www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Josetxo
Jose Manuel Etxeita
1909

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Josecho (Bizkaiko euskeraz), Jose Manuel Etxeita. Florentino Elosu, 1909

 

aurrekoa hurrengoa

VI
MARTIN-ZALDI, KARLOS-GEIZTO
TA MARI JESUS DEMIKUKO

 

        Juana Marik eta senarrak, usmau eben, Martin noizik-beñean, goizean-goizetik ardiak basora eroan da gero, belutxo etorte zala etxera, kortan egozan abelgorriari jaten emotera: ezeutsen agirakarik egin ordu-erdiko gora-bereagaitik, baña aurrerantzean, geroago sarriago etxeratuten zan belutxo. Ganera, jai-egunetan etzan etxera agertuten illuntzean oso illundu arte: len etzan olako ibilkorra ta zerbait jazoten zan Martiñegaz.

        Juana Marik nai eban jakin nundik-nora ebillen mutikk ori, baña, ordu lauren gora-bera, beti etxeratuten zan, lanera joan bear zan ordurako; ta Txomiñek esaeutsan emazteari, ezeiola agirakarik egin, bere egipideak zuzenduten ebazanarte.

        Martiñek, orduan ebazan ogetamar urte, ta jarraituten eban bere joan-etorrietan: berak ekian, nora, zelan, zergaittik eta zetarako joaten zan.

        Ondartzatik ordulaurengo bidean, mendigane baten, egoan Demiku eritxon etxebiko baserri bat: batean bizi zirean senar-emazteak lau seme-alabagaz, ogei, ta amasei urteko mutil bi ta amazortzi ta amalauko neskatillak. Beste etxean bizi zirean senar-emazteak, ogei urteko alaba polit, Mari Jesus eritxona, ta amalauko mutiko bategaz: etxe biak egozan alkarren urrean, da ain urre euken Mundaka zein Bermeo.

        Mundakatik urre egoan, Agirre-bekoa eritxon beste baso-etxe bat: etxe onetan bizi zirean senar-emazteak, eukezan Karlos eritxon ogeta-zazpi urteko seme bat, eta ogeiko alabea: zirean etxagunak, etxe, solo ta basoaren jaubeak. Karlos zan guztizko irritua ta aserrekorra; edozergaittik aserratuten zana, ta orregaittik ezarri eutsen Karlos-geizto ezizena.

        Mari Jesusen gurasoak-be etxagunak zirean Karlosenak legez.

        Demikuko neska-mutillok, bertako zelaitxo baten jolastuten zirean pandero soñoan, kantaten edo abesauten du jantzan jai-egun arratsaldietan. Martin-zaldik, Mundakan sarri ikusi ebalako, artu eban adiskidetasuna Mari Jesus Demikukogaz, ta Martiñek lez, Karlos-geiztok-be. Orra morrosko biaren begikoa zan neskatilla ori, ta bata lenengo ta bestea geroago, biak asi zirean Demikura joaten jai-egun arratsaldietan, jaki-ebenean pandero soñoan da jantzan jolastuten zireala ango gazteak.

        Martin-zaldi zan orduan morrosko sendo galant bat, guztiz ona berez; Karlos-geizto bere, mutil sendo-samarra zan, baña arpegi itzalekoa ta guztiz aserrekorra.

        Mari Jesusegazko adiskidetasunak zirean, Martin, aspaldian, lengo bidietatik aldenduta erebillenak, goizean goizetik urten da illuntzean belutxo etxeratu eragitten eutsenak; baña Txomin-txikik eta emazteak ezekien zer gartaten zan Martiñegaz.

        Txomiñek sarri esaten eutsan emazteari:

        —Nora joaten ete-da Martin barrabana?

        —Jesus Txomin, esaizu Martin Jangoikoarena.

        —Zer-ba, barrabana berba txarra ete-da?

        —Eztot uste ona danik.

        Egun baten, beti legez, goizean-goizetik joan zan Juana Mari, Mundakao zeiara, bere ortu-ariak eta beste gauzak saldutera, ta Demikuko Kanuta eritxon bere antxiñako lagunak esaeutsan:

        —Entzuizu, Juana Mari, jakingozu zelan, zuen Martin-zaldik, aspaldion egitten dittuan joan-etorri asko Demikura, eztakizu?

        —Zer dirauztazu Kanuta?

        —Orretan zagoz?

        —Eztakit ezer: esaidazu zer jazoten dan.

        —Bai, zuen Martin da Agirre-bekoko Karlos-geizto, etorten dira Demikura jai-egun arratsaldietan, da etxe bietako neska-mutillakaz, alboko zelaian jolastuten dira jantza, pandero soñuan.

        —Ori da izatekoa Kanuta! Eztauke-ba Mundakan tanbolin soñoa jai-egun guztietan, naidaben beste jantza egiteko, mendiak-gora Demikura joan barik? Zein zoroak diran mutillok.

        —Bai, Juana Mari, baña Mundakan eztauke Mari Jesus, da neskatilla onegaz apurtxo baten egotearren etorten eidira: biak eidabe maitte.

        —Siñistuten deutsut, Kanuta, diraustazun guztia, zegaittik, aspaldion Martin gurea, kanpozale biurtu da jai-egunetan, da eztogu jakin nundik ibilten dan.

        —Da mutil bioetarik batek-be eztau maitte zure alaba Donata?

        —Ez, biak doaz Mari Jesusegana: ondo dakie gure Donatak Bermeon daukana bere kutuna.

        —Ori ondo Kanuta, zorionekoak izan deittezala.

        —Eskerrik asko. Jakizu Juana Mari, zelan Karlos-geizto, ezizena daben lez, dan guztiz okerra, ta uste dot, egunen baten Martiñegaz egongo dabela burruka gogorren bat.

        —Nik eztakit Kanuta, gure Martiñek zelan artu daben burutasuna, etxaguntzako alaba bat ezkondu leitekeala beragaz. Bakitt Mari Jesus, neskatilla on-ona, esangiña ta beargiña dana; errirako zein baserrirako onbidetsua dana, baña Martin gizajoak eztauko ezer-be, ta uste dot eztala izango neskatilla orren begikoa.

        —Mari Jesus aspaldion Bermeoko zeiara joaten da goizetan, arrautza, esne ta ortuariak saldutera, ta Martiñek askotan urteten eideutzo Bermeo-ganera, antxe berbalditxo bat egitera.

        —Bai-zera!... orain bakit zer jazoten dan: orreixek izango dira, ene alabea, bere goizetako joan-etorriak. Karlosi urrun egiten jako Bermeo-gane, ta antxe dauko Martiñek eretia zein-bat-nai berba egiteko. Bakizu zein bizkor dabillen Martin gurea?

        Luzaroan joaten zirean mutillok Demikura jai arratsaldietan, da noizik-beiñean, jantzan da olgetan ebiltzala, aserratuten jaken Karlos-geizto edozergaitik, eta ezagutu eutsen guztiak Martiñi gorrotua eutsana. Baita Martiñek berak-be, igarri eban, bera ezebana ikusten begi onakaz, da biak erebillen barrua txil-txil irakiten.

        Mari Jesusek ikusten eban zelan morrosko biak eroien burrukarako bidea, ta ebillen guztiz bildurrez: ardura andia eukan beti bere egitasunakaz; batari ez besteari ezeutsan iñoiz autortuten maittetasunik; etzan iñoiz joaten batagana ez besteagana; jantzan ibilten zan batagaz lez besteagaz-be, ta eurakaz legez auzoko mutillagaz-be: beste lekuetako jantzarazoetara, joaten zan auzoko neska lagunakaz, da etzan eurakandik aldenduten: arrigarrizko bilddurra artu eban, burruka egingo ebela bururatu jakanik aurrerantzean: bilddur izaten zan jantzarazoetara joaten-be.

        Etorri zirean Almika eritxon baserri bateko jantzarazo egunak. Iru egunean, inguruetako erri ta baserritar guztiak batuten zirean Almikara. Lenengo elizan eskariak egin, da gero jolastuten zan gizadia, jantzan da itsu edo tanbolin soñuak entzuten.

        Martin da Karlosek-be, Almikan topau eben alkar, da baserrietako iru lagunegaz ebiltzan biak, begira beti, batean batera ta bestean beste aldera, noiz ikusiko ete eben Mari Jesus. Orduak joan, orduak etorri, neskatilla ori etzan iñundik agertuten, da motel da betillun ebiltzan Martin da Karlos. Zerbait belutu zanean, joan zirean okela, ogi, ardao ta abarregaz zugatz baten azpira, lauretakoa artutera, ta ekin eutsen jan-edanean. Ardaotxoak bearrak egin ebazanean, da bero-bero egozanean, iru mutil lagunak asi zirean Karlos zirikatuten, esaten eutsela:

        —Karlos, Mari Jesus eztok agertu Almikara: or ibili az begira batera ta bestera, baña Jaungoikoak daki nun dagoan eure maitte ori: jakin bear eban i etorriko intzana ona, ta etorri eztanean, ezagun dok beste leku baten maittetasun zintzoagoak dittuana.

        Kar.—Edozer gauza! Zer dakik ik Mari Jesusi zer jazoten jakan ona ez etorteko? Ziur-ziur jakiat, auxe Martin-zaldi ez ikustearren eztala etorri.

        Mar.—Ni ez ikustiarren diñok Karlos? Orrek eure burutasunak dozak; bear bada eu ez ikustiarren izango zoan.

        Kar.—Ni ez ikustiarren? Olan uste izangok ik astuorrek, baña arpegi zabalote ori, urratukoat nik egunen baten! Lotsa gitxi daukak, otsein gaiso bat, ezetariko ondasun bakoa, etxaguntzako alaba baten billa ibilteaz. Eztaukak itxaropen makala, tentel ganorabakuorrek! Baiakiat nik, goizetan joaten azana Bermeo-ganera Mari Jesusi bidera urteten, zeiara doanean, da orrek ibilketa guztiok, egitten dozak, neskatilla orren maittetasuna euganatzeko usteaz: ni sokondora jaurtiteko usteaz; baña len legez diraut barriro, ori arpegiko narruori zaurittu barik enazala egongo luzaro.

        Mar.—Karlos, ezin esan leitteke berba txar geiago, aldi laburragoan: nik ezteutsat txarrik egin Mari Jesusi, ta iri-bez: geldi-geldi bada orrekaz berbokaz da egittadeokaz: bakean dagoanari, bakean itxi.

        Martiñek au erantzun eutsanean, Karlos ebillen artega, ta esan eutsazan Martiñi, alper, zital, ganorabako ta aora etorri jakazan berba txar guztiak: ganera, berba txarren urrengo, jaurti eutsan arpegira eskuan eukan ogi atala, baña Martiñek aldendu eban burua, ta ezeutsan ikutu ogiak. Martin sutundu zan orduan: Karlos bere bai, ta onek jaurti eutsan Martiñi ukabilkada bat: onek, zolitasun andiaz aldendu eban Karlosen besoa, ta asi zan benetan burruka gogorra. Euren iru lagunak, ezin zituen aldendu alkarrengandik: jantzarazoko gizaldra guztia urreratu zan burrukariak ikustera, baña gizaldra guztia urreratu-orduko, Martiñek azpiratu eban Karlos, da samatik elduta eukan lurrean ittoten: gizon askoren artean, aldendu ebezan alkarregandik morrosko biak.

        Martin egoan zurretatik odol apurtxo bat eriola, ta Karlosek eukazan odoletan ezpanak eta betondoa, ta ganera begi bat zabaldu ezin ebala. Eroan eutsen ura, ta garbitu ebezan arpegiak: arin baltzittu ta andittu zan Karlosen betondoa; ta begia eukan guztiz txarto.

        Illunabarrean, Karlos etxeratu zan lagun batzukaz, da Martin beste batzukaz.

        Ona Karlos-geizto, bere arrokeria guztiakaz azpiratuta: Martin-zaldik, ollar garaitzuak lez, kukurruku abesau eban egun atan. Ondo adierazo eutsan Karlosi, ondasunik ezpeukan-be, beukazala gorputz azkarra ta beso inddartsuak bearrerako zein burrukarako. Bear-bada, ikasbide onegaz zerbait otzanduko zan Karlos aurrerantzean.

        Jakina zan onek morrosko biok, noizbait egingo ebena burruka gogorren bat, eta eldu zan jazoera ori. Mari Jesusek ondo egieban, egun atan etxean egotea Almikara joan baga; ondo usmau eban zer jazoko zan: laster jakieban igaro zan guztia: bere nebea egon zan Almikan, da ageri eutsan edesti guztia.

        Mari Jesus arritturik, biotza taupadaka ebala jarri zan albista orregaz: uste eban etzala izango atzenengo burrukea, ta alkar galduko ebela arek mutil biak, Karlos beti ebillelako Martin zirikatuten, onegaitik, aregaitik edo besteagaitik. Gau atan ezeban lorik egin Mari Jesusek, igaro zirean gertaerak gomuta izan ebazala: sarri uste eban, ezagutu ezpalitu, obeto izango zala beretzat, zegaittik, bildurren-bildduraz, ezin joan zan eurakaz batuko zan tokietara.

        Motel da makal ebillen Mari Jesus luzaro, baña Martin, len legez joaten jakan, noizbait goizetan Bermeo-ganera berbalditxo bat egittera, ta pozgarri esaten eutsan, ezeiela euren bilddurrik artu; baña Mari Jesus etzan poztuten, da goiz baten esan eutsan Martiñi:

        —Martin, etzaitte geiago etorri ona Bermeo-ganera nigaz berba egittearren: orixe izan da Karlosi amorru geien emon deutsan gauzea zugaz aserratzeko: bakea bear dogu ta etzaite etorri geiago bide onetara: mesedez eskatuten deutsut.

        —Mari Jesus, zeuk olan nai badozu, eznaz geiago etorriko ona, baña uste dot etzareala aserratuko jai-arratsaldietan Demikura len legez joaten banaz, zeugaz da auzoko neska-mutillakaz jolastutera pandero soñuan.

        —Demikun lagun asko daukadaz, ta etorri zaite nai dozunean jai-arratsaldietan.

        Joaten zan Martin, da olgaten eban lagunakaz, bakean da pozik iñogaz aserrekuntza barik: bere otzantasun da gizabidea, beti zirean onak, eta Demikuko gizaldi guztiak begiratuten eutsan gogo-argiaz da maittegureaz. Guztiak ekien, Karlosegaz egieban burrukan ezeukala errurik, eta zala guztizko mutil indartsua ta esangiña.

        Juana Mari Ondartzakok, egieutsazan Martini agiraka gogorrak esaten eutsala:

        —Aldendu-adi Martin, Karlosengandik, egunen baten nai ezpok txarto ikusi eure burua.

        —Ugazabandrea... ni enabil iñoiz Karlosen billa, ez beragaz auziak billatuten: gizaldi guztiak daki ondo nire erru eza; ni beti nago geldi ta bakean, baña txarto esaten da jotera baiatort, neure gorputza jagon bear dot, eta urrengo jo gura nabenean, beste betondoa zaurittukotzat.

        —Jaungoikoagaittik, Martin, ezeik egin olakorik.

        —Zer-ba, itxi jo neien?

        —Ez bada, ori-bez; ez batu iñoiz beragaz.

        —Orduan nik, Mari Jesus Demikuko ikusi barik, egon bear dot.

        —Mari Jesus neskatilla ona dok Martin, baña etxaguntzako alabea dan legez, etxoat uste igaz ezkontzeko asmorik erabilgo dabenik.

        —Ori Jaungoikoak daki, Juana Mari: gaur gauza bat uste izanarren, biar artu leike beste gogamen bat.

        —Bai, ori olan dok, baña autortu doa iñoiz ezkontza gogorik edo geroagorako ustantzarik?

        —Ez, ezebez: oraiñarte eztago adiskidetasuna baño besterik.

        —Ba, onena izangok, bein betiko jakittea zetan agoan, zegaitik, etxaguntzakoak, etxaguntzara joaten dittuk bosterik-lau, ta Karlosegaz ezkontzeko ustea badauko, esan deiela, ik bere eure burubideak artuteko.

        —Ondo deritxat, Juana Mari, oarpen ori, ta esangotzat urrengo Demikura noanean.

        Txomin-txikik bere, burruka egin da biaramonean, ittandu eutsan Martiñi:

        —Ee, Martin! zein barri dakak Almikatik?

        —Nik ezebez.

        —Ezebez? Emoten direanean artu-be egitten dittuk: arañegun baizen leun, eztaukak ori surrori.

        —Bai-ba, ezarri eustan eskua surrean, baña nik, espan, sur da betondoa zaurittu neutsazan: eztakit zelan eukiko daben bere begia; txarto eroian etxeratu zanean.

        —Mutil arengandik aldendu bear dok ainbat ariñen; egin alegiñak beragaz ez batuteko iñun bere.

        —Egingo dodaz-ba alegiñok, gauzak ondo badatoz.

        Astebete garrenean, oraindio Karlos-geizto miñez egoan, bere begia txarto ebala, etxetik iñora joan ezin zala, ta bera ta aittamak egozan bilddurrez begia galduko ete jakan.

        Burrukea jazo ta astebete igaro orduko, Mundaka ta Bermeoko kalietan, neska-mutil gazteak, abesauten ebezan urrengo doazan koplak:

 

                Karlos-geizto zittalak

                Beti amorruka

                Martin-zaldigaz nonbait

                Egin dau burruka.

 

                Beti ibilli oi-da

                Arrokerietan

                Azpiratu dau orain

                Martiñek benetan.

 

                Ezpanak zaurittuta

                Baitta betondoa

                Apal etxeratu da

                Karlos morroskoa.

 

                Mari Jesus gaisoak

                Jakin dabenean

                Orratzak sartu jakaz

                Bere biotzean.

 

                Biotzikara asko

                Lorik ez gabean

                Mari Jesustxo dago

                Ain zoritxarrean.

 

                Zerura eitten dittu

                Bere eskariak

                Bakez bizi daittezan

                Arek mutil biak.

 

        Karlosek jakin ebanean kopla onek kantaten ebezala kalean, naibage andia artu eban, baña zer egingo eban? artu aleban eroapen andiena edo samurrena: bekian bera zana bere zorigatx guztien errua eukana: bera zan obenduna jazoera guztietan; bera zan Martiñi gorrotua eutsana, ta bera burrukarako eskua lenengo jaurti ebana. Atsegiñak zirean Karlosentzat, Martiñi eutsazan gorrotuak, baña olako atsegin geiztoak beti dakarrez naigabeak. Karlosen aittamak-be, jakin eben euren semea zala obenduna, ta egozan naibagez beterik.

        Gurasoaren oarpen da ikasbide guztiakaz bere, ezin zan iñoiz otzandu Karlos-geizto, ain zan okerra, aserrekor da ibilkorra: bere begiko miñak eukan oraindiño geldi ta bakean.

        Martin-zaldirentzat, ostera, pozgarriak izan zirean abesauten ebezan koplak.

        Urrengo jai arratsaldean joan zan Martin Demikura, ta an bere kanta ebezan kopla barriak: Martiñek entzun ebazan irribarreka atsegin andiagaz. Beste lagunak jantzan iarduen artean, Martiñek itandu eutsan Mari Jesusi:

        —Mari Jesus, dotzudan maittetasuna autortu gurarik egon naz beti: Karlosegazko auziakaz aurreratuten dira gauzak, eta dirautzut zelan maite zaittudan, da zeuk nai badozu, gurozunean ezkonduko gara.

        —Zer dirauztazu Martin? Nik eztot oraindiño ezkontzeko gogorik, eta ezeidazu ekarri olako asmorik.

        —Ni, Mari Jesus, ezer eztaukadan nekazale bat naz, da Karlos etxaguntzako semea: onegaittik, jakin nai neuke, aregaz bazagoz berbatuta ezkontzeko, edo a maitte dozunez.

        —Nik aregaz, zugaz beste; adiskidetasuna biokaz: ezkontzeko gogoa jatortanean, enaz ibiliko ondasunen billa, senarraren billa baño: nigana etorri leittezan ondasunak eztira asko izango, ta gurago dot senar ona ezer-barik, txarra ondasunakaz baño.

        —Ondo da, baña bakizu Mari Jesus, zelan Karlosek eta nik egin dogun burruka gogorra: gorrotua deust niri mutil orrek, eta aurrerantzean-be, sarri ipiniko nau burrukarako bidean. Nik eztot nai burrukarik, ez mutil orren lagun izan, da barriro eskatuten deutsut, esan deiztazula mesedez, mutil orregaz badozu ezkontzeko asmorik; jakin daidan Demikura etorriko banaz edo ez.

        —Ona da Martin zeure buruerea, baña nik ezin esan neizu len esan deutsudana baño besterik: nik eztaukadala artu-emonik Karlosegaz ez iñogaz, da iñoiz ezkonduten banaz, izango dala senar onagaz, nekazale ezerbakoa bada-be.

        —Olan bada, atsegin andia izango da niretzat len legez Demikura etortea.

        —Zeuk gurozuna egingozu Martin.

        Mari Jesusen erantzupenakaz, Martin geratu zan len legez; ezeban argitu neskatilla orrek maitte beban edo ez; baña bestetik, poztu zan, autortu eutsalako, naiago ebala senar ona, nekezalea bazan be, mendu txarretakoa ondasunakaz baño. Berba onekaz, uste eban Martiñek, adierazoten eutsala, beragaz ezkonduko leittekeala, gogo obeaz, Karlosegaz baño, ta orra Martin pozik barriro, jai-egunetan Demikura joateko.

        Gau atan, apalostean, iragarri eutsezan Martiñek, bere ugazaba ta emazteari, Mari Jesusegaz egin ebazan berba guztiak, eta ziñoan:

        —Otu jat, neskatilla orrek, begi argiakaz begiratzen deustala, ta ezin egon izango naz Demikura joan barik jai-arratsaldietan.

        —Euk nai doana egingok Martin, baña biar edo etzi, Karlos sendatuten danean, eztok a aspertuko iri egitasun txarren bat egiñarte, ta ibilli-adi ardura andiagaz, aregaz batera azanean.

        —Ondo daki Karlosek zer jazo jakan Almikan, da eztot uste barriro azartuko dala nigaz burruka egiten: neure aldetik, egingo dodaz alegiñak, bakean beti ibilteko.

        Burruka egin da ille bi garrenean asi zan Karlos etxetik urteten, da jai-egunetan joaten zan mesatara, oraindio, zapi bategaz begia estalduta ebala: nekez da astiro etorren begia sendatutera. Iru illebete garrenean joan zan Demikura, oso sendaturik, eta an batu zan ostera Martiñegaz: apurtxo bat otzandurik joan zan egun atan: Martiñi-be egitten eutsan berba eguno ezer igaro ezpazan lez. Mari Jesusi ageri eutsazan bere begiaz igaro ebazan nai-bageak eta autortu eutsan zelan berak eukan errua Almikako burrukeaz. Ardaotxoak, ziñoan, igo eutsala burura, ta ezekiela zer egitten eban Martiñi ezetsi eutsanean; orregaittik ezeutsala ezetariko gorroturik.

        Urtebete igaro zan, Karlos da Martin Demikun batuten zireala aserrekuntza baga, baña Karlosi sarri ezagututen jakan Martiñi eutsan gorrotua.

        Egun baten, Demikun jantzan iarduela Martiñek, uste barik bere oin bategaz jo eban Karlosen oña, ta au jausi zan lurrera luze-luze. Jagi zan arin, da ezetsi eutsan Martiñi ukabilka errurik ezeukala: onek Almikan lez, azpiratu eban da zaurittu eutsan betondo bat: Mari Jesusek eta auzokoak ezin ebezan baketu, ta egunoko zigorradarik galantena artu eban Karlosek.

        Mari Jesus gaisua, guztiz zurbilddurik egoan gogoratuten, zer igaroten jakan ezekiela, ta bere aittamak eta auzokoak ibittu eben bere artegatasuna: Karlosi garbittu eutsen betondo zaurittua, ta ezarri eutsen zapi bat. Illunabarrean Karlosi lagundu eutsan etxera auzoko mutillak eta Martin joan zan bakarrik.

        Karlosek, bere begia eukan orain makalik luzaroko.

        Txomin-txikik eta emazteak jakin ebenean bigarren burrukea, esaten eutsen Martiñi:

        —Ezadi batu geiago iñun ez iñoiz Karlosegaz, ostean zoritxarrean aurkittuko az goiz edo belu. Karlosi-be, aittamak esaten eutsen:

        —Ezadi batu Martiñegaz, naigabe geiago ekarri nai ezpok gurasoentzat eta eure buruentzat. Baña biak eben maitte Mari Jesus, da zelan egongo zirean alkarregaz batu baga, biak joan ezkero jai-arratsaldietan Demikura, euren maitteagana agerraldi bat egittera? Batak maitte ta besteak maitteago baeben, zelan ibittu alkarri eutsen gorrotua?

        Ezelanbez.

        Mari Jesusek, egitten eutsazan Jaungoikoari eskari gogotsuak, Martin da Karlos baketu eittezan bein betiko, ta berari emon eiola eroapenagaz biziteko zoriona, aren mutil biaren auzietan. Ogeratuten zanean, zein edozein ordutan da lekutan, egitten eutsazan eskariak Jaungoikoari biotz-biotzetik, arek mutil biak aldendu eittezan alkarregandik, batak-besteari gorrotua eutsen artean. Baitta egin ebazan eskintzari neketsuak, bere biotzeko Doneari, oneraspen gogotsuaz, eskatuten eutsela mutil biaren bakea ta bere zoriona. Sarri jarri oi zan zerura begira, bere eskariakaz arazoturik.

        Gauzak geratu zirean, urtebete aurrerago egozan legez. Karlos makalik bere begi mingortuaz, etxetik urten ezin ebala, ta Martin joaten zan Demikura jai-arratsaldietan: aztuta egozan abestiak, barriro agertu zirean bigarren burrukaldian: Karlosentzat, asunak zirean arek kantak, eta gozo-gozoak Martiñentzat.

        Mari Jesusek ezeban iñoiz autortu zen zan bere begikoa, baña bere arpegian da begietan ikusten zan zerbait; erakusten ebana, Martiñi eutsan maittegurea.

        Juana Mari Ondartzakok zirikatuten eban bere senarra, Martiñi zerbait esateko Demikura joateko asmoaz ebillenean, da Txomiñek, jai-arratsalde baten, ikusirik ondo apaindduta, ittandu eutsan:

        —Martin, orain-be Demikura joango az?

        —Bai, zer-ba?

        —Ezer ez, eztok nai aldendu Karlosengandik, eta arek, esakunea dan lez, eukiko yozak lengo ekanduak eta betiko menduak.

        —Karlosek oraindiño ezin dau etxetik urten begia osatu arte.

        —Ik uste eztoanean joangok a Demikura, amorruagaz beste burrukaldi bat igaz egittera. Ezaik egia, ezin egon-azala Mari Jesusen begi ederrak ikusi barik.

        —Orra zeuk esanda zegaittik noan.

        Ille bi garrenean, Karlosi begia oso sendatu orduko, etorri zan albistea, Moroak sartu zireala Españan, da ogeittik berrogei urtera bitarteko mutil guztiak, joan bear ebela gudura, Aprikarrok, Españatik kanpora biraldutera: Bizkai-rarte etorri leitekezala, ta Bizkaittarrak-be joan bear ebela euren asaberria jagotera. Etorri zirean Bizkaiko gudulariak mutillak batutera, ta eurakaz eroan ebezan Martin da Karlos-be. Joan-orduko, batak eta besteak agur egin eutsen Mari Jesusi.

        Txomin-txikik esan eutsan gudularien nagosiari, zelan arek mutil biak eutsen gorrotua alkarri, ta aldendu bearko zireala alkarregandik gudu arazoetan.

        Joan zirean mutillok; amaittu zirean Demikuko burrukak eta Mari Jesus geratu zan bilddur barik. Esan leikean, Jaungoikoak entzun ebazala Mari Jesusek biotz samurraz egin ebazan eskariak, eta arautu ebazala gauza guztiak, danaren onerako.

        Txomin-txikik eta emazteak, beste ogikutu gazte bat artu eben eurari laguntzeko lan guztietan: Bittor eban bere izena ta ondo ikasitta eukazan baserriko arazoak.

        Karlos da Martiñen albista barriak artu arte, eztago zerezanik eurakaitik ez Mari Jesusegaitik, eta joan gaittezan orain, Josetxo ikastetxean zelan dabillen jakittera.

 

aurrekoa hurrengoa