www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Josetxo
Jose Manuel Etxeita
1909

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Josecho (Bizkaiko euskeraz), Jose Manuel Etxeita. Florentino Elosu, 1909

 

aurrekoa hurrengoa

II
TXOMIN-TXIKI TA JUANA MARI

 

        Onek biok zirean Ondartzan euren bizitzea eroen senar-emazteak.

        Txomin-txiki zan gizon laburkote, sorbalda-zabal, arpegi-eder, oso sendoa lanerako, ta guztiz gogo-argikoa berez; irakurten ondo ekiana, ta koplari ona ardao apurtxo bat lagun ebanean; beti baketsua etxean, da egunaroko lanetan, ondo zuzenduta gauza guztiak eukiten ebazana: etzan iñoiz mozkortuten, da emazteagaz aserrerik bere ezeban eguno izaten. Guaiakilera egieban ostera bat gaztetan, da ezagututen ebazan itxasketako arazoak.

        Juana Mari, bere emaztea, zan gizalaba polit, begi-andi, argaltxo, errukior da elizalea: ondo garbi eukiko ebazan beti etxeko sokondoak.

        Eukezan idi bi, bei bat, txaltxo bat, egazti asko ta ogetamar ardi. Biak bakarrik ezin ebezan egin, baso, solo ta etxeko lan guztiak, eta eurakaz euken ogei urte ebazan otsein edo ogipeko bat, lan guztietan laguntzeko; Martin eban izena mutil onek, baña bein zaldi-ganetik jausi zalako, esaten eutsen Martin-zaldi ezizena.

        Juana mari, egunaroko goizetan joaten zan, Mundakan baserritarrak batuten zirean plaza edo enparantzara, esne, arrautza, egazti, sagar edo beste etxean egozan gauzak saldutera, ta goizetik etxeratuten zan bere diru, orio, okela, ogi ta egun atan bear zirean gauzakaz. Noiz-bait eroaten eban ardao puska bat apalorduan edateko. Soloetan edo basoan lan gogorrik ezpegoan, eskaratz da sokondo guztietako garbitasunak egiten ebazan; gauza guztiaren ardurea artuten eban, da guztiari arpegi emoten eutsan: bere senarragaz lanean egoanean-be, lapikoko ta beste janari guztiak berak zuzenduten ebazan, noizik-noizera eldualdi bat etxera egiñaz.

        Txomin-txikik, noizean-bein, illuntzean lanetik etxera nekaturik etorrenean, itanduten eutsan gogo-argiaz bere emazteari:

        —Juana Mari, baukagu gaur ezertxo?

        Emazteak ardaoa ekarri beban goizean Mundakatik, erantzuten eutsan:

        —Bai, Txomin, gaur baukagu zerbait.

        Txominek orduan, pozarren, koplaren bat abesauaz, aurresku jantzan iarduten eban guztiari barre eragiten, da erantzun eroian:

        —Alagala egongo gara apalorduan.

        Mundakan etxeko gauzak salduta artuten zan dirutxoa, etzan beti naiko izaten ardaoa erosteko, baña olan zala, nai alan zala, Txominek beti eukan gogo-argia bere emaztientzat.

        Mundakako gizon aberats batena zan Ondartza etxaguntzea, ta senar-emazteak, batak legez besteak, begiratuten eutsen ondo dirutxoari, etxe-saria ordaindu bear zanean, ainbarik aurkitu ezeitezan.

        Orrekaz ardura ta neke guzitiokaz-be, Txomin da emaztea, Martin-zaldiren laguntasunagaz, ondo bizi zirean.

        Baña ai! beti gagoz Lurbira onetan zerbait bear dogula, nai dala aberatsa zein nekazalea; ta Txomin da Juana Marik-be, zerbait bear eben zorionean biziteko. Zortzi urte igaro zirean ezkondu zireanik arrezkero, ta orandiño ezeuken umerik: umebako bakartasunak eukazan sarri zerura begira Jaungoikoari eskatuten umetxo bat emon deioela, pozgarritzat euren bizitzea oso atsegintsua izan eitean. Ezin zeitekean ezagutu, bietatik zeñek eukan gogo geiago umetxo bat eukiteko.

        Txomin-txiki zoraturik jarriten zan, bere emazteak esaten eutsanean:

        —Txomin, zuk dozuz ogetamabost urte, ta nik ogetamar: gazteak gara oraindiño; Jaungoikoak entzungo ditu gure eskariak eta emongo deusku gura doguna, merezi badogu. Niri biotzak diraust Txomin, emongo deuskula goiz edo belu, bear bada, uste dogun baño lenago. Egin daiguzan sarriu geure eskintsariak Jaungoikoari, bere «Ama Dontzoa»ri ta beste geure biotzeko Doneari.

        Ekin onetan, biotz ondo samurtuakaz, egoten zirean sarri, ta noizik-beñean egiten ebezan neke andiko eskintsariak. Bein joan zirean oñ-ortzotik Gaztelugatxera; beste bein Atxerren bizkarrera, ta askotan egiten ebezan olako eskintsari neketsuak. Mundakakoa elizan bazan, jai-egun guztietan egiten ebezan euren eskariak, eta noizik-noizera eskiñi oi-eben Meza bat Jaungoikoari, Done bat edo besteren bittartez. Baita egiten ebezan euren eskariak ogerorduan, ogetik jagiten zireanean, jatordu guztietan da lanak asieran; beti eskatuten eben osasuna ta umetxo bat.

 

aurrekoa hurrengoa