlako atsegiñik: a seme laztana galdutzat euki dogu, baña orain, zure edestiaz, dakigu bizkaittar artean itxi zenduena, ta bear bada idoroko dogu: poz-pozik gagoz bizkaittarrakaz geratu zalako, geulako euskaldunak eta gizabide onekoak direanakaz. Andiak izan dira guri ogetazortzi urtetan emon deuskuzuzan naibageak mutikoa ostuaz, da ezteutsugu parkatuten zeure arrigarrizko deungekeria mutilla agertu arte. Etorri zaitte onik illebetera.

        Josetxo ezkondu zanik seigarren illean, eldu zirean Mundakako ostatura Josetxoren aitta legezkoa ta arrebea; aittak eroan eban beragaz alaba au Josetxo ezagututeko usteaz, umetan, len esan dogun lez, zirealako alkarren antzezkiak, eta ganera biak euken oraiñena eskumako belarpean. Zerbait atsedendu zireanean, gizon onek ittandu eutsan etxekandreari:

        —Gomuta dozu, zelan orain ogetazortzi urte, jitano batzuk itxi eben mutiko bat emendik urreko baso-etxe baten?

        —Bai, gomuta dot; Josetxo Ondartzako da ori; Buenos Airesen diru asko irabazita etorri zan, da orain sei illebete inguru ezkondu zan bertoko neskatilla aberats, umetatik maitte izan eban bategaz. Gaur Josetxo inguruetako aberatsena da : neskamea biraldukot, nai badozu esatera, zelan gizon batek ikusi nai daben, da etorri daitteala.

        —Eskerrik asko, biralduizu.

        Josetxok uste eban, urriñetako ezagunen bat izango zala, ta joan zan ostatura.

        Gizon da emakuma biakana aurkeztu, ta emakuma aren arpegia ikusi ebanean, arriturik lotu zan, da bera legez aitta ta arrebea-be Josetxoren arpegia ikusi ebenean, belarpeko orañenaz. Aittak, biotzikara errimeaz besartetu eban sendo ta emoeutsazan mozu atsegintsuak; urrengo Josetxok besartetu eban bere arrebea, ta emoeutsezan alkarri pozgarrizko mozuak. Pozen-pozaz irurak negarrez egozala, aittak esaeutsan Josetxori:

        —Ezagututen gozuz?

        —Bai, neure bizi guztian zeuekaz bizi izan banitz legez. Zu izango zara nire aitta legezkoa ta au arrebea: onen arpegia ikusi dodanean, neurea ikusi dot, eta arritturik lotu naz, neure irudimenera jatortala, aitta ta arrebea izango zariela.

        —Bai, alan da, Josetxo; ori da zeugaz batera jaioriko arreba bikotxa, ta umetan-be alkarren antzezkiak izan ziñien biok, zeuen belarpeko iraiñen orregaz.

        —Neure aitta ta arreba laztanak, zein zorioneko eguna! Zelan idoro nozue ogetazortzigarren urtean? Zelan gertau da mirari au?

        Orduan aittak erazagutu eutsan jitaneak autortu eban edesti guztia. Josetxok uste eban Jaungoikoa ebillela bittartez, bere atsekabe guztietan ibilli oi zan lez, da esaeutsan:

        —Ainbeste urtetan ibilli naz, gogoan beti dodala, nortzuk ete direan, da nun ete dagozan neure aittama legezko maitteak, nundik asi eztakidala eurak billatutera, ta ona emen berton, uste baga argitasun guztia! Au da atsegiña.

        Negarrez egozan irurak pozen-pozaz, da aittak erantzun eban:

        —Atsegiña geurea da, Josetxo! Amatxo zureak jakiten dabenean topa zaittuguzala, zerua ikusiko dau begien aurrean!: Estu egongo da gure barriak jakin arte, ta oraintxe iratzi ta biraldu bear deutsat irazki bat.

        —Bai, aita, egizu irazkia, ta neuk-be, zeure urrengo, bertan irazkian iratziko dot zerbait.

        Erromulok aida-baten iratzi eban irazkia ziñoala:

 

Anatole Zubizuriko

Naparroa

Etxauri

        Neure emazte maittea: Mundakan gagoz Josetxo geure seme laztanaz; morrosko galanta ta aberatsa da; emeko emakuma aberats onbidetsu bategaz ezkondu zan oraintsu: lenago lez, bere belarpeko orañenaz Juleren antzezkia da arpegian. Biotzikara errimeaz, sendo besartetu dogu alkar, da zu ikusteko gogo andia dauko: irurok gagoz negarrez pozen-pozaz, da datorren aste erdirutz ikusiko zaituguz Josetxok, emazteak eta guztiok.

        Maitte zaittu beti zeure senar esangiñak

Erromulo Gastañaldeko

 

        Neure amatxo maittea: laster besartetuko zaittut! Bizi guztian ezagutu eztodalako atsegiña izango da niretzat, ikusten zaitudan egunekoa! Datorren asterarte.

        Laztan zaittu beti zeure

Josetxok

 

        Onek gertaerok ostatuan igaroten zireanik ezekien Eladik, bere aittamak ez Ondartzako Josetxoren aittamatzakoak. Irazkia amaittu ebenean, joan zirean Eladi ta bere aittamakana: an jazo zan beste uste-bako agerraldia! Arriturik lotu zirean Eladi ta gurasoak jakin ebenean Josetxoren aitta ta arreba legezkoak zireala. Arrituago oraindiño, ikusi ebenean Jule ta Josetxoren arpegiak alkarren antzezkiak zireala, euren orañen da guzti. Eladi sendo besartetu eben Erromulok eta alabeak.

        Orduan Josetxok gomuta izaeban, zelan Masimak antxiñatxo ebazan buru-austeak bere jatorriaz; gomuta izaeban esaten ebana, jatorri illunekoa zala ta beste berba asko: orregaittik, destañez irribarreka esaeutsan:

        —Ama Masima, noizbait antxiñatxo ibilten ziñean buru-austen nire jatorria illuna zala, a zala, ori zala ta bestea zala. Orain, ona emen argittuta a illuntasuna, ona emen nire aitta ta arreba legezkoak, eta urrengo astean, Jaungoikoak gura badau, ikusikogu neure amatxo laztana.

        —Euskalduna ziñean Josetxo, ta eneban iñoiz euki zure jatorrien bilddurrik.

        Ordubetean egon zirean autuetan, da gero joan zirean Ondartzara, Josetxo, aitta, arrebea ta emaztea, ango gurasotzakoai agerraldi bat egittera. Josetxok, bidean joazala esaeutsan aittari, zelan gurasorik onenak-be, ezin artu leiela seme bat ardura zintzoagoakaz, bere Txomin-txiki ta emazteak artu eben baño obeto gauza guztietan: bere aittama maitte-maitteak izan direala beti. Erromulok erantzun eutsan Josetxori:

        —Jaungoikoak leku onean itxi zinduzan.

        Ondartzan guztiak batun zireanean, Erromulok besartetu eban Txomin, da Julek Juana Mari; zurbildurik lotu zirean Ondartzako senar-emazteak, Juleri ikusi eutsenean bere arpegia Josetxoren antz-antzekoa, orañena belarpean ebala. Ordu bi egin ebezan alkarregaz, batzuk eta besteak euren edestiak ageritten; da Erromulo ta Jule arritturik egozan, Josetxok, amabi urte ebazanik aurrerantzean igaro ebazan arrisku ta naibageakaz, itxaso ta atzerrieta. Onetan batzar guztietan, Eladitxo sarri besartetuten eban Jule, poz-pozik, Josetxoren arpegia berbera eukalako.

        Eladiren etxera joan zirean lo egittera: Ermoken da Masima, Eladiren aittamak, milla bidar damuturik egozan, alabeari emoeutsezan atsekabeak emoeutsezalako, ta egunerik egunera ainbat laztanago ebezan euren alabea ta Josetxo.

        Biaramonean Josetxoren aitta Erromulori otu jakan, Ondartza etxaguntzea erosi egin bear ebala, Txomin da emazteari atsegin-sari emoteko. Etxagunak nai eban saldu; izentau ebezan auzi onetan adittuten eben gizon bi saneurria zeinbat izango zan erabagitteko. Amarmilla ogerlekoan erabagi eben etxaguntzearen balioa, etxe, solo, baso ta eukazan gauza guztiakaz. Etxaguna pozik egoan saneurri orretan salduteko; baitta Erromulo-be erosteko. Onek, Bilboko etxe baten eukan dirua, ta biaramonean joan zirean Bilbora, etxaguna, Erromulo ta Josetxo: aldatu ebezan paperak edo ingiak Txomiñen izenera; Erromulok ordainddu ebazan amarmilla ogerlekoak, eta bigarren egunean etxeratu zirean.

        Joan zirean Ondartzara, Josetxo, emaztea, aitta ta arrebea, ta Erromulok emoeutsazan Txomiñi etxaguntzearen jaube egitten eben paperak, esaten eutsala.

        —Artu Txomin onek paperok; eurokaz zarie emaztea ta zeu etxaguntza onen jaubeak: au da emoten deutsuedan atsegin-saria, Josetxo zeuen seme bat lez beti artu dozuelako.

        Negar malkoak erioezan pozen-pozaz Txomin da emazteari; baitta Josetxo ta Eladiri-be, ta Txomiñek erantzun eutsan Romulori:

        —Eskerrik asko Erromulo; guk merezi izan dogun baño asko geiago emon deuskuzu; emen eukiko dau Josetxok etxaguntza au, gu ilten gareanean; guk artu badogu beti seme bat legez, ondo ordainddu dittu guk egin deutsaguzan mesedeak, beronek-be aittamak lez artu gaittualako. Nire emaztearen soñua beti izan da, Jaungoikoak biraldu euzkula mutil au, geure zorionerako, ta ondo igarri eban; ondo zorionean jarri gara.

        Guztiak egozan negarrez, pozgarrizko biotzikareaz.

        Amar egunetan egon zirean Mundakan Erromulo ta alabea, ta luzaroago egongo zirean, baña uste izan eben, estu ta artega egongo zala Anatole Etxaurin eurak joan arte, ta orregaittik artu eben joateko burubidea. Ederretxi jaken Mundaka bere itxaso, ondartza, itxasbazter, itxasleor ta ikusbide ederrakaz.

        Erromulok nai eban ikusi Gernikako Aritxa etxerutz joanean, da zaldi-ganeko kartoletan joan zirean, Erromulo ta alabea zaldi bategaz, da Josetxo ta emaztea beste bategaz; Txomin-txiki ta emazteak-be lagundu eutsen Gernikararte. Ikusi Aritx ederra, bazkaldu, abesau edo kanta Aritxaren kantak, agur egin alkarri urrengorarte, ta aldendu zirean alkarregandik: Txomin da emazteak jarraittu eben Mundakarutz da besteak Naparroarutz, Etxauri eritxon errira.

        Bigarren egunean eldu zirean Etxaurira; Josetxo ta emaztea sartu zirean etxera Erromulo ta Jule baño lenago, ikustearren amak ezagutuko eban bere semea. Aurkeztu zan Josetxo amagana, ta onek ikusi ebaneko gizaseme aren arpegia, aida baten ezagutu eban, da sendo besarteturik esaeutsan:

        —Nun egon az, neure seme laztana, igaro direan ogetazortzi urtetan? Zeinbat gau igaro yoadaz loak artu eziñik, ire gomuta itzalakaz! Zeinbat eskari egin yeutzadaz ainbeste urtetan Jaungoikoari ta bere «Ama Dontzoa»ri, agertu eittean eure aittamakana! Ona emen, agertu az noizbait gurasoaren zorionerako.

        Negar gozatsua egitten eban Josetxoren amak onek berbok esaten egoanean. Erromulo ta alabea eldu zireanean, oraindiño besarteturik eukan Josetxo amak, ezin itxita: mozu asko emoeutsezan alkarri, ta negarrez atsegin andiaz egozan biak eta Eladitxo: urrengo Eladik besartetu eban Anatole, ta jaeben alkar mozuka.

        Zein laurka biotzikaratsua! Zein atsegiña alakar ikustea ta besartetutea, ogetazortzi urtetan alkarren barri jakin eztaben ama-semeak! Zein gozagarria, galduzala uste izan eben seme biotzekoa agertutea! Anatolek eta senarrak ezagutu eben zer zan atsegiña euren seme Josetxo ikusi ebenean: aldendu zan Josetxoren urrundeagaitik etxea illunduten eban estalkia, ta orain argitasuna ta gogo-argia alde guztietatik ikusten zan etxe atan. Agoa zabalik egoten zan Anatole, bere semeak esaten ebazan gertaerak entzuten, ain zirean asko ta arrigarrizkoak Lurbira onetan igaro ebazan atsegin da atsekabeak. Eladitxo-be erazagututen ebazan antxiñatxo igaro ebazan naibageak Josetxo maitte izan ebalako; baña beti jarten ebazan gizabide onean bere aittamak, esanaz, ondo usteaz egin ebezala euren gogorkeriak.

        Illebete garrenean, aginddu jakan lez, agertu zan jitanea, monjak erabilli oi daben antzeko jantziaz: eroan eben eurak egozan gelara, ta Josetxok ittandu eutsan:

        —Ezagututen nozu?

        —Ez, jauna.

        —Au belarpean daukadan oraiñenau-be, eztozu ezagututen?

        —Ai... bai, bai, bai-barriz! Gomuta dot zelan arek mutikoak eukan olakoxe orañen bat! Zorionekoa izan zaittezala.

        Onek berbok esan ebazanean, jarri zan belauniko Josetxoren aurrean, da esauetsan oni:

        —Zeure aittamari lez, parkezke naiagotsu ostu ta eroan zendudazalako, ta nigaittik naibage andiak luzaroan euki dozuezalako.

        —Zutundu zaitte, emakuma biurtua —esaeutsan Josetxok bere biotz samurragaz—; len arrigarrizko deungekeria egin bazindoan, orain pekatari edo obenduna zareala autortuaz, da mutikoa nun itxi zenduan argituaz, irabazi dozu gure parkamena: Jaungoikoak-be parkatu daizula. Ogetazortzi urtetan egon dira nire aittamak naibagepean, beti gomuta izan ebela zer jazo ete zan euren semeagaz. Ni ostera, oraiñarte guztian egon naz buru-austen nortzuk ete direan da nun ete dagozan nire guraso legezkoak.

        —Siñistuten dot, jauna; parkeske nago.

        —Orain, autortu dozunean nun itxi ninduzun, billatu ta idoro nabe, ta ona emen batera alkarregaz guraso ta seme. Egittade on bat egin dozu, ta emoten deutsudaz onek berrogetamar dukatok atsegin-sari.

        —Eskerrik asko, jauna; nik eztodaz merezi onek diruok! ni nentorren parkamena billatzera, neure pekatuak garbitzeko, eriotzako ordua etorri-orduko.

        Parkatu eutsen, ta juan zan pozik.

        Illebetean egon zirean Etxaurin Josetxo ta emaztea, gurasoaren eztizko leunketakaz aspertu eziñik, ta guztiak geratu zirean gogotsu negarrez aldendu zireanean. Aurrerantzean, urtean bein joango zirean Etxaurikoak Mundakara illebetean egurastutera, ta Josetxo ta emaztea Etxaurira, beste illebetean egotera.

        Etxaurikoak lotu zirean poz-pozik, guztiz zorionean: Ondartzakoak zoraturik euren etxaguntza ta diruakaz: Josetxo, aittamak Ondartzan da Etxaurin ebazala, guztiz pozik bere biotzeko Eladitxogaz: au, bere senarra legez, da onen guraso Ermoken da Masima, Jaungoikoari parkamena eskatuten, damututa euren alaba onbidetsuai, andikeriakaittik, ainbeste nekaltasun da atsekabe emoeutselako, ta Josetxori urte askotan apalkeriaz begiratu eutselako.

 

                Josetxok legez bizibidean,

                Bear genduke jarraittu;

                Txomin-txikik lez etxealdean,

                Illuntasunak argittu;

                Juana Marik lez ardurapean,

                Bazterrak ondo garbittu;

                Txomin lez, lege onean,

                Maittetasunak egittu;

                Onbiderako geure lanean

                Ez iñoz bere gogaittu.

 

                Andikeriak ondamengarri,

                Izaten dira etxean,

                Gorrotua ta deungetasunak,

                Osasunaren kaltean.

                Egipideko arazotxoak,

                Egiñik bake-bakean,

                Apaltasunaz jarraitzen bogu,

                Errukiorren bidean,

                Zerutarrak lez, biziko gara,

                Guztizko zorionean.

 

Amai

aurrekoa