www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Josetxo
Jose Manuel Etxeita
1909

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Josecho (Bizkaiko euskeraz), Jose Manuel Etxeita. Florentino Elosu, 1909

 

aurrekoa hurrengoa

XV
JOSETXO ETXEAN DA LEKU ASKOTAN

 

        Txotxo-arroren auziak amaittu, ta seigarren illebetean, etxeratu zan Josetxo, ontzian bere osterak bigarren agintari eginda, ta bere ikasgoa egittuta, Kapitan edo ontzi-buru izateko azterpenetara aurkeztuteko usteaz. Zan, erasti atan, ikusi leittekean mutillik ederrena, bere ogetalau urtegaz. Ille bi garrenean egozan Bilbon azterpenak, eta bittartean joaten zan Mundakako ikastolara, ikasgai batzuk ikastera.

        Josetxo etxeratu zanean, da oraindiño luzaroago-be, kantaten zirean Txotxo-arroren kantak, eta jakin ebazan jazo zirean edesti guztiak. Orduan bere artean esaten eban:

        —Masima ta senarrak, Eladigana maittegureaz, agertuten direan mutil guztiari egitten deutse abegi ona: ni bakarrik nauke euren arerio bat legez, ezetariko zio baga: ezin autortu leie, nik eguno eurakaz gizabide txarrik euki dodanik.

        Lenengo egunetan, Josetxok ikusi ebazan bere adiskide guztiak ibiltaldietako orduetan, baña Eladitxo ezeban iñun ikusi, ta egon zan buru-austen, gomuta izan ebala, zer jazoten ete zan neskatilla aregaz.

        Eladitxo, jolas orduetan, bere neskatilla lagunagaz, da Josetxo ikusteko gogoaz, joaten zan Ondartzarutz goiko bidetik, eta Josetxo ordu orretan Mundakarutz beko bidetik: ezeben alkar ikusten, egun baten alkarren ikusbidean jarri zirean arte. Orduan beingo-baten joan zan Josetxo goiko bidera, ta Eladiri odolak burura igo eutsen, mutil orregaz, irugarren urtean berba egin ebanean. Josetxok erazagutu eutsezan, atzerrietan ibilli zan artean igaro ebazan jazoera guztiak; mingarri ta gozagarriak, atsegin da naibageak, eta agoa zabalik entzuten ebezan neskatilla biak mutillaren edestiak. Illuntzean agur egin alkarri, ta joan zirean neskatillak Mundakara ta Josetxo Ondartzara, pozik alkar ikusi ebelako.

        Eladiri, etxeratu zaneko esaeutsan amak:

        —Pozik ago polittori; baiakiat Josetxogaz egon azana Ondartzako goiko bidean: eu joan-be mutilla billatutera.

        —Bai ama, egia da, beste leku batera joango giñean lez, joan gara bide atara.

        —A mutilla ikustearren joango intzan?

        —Bai ama; eztot ikusi etorri danik ona, ta euki dot ikusteko gogoa, neure antxiñako ikastetxe-laguna.

        —Beste baten jakiten bot, eu joan azala beragana, ilgo aut.

        —Ez ama, enaz joango geiago.

        Eladitxo ezin egin eban lorik gau atan, buru-austen nor izan ete zan amari ain arin salatu eutsana Josetxogaz egon zala Ondartza-bidean; jazoera onek erazagutu eutsan, zelan orain bere, lenago lez, zaintzalle ona eukala amak, bera nundik, zelan da nogaz ebillen zaintzeko. Beste edozein mutillegaz batuten bazan Eladi bere ibiltaldietan, zaintzalleak ezeban ezer salatuten; Josetxogazko batzarrak bakarrik salatuten ebazan.

        Josetxo ikastolara ebillen lez, bazkal-orduan bakarrik egoten zan bere etxean; beste orduetan ikastolan ezpazan, ikusten zan an edo emen, bere liburu edo iraztiak eskuetan ebazala, ta noizbait topaten eban Eladi kalean aurrez-aur, berbatxo bat edo beste alkarregaz egitteko; etzirean batuten beste lekutan. Baña Josetxo egurastuten zan Mundakako neskatilla guztiakaz, bein batzukaz da bein besteakaz, aberats zein nekezale, eretia etorrenaz, da bardin gizasemeakaz-be. Eladi zan bakarrik erri guztian, gurasoak galarazoten eutsena Josetxogaz berba egittea.

        A zan zorakeria! A zan zentzunbakoak izatea! A zan ez ezagututea, gisa orretan, berezkoak eta onak direan askatasunak galarazo ezkero, adiskide direanari, birbiztu egitten jakezala egunaro alkarren biotzeko su-txingarrak! Ezegoan Mundakan beste aittamarik, aberatsak izanarren, euren alabari Josetxogaz ibiltea galarazoten eutsenik: Eladitxo errukigarria zan bakar-bakarrik kateakaz lotuta egoana, zaintzalleak inguruan ebazala.

        Irakurleak gomuta izango dau, zelan Josetxok artu eban «Ama Karmengo» izena eban ontziaren agintaritzea ekinozioaz galdu zalako len ontzi-buru izan zana. Etxeratu arte, urtebete ta erdian, ibilli zan aginpide orregaz, da gero-be, ontzi-jaubeak nai eben jarraittu eiela alantxe, baña kapitan edo ontzi-buru izateko eskubidea artuteko aurkeztu bear eban azterpenetan, da ezin egin eban ontzi-jaubearen guraria urrengo osterarte. Ontzi-jaubeak maite eben Josetxo, ta eskiñi eutsen ontziaren agintaritzea osteratik etorrenean.

        Ona mutil au, bere egittasun ta gizabide onakaz, aurkituten zan, laster ontzi eder baten agintaritzea artuteko bidean, da ganera, etxeratu zanean, aittamari emon eutsazan, bere osteretan irabazi ebazan dirutxoak; milla ta laureun dukat.

        Ondo pozik, Jaungoikoari eskerrak ageritten egozan Txomin-txiki ta emaztea a diru pilloa esku-artean ikusi ebenean. Euren ustean ezegoan Lurbira onetan alako mutillik; etzirean eguno premiñan edo ezeren bearrizanean aurkittu, Josetxo Ondartzara agertuzan ezkero; beti uste eben, Jaungoikoak, eurari lagunduten, biraldu eutsela mutil ori.

        Josetxogaz ontzian ibilli zirean Mundakar batzuk, etxeratu zireanean, zabaldu eben entzute ona, euren ontzi-buru izan zanagaittik; esaten eben zegoala Josetxolako ontzi-bururik, ontziko lanak agintzeko, zein ontzia bide onetik eroateko, zein edozein gaittasunetan, indarra ta asmupena bear zireanean.

        Eladiren ama Masimak eta bere senarrak jakin ebezan onek barri guztiok; baitta aittamari milla ta laureun dukat emon eutsazala-be; baitta laster ontzi-buru izateko bidean egoana-be; ganera, euren begiakaz ikusi eben, bein baño sarriago, mutil ederra zala. Nun billatuko eben bada, gizabide, irabazbide ta ikusbide obeko mutilla? Zein burutasun erebillen Eladiri galarazoteko Josetxogaz ibilten? Zer? Andikeria azpiratuko jakela? Bai orixe! Apalkeri andia izango zala eurentzat, Eladiri euren baimena emotea Josetxogaz ibilteko. Baña baimenik emonezarren, aurrerantzean ezeutsen alabeari, onerako ez txarrerako, mutil aren ganean berbarik aittatuten, da esan leikean, zerbait aldatu zireala euren lengo buruera ta gurariak. Asi zirean argittuten euren bekoki illunak, eta esan leikean askatu bear zala Eladitxo lotuta eukan katea.

        Eladi, egunaro joan poztuten, amak lengo-beste ardura artuten ezeutsalako, ta lengo beste aserre ta naibage aittamak eta berak ezeukelako; ta ganera uste ebalako, biurtu zireala zerbait Josetxoren alde, onen gizabidea jakin ebenean: baña alan da guztiz-be, etzirean biak batuten alkarregaz, kalean arpegiz-arpegi topaten zireanean baño.

        Egun onetan, ain zuzen-be, esaten zan Mundakan, neskatilla aberats batek, bere gurasoaren baimenaz, nai ebala ezkondu Josetxogaz: egieutsela berba bere ama Juana Mariri, ta mutillak erantzun ebala, gaztea zala ta oraindiño ezeukala ezkontza asmorik, eta Josetxo bera joan zala neskatilla orri eskerrak ageritera.

        Bear bada, albista onekaz, aldatu ebezan euren gurariak, Eladiren aittamak.

        Erasti atan, Bermeon egoten zirean abelgorri batzarrak, domeketan ille birik baten: an batuten zirean inguruko baserritarrak euren idi, bei ta txalakaz salerosietarako. Txomin-txikik nai eban saldu eukan bei zar bat, eta erosi esne asko emoten eban bei eder bat; orretarako euken Josetxok emoeutsen dirua. Artu bei zarra ta joan zirean Bermeora, Txomin, Josetxo ta otseiña: laster saldu eben bei zarra berrogeta amabost dukatean, baña diru asko eskatuten eutsen bei eder ori, eun da berrogetabost dukatean: ordainddu eban Txomiñek, itxi eban otseiña beia zaindduten, da Josetxo ta bera joan zirean lauretakoa artutera.

        Gerotxoago aurkeztu jaken otseiña iragarritera zelan bei jaubeak kendu eutsan beia, esanaz, errakuntzea izaebala, ta diru geiago bear ebala. Jagi zirean maittik Txomin da Josetxo; joan zirean abelgorrien batzarrera, ta Txomiñek esaeutsan bei-jaubeari:

        —Zer darabiltzu, gizona, bei orregaz? Ordaindu jatzu bei ori, ta neurea da.

        —Ez; errakuntzea egin dot, eta amar dukat geiago emon bear deustazuz.

        —Ez adiskidea, ori irrigarria izango litzake niretzat: berbea-berba, ta eskatu dozuna ordaindduaz, amaittu dira gure artu-emonak.

        —An ikusten dozun gizon andiak, emon gura deustaz, amar dukat geiago.

        —Nik eztaukat zeregiñik gizon aregaz, da itxidazu bei au bakean. Ordainddurik eta neuganaturik euki dot, eta neurea da.

        Josetxo egoan zerbait aldenduta, ixil-ixillik autuak entzuten, da ikusi eban a gizon andia, amar dukat geiago emon nai ebazana, etorrela astiro-astiro urreratuten beia egoan lekura, ta eldu-zaneko esaeutsan Txomiñi, berak nai ebazala emon amar dukat geiago, ta itxi eiola beia bere jaubeari.

        Gizon andi orrek ezekian, an egoan morrosko gaztea Txomiñen semea zana; uste eban abelgorriak ikustera joan zan ikusgurakoren bat izango zala.

        Txomiñek erantzun eutsan gizon-andi ari:

        —Beia neurea da, ta eztot itxiko ezegaittik; ziurtu leienak daukadaz erazagututeko, zelan erosi ta ordainddu dodan.

        Orduan gizon andi arek, ukabillaz bultzada bat emoeutsan Txomiñi, ta beingoan sartu zan Josetxo bittartean, gizon ari esaten eutsala:

        —Adiskidea, egizu nai dozun-beste berba, baña geldi-geldi esku orregaz.

        Gizon andi au zan berrogeta amabost urte ingurukoa, ta bere gorputz andiagaz uste eban Josetxo ta Txomin ikaratuko ebazala, ta berak nai ebana egingo ebala. Ezeban gomuta izan Josetxok eta berak adiñean euken ezbardiña, ta onek eskua geldi eukitteko esaeutsanean, beroni emoeutsan ukabillaz bultzada sendo bat. Txomin ostera ebillen aserre bei-jaubeaz, da autu onetara batun zirean baserrittar asko; batzuk Txomin ikusi ebenak beia erosten, da ordainduten.

        Bigarrenean Josetxok esaeutsan gizon andiari, eskua geldi euki eiela, ta gizon onek len lez emoeutsan beste bultzada sendo bat: orduan Josetxok, bere indar da azkartasunaz ezetsi eutsan gizon andiari, ta ukabilkada errime batzukaz, lurra jo eragin eutsan. Zuzittuko eban, gizon asko bittartean sartuta, aldendu ezpeben gizon andiagandik. Txomiñek beste aldetik, arpegia zaurittu eutsan bei-jaubeari ukabilkada galantakaz, da ondo erakutsi eban, antxiñako menduak aldean ebazala orainddiño.

        Burruka au amaittu zanean, Txomin, Josetxo ta otseiña, euren bei ederraz, etxeratu zirean.

        Bai jaubea ta gizon andia, an lotu zirean arpegiak zauriturik, odoletan ebezala: eguno ezeben artu alako nekaltasunik, eta gogoangarria izango zan eurentzat Bermeon gertau jakena, euren gizabide okerragaittik. Arek biak, alkar artuta, amar dukat geiago kendu gura eutsezan Txomiñi, baña onek usmau eban aren asmoa, ta txarto urten eutsen euren burubideak.

        Ori jazoten jako, goiz edo belu, onbideak azturik, okerkerietan dabillenari.

        Juana Mari Ondartzako pozik egoan ain bei ederra ikusi ebanean. Ezeutsen esan zer igaro zan Bermeon, da ezekian ezer burruka arazorik.

        Josetxo joaten zan egunaro ikastolara, ta amabost egunean, irakaslea geixorik egon zan arte, bera izan zan ordezkoa, ikasmen guztiaren ardurea ekukana, irakaslea bat legez.

        Eldu zan Bilbora joan bear eban eguna; aurkeztu zan azterpenetara, ta artu eban ontzi-buru izateko eskubidea. Ona Josetxo ontzi-buru edo kapitan itxaso guztietan izateko eskubideaz; ona pillotukuntzako gorengo aulkian jesarritta, ogetalaugarren urtean, «Ama Karmengoa» eritxon ontzi ederrari itxaroten agintaritzea artuteko.

        Bilbotik etxeratu zanean bere ikasmenak amaittuta, asi zan lenago lez, baserri bearrak egittera. Artaldea, berak eroaten eban goizaro mendian zear, da etxeratuten eban illuntzean. Mundakara etzan joaten jai-egunetan baño; mezatara goizean, da arratsaldean, elizako arazoak amaittu ezkero, bere neska-mutil adiskideakaz egurastutera. Astegunetan ibilten zan etxekaldeko lanetan edo arrantzuan Murgua eritxon atxean, atx-arrañak arrapaten.

        Illebi gitxienez eukazan lez etxean egoteko, bittarte onetan, amak eta berak egittu ebezan euren biotzeko Done batzuri eginda eukezan eskintzariak, Josetxo izan eittean zorionekoa bere itxasketako galbide ta arazo guztietan.

        Illuntze baten, Josetxo mendira joan-orduko, etxeratu zirean ardiak: egieben len iñoz egin ezebena, ta ezagun zan zerbait gertau jakena basoan. Josetxok, kortara sartueran, zeinbatu ebazan beti lez, ta egoan bat gitxiago; ganera ikusi eban ardi bat burua makurturik, eta ikuskatu ebanean, topau eutsazan idunean aginkada-zauriak odoletan egozala. Ezagun zan, txakur, luki, otso edo beste abere geiztoren batek ezetsi eutsela ardiari.

        Joan zirean mendira Txomin-txiki, Josetxo ta otseiña makilla lodi banagaz ardia billatutera; ta idoro eben ilda, muna baten ondoan; sasi arteko zulo baten urrean, buru baga, ta ikusi eben odolturik egozala ardiagandik sasi-zulorarteko bedar guztiak. Ziur zan ardia il eban aberea, sasi-zuloan barruan egongo zana ardiaren burua jaten.

        Txomin-txikik gomuta izan eban zelan urte batzuk aurrerago, Zolaburu eritxon baso-etxekoak erosi eben burdiñazko aginddu zepo andi eder bat, txakurrak, lukiak zein otsoak arrapateko, ta andik urre egoan lez etxe ori, joan zirean zepoa billatutera. Ain zuzen-be, garbi ta eder euken zepo ori: imiñi eben sasi-zuloaren aurrean, arri andi bati lotuta, ardiaren okela zati bategaz, da bedarrakaz ondo estaldurik zepoaren burdiñak.

        Biaramonean goizean-goizetik joan zirean irurak, eta urrunetik ikusi eben zepoak aurreko anka bietatik oratuta eukala otso eder bat. Joan zirean aida baten bertara, ta illeben iru makillakaz: gero erre ebezan sasiak eta ikusirik sasipean egoala zulo andi bat, munan barrura sartuten zana, arriakaz bete eben a zuloa.

        Erasti atan otso asko ebiltzan Bizkaiko mendietan, da sarri igaroten zirean olako gertaerak.

        Mundakako mutiko gaztiak, jakiebenean otsoa ilda egoala basoan, eroan eben errira, ta dandarrez erabilli eben kale guztietan.

        Lendik daki irakurleak, Mundakatik urre, arraunketan txalupa bategaz, ordu-erdiko bidean egoana Izaro izena eban itxasleorra, inguru guztian ikusbide ederrak eukazana. Gozagarria izaten zan Izaron egoten udabarri edo udako egun baketsu argietan; alde batetik Matzaku, Sollube, Oiz, Atxerre, Ogoño ta beste mendi asko, ta ganera, ondartza ta itsabazter edatsuak, Mundaka ta Bermeo bitartean direala; ta bestetik urrunean zeru-barren edo itxasustai ondo eratua, zerua ta itxasoa alkarreganatzen direala usten dan tokia. Arrantzaleak itxasora badira, ikusten dira aldra askotan ainbanaturik, gitxienez berreun txalupa, potin da batel, andik, ortik ta emetik, Elantxobe, Mundaka ta Bermeokoak, itxaso guztia zetakaz beterik baillegoan lez.

        Noizik-beñean Izarora joatea, egun bat igaroten, ango ikusbide iruderrera ta aize gozatsuetara, beti izan zan Mundakako neska-mutil guztiaren ekandua ta guraria. Jai-egunetan, meza-ostean joan bazkariaz; arratsaldean naidan jantzea egin pandero soñoan Izaro-ganeko zelaian, da etxeratu illuntzerako: au egitten eben, da dabe, noizbait jolas-egunetan jolastutea baño besterik euren gogoan eztaben neska-mutillak.

        Eladitxo etzan iñoz egon Izaron, da berezkoa dan lez, eukan gogoa ingurua ikusteko itxasleor aren ganetik. Sarri esaeutsan amari bere gogoa ara joateko, bere neska-lagunak edo adiskideak joaten zireanean, baña amak ezeutsan iñoz itxi joaten. Domeka baten ebiltzan joateko asmoaz lau neskatilla, Aurele, Orentzi, Domeke ta Todora, euren mutil-lagun, Pelixen, Danel, Bittor, Erromul da Pelisegaz, itxasketan bigarren agintari izateko eskubidea eukenak, eta eurakanik, Bittor zan Eladiren aidea.

        Eladik eskatu eutsan amari baimena arekaz Izarora joateko, ta amak jakiebanean Bittor lagun zala, erantzun eutsan joan eitteala eguraldi ona begoan, baña aittak esango ebala bere eritxia domeka goizean eguraldia ikusita gero.

        Domeka goizean, ezegoan edoi bat zeruan, aizerik bere ez, da itxasoak osin bat irudian, ain egoan bare ta baketsu: aittamak emoeutsen Eladiri euren baimena Izarora joateko. Guztiak joan zirean zortziretako mezatara; gero egiebezan abiamenak eta amarretan sartu zirean sei arrauneko txalupatxo baten: eurakaz joan txalupa-jaubea, ta ganera neskame bat, otsara baten bazkaria ebala.

        Josetxo Ondartzako, ain zuzen-be zortziretako mezatan egon zan, da gero, elizondoko zelaian ebillen jira ta bira egurastuten; bein jesarri, bein ibiltaldi bat egin; batak ziñoana entzun, besteari zerbait erantzun. Amarrak aurretxoan, ikusirik portura joazala neska-mutil batzuk, joan zan bera-be ikusgurakoak lez, jakitera zer igaroten zan portu-aldean. Ikusi ebazan amar neska-mutillok eta txalupa jaubea txaluparatuten, da danak, adiskideak zirean lez, joan zan eurakana agur egittera. Txalupakoak, Josetxo ikusi ebenean, esaeutsen:

        —Etorri zaite geugaz Josetxo; sei arraun daukaz txalupa onek, eta bost baño eskarean lez arrauketarako, bear zaituguz seigarren arraunerako; txalupa jaubea joango da lemazain.

        Neska-mutillak esaten eutsen Josetxori sartu eitteala txalupara: Eladitxo bakarrik egoan ixil-ixillik, eta Josetxok ittandu eutsen:

        —Zer diño ba Eladik?

        —Nik, zeuk nai dozuna egin daizula.

        —Ori ezta oso egia —erantzun eben beste neskatillak, begia baño naiago leuke etorriko bazintzake.

        Josetxok ezagutu eban Eladi zerbait lotsor egoana, ta sartu zan txalupara: laster ezagutu jakan Eladiri bere gogo-argia ta poza, Josetxo lagun zalako euren joan-etorrian, da Eladi lez poztu zirean besteak bere, arrauketarako mutil indartsu bat geittu zalako.

        Urten eben portutik, eta joan zirean Izarora: txalupa jaubea geratu zan txalupea jagoten, da besteak igoeben goiko zelaira. Mundakatik, betaurreakaz ikusten zirean Izaro-ganean, joan ara ta etorri ona, itxastxoariaren abiak billatuten edo beste jolas asmoetan: eguraldia ezin izan zeittekean irudi obekoa; ikusbide ederra ta baketsua egoan zeruan zein lurrean, inguru guztietan.

        Arratsaldeko ordubi ta erdietan, jantzan iarduen gogotsu, baña ordu onetan Josetxok ikusi ebazan edoi txiki batzuk Bermeo-aldetik, mendi ostean gora etozala, ta galarrenak eratuten zirean erastia zan legez, bilddurra artu eban, da esaeutsan bere lagunari:

        —Mutillak, edoi geroago andiagoak datoz Bermeoko mendi ostetik gora, ta uste dot ondo izango dala ainbat ariñen etxeratutea, galarren gogorren batek arrapau ezkaizan itxasoan.

        —Eztago oraindiño itxura txarrik —erantzun eben beste mutillak— txalupa guztiak-be an dagoz kalan, zirkiñik egin baga.

        —Arek kalan dagozan txalupak, ezin bardinddu leittekez guk daukagun txatxarraz, da goazan etxera ainbat ariñen.

        —Eztago aize gogor antzik eta joango gara gerotxoago.

        Iruretan jantzan iarduen, da ordu onetan asi zirean kalako txalupak euren bela txikiakaz etxeratuten. Orduan Josetxok esaeutsen:

        —Mutillak, txalupak batoz etxeratz, da or Bermeo-aldean agiri da aize gogor samarra itxas-ganean. Ondo egingogu berton egoten bagara galarrena igaro arte, iru edo lau orduan. Orretarako txalupea leorrera jaso bear dogu, olatuak atxetan zuzitu ezteien.

        —Eztago, gizona, olako arriskurik!; goazan txalupara ta etxeratu gaittezan.

        —Mutillak, belu dala uste dot; bide-erdi ibilli-orduko arrapako gaittu galarrenak.

        —Eztago ezeren bilddurrik; goazan txalupara.

        Eladitxo zan bakarrik Josetxoren burubideak egin nai ebazana; baña ikusirik beste guztiak txalupara joazala, onek biok bere jarraittu eutsen besteari.

        Estropadan asi-zirean arraunketan Mundakarutz, baña laster inddargatu zirean, aize ta olatuaren indarrakaz euren kaltez, ta bide-erdi ibilli-orduko ezeban txalupeak aurrerutz egitten: neskatillak oso makaldurik, batzuk jesarrita, ta besteak etzanda, danak egozan bertanbera erostan deadar baten. «Jo aurrera, mutillak!» esaten eban txalupa jaubeak, baña txalupea astiro-astiro joan atze-atzeka, ta albo-alboka ekatxaren indarraz: olatu zaparrada asko sartuten zirean barrura, ta guztiak egozan oso bustia; itzal-garriak zirean neskatillaren negar da deadarrak; ur asko ebillen txalupan barruan da lemazaiñak kenduten eban alebana ur-ontzi bateaz.

        Ikusirik ekatxaren inddarrak geittuaz joazala, ta Mundakatik urrundu egitten zireala bilddurgarriko zabunakaz, artu eben Elantxobera joateko burubidea, ta txalupea biurria egitten egoanean Elantxobera begira jarritteko, ikaragarrizko olatu auzi gangardun batek, ondatu eban. Ona danak uretan, danak uger edo igeri, danak deadarrez txalupeari oratuta; batzuk alderdi batean, besteak bestean, da urrengoak txalupearen aurrean edo atzean, da urrengoak txalupearen aurrean edo atzean, Jaungoikoari ta Done askori deadarrez; olatu batek urperatu, ta besteak azaldu; beti arnasa artzeko premiñan, estutasun andiakaz indarrak amaittuaz joazala. A zan negargarria! Josetxok jaurti eban lemea ta Eladiri elduta jarri zan txalupearen atzeko karelai oratuta; beste mutillak eta txalupa jaubea ebiltzan bakoitxak neskatilla bati lagunduten, baña indarrak eta arnasea amaittuten joazan, ta ganera urdallak, nai ta nai-ez, kresalez beteten. Arrantzuko txalupak urruntxo zirean oraindiño, ta Mundakan ezegoan eguraldi aregaz itxasora urteteko gauza zanik; danak egozan itxasoan.

        Ito zirean Orentzi, Todora, ta bazkaria eroan eban neskamean: atzenetan ebiltzan beste batzuk, ekatxak Ogoño mendiaren urrera eroan ebazanean. Ito zirean Pelix'en da Erromul-be, ta larri, estu ta atzenetan ebiltzan beste batzuk-be; betozan urreratuten Elantxobeko txalupak, eta aurrerengo aize-aldetik etorrenak ikusi ebazanean ito bearrik, beingoan joan zan eurakana. Urrean zanean artu ebazan belak, eta arraunketan joanik, artu ebazan enparauak; Aurele, Domeke, Danel, Pelis da Bittor atzeneko arnasetan, da txalupa-jaubea, Josetxo ta Eladi besteak baño zerbait sendoago. Elantxobera eldu-orduko, il zirean Aurele, Domeke ta Pelis, da biaramonean lurpetu ebezan; txalupea portura eldu zanean, da erriko gizeriak ikusi ebanean, an joazan negargarrizko gertaerak, batzuk ilda, ta beste batzuk atzenetan, ezin erazagutu leitteke an aurkeztu zan laurka arrigarrizkoa: erriko gizeri guztia joan zan portura lagunduten, da gexoak euren etxietara eroan gurarik, danak Jaungoikoari eskariak egitten, deadarrez da erostan, izugarriko gertaera ori ikusirik. Erriko nagosiak artu eban Eladitxo bere etxean; Josetxo, Danel, Bittor da txakupa-jaubea eroan ebezan ostatu batera.

        Bertako txalupa bik eroan eben portura Mundakako ondatu zan txalupa txatxarra.

        Gau atan il zirean Danel da Bittor, da urrengo arratsaldean lurpetu zirean: Josetxo, Eladi ta txalupa-jaubea egozan bizirik; beste guztiak il zirean.

        Zein arrigarria, laguntasunik eztagoan lekuan, ekatx gogorraz txalupea ondatutea! Zein mingarri ta ikaragarria eriotzea begi-aurrean dala itxasganean ordu bi igarotea! Zein izugarri ta, errukarria, arratsaldeko iruretan, azkar da bizkor, jantzan ebiltzazan neska-mutil gazte ederrak, seiretan euren bizia edo izamena galdutea! Onek zirean Elantxobeko gizeriaren erostak, elizara joazanean Jaungoikoari eskariak egittera illak eta biziakaittik.

        Bizirik urten ebenak, ogeraturik egozan guztiz makal; osagilleak egitten eban alegiña gexoak sendatuteko, ta itxaropen onak emoten ebazan eurakaittik.

        Mundakatik ikusi eben Izarora joan zan txalupatxoa etorrela gogotsu arraunketan, galarrena sartu zanean; gero ekatxaren indarra geittuaz, ikusi zan atze-atzeka joala, ta geroago estaldu zan ikusbidetik. Elantxobeko txalupa bat, belea jatsirik, arazoetan ebillela ikusi zanean, uste izan zan Mundakarrak artu ebazala, ta beingoan biraldu zan gizon bat leorrez Elantxobera, zein barri zan jakittera.

        Mundakako gizeri guztia egoan elizan naibagez beterik, eskariak Jaungoikoari egitten, Izarora joan zireanen zorionerako. Negar errimeak egitten ebezan euren aittamak eta aideak.

        Gabeko zortziretan ibittu zan ekatxa, ta leorrez biraldu zan mandatariak baño lenago joan-etorria egingo eban ustez, txalupa eder bat biraldu zan Elantxobera arraunlari onakaz; baña txalupeak urten da gerotxoago eldu zan Mundakara Elantxobeko gizalaba bat, paper bategaz, erriko nagosiarentzat. Paper onetan etorren albistea nortzuk bizi zirean, da albista au jakin zanean, erri guztian etzan entzuten besterik, negarra ta deadarra baño, alde guztietatik.

        Elantxobera joan zan txaluperai itxaroten egoan portuan gizadi guztia, zein barri ete ekarren ostera jakin gurarik: gaubeko amaiketan eldu zan txalupa au, ta ekarri eban albistea Danel da Bittor bere il zireala: Josetxo, Eladi ta txalupa-jaubea bakarrik egozala bizirik, eta onek-be guztik makalik.

        Gau atan etzan Mundakan lorik egin, ainbeste itzalgarriko negar da deadarreaz.

        Josetxok, Izarorako txalupan sartu-orduko, mutiko bati, saria emonaz, esaeutsan Ondartzan iragarri eiela zelan Izarora joan dan lagun batzukaz, da etzala etxeratuko bazkaldutera. Albista onegaz, Ondartzan bekien Josetxo nundik ebillen arratsalde atan.

        Elantxobeko albista mingarriak artu zirean gaubean, joan zirean leorrez bertara, Txomin-txiki, Juana Mari ta txalupa jaubearen emaztea; jakitun joazan zelan biaramon goizean joango zirean itxasoz, txalupa baten, Ermoken da Masima, Eladiren aittamak.

        Ai zein poza artu eban Josetxok, bere gurasoak ikusi ebazanean! Zein poza txalupa-jaubeak, bere emaztea ikusi ebanean, da ganera jabiebanean bere txalupa ondatua portuan egoala.

        Goizean goizetik, Ermoken da Masima eldu-orduko, joan zan Juana Mari, Eladitxo zelan egoan ikustera, ta ittandu eutsan:

        —Zelan zagoz, Eladitxo?

        Ai, zein gogo-argia erakutsi eutsan Eladik Josetxoren amari! Guztiz birbizturik jarri zan: ezieban ondo berba egin, baña astiro-astiro esaeutsan Juana Mariri:

        —Zerbait obeto nago: bizi izaten banaz, Josetxori zor izangotzat neure izamena: mirariak egin ebazan arek ni zanidduten ito eneittean: beragaittik nago bizirik.

        —Jaungoikoagaittik, ene alabatxoa.

        —Ta zelan dago Josetxo?

        —Onerantz egin dau zerbait.

        —Zein pozik nago albista orregaz.

        —Agur orain Eladitxo, laster jatortzuz gurasoak txalupa baten.

        —Batoz?

        —Bai, goizean txalupa baten etorteko asmoa euken, da laster elduko dira ona.

        —Agur-ba Juana Mari; gorantzi asko Josetxori.

        Gerotxoago eldu zirean Ermoken da emaztea, ta pozik egoan Eladi gurasoak ikusi ebazanean.

        Txomin-txikik, goizaldean egieban loaldi apur bat, eta gosaldu ebanean etxeratu zan leorrez. Ermoken bere, bazkal-ostean biurtu zan Mundakara bertan txalupan. Masima lotu zan, bere alaba Eladiren ardurea artuten; Juana Mari Josetxorena, ta txalupa jaubegaz, bere emaztea.

        Mundakan egin ebezan il zirean guztiaren elizkariak, eta edozein aldetatik ikusten zan gizadia iljantziaz. Bost neskatilla ta bost mutillek galdu ebezan euren izamenak adiñik onenean.

        Josetxoren burubideak egin etzirealako gertau zirean atsekabe guztiak. Olan jazoten jake, zuzenbide onetatik aldendu oi direanari.

        Uste baga joan zan Josetxo Izarora, ta esan leikean, Jaungoikoak eroan ebala Eladitxo ardurea artutera.

        Irakurleak gomuta izango dau, zelan, Josetxo ta Eladi gaztetxoak zireanean, ibilli zirean karramarrotan elizosteko artzan: zelan Josetxo, urak, berantz-aldian, eroan da sartu eban atxarte estu baten, da uraren gorantz-aldia etorri-orduko, zelan Eladitxo arin-aringa joanda, lagundu eutsan atxartetik urtetera. Laguntasun au eutsan zor Josetxok Eladiri, ta orain ondo geittuaz ordaindu eutsan zor ori.

        Juana Marik, galarrena gogor sartu zanean, Gernikako elizan egoan «Ama Ongille» edo «Ama Sokorrukoa» esaten eutsanari, egieutsan eskintzari bat ren zorionerako.

        Txomin-txikik, egun birik baten biralduten eban bere otseiña leorrez Elantxobera, jakittera zelan egozan Josetxo ta Juana Mari: bidebatez jakitten ebazan beste gexoaren barriak-be; osagilleagandik jakitten eban gexo bakotxak bestearen barri. Guztiz astiro, baña egunaro joazan oneratz, da Masimak esaten eutsan bere alabeari:

        —Eladi, ene alabea, bein joan da bertan ikusi dozan eriotzako orduan igaroten direan mingarri ta atsekabe guztiak. Nun egon zirean zeuen lagun gizasemeak, galarrena etorrela aurretiaz ezagutu baga? Zein gogamen euken euren buruetan aztu eragitteko txalupa txatzar bat zeunkela, ta etxeratu bear zinduela alik ariñen eguraldia aldatuten asi ezkero? Beste gauzarik gomuta izan baga, jantzan gogotsu antxe ibilli gureak, galdu zinduezan zentzunbakuok! Etortea daukan, beste baten-be, nira baimenaren billa Izarora joateko! Ezaz joango beste bein ni bizi nazanarte.

        —Entzuizu ama: Josetxok, Bermeo-aldetik edoi batzuk gorutz etozala ikusi ebazanean, esaeutsen beste mutillai, obeto izango zala etxeratu aida-baten, baña besteak erantzun eutsen ezegoala itxura txarrik. Gero, galarrena urreratu zanean, Josetxok nai eban egon bertan Izaron ekatxa igaro arte, ta besteak ezeben nai izan. Geroago bakizu zer igaro zan Josetxoren burubideak jarraittu etzirelako. Nik, berari deutsat zor ama, neure izamena: Jaungoikoak ekarri eban txalupara neure ardurea artuteko.

        —Nik enekian Josetxo zeukaz zanik: ondo gordeta euki endunan albista ori.

        —Ez ama, ori ezta zuk uste dozun lez; Josetxok ezekian gu Izarora giñoazanik, baña portuan egon zan txaluparatu giñeanean, da mutil-lagunak azkortu eben geugaz joateko, arraun baterako laguna bear zalako. Olantxe, uste barik izan zan Josetxoren Izarora joatea.

        —Olan bada, ondo dago.

        Ogeratu ta seigarren egunean jagi zan Josetxo etxe barruan ara ta ona ibilteko; amargarren egunean jagi zan, txalupa-jaubea, ta amalaugarrenean Eladitxo.

        Len esan dan lez, Eladiren aittamak eldu-orduko joan zan Juana Mari neskatilla ori ikustera, ta gero-be sarri joango zan, baña bekian Masimak ezeutsana begi onakaz begiratuten, da orregaittik etzan joaten: osagilleagandik jakitten eben zelan egoan Eladi. Ainbeste egunetan egon zirean Elantxoben, da Masima etzan bein-be joan Josetxo ikustera, jakiñarren bere alabea, mutil aregaittik egoala bizirik. Zein biotz gogorra bere alabea gatxondu eban mutil onbidetsu ta gizabide ona beti erakutsi ebanentzat.

        Txalupa-jaubeak esaten eban, mirarizko gaitasunaz zaindu ebala Josetxok Eladi olatupean.

        Eladi ogetik jagi ta bostgarren egunean, eguraldi onagaz, joan zan txalupa nagosi bat Mundakatik Elantxobera gexoak eta euren amak billatutera: etxeratu zirean guztiak, eta ganera, eurakaz eroan eben ondatu zan txalupatxoa. Txalupan batera joazan arte, Masimak ezeutsen berba egin Josetxori ez bere amari: apalkeria zan beretzat areri baserritarrari berba egittea.

        Ondartza urrun samar egoan lez, Txomin-txikik, portuan eukan bere burdia, galtzoakaz azpia bigunduta, Josetxo etxeratzeko. Onik astebete garrenean, irurak egozan sendo, ta urteten eben aizetegira egurastutera.

        Josetxo oso sendatu zanean, beronegaz joan zirean Gernikara Txomin da Juana Mari, «Ama Ongilleari» egieutsen eskintzaria egittutera. Elizako eskariak egin ebezanean, Txomin-txikik nai eban ikusi euskaldunaren Aritx maittea, ta irurak joan zirean ikustera. Txomin koplari ona zan lez, antxiñatxotik ekizan berak asmauriko kopla batzuk, etxean, soloan zein basoan kantaten ebazanak, lan bigunak eukazanean, da otu jakan kopla onek kantatea Aritxaren azpian. Juana Mari, Josetxo, otsein da neskameak bere, bekizen onek kantok ainbeste bidar Txomiñi entzunik.

        Jarri zirean irurak Aritxaren azpian; Txomin da Josetxok artu ebezan txapelak eskuan, da irurak batera, lerden da zoli Aritxari begira ta biotz-biotzetik, kanta ebezan urrengo dagozan Txomiñen koplak.

 

                ARITX MAITEA

 

                Nai dala osasunaz,

                Zein gexo txarretan,

                Naibagez ondaturik,

                Zein atsegiñetan;

                Leorrean lez bardin,

                Itxas-zabaletan,

                Eguraldi onakaz,

                Baitta ekatxetan;

                Bakean gagozala,

                Zein gudu lanetan,

                Geure erri maittean,

                Zein atzerrietan,

                Lurbira onetako,

                Bazter guztietan,

                Aritx eder bat dago,

                euskal-biotzetan.

 

                Zeu zara Aritx ori,

                Zeu zorionean,

                gozagarri laztana,

                Euskaldun lurrean.

                Adarrak luzeturik,

                Lerden da bakean,

                Lege kutun bat dozu,

                Eskur bakotxean.

                Poz-pozik bizi naz ni,

                Zure legepean,

                Neure atsegiñetan,

                Zein atsekabean.

                Lurperatu bagarik,

                Nagoan artean,

                Beti eukiko zaittut,

                Neure biotzean.

 

        Gero, astiro-astiro illuntzerako etxeratu zirean, da gau atan bere, apalostean, eresi edo kanta ebezan Aritx maittearen koplak.

        Aurrerantzean, Josetxo ibilten zan lenago lez, bein baserriko arazoetan, bestean atx-arraintan, da sarri illuntze aurrean egurastuten Mundakako neska-mutil lagunakaz. Len entzute andikoa ta ondo ikusia bazan, orain ainbat ospetsuagoa ta maitteagoa zan alde guztietan, bere egittasun onakaittik. Eladiren aittak-be, gogo-argiaz agur egitten eutsan, kalean edo beste lekutan ikusten ebanean: Masima bakarrik zan orainddiño begi argiakaz begiratuten ezeutsana, baña onek bere, ezeutsan orain Eladiri agirakarik egitten, Josetxogaz batunarren egurastuteko ibiltaldietan.

        Egunak joan, asteak etorri, sendatu zan ondo Josetxo, ta etorrik jakazan lengo inddarrak.

        Berak aginpidea artu bear eban ontzi «Ama Karmengoa» eritxona, eldu zan Bilbora: agur egin eutsen Josetxok bere adiskideari ta Eladitxori, ta ontziratu zan. Negar asko egieban Bilborako urten ebanean: amar egunean egon zan Bilbon, ontzia zamatu arte, ta gero urten eban itxasora Habanarako.

        Eladitxok, egun askotan erabilli ebazan bere begiak bustirik negar anpuloak jausten jakazala, ain izan zan andia, Josetxok agur egieutsanean artu eban naibagea.

        Aize ibittuak eta eguraldi onakaz, berrogetazortzi egunean, eldu zan «Ama Karmengoa» Habanara. Amar egunean kartegatu eben, da beste amabostan zamatu zan, Franzeako Bordeaux izena eban errira joateko.

        Habanatik urten da ogeigarren egunean aize gitxi ta itxasoa bare egoala, topau eben ontzi bat, zuzenbide baga, bere belak edo aize-oialak, batzuk bateratz da besteak besterantz, txarto arauturik eukazala, ta Franzeako bandera edo ikurriña masta-puntan ebala. Beragana urreratu zireanean, ontzi atan etzan agiri gizon bakar bat baño; lemazain-be ezegoan iñor.

        «Ama Karmengoa»k jaurti eban batel bat uretara, ta pillotua edo bigarren agintaria lau arraunlarigaz, joan zan ontzi atara, jakittera zer jazoten zan zuzenbide barik egoteko. Barruratu zireanean, gizon bakarrak iges egitten eban eurakandik; Frantzeako berbakuntzan esaten ebazan berba batzuk; gora ta bera, batera ta bestera igittuten ebazan gogoz bere besoak, ezpalak eta begiak, zoro baten antzera. An, or da emen, odol legortuak egozan bean: atze-aldean topa ebezan ilda gizon bi, ta aurrean zazpi.

        Joan zirean euren ontzira Josetxori esatera zer jazoten zan, da au arriturik lotu zan arek eroan eutsezan albistakaz. Uste eban aserrekuntzaren bategaz alkar ilgo ebela agintari ta menpekoak, eta gero a gizon bakarra zoraturik jarriko zala.

        «Ruan» eban izena ontzi orrek.

        Ontzi-burua izan zanen paperetan jakin zan etorrela Terranobatik makallaoz zamaturik, eta ain zuzen-be, joala Bordeauxera, «Ama Karmengoa»k joan bear eban portura.

        «Ama Karmengoa»n batzartu zirean, Josetxo, pillotua, ikasgoan ebiltzazan mutil gazte bi, ta ontziko mariñel zarren biak, zer egin bear zan erabagiteko, ta seiren artean erabagi eben, erdiak ontzi bakotxera ainbanatutea, ta batera joatea Bordeaux-erarte, «Ruan» orrek beukazan elikaturak edo janari ta edari onak eta bear zirean beste gauzak. Baitta izenta ebezan, nortzuk joango zirean «Ruan» eroatera; onetarako Josetxo joan zan ontzi atara, len batelean egozan gizonakaz, ikustera zelan egozan, janari, edari ta itxasketarako gauza guztiak: danak topau ebazan ondo samar, da upategia makallaoz beterik.

        Gertaera onetan ekandu oi direan eskariak Jaungoikoari egiñaz, bota ebezan itxasora ilda egozan gizonak: usteldurik egozan lez, peleaz jaurtik ebezan zatika. Lau edo bost egun aurrerago ilgo zirean arek gizonak: garbitu eben ondo ontzi guztia, ta gero joan zirean «Ama Karmengo»ra.

        Paperetan agertu zan amasei gizaseme zireala ontzi atako gizadia, ta amar baño topau etzirean lez, uste eben, enparauak itxasora jaurtiko ebezala burruka iardu ebenean.

        Bigarren agintaria edo pillotua zan «Ruan»en aginpidea artuko ebana, ta Josetxo ta bera adittu zirean alkarregaz, ontzi batak besteari, bandera edo ikurriñakaz egin bear eutsezan ezaugarriaren ganean, zuzenbidea aldatu, aize-oialak geittu edo gitxittu, urreratu edo urrundu ta beste egin bear zirean arazoak egitteko, ontzi biak, alkarren ikusbidetik aldendu ezeittezan.

        Euren abiamenak egin ebezanean, joan zirean ontzi atara, pillotua, ikasgoan ebillen bat, eta sei gizon; euretarik bat gatzemalla. Bertan egoan gizon zoroak ezeban jotera ezetsiten, baña ondo zaindduten ebezan gizon aren ibilkerak badezpada, ikusteko, txarrerako asmorik artuten beban: emoten eutsen jan da edaten, da egun batzuk igaro zireanean, asko ibittu jakazan bere artegatusunak.

        Eguraldi ona egoan arte, alkarren urrean joazan ontzi biak, baña illuntasunik edo etxura txarrik egon ezkero, aurretiaz batuten ebezan gorengo aize-oialak gizon gitxi zirealako ontzi bakotxean, da gisa onetan egun askok igaro bear eben porturatu-orduko.

        Bein arrapau ebazan, ekatx gogor, aize, euri ta abarregaz etorren batek, eta itxastatu eben egun bittan, alkar ikusi baga, nundik nora joazan ezekiela: bigarren egunean, eguraldia argittu zanean, ezeben alkar ikusten, baña ontzi bietako masta ganietatik agiri zirean alkarren gorengo belak, eta gero urreratu zirean alkarregana.

        Alkarren ikusbidetik aldenduten bazirean, bekian bakotxak Bordeauxera jarraittu bear ebana an alkartutera.

        Egun batzuk igaro zireanean, eratu zan beste ekatx lengoa baño indartsuagoa, izugarriko olatuakaz, da euri landurraz estaldurik bazter guztiak, ezeben alkar ikusi iru egunean. Ekatxa ibittu zanean ezeben ikusten batak-bestea masta ganetik-be: jo ebazan aize indartsu batek beste aldetik, eta agertu zirean barriro alkarren ikusbidera. Gero euki ebezan egun askoko aize ederra, eta eurakaz sartu zirean Bordeauxko ibaian.

        Zein poza ta atsegiña Bordeauxera eldu zireanean ainbeste bilddurgarriko gertaera igarota! Ordurarte beti gogo-illunaz etorren gizon zoroa, ibai atako erriak ikusi ebazanean, jarri zan irribarreka gogo-argiaz, bedo, ezpan da begiakaz guztizko pariztak egitten ebazala, ta ibilketa gogotsuakaz, bein aurrera ta bein atzera ontziko gizadi guztiari barre eragitten. Gero, lotuta imiñi eben zoro ori, leorrera iges joan ezeittean, Josetxok erri atako itxastar nagosiari aurkeztu bear eutsalako eroan eien zoro-etxe batera.

        Aurkeztu zan Josetxo nagosi orreganan, gizon zoroagaz da ontzi biaren paperakaz, da ageri eutsazan nagosi orri itxasoan igaro jakezan jazoera guztiak. Gero joan zan, lenengo «Ama Karmengo»ko zama-jaubeakana, ta urrengo «Ruan»en jaubeakana: danari erazagutu eutsazan itxasoko gertaera guztiak: «Ruan»go zama-jaubeak ageri eutsazan eskerrak bere egittasun onakaittik, eta ganera esaeutsen gomuta izango ebela bere gizabidea. Ontziratu-orduko jakieban, zelan portuko aginpidea eukanak, biraldu eban gizon zoroa, erri atan egoan zoro-etxe batera.

        Gaberdian, ontzi bietako gizadia ogean lo egoala, aurkeztu zirean bost errizain ontzi bakotxean, da Josetxo, bere menpeko guztiakaz, eroan eben gudu-ontzi batera, ta an imiñi ebezan katiguturik, arik eta jakin arte, zelan il zirean «Ruan»go gizonak.

 

                «Ondo egiñen saria

                Sarritan da mingarria».

 

        Josetxok eta bere menpekoak igaro ebezan arriskuak eta egiebezan alegiñak zuzenbide baga topa eben ontzia porturatuteko, arrigarrizkoak izan zirean: ain gizon gitxigaz ontzi bakotxean, ekatxetan igaro ebezan estutasunak eta nekeak, ezin azaldu leittekez ondo norberen begiakaz ikusi barik, eta egittasun onbidetsu orrekaittik, lenengo emoeutsen saria, izan zan katigutegia, Jaungoikoak nai eban arte.

        Gudu-ontziko gizadiak zaindduten ebazan ontzi biak, eta zamam-jaubeak kartegatu ebezan.

        Jaten ondo emoten eutsen katigu egozanari, baña Josetxok, bere bizian ezeban euki naibage mingarriagorik, eta bere menpekoari esaten eutsen:

        —Gizonak! «Ruan»go gizadia zelan il zan jakin arte, diñoe gaukezala katigu: nundik, zelan da noiz jakin leie ori?

        —Onegia izateak dakaz onek atsekabeok —erantzun eutsen bere menpekoak—; milla bidar obeto izango zan guretzat aurrera jarraittu bagendu, ontzi ari jaramon baga.

        —Baña orduan zittal batzuk izango giñean. Zelako gizabidea eukiko genduke, laguntasunen premiñan, itxas-zabalean dagoan ontzi bati jaramon ezik? Egittasun ori, Jaungoikoak-be eleuzkigu parkatuko! Guk, porturatu dogu a galdu bear eban ontzia, ta leorreratu dogu a gizon zoro errukarria: egittasun on orren gogo-betea edo lasatasuna daukagu, bestetik naibagea eukiarren; da emen gizon maitteak, datorrena datorren lez, eroapenaz, artu bear doguz gertaera guztiak. Jaungoikoaren aurrerako ondo gagoz; Lurbirakuok eztakigu zer egingo deuskuen argittu ezin badabe jakin nai dabena; baña ondo egin dabenak, edo bide onetik jarraittu dabenak, goiz edo belu, beti urteten dabe garaipenaz euren auzietan, da eztogu galdu bear itxaropen ori.

        Olako berba onakaz, azkortuten ebazan Josetxok beragaz katigu egozanak.

        Erabagilleak eukan pekua «Ama Karmengo»ko gizadiak il ete ebazan «Ruan»goak, gero ontzi onegaittik, guzurrak bittarte zireala, sari ona artuteko ustez. Guztiak bana-banan eroan ebezan bi-bidar erabagilleagana erantzutera onek egitten eutsezan ittaunari, ta danak erantzuten eben bardin gauza guztietan.

        Erabagillea gizon ona zan; erruki ebazan katigu egozanak, egia bazan eurak esaten ebena: ziñoan, alan izan ezkero, etzireala katigu egon bear ebenak, ezpada, sari ona bear ebenak baño.

        Katigutu ta ogeigarren egunean, Josetxo ta bere lagunak euren zoritxarraz, itzal da motel, naibagez beterik egozanean, eldu zan gudu-ontzira erabagillearen agimen bat, esaten ebala jaregitteko katigu egoan «Ama Karmengo»ko gizadi guztia, askatasunaz joan eittezan euren ontzira edo nai eben lekura, zirealako erruezak «Ruan»go auzietan.

        Aida baten, poz-pozik joan zirean euren ontzira. Zer jazo zan, len eurakaz artu ebezan burubide guztiak beingo-baten aldatuteko?

        Gomuta izango dau irakurleak, zelan zoro-etxera biraldu zan «Ruan»go gizon zoroa. Gizon au, ogeigarren egunean, gaubean ames asko egin da gero, goizean itzartu zanean, jagi zan ogetik adimen argiaz; jantzi zan da ibilli zan ara ta ona egurastuten etxe-barruan. Osagillea eldu zanean, joan zan beragana ta esaeutsan:

        —Osagille jauna; niri on egin deuste zuk emon deustazuzan osagarriak.

        —Ori ondo, zer jazoten jatzu-ba?

        —Gaur goizean adimen argiaz itzartu naz.

        —Zein atsegiña niretzat! Beti uste izan dot egun baterik bestera sendatuko ziñeala, ta orra orain ondo zagoz. Egon zaitte berton neu gerotxoago etorri arte, ta orduan esango deutsut zer egin bear dozun.

        Erabagilleak esanda eukatzan osagilleari iragarri eiola zoro ori adimen argira biurtuten zanean, da orregaittik, osagillea aida baten joan zan erabagilleari esatera zer jazoten zan. Joan zirean biak zoro-etxera, ta erabagillea asi zan zoratuta len egoanari ittanduten:

        —Egia da zu oraintsu «Ruan» deritxon ontzi baten ibilli zareana?

        —Bai jauna.

        —Gomuta dozu ontzi orretan eriotzak izan zireanan itxas-zabalean?

        —Bai jauna.

        —Orrek eriotzok jazo zireanean, begoan ontzirik zeuekandik urre?

        —Ez jauna, biaramonean bere ez.

        —Bakar-bakarrik zengozen ikusbide guztian?

        —Bakar-bakarrik jauna.

        —Orduan zeuan artean izan zirean auziak eta eriotzak. Ezta egia?

        —Bai jauna, barruan egozanen artean.

        —Egizu-ba mesede esatea, zegaittik eta zelan igaro zirean arrigarrizko gertaera orrek.

        —Bigarren agintariak zeatu eban sendo menpeko gizaseme bat, agindu eutsan bearra berak nai eban lez egin ezebalako: beste mariñel bik ezetsi eutsen bigarren agintari orri, a nekaldu ebalako: orduan Kapitan edo ontzi-buruak, arpegi emoeban bigarren agintariaren alde, ta illeban mariñel bat gañibeta zorrotz bategaz; beste mariñel bik il nai eben bera, baña ontzi-buruak il ebazan orrek biok-be. Alkartu zirean mariñel guztiak, ta lenengo il eben bigarren agintaria, ta gero, ondo zauriturik, jaurti eben itxasora ontzi-burua. Bost il zirean burruka onetan. Bizirik lotu zireanak ezekien pillotukuntzea ta ontzia lotu zan zuzenbide baga: ezekien zein bide jarraittu itxasorratzean. Batzuk ziñoen txarto egin ebela nagosia ilteaz, besteak ondo egiña izan zala, ta auzi onetan aserratu zirean gogotsu guztiak eta il eben alkar. Bizirik zauri andiakaz geratu zirean batzuk, il zirean biaramonean. Ni auzi guztietatik iges nenbillen, baña zauriturik egoan batek, bere alde egin enebalako, jarraittu eustan batetik bestera ontzi guztian; zaurittu nindoan beso baten, baña atzenean, odol baga geratu zanean, jausi zan da etzan geiago jagi. Onek ilgo nindoala uste neban, da artu neban bilddur da artegatasunak jarri nindoen guztiz urduri, geldirik ezin egon nintzala: gau atan eneban lorik egin: batetik bakartasuna ta bestetik illak ikusiak, geituten eben nire urduritasuna. Biaramon goizean otu jakan illak itxasora jaurti bear nituala, neure itzaltasuna zerbait ibittuteko, ta neke andiakaz bota nittuzan lau. Gero eztakit zer gertau jatan; ordurik onako barririk eztakit; uste dot adimen baga egon nazala.

        Gizon orrek kondaira ori ageri ebanean, erabagilleak aginddu eban «Ama Karmengo»ko gizadia jaregitteko, joan eittezan euren ontzira.

        «Ruan»go zama-jaubeak, emoeutsen irabazita eukana sendatu zan gizon zoro ari, ta joan zan bere errira.

        Esan leikean Jaungoikoak argittu autsala adimena, katigu egozan ongilleak askatu eittezan.

        Egun batzuk igaro zireanean, errizain batek eroan eutsan Josetxori erabagillearen agimen bat, ziñoana joateko beragana ontziko guztiak aldi bittan; lenengo ontzi-burua erdiakaz, da gero pillotua edo bigarren agintaria beste erdiakaz.

        Errizañagaz batera joan zirean Josetxo ta menpeko erdiak, bilddurrez nasteren bat ostera asmau ete eban. «Ruan»go zama-jaubeak egozan erabagilleaz, da onek esaeutsen:

        —Eskerrak eta saria bear dabez zuen egittasun onak, eta eskerren ganera, onek, emen dagozan «Ruan»go zamam-jaubeok, euren gurariaz da ontzi-jaubearen eskubideaz, «Ruan» porturatu dozuelako, emongo deutsuez oraitxe, legeak agindduten daben lez, zortzimilla dukat «Ama Karmengoa»ren jaubientzat; bostmilla ontzi orretako nagosiarentzat; irumilla, bigarren agintari «Ruan»en aginpideaz etorri danentzat, eta milla bana dukat beste guztientzat. Etorri ta artuizuez zeuenak.

        Zama-jaubeak ainbanatu ebezan diruak. Josetxok artu ebazan zortzimilla dukat «Ama Karmengoa»ren jaubientzat eta bostmilla beretzat: eskerrak ageri, agur egin, da ondo pozik ontziratu zirean. Gero joan zirean bigarren aldikoak, eta areri bere ainbanatu eutsezan euren diruak.

        Zein poza ta atsegiña «Ama Karmengo»ko gizeriak, naibage guztiak aztuteko, artu ebenean egittade onaren saria! Onegiña beti da onbidea, ondasunak sarri ekarten dittuana.

        Egun batzuk igaro zireanean, aberats antzeko gizon ondo jantzita egoan bat, joan zan «Ama Karmengo»ra ta Josetxori esaeutsan ontzia ikusi nai leukeala. Josetxok erakutsi eutsazan sokondo guztiak eta eskerrak ageritta joan zan gizon ori. Arik lasterrean jakieban zelan gizon arek erebillen «Ama Karmengoa» erosteko asmoa, ta ebillela autuetan ontzi-jaubeakaz. Ontzi ona zan, baña balio izan eban baño diru geiago eskiñi eban gizon orrek, eta saldu eutsen beste barri andiago bat egitteko usteaz. Ona Josetxo ta beste ontziko guztiak geratu zirean etxeratu bearrean, ontzia FranEladitxoeko ikurriñaz jarten zalako.

        Zortzigarren egunean urten bear eban Bilborako, Holandako ontzitxo batek, eta an joateko usteaz egin ebezan abiamenak; jakieben Holandarrak eroango ebazala ogei dukategaittik bakotxa.

        Artu ebezan osteran irabaziriko diruak, eta len eukezanen ganera, diru pillo politta eukan bakotxak etxeratzeko.

        Joan zirean Holandako ontzira ta urten eben Bilbora joateko, aize gitxi ta itxas-baredun eguraldi onagaz: olan jarraittu eben lenengo iru egunetan. Laugarrenean ezegoan iñundik aizearen putzik; sartaldeko zeru-barren edo marboillean, asi zan jasoten, edoi orma-illun antzeko bat; geroago agertu zan olatu zabal, ontziari zabun andiak eragitten eutsazana. Zeru-barreneko orma antzeko edoi baltza jasoten zan geroago gorago, ta ezbai baga, ekatxa etorren ganera: arautu zirean gauza guztiak eguraldi txar orri arpegi emoteko.

        Ontzi txikia zan, baña galeotea esaten eutsen guztizko gaittasun andikoa ekatxai arpegi emoteko. Illuntzean sartu zan ekatxa izugarrizko indarraz, da siñisgatxa zan, ontzi txiki arek, bere bela txikienaz, zelan jasoten zan ikaragarrizko olatuaren ganera: galanto arpegi emoten eutsan arerio guztiari; esan leikean jolastuten edo olgetan ebillela aize ta olatuakaz, irri egitten guztiari, ain zoli igoten eban olatu ganera. Ekatx gogorra zan baña, Donata bere etxean lez, artegatasun baga, egozan ontzikoak eguraldi onari itxaroten; noizbait artuten eben burutik-bera itxas-zaparrada bat, bideko aizeak jasoten daben autsa lez, da aurrera mutillak.

        Egun bittan iraun eban ekatx orrek; irugarren gaubean agertu zirean zeru-argiak, aldatu zan aizea beste aldera, zabaldu zirean belak, eta irugarren egunean, osasunaz da kalte baga eldu zirean Bilbora. ordainddu eutsezan Holandarrai bakotxaren ogei dukatak, eta mendiak zear joan zirean euren errietara. Josetxo bakarrik geratu zan Bilbon «Ama Karmengoa»ren jaubeakana aurkeztu bear ebalako, jazoera guztiak erazagututera, ta eurentzat ekazan zortzimilla dukatak emotera.

        Aurkeztu zan Josetxo bere ugazaba nagosiagana, ta guztizko txera ona egieutsan onek; bere seme bat izan balitz-be, ezeutsan egingo abegi oberik. Josetxok erazagutu eutsazan osteran da Bordeauxen igaro zirean jazoera guztiak, len irazkietan egin eutsazan baño obeto, ta arritturik geratu zan ugazaba, edesti guztia entzun ebanean: emoeutsazan Josetxok, Bordeauxen beretzat artu ebazan zortzimilla dukatak, eta ondo pozik lotu zan ugazaba diru orregaz da Josetxoren egitadeakaz. Egun atan ugazabagaz jan, beragaz egurastu ta bere etxean lo egin eban Josetxok.

        Ugazabak esaeutsan zelan «Ama Karmengoa» eritxon ontzia saldu eban uste baga, beragaittik diru asko emoeutselako, eta ontzi barri andiago bat eregiko ebela laster berari agintaritzea emoteko usteaz, baña bittartean, nai beban, etxeko «Ibaizabal» eritxon ontzian joan leitekeala bigarren agintari edo pillotu: ontzi ori egoala bertan Bilbon zamatuten Buenos Airesera joateko, ta ogetabost egun-barru urtengo ebala itxasora: uste beban an joatea, amabost egunean egon leittekeala bere gurasoakaz.

        Josetxok ittandu eutsan nor zan ontzi-burua, ta jakiebanean Longin Mundakako, bere ezagun zarkote bat zala, erantzun eutsan jarraittuko ebala bigarren agintari Longiñegaz. Orduan ugazabak esaeutsan:

        —Longin zarkotetxoa dan lez, gazte sendo bat bear izan dot pillotu joateko, ta eskerrak ageritten deutsudaz beragaz zoazalako.

        —Eskerrak neuk, beti ongillea zarealako.

        Biaramonean etxeratu zan Josetxo, amabost eguneko egotaldia gurasoakaz egittera. Milla dukat bere osterako irabaziak, eta ganera bostmilla Bordeauxen artu ebazanak, orra seimilla dukat emoeutsazan aittamari.

        Txomin-txiki ta Juana Mariri zoratu bear jaken pozen-pozaz, a diru pilloa ikusi ebenean begien aurrean: eguno euren bizian ezeben ikusi etxean ainbeste diru.

        Orduan Juana Marik bakarrean esaeutsan Txomiñi:

        —Eneutsun nik esaten Txomin, Jaungoikoak biraldu euzkula Josetxo geure zorionerako?

        —Bai, alan da Juana Mari: Josetxo geuretzat artu genduanik arrezkero, soloak eta basoak-be ekarkorragoak dira, ta beti euki dogu aparittako ardaotxoa: orain berorrek irabazi dittuzan diruakaz, bizi garean arte eukiko dogu ardaotxoa, eguerdi ta aparittako. Zer gura dogu geiago? Lurbira guztian eztago olako mutillik: bere irabazbidean igaroten dittu arrisku ta naibage gogorrak, baña atzenean beti urteten dau garaipenaz jazoera guztietan.

        Ain zuzen-be, oraingo etxeraldion gertau jakan Mundakan egotea erriko jantzarazo egunetan, nai eban beste olgateko. Done Kepa edo Pedroren egunean da urrengo bietan, elizako arazoaren ostean, etzan lotuten egunaro, larogei urte ebazan atzo-agurarik jantzan gogotsu egin baga, plaza edo enparatzako tanbolin soñuan. Meza-aurrean, meza-ostean; batean enparantzan, bestean kalerik-kale, urrengoan portuan edo eliz-ondoko zelaian, tanboliña joten zan leku guztietan, eratuten zirean aurresku luze-luzeak, zar da gazte batera errezkadan jarrita: egun orretan zoroak irudien Mundakako gizaseme ta gizalaba guztiak, zar da gazte, ezkonduak zein ezkongeiak eta ume guztiak. Josetxo, geratu barik ebillen ekiñean aurreskuan edo jantzan nekezaleakaz, da noizbait Eladitxogaz: guztiz asko ta ondo olga eban egun orretan.

        Josetxogaz ontzian ibilli zirean batzuk Mundakarrak izanik, laster jakin zirean erri guztian itxasoan da Bordeauxen igaro ebezan arazoak. Arriturik egoan gizadi guztia ikusirik zelan Josetxok urteten eban beti ondo estutasun guztietatik. Zeinbatek ete euken, arek aittamari emoeutsen diru pilloaren ondamua.

        Zer uste ete eban Masima, Josetxogaittik, ikusi ezkero, mutil orren gizabide ona? Bere irudimenean ziur ebiltzazan burruka, alde batetik andikeria ta bestetik apaltasuna. Bai, apalkeri andia izango zan Masimentzat, Josetxogaz adiskidetasuna artutea! Zentzun orretako gizalabarentzat eztago Jaungoikorik, ez onek erakusten daben bide onik! Andikeria bakar-bakarrik da olakoaren gozagarria ta atsegin guztiaren sustraia.

        Josetxok, azkartasun errimeaz emoten eutsen arpegi, ekatx gogor da beste itxasoko arrisku, baña Masimaren arrokeriari ezeutsan iñoz erakutsi apaltasuna baño, Eladitxori naibagerik ez emotearren.

        Arantzaz beteriko sasiak bidean egonarren, eroapenaz da gizabide onagaz, bigunduten dira bideak aurrera jarraitzeko.

        Arin igaro jakazan Josetxori amabost egunak: egieutsan agur adiskide ta Eladiri, ta joan zan Bilbora «Ibaizabal» eritxon ontzira, pillotu edo bigarren agintari: seigarren egunean, urten eben itxasora Buenos Airesera joateko.

        Etzituan iñok ikusi Josetxo ta Eladiren negar malkoak alkarri agur egieutsenean. Zein ordu biotz-illa bientzat! Esan leikean ezebela geiago alkar ikusiko.

        Txomin-txiki ta emazteari-be, joan jaken euren begiak ikusten eben argirik ederrena, ta geratu zirean naibagez beterik. Joan zan itxaso zabaletara, Mundakako eguras-lekuak gogo-argiaz ipinten ebazan mutil ederra! Joan zan Josetxo Ondartzako, Jaungoikoak nai eban arte.

        Españako itxasbazterretatik urrundu zireanean, laster artu ebezan, beti iparraldetik putz egitten daben aize baketsuak, eta egun da gabe, zeru garbi ta itxaso bareakaz, joan zirean lenengo ogetamabi egunetan: gero sartu zirean, erasti atan, aize aldakor, edoitsu, euri, trugoi, oñastu ta abar sarri egoten zirean lekuan. Bein geldi, aizearen putzik iñundik eztala, bestean iru edo lau orduko turbonada gogorrak, trugoi ta oñastuakaz; urrengoan jausialako euri errimek; noizbait ordu batzuetako aize indartsuak: gisa onetan ibilli zan «Ibaizabal» egun askotan.

        Gau baten, aize apurtxoaz, zeruak botala euri jausten egoala, illun-illunetan, ontzi batek jo eban «Ibaizabal» erdi-erdian.

        Ezin iratzi leiteke ondo, an, ordu atan aurkestu zan laurkea. Garraxi emetik, deadar ortik; batak ziñoan... «zuloa egin deusku!»... besteak... «ondatu bear dogu!»... urrengoak... «gizonak, bota daiguzan batelak uretara!», agintariak zein menpekoak, itxas-mutillak zein gatzemalleak, dan-danak aginduten eben da iñok ebezan ezer egitten. Batak ziñoan... «goazan upategira urik sartuten bada ikustera!»... besteak... «udendatu daigun upategia!». Olan deadarka ebiltzala, aldendu zan eurakandik beste ontzia: Josetxok udendatu eban upategia, ta lau oin igo ebazan urak zama-azpian; ezagun zan beste ontziak zuloa egieutsela ta ondatuten joazala astiro-astiro. Ordu bigarrenean sei oin igo ebazan urak, eta orduan bota ebezan itxasora batel nagosi biak: Longin joan zan batera gizadi erdiaz, da Josetxo bestera enparauakaz. Zorro bete galleta artu eben batel bakotxean euriaz guztiz bustirik, eta bakotxak arin-arinka arrapau al-izan ebezan soñerakoak.

        Illun da euritsu egoan lez, batelak ezeben alkar ikusten; Longin, aizea atze-aldetik arturik, joan zan arraunketan gau guztian, eguraldi onera urteteko usteaz: Josetxo geldi egozan bertan, «Ibaizabal»en urrean. Goizean, eguna argittu ebanean, Josetxo egoan lekutik etzirean agiri ontzi «Ibaizabal» ez Longin egoan batela: ontzi au ziur ondatu zan, baña batela, aize gogor ez olatu andi baga, nora joan zan? Izuturik egozan Josetxo ta bere bateleko lagunak.

        Zorroko galeeta apur bat jaeben egun atan guztiz gogo gitxigaz: biotzillakaz guztiak, naibagezko berbak baño etzirean entzuten euren artean, begira beti alde guztietara ontzi bat ikusteko gogoaz.

        Egun atan goiz-goziean, artu ebazan Longin da bere lagunak, Montebideotik Habanara joan Españar ontzi batek, eta illuntzean ontziratu zirean Josetxo ta bere lagunak, MalJuana Mariinak eritxoen itxasleorretara joan Irlandako ontzi baten.

        Longiñek eta Josetxok ezekien alkarren barririk. Longin joan zan ontzia, aize ibittuakaz, luzamen andiaz eldu zan Habanara. Longinek iragarri eutsazan portuko nagosiari, osterako gertaera guztiak: gero, nagosi onen agimenaz, amabostgarren egunean, ontziratu zirean Longin da bere laguna, Bilbora joan ontzi baten, da berrogetabost egunetan eldu zirean Bilbora.

        Longin aurkeztu zan «Ibaizabal»en jaubeakana, ta autortu eutsezan jazoera guztiak: naibagez beterik, onek esaeutsen:

        —Arriturik gagoz gertaldi orrekaz, baña alegiña egiñezkero, gauzak datozan lez artu bear dabe. Kalte asko daukagu «Ibaizabal» galduteaz, baña ontzi geiena ziurpeturik dago. Ta zer diñozu Josetxogaittik?

        —Eztakit jauna ezebe euren barririk, esan deutsuedana baño.

        —Uste dozu beste ontziren batek artuko ebazala?

        —Izan leitteke jauna; toki atatik joaten dira arutz da onutz, MonteJuana Mariideo ta Buenos Airesera osterak egitten dabezan ontziak, eta onetariko asko batuten dira leku atan.

        —Erruki dogu gizajoa! Tamal andia izango litzake a mutil ederra galdutea.

        —Bai jauna; ezin topau leitteke bera baño egikor da esangiñagorik.

        Longiñek, ugazabaren etxean artu ebazan ontzian egon zan arteko irabaziak, eta joan zan Mundakara. Etxeratu zan, emazte ta seme-alabaren uste baga, onek egunaro, Buenos Airesera eldu zirean albistea itxaroten egozala.

        —Entzuizu Justa —ittandu eutsan kalean emakuma batek beste bati—; jakin dozu zer esaten diarduen kale batzuetan?

        —Ez nik Susane.

        —Longin etxeratu eida ontzia galduta.

        —Jesus ori da izatekoa! Ontzikoak osasunagaz urten badabe, ontziok egingo dittuez.

        —Erdiak urten eidabe, baña beste erdiak bateltxo baten lotu eizirean, da eztakie beste barririk.

        —Ori da albista alatsua, ene alabea! Da, nortzuk dira batelean geratu zireanak?

        —Josetxo Ondartzako beste zortzi; euretarik bost, Mundakarrak; Alipi enparatzako; Erroka zubiko; Alesander irulako; Koldobika bazterretzeko ta Josetxo Ondartzako.

        —Naibage gogorrak daukaguz-ba errion.

        —Bai, negarra ta erostea ugari da orren etxe guztietan: Juana Mari Ondartzako egon eida Longiñen etxean jakittera albista barriok, eta jakin dabenean Josetxo zelan geratu zan, beia jo eidau larrittasun bategaz: ordu bian egon eida konorteratu baga.

        —Errukarria da izan-be Juana Mari: mingarri andia izango da beretzat Josetxoren albista ori. Nok siñistu leike galdu dala, oraindiño lengo egunean erri guztiari jolastu eragitten ibilli zan mutil ederra.

        —Zeu zara Kertude? Agur Elixabete? Bazatoz Anatole? Zein barri dakazkuzue?

        —Barri onik ez, ene alabatxoak; Mundakan gaur alde guztietatik ezta entzuten, Longin, ontzia galduta etxeratu dala, ta Josetxo Ondartzako beste batzukaz ito ete direan ezbaia. Zein mutil ederra ta guztien maittagarria zan Josetxo gizajoa! Juana Mari Ondartzakok larritasuna euki eidan, ta ikaratuta, ilgo dan ustez, abadea-be eroan eideutse.

        Etxietan, kalietan, enparantzan, portuan da toki guztietan etzan beste berbarik entzuten; eurraz erri guztian iarduen errukarrizko berbak esaten, Josetxo ta beragaz egozanakaittik: «Alipi bada —esaten eben—, lauziri barik itxiko leukez bere emazte ta semem-alabatxoak; Erroka bada, bere aittama zar-zarrak, euren semearen irabazitxoari begira dagozanak ilgo litzakez; Alesanderen emazte ta ama zarra, eskean aterik-ate joan bearrean geratuko litzakez, da Koldobika bada, Beronike bere emaztegeiaz ezkontzeko izan zan osteratik etorrenean, da ona, neskatilla orri-be naibage andiak jatorkaz agertuten ezpadira».

        Masima, Eladitxoren amak-be neskameagandik jakin ebazan albista txarrok, eta kalean zear berbetan joazan gizalaba biri, ittandu eutsan leiotik Eladi alboan ebala:

        —Entzuizue, Eukene ta Aure, zegaittik dira ortik eta emetik entzuten direan aldarriak?

        —Longiñek galdu eidau ontzia: erdiak gatxondu eidira, baña beste erdiak batel baten geratu eizirean da iñok eztaki euren barririk.

        —Nortzuk dira batelean geratu zireanak?

        —Zuk arpegi illunaz beti begiratuten izan deutsazun mutil eder bat, eta beste lau Mundakar.

        —Nik arpegi illuna nori? Nor da nik arpegi illunaz begiratuten izan deutsadana?

        —Josetxo Ondartzako.

        —Ezeizu ori esan Eukene; nik ezteutsat Josetxori iñoiz izan gogo txarrik. Jaungoikoak agertu daizala zorionaz.

        Eladitxo sartu zan bere gelan negarrez, da egun askotan jarraittu eban negar malkoak begietara etorkazala; beti ixil-ixillik, bai edo ez baño beste berbarik egitten ezebala. Goiz da arratsalde joaten zan elizara, Jaungoikoari eskariak egittera, Josetxo ta bere lagunak osasunaz agertu eittezan: ezeban etxetik urteten elizarako baño; alperrik zirean guraso ta neskatilla lagunaren alegiñak ibiltaldi batzukaz egurastutera joan eragitteko; guztiz itzal da gogo-illunaz ebillen errukarria.

        Ai, zein mingarria ete da gisa atan itxaroten dagoanen atsekabea! Zein artegatasun ete da gogoan artu burutasun bat, eta lo, jan ez atseden baga, buru-austen luzaroan ibiltea! Olantxe egozan batelean zireanen guraso, emazte, seme-alaba, ta maitte ebezan guztiak, itxaroten noiz agertuko ete zan albista ona.

        Longin etxeratu zanik arrezkero, igaro zirean egunak, asteak, illebete ta bi bere bai: etzan agertu aren barririk. Zein naibagezko egunak, egunaro itzalagoak! Zeinbat negar da eskari Jaungoikoari, bere «Ama Dontzoa»ri ta beste Done askori! Erri guztiko gizadiari ezarri jakan askoren mingarria ta guztiak ebiltzazan itzal da motel negar egitteko gogoaz, erri txikietan gertau oi dan lez.

        Igaro zan beste illebete-be, ta gizadi guztiak ziñoan arek itoko zireala, ta elizkariak egin bear leukioezala alik ariñen.

        Bost egunean, bakotxari egun baten, egieutsezan elizkariak, eta Mundakako gizadi guztia elizaratu zan egun orretan. Amaika negar egieben euren guraso, emazte, seme-alaba, emaztegei ta aide enparauak.

        Lurbira onetako gauza guztiakaz gertau oi dan lez, egunak joan, da egunak etorriaz, astiro-astiro, aztuten joazan arek gizajoak-be.

        Eladitxo, len lez joaten zan elizara eskariak egittera: ezin eben azkortu bere lagunakaz joateko egurastutera; etxetik elizara ta elizatik etxera, gaur, biar da egunaro zirean bere joan-etorriak. Oraindiño uste eban Jaungoikoak agertuko ebala Josetxo, lenagoko arrisku askotan agertu zan antzera. Argal da zurbil jarri zan, bere naibage ta buru-austeakaz ainbeste illebetean.

        Txomin-txikik eta emazteak-be, noizik-beñean egittuten ebezan, batean ango ta bestean emeko Doneari egitten eutsezan eskintzariak, Josetxo ta bere lagunak, Jaungoikoaren guramenaz, agertu eittezan osasunagaz.

 

aurrekoa hurrengoa