www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Josetxo
Jose Manuel Etxeita
1909

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Josecho (Bizkaiko euskeraz), Jose Manuel Etxeita. Florentino Elosu, 1909

 

aurrekoa hurrengoa

XI
JOSETXO PILLOTUKUNTZEA IKASTEN

 

        Josetxoren aittamak, ikusirik mutil au ikastuna zala, artu eben burubidea, itxasorako pillotukuntzea ikasi eragittea; beti menpean ibili ezeittean, da noizbait agintari-be izan eittean. Mundakan egoan pillotukuntzea ikasteko ikastolea; erosi ebezan bear zirean iraztiak, eta bertatik asi zan ikasolara joaten: urte bi bear zirean ikasmenak amaitzeko.

        Masima ta bere senarrentzat, naibage andia izan zan, Josetxo, pillotukuntzako ikasolara sartu zala jakittea; bildur zirean, Eladi ta mutil aren adiskidetasuna, maittetasun biurtuko ete zan, urte bian. Artega ta betillun ebiltzan Ermoken da emaztea, ta euren gorrotuaz, bertatik artu eben burubidea, Eladi biraltzeko Bilboko neskatillen ikastetxe batera, emakumen arazoak ikastera, arik eta Josetxo, ikasmenak amaittuta, itxasketara joan-arte.

        Eladi, len egon zan urtebete ta erdian olako ikastetxe baten, emakuma arazoak ikasten: orain, errukarria eztoa len ikasi ebazanak barriro ikastera, ezpabere, urte bi gitxienean Josetxogandik aldendutera.

        Eladiren aittamak esaten eben:

        —Diruaz egin albada, aldendukogu geure alabea, mutil orregandik.

        Baña ai koittauak!, ezeben gogoratuten, euren gorrotuaren da aberastasunen ganetik egoala Jaungoikoaren erabagia erruezak zaindduten.

        Aittamak Eladiri esaeutsenean artueben burubidea, guztiz ikaratu zan neskatilla au, ta biotzikara errimeaz, erantzun eutsen:

        —Josetxok esaeustan bein, etzala nigana urreratuko zeuek nai eztozuen arte, da orregaittik uste dot, eztagoala ni Bilboko ikastetxera biraldu bearrik.

        Amak, zaplada bat emonaz, erantzun eutsan:

        —Ik, ori jakitteko ikusi don Josetxo, ta esan-be bai, emen zer igaroten dan.

        —Bai, ikusi neban lengo baten, kalean aurrez-aur topa giñeanean, da orduan esaeustan usmaten dabela, nire gurasoak eztabela nai nigaz batun eittean, da aurrerantzean etzala batuko, gurasoak eta neuk naibagerik artu eztaigun.

        —Zegaittik daukaz orrek siñismenok?

        —Nik eztakit.

        —Zeure izeko Eustakik esan ete dau ezer?

        —Eztot uste.

        —Zoratu eragin bear deustazue. Olan dala zein alan dala, Bilbora joan bear don.

        Eladi joan zan gero izekogana, autortutera zer igaroten zan, da Eustakik arrittuta erantzun eutsan:

        —Zer diraustan Eladi?

        —Bai izeko, Josetxok pillotukuntzea ikasten diardu: urte bian egon bear dau ikasmenak amaittuten, da urte bi orretan adiskidedtasun larregi artu eztaidan beragaz, biralduten nabe Bilbora. Ni joango naz, izeko, baña au gurasoen burubideau, artuten dot, nekaltasuntzat, eta orregaittik uste dot katigutegi batera noala. Nire gogo-illuna ta biotzikarea, uste dot geroago galgarriagoak izango dirala, ta Jaungoikoak lagundu deiztala neure naibageak ibittuten.

        Berba onek esan ebazanean, negarrez jarri zan Eladitxo.

        Biaramonean, izeko Eustaki joan zanean Eladiran etxera, topa ebezan senar-emazte biak, eta esaeutsen:

        —Zuek eztakizue zer egitten dozuen Eladi Bilbora biralduteaz Josetxogandik aldendutearren: eztakizue gisa orretan alkarren erruki izango direana, ta egunaro geittuko dana euren adiskidetasuna, alkar ikusitta baño inddar geiagoaz: egur igarrak batuten zabiltze zeuen asmoak kiskilduteko, ta oker urtengotzuez burubide guztiok Eladiri isten ezpotzazue ibilten, beste erriko neskatillak dabiltzan lez.

        Er.—Bilbora biraldutea erabagi dogu, ta Bilbora joango da.

        Eust.—Bai Ermoken, aida esan dozu ta aida izango da, baña egunen baten, gomuta izangozuez nire oarpenak.

        Arik irugarren egunean eroan eban aittak Bilbora, ta sartu eban ikastetxean: an geratu zan biotzillaz da negarrez.

        Ermoken etxeratu zan biaramonean.

        Gero, igaro zirean egunak, asteak eta illak, Eladiren barri baga: irugarren illean joan zan aitta Bilbora zerbait billatutera, ta bide batez alabeagana agerraldi bat egittera.

        Eladitxo topau eban, ikastetxean sartu zanean baño argalago ta zurbillago, makal dagoan baten antzera, baña aittak ittandu eutsanean miñez egoanez, ezetz erantzun eutsan gogo-illunaz, itzal da motel, bere begi baltz ederrak lurrera begira ebazala.

        Ermoken etxeratu zanean, erazagutu eutsan emazteari, zelan Eladi topau eban argalago ta zurbillago, baña osasunaz; da onek erantzun eutsan:

        —Ori argaltasunori errialdatzeak egingo eutsan, da bakizu ikastetxean, eguzki gitxi artuta bizi direanak, beti zurbildduten direana.

        Arik beste iru illebete garrenean, joan zan barriro Ermoken, bere alabea ikustera, ta idoro eban, urrengoan baño itxura txarragoaz. Irakasleak esaeutsan Ermokeni:

        —Zure alabea, jan da edan ondo egiñarren, egunaro doa argalduten; eztakit zer jazoten dan beragaz.

        Ermokenek ittandu eutsan Eladiri:

        —Zer daukan, olan argalduteko?

        —Nik biotzilla ta lo egin eziña, etxetik ona katigutegira ekarri ninduenik arrezkero.

        —Zer diñon? katigutegia ikastetxea?

        —Bai aitta, ni len egon nintzan ikastetxean jakin bear nebana ikasten, da orain sartu nozue katigutegian: ni naz Mundakako neskatilla zorigeiztokoena, ezetariko errurik baga; beste guztiak daukez bear dabezan ibilketak, baña niretzat eztago katigutegia baño.

        —Arpegia auzikonat, olako berbarik esaten bon.

        —Ausi aitta arpegia, ta ganera il gura banozu! Olan menpeko zital antzera bizi izateko, obeto da il ainbat ariñen, Jaungoikoaren guramenaz.

        Eladitxoren negarrak errukarriak izan zirean, orrek berbok, biotz-biotzetik, esan ebazanean. Aida esaten ebanean, aida egittekoa izanarren, aittak erruki gogorra artu eutsan bere naibageak autortu ebazanean, da irakasleari-be, negar-anpuloak jausten jakazan bere begietatik. Zein itzal egon zan Eladitxo bere berbaldian, biotzeko naibageak azalduten, argal da zurbil, bere begi baltz ederrakaz.

        Ermokenek urten eban kalera, ta ordubete garrenean biurtu zan osagille bategaz. Onek begiratu eutsan Eladiri burutik-bietzetara, ta egieutsazan ittaun asko, baña ezieban ezagutu zein geixo eukan. Atzenean esaeban ezeukala biotzilla baño beste geixorik, eta bear ebazala egunaroko olgeta ta ibiltaldiak, lagun gogo-argikoakaz.

        Irakasleak artu eban ardurea osagilleak aginddu ebana egittuteko.

        Ermoken etxeratu zan biaramonean, da ageri eutsazan emazteari Eladigaz igaro jakazan gertaerak: Masimak uste eban atxakiak eta asmoak izango zireala aren negarrak eta esate guztiak.

        Arrezkero, senarrak nai eban, emaztea joatea Bilbora, ta onek senarra joatea: gisa onetan egon zirean joan baga sei illebete luze-luzietan, arik eta Eladiren irakasleak, gizon bat Mundakara biralduta erazagutu eutsenarte, geroago makalago joala alabea, ta ondo izango zala etxeratutea.

        Joan zan Ermoken, da etxeratu eban bere alabea, illaren itxuran, guztiz zurbil, azurra ta azala baño ezeukazala. Ogeratu zan, bere begi baltz ederrak zerbait lausoturik eta zirkin egitteko indar baga. Ai zein ezbardiña urtebetean Eladitxoren taiua.

        Izeko Eustakik ikusi ebanean taiu aregaz, arriturik negarrez jarri zan, da erruki gogorraz mozu asko emoeeutsazan. Eladik esaeutsan:

        —Ez negar egin izeko, orain baketsuago dagoz nire burua ta biotza, ta uste dot sendatuko nazala.

        —Ai, zein atsegiña izango da niretzat.

        Eustakik alde edin eban bere neba Ermoken egoan gelara, ta amorruaz esaeutsan:

        —Ikusten dok orain, zelan egittu direan nire pekuak? Orrekaz eure gogorkeriokaz ildok eure alaba ederra! Ezin egin leittekean astokeri, andiagorik egin doana baño! Emaztea ta eu, biok alkar artuta, galdu dozue alaba eder ori, andikeri ta arrokeria baño gomuta izan eztozuela, alde eragiñik mutil nekezale bategaz batun ezteittean, beste erriko neskatilla guztiak batuten direan lez. Jaungoikoak-be eztotzuez parkatuko orrek gogorkeriok egittea, ain zintzoa dan alabeari.

        —Eustaki, geuk daukagu naibagerik asko jazoera orregaz, da etzeitte etorri naibageau geittutera. Beretzat, ondo gurizanean egin dogu guztia, ta, egia da, oker urten deuzkue geure gurariak. Orain osagilleari esan deutsagu egunaro etorri deitteala geixoa ikustera, ta guztiok egin bear dogu alegiña sendatu deittean.

        —Bai, norezekoa da orain alegiñak egittea.

        Eustaki, etxe atatik alde egiñorduko, joan zan Eladiri agur egittera ta onek esaeutsan egunaro ikustaldi bat egin eiola.

        —Bai pozik —erantzun eutsan izekok.

        Masima, alabearen taiua ikusi ebanik arrezkero, ebillen guztizko gogo-illunaz: errenkura gogorra sartu jakan bere biotzean. Esaleikean damututa egoala alabeari ainbeste nekaltasun emona.

        Laster zabaldu zan Mundaka guztian, Eladi Bilbora biraldu ebela, Josetxogaz adiskidetasun larregi artu ezeien, da naibageak geixotu ebela. Gizadi guztia ebillen zurrumurru bere aittamakaittik txarto esaten, euren alaba errukarria gisa atan nekalduten ebelako.

        Astebete garrenean igarri jakan Eladitxori zerbait obeto egoala: illebete garrenean jagi zan ogetik, etxe-barruan ara ta ona ibilteko, inddarrak artuten. Jagi ta gero, amabostgarren egunean kanporatu zan, astiro-astiro egurastutera, bere izeko Eustaki lagun ebala.

        Lenengo elizara joan zan, Jaungoikoari eskerrak erazagututera osatu zalako, ta orra bertan elizan ikusi eban Josetxo, eliz-gizonai arazo baten, laguntzen ebillela. Josetxok-be ikusi eban bera.

        Eladiren izeko Eustaki izan zan antxiña Juana Mari Ondartzakoren ezagun andia, ta zeian, goiz baten esaeutsan onek:

        —Entzuizu Eustaki, egia ete da zure loba Eladi, Bilbora biraldu ebena gure Josetxogaz adiskidetasun larregi artu ezeien?

        —Ori diñoe Mundakan,Juana Mari, baña eztakit orregaittik izan bazan.

        —Ermokenek eta emazteak, ardura barik eta zaintzalle baga, itxi deioeka euren alaba zintzoari ibiltten, beste erriko neskatillak dabiltzan legez: Josetxok eta guk, ondo dakigu nekezaleak gareana, ta eguno etxaku bururatu, Eladi Josetxogaz ezkondu leitekeanik. Ikastetxean batera ibilli ezkero, arek biak ibilli zirean lez, berezkoa da, dauken adiskidetasuna, ta aren bien artean eztago beste asmorik.

        —Olako oarpen asko egin deutset nik areri, baña eztot ezer lortu.

        —Zoratuta dagozala esan leitteke zure nebea ta bere emaztea: Josetxok esaten deusku eztala iñoz joaten Eladigaz berbetara, bilddurrez bere aittamak naibagerik artu ezteien.

        Alperrik zirean, Eladiren gurasoari egitten jakezan oarpenak: neskatillau sendatu zanean, aztu ebezan len igaro zirean gertaerak, eta barriro galarazo eutsen Josetxogaz batutea ta berba egittea. Urrundik alkar ikusi, ta urrundik agur egitten eutsen alkarri.

        Zein zittalkeri egoan Josetxoren ekanduetan Ermoken da emaztea bere arerioak izatteko? Zegaittik zan mutil ori, senar-emazte orrentzat, beste erriko mutil guztiak baño txarragoa? Noiz, nun da zetan, izan zan erruduna? Iñozbez da iñunbez a gizajoa! Beti izan zan esangiña, ikastuna ta gizabide onekoa. Ondo ekien au Ermoken da emazteak, baña andikeri ta arrokerien ganera, zerbait ebillen euren artean.

        Josetxo ikastun egon zan beti ikastolan. Ikasmenak amaittuten ebazanean, iru ostera Amerikara egin bear ebazan, gero Pillotu izateko.

        Ikasmenak amaittu ta eretia euki ebanean, ontziratu zan Bilbon, da joan zan osterak egittera.

        Joango zan aurrean, jai-egun bat izan zan, bere lagun da adiskideari agur egitten ebillenean, ikusi eban Eladitxo-be, egurastuten ebillela bere neskatilla lagun bategaz: egieutsen agur biari; baña etzittuan iñok ikusi, begi baltz eder batzuetatik jausi zirean negar-anpuloak.

        Josetxok ebazan emeretzi urte, ta Eladitxok amazazpi erasti onetan.

        Igaro zirean egunak, asteak, illak, eta urtebete-be gertaera barri baga.

 

aurrekoa hurrengoa