www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Josetxo
Jose Manuel Etxeita
1909

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Josecho (Bizkaiko euskeraz), Jose Manuel Etxeita. Florentino Elosu, 1909

 

aurrekoa hurrengoa

VII
JOSETXOREN IKASMENAK

 

        Lendik daki irakurleak zelan Josetxok, amar-urte garrenean ikasi eban irakurten Mundakako ikastetxean: urtebi igaro dira arrezkero, ta gaur daki ganera, irazten, meza erasoten da elizkizunetan politto kantaten. Irakasleak esaten dau zelan Josetxo dan guztizko adinen argikoa, ta olan jarraittuten badau, gizon jakituna izango dala.

        Ikasmen-orduak zirean, goizean zortziretatik amaikak arte, ta arratsaldean, ordubietatik bostetararte. Udan, ikastetxetik urteten ebanean, Josetxo joaten zan uger egittera, portura edo Potzada eritxon itxasarte batera, bere lagunakaz; baitta txori-abiak billatutera-be. Udagoien da neguan, olga edo jolastu oi eban, bere lagunaka, pelotan, da beste asmo askotan, etxeratu bear ebanarte.

        Orduan ezegoan ikastetxe bat baño, ta bertara joaten zirean neska-mutillak; baña barruan jarriten zirean, mutillak alde batean da neskatillak bestean. Josetxo jarriten zan lekutik urre, egoten zan Eladi eritxon neskatotxo polit bat, eta sarri egitten eben berba biak alkarregaz: artu eben biak adiskidetasun zintzoa, ta alkarri jarraitzen eutsen euren jolasetan: neba-arrebak baillitzan lez ibilten zirean leku guztietan. Josetxo, pelotan edo beste jolasetan, bere lagunakaz ebillenean, Eladitxo etzan urrun egongo.

        Eladi zan alaba bakarra, Josetxo baño urte bi gazteagoa, begi ta ule baltz ederrak eta bekoki zabal galanta eukazana. Bere aitta zan ontziko agintaritzea, urte askotan euki ebana Ameriketara joan-etorrietan, da diru askotxoaz etxeratu zana: ama zan andrazko mardo galant bat, eta biak andigurako, ondasunakaz arrotuta egozanak: bizi zirean Mundakako euren etxe eder baten, da ganera, eukezan solo ta ortu edo baratz onak.

        Josetxo joaten zan noizbait Eladi bizi zan etxien atarira, euria zanean, aterpean jolastutera, baña ezeban iñoiz igoten gora, Eladik igoteko esanarren.

        Egun baten ebiltzan biak eliz-osteko artzan, arri asko egoan itxasertzean, arripietako karramarroak arrapaten: itxasoa aserre zan, da erresaka apurtxoa ebillen gora ta bera: Eladi etzan joan urak igoten eban lekua baño berago, baña Josetxo, itxasoaren beraldietan joaten zan beruntz, arriak jaso ta arripeak ikustera. Uste ezeban baten, arrapau eban gorazko erresaka aserre batek, eta goikoz-bera ta azpikoz-ganera erabili ta gero, berantzean sartu eban atxarte baten. Eladik ikusirik berantzaldi andia zala, joan zan arin Josetxori laguntzera arri artetik urteten, da bere inddarrrakaz da, Eladiren laguntasunaz, urten eban sokondo atatik, eta arin-ariñka joan zirean leorrerutz, baña atzetik etorren erresaka goraldiak, arrapau ebezan apurtxo bat eta Eladiri busti jakazan bere gona-barrenak.

        Au atzenengo jazoera-au, ikusi eban goiko zelaian egoan atso zar batek, eta asi zan deadarrez ittanduten:

        —Nungoak zarie ume lotsageiztokuok? Arin ona gora! Zittalok, eztaukazue artza orretan dabillen erresakien bilddurrik? Zu neskatxo polittori bakit nungoa zarean, da oraintxe noa zuzen-zuzen zeure amari esatera, nun da zelan zabiltza: zentzun-bako ume okerrok; gaur ederrak artukozuez zeuen etxietan.

        Berba onek esan ebazanean, joan zan atsoa.

        Josetxok, uretan barruan ibillita egoan lez, erantzi ebazan soñekoak; ipiñi ebazan zabal-zabal atxetan, eguzki berotan, legortu eittezan, da bera geratu zan billoxik, eguzkittan, arriak jaurtiten ara ta ona, otzittu ezeittean. Eladitxo joan zan andik nonbaittara bilddurragaz, amak edo aittak arrapau ezeien leku atan, gona-barrenak bustitta ebazala: eguzkittan ara ta ona ebillela legortu jakazan gona-barrenak eguerdian etxeratu-orduko. Josetxoren soñekoak etzirean ondo legortu, baña jantzi ebazan egozan lez, da joan zan etxera bazkalordurako.

        Atsoa, esan da egin, joan zan Eladitxoren amagana, ta esaeutsan:

        —Zure alabea, eliz-osteko artzan ibilli da mutiko bategaz, gaur dagoan ikaragarrizko erresakeaz, da bilddurgarrizko estualdi bat igaro dabe, gorantzaldi aserre batek arrapau dittuanean.

        —Zer dirauztazu, ene andrea?

        —Bai, lotsea emon bear deutsazu zeure alabeari, etxeratuten danean.

        —Bai, Jaungoikoak nai badau: eskerrik asko ene andrea, albista ori iragarri deustazulako.

        —Ezta ezegaittik.

        Artuteko-be, ederrak artu ebazan Eladik etxeratu zanean: amak ittanduten eutsanean nungoa zan mutiko laguna, erantzuten eutsan ezekiela zein etxetan bizi zan: atzenen amak esaeutsan:

        —Entzuten bot beste bein itxasertzetan abillela, birrindduko aut etxeratuten azanean.

        Josetxori ezeutsan ondo egin, soñeko bustiakaz etxeratuteak; zurbil, larri ta makal eldu zan etxera. Ogeratu eban bere ama Juana Marik eta ittandu eutsanean zer igaro jakan, erantzun ebazan mutikoak eliz-osteko jazoerak, eta amak esaten eutsan:

        —Ez az, txotxo, bilddurtuten itxasertzera joaten itxasoa aserre danean? Eztakit itxasertzean itxasoaren gora-berak aserreak izaten direana, ta eroango baendu ittoko intzatekeana? Jaungoikoagaittik, itxasoa aserre danean, ibilli adi itxasertzetik urrun, zoritxarrean jausi baga.

        —Ezegoan-ba ama olako erresaka andirik, eta karramarroak arrapatera joan giñean Eladitxo ta neu, baña gorutzaldi batek arrapau ginduzan.

        —Nungoa dok Eladitxo hori?

        —Don Ermoken da Doña Masimaren alabea.

        —Orregaittik gaur zeian esan dabe, neskato ori nekaldu dabela amak itxasertzean ibilli zalako atzo egon zan erresakeaz.

        —Ni ama, berantzaldi batek, arriarte estu baten sartu nindoan, da Eladik, etorri arin neugana ta lagundu eustan arri-bittartetik urteten.

        —Orduan txarto ibilli intzan.

        —Bai, ta orduantxe, urrengo itxasoaren gorantzaldiak arrapau ginduzan biok, eta Eladiri gona-barrenak busti jakazan: atso batek goiko zalaittik deadar andiak egieuskuzan.

        Eladitxok, iru egunean, ezeban ikusi Josetxo iñun-be; ikastetxean-bez, da zer igaro ete jakan nai eban jakin: joango nintzake Ondartzara, baña nagoan geldi —esaten eban berak-bereartean—; bere amari, goizean zeiara datorrenean ittanduko deutsat zer jazoten dan Josetxogaz.

        Esan da egin; biaramon goizean goizetik, jagi ogetik eta joan zan Eladi zeiara, ta ittandu eutsan Juana Mariri, zer igaroten zan Josetxogaz, zein ezetorren ikastetxera-be.

        —Zeu zara galantori? —erantzun eutsan Juana Marik: zuek, batorrek eta besteorrek bear dozuez zigorrada batzuk, itxasertzera bidea ikasi dozuelako, zentzun-bako biok. Bakit amak apurtxo bat astindu zaituana, ta ondo egiña izan da: azartasun andia zan izan-be, eliz-osteko artzara joatea, itxasoa ain aserre egon ezkero; ezeizue beste bein olakorik egin! Josetxo ogean dago iru egunean berotasun andiaz: obera doa ta uste dot, biar arratsaldean, joango dala ikastetxera. Irribarreka ondo-da esanik, aldendu zan Eladi.

        Onek jazoerok igaro zireanean, Josetxok ebazan amabi urte, ta Eladik amar.

        Juana Marik esan eban lez, biaramon arratsaldean joan zan Josetxo ikastetxera: sartu orduko topau eben alkar neska-mutillok, eta ageri eutsezan alkarri igaro zirean jazoerak: len legez sarri batuten zirean bata-besteagaz, da eguraldi euritsuetan, jolastuten eben Eladiren etxeko kolar edo atarian; baitta Eladitxo-be, noizbait, eguraldi onetan, joaten zan Josetxogaz Ondartzara.

        Olan jarraittuten eben luzaroan gazte biok, euren adiskidetasun zintzoaz, baña toki guztietan egoten dira, angoak eta emekoak txarto ipiñi nai izaten dabezan gizadiak, euren guzurrakaz, iñarduten beti, aregaittik, onegaittik eta besteagaittik, etxeko arazoak baño auzokoak ardura geiago emoten deutsen asko: Pelis joaten dala ara edo ona; Lontzek alako edo olako soñekoak darabiltzala; Balerek ibilkera barregarria daukala; Nemesiren ezkontzea iragarritten dabiltzala; tanboliña gora, jantzea bera; egiak andik eta guzurrak emetik; eragin beti batari ta besteari. Olako iñarkuntza asko oi-dira aserrekuntzak eta gorrotuak birbistuteko, ta bakean dagozanak aserratu daittezan. Arazo onetan ibilten zalea zanen bat, joan zan Masima, Eladiren amagana, esatera zelan bere alabea ibilten dan Ondartzako mutiko jitanoak ekarririko, nundik-norakoa dan iñok eztakienaz, da eztala dedutsua eurentzat, mutiko aregaz batutea.

        —Ori-be bai? —erantzun eutsan Masimak amorruaz arpegia zurbildurik: ezteutsat ezer esango Eladiri, neuk neure begiakaz ikusi arte alkarregaz dabiltzala neska-mutillok: baña ikusten bot Eladi mutil aregaz, ilgot bertan.

        Bere senar Ermokeni ezaeutsan zer igaroten zan, da agindu eutsan, zainddu eiela alabea jakitteko mutil aregaz ibilten bada.

        Egia zan Josetxo jitanoak ekarri ebena, urte biko umetxoa zala, ta iñok ezekiena nungoa zan, baña gauza ori aztu zan Ondartzako senar-emazteak, gurari andiaz da pozik, eurentzat artu ebenean. Ganera Mundakako gizadi guztiak eutsan maittagure zintzoa, mutiko eder orri, eknandu onetakoa ta ikastuna zalako.

        Gertaera onetatik astebete igaro orduko, euri landurra jausten egoala, joan zirean olgetan Eladiren etxeko atarira, aterpean ibilteko, iru mutiko ta neskatotxo bi; euren artean egozan Josetxo ta Eladitxo. Ermokenek etxeratuten joala, ikusi ebanean Josetxo, jo eban lenengo ostikuagaz, da gero, eldu garrittik eta jaurti eban kalera, txakur bat izan balitz lez: beste neska-mutillak iges egieben.

        Josetxori zaurittu jakazan anka bat eta beso bat, eta negarrez egon zan kalean sutuntzeko gogo barik: kale atatik, batera ta bestera ebillen gizadia, geratuten zan Josetxoren negarren adi, ta zer igaro zan jakin gurari; erruki gogorra artu eutsan gizadi guztiak. Etxe-aurretik igaro zirean emakuma bik, ikusi eben, zelan Ermokenek, jo ta jaurti eban kalera, bere etxeko atarian egon zalako, beste erru barik: sutundu eben emakumak, eta joan zan etxera astiro-astiro.

        Etxean autortu eban zer gertau jakan Ermokenegaz, da Txomiñek artu eban naibageaz gizon aren egittasun geiztoagaittik, orduantxe, eseri-be itxaron baga, nai eban joan Mundakara gizon a billatutera; Juana Marik alegin andiakaz artu eragin eutsan eroapena, baña esan eban Txomiñek, egunen baten Ermokeni artuko eutsazala bear zirean ardurak.

        Egun atan, Mundaka guztian egoan iñarkuntzea, etzan besterik, ezpabere, Ermokenek Josetxogaz egieban astokeria: gizaldi guztia zan guztiz aserre Ermokenegaittik txarto esaten.

        Eladi errukigarria aldendu zan bere aittak Josetxo jo ebanean, da bilddurrez ebillen erri barruan, bein batera ta bein bestera, bere buruan argittu eziebala, zegaittik ete zan bere aittaren amorrua Josetxogana: otuten jakan izango zala, aittak uste ebalako, arek mutikoak eroango ebala eliz-osteko artzara; baña alan da guztiz-be, bere ustez Josetxok ezeutsala iñori txarrik egin, da errueza nekaldu zala.

        Eladi joan zan etxera bazkal-orduan, bilddurrez da naittasun andiaz, jakitteko zetan egozan bere aittamak beragaz; onerako ala txarrerako. Amak ezeutsan jaramon bere ondora urreratu arte, ta ondoan egoanean, emoeutsazan zaplada bi, txinpartak ikusi eragittekoak, eta esan eutsan:

        —Etxe onetara ator lotsabaga andiori? Joan adi Ondartzako mutiko zakar nundik-norakoa dan iñok eztakienaz olgetara!

        Eladik, zaplada biak artu ebazanean, iges egieban kanpora, ta kalean egoan negarrea. Amak, bere amorruaz, leio batetik esaten eutsan deadar gogorrakaz:

        —Ez az geiago, gure etxera sartuko! joan adi nai doan lekura zittal-zittalori! Nok ikasi deutso berorri baserriko mutil satarrokaz ibilten? Ai, ene alabatxoa, etxeratuten azanean birrinduko aut.

        Masimak, onek berbok eta beste asko esaten iarduenean, kale atatik, batera ta bestera ebillen gizadi guztia geratuten zan Eladiri begira ta entzuten bere amaren berba gogorrak. Gomuta izan eben, lentxoago Ermokenek Josetxo jo ebana ezetariko erru baga, ta egozan gurari andiaz, zerbait erantzuteko, Masimaren berba zentzunbakoari. Onetan, Eladitxo ta Josetxori erruki andia artu eutsan emakuma batek erantzun eutsan:

        —Entzuizu, Doña Masima, obeto egingozu leio orretatik barrura joaten bazara: eztaukazu zentzunik ez berba bide onik, diarduzun autuetan: au zure alaba gaisoau errukigarria da: zuk eta zure senarrak baño geiago balio dau onen biotz onak, nekezaleaz zein aberatsaz bardin jolastuten dan onek. Zuk eta zure senarrak arrokeria andia daukazue zeuen ondasunakaz, da ezin ikusi dozue nekazalerik begien aurrean. Au zuen alaba maittagarriau ezta zuelako andigurakoa; onak eta Josetxo Ondartzakok, zuek baño gizabide obea dauke edozetan, umeak izanarren.

        —Andra lotsageiztokoa, zugaz eztot nik auzirik, eta zoaz zeure bidean.

        —Beste iñor ez-lako lotsabakoak, zu ta zure senarra zarie: ondasun asko bai, baña bestetik arro, zakar da tentel batzuk, erriko gizadi guztia zeuen kaltez iñarduten daukazuenok.

        —Esan deiela nai dabena; orrek ezteust ardurarik emoten.

        —Ez Masima, lotsagalduak eztauko ezeren ardurarik.

        —Juan ortik zantar guztiok! Artoaren-artoak moskortuta zagoze zuek.

        Berba au esan, itxi leioa ta barrura sartu zanean, kalean egoan gizadi guztiak egin eban batera deadar:

        —aa...! oo...! uu...!

        Olan amaittu zan auzi au: Ermoken etzan egon etxean.

        Arik iru-garren egunean, illunabar baten, batu zirean Josetxo ta Eladi: onek autortu eutsan Josetxori gurasoakaz igaro jakana, ta ganera esaeutsan:

        —Nire aittamak eztabe nai, Josetxo, nik zugaz jolastu daittan; baña zugandik aldenduta ibilli arren, beti izango naz lengoa.

        —Eladitxo, ezeizu nigaittik artu naibagerik; aldendu zaitte: zure gurasoak eztabe nai nilako nekazale bategaz ibilli zaittezan: zeure onerako dira euren burubideak eta zoaz aberatsakaz jolastutera. Ondo dakit, zuk eztaukazuna errurik gauza orretan, da ni betilezko adiskidea izango naz.

        —Ez aserratu-ba Josetxo.

        —Zugaz aserratu iñoiz-bez.

        Berba onekaz esan leikean, neska-mutillok aldendu zireala betiko alkarregandik, baña arek atzeneko berbatxoak, ai! ondo adierazo eben, arek biotz samur biak, etzireala aldendu bata-besteagandik.

        Orra umetxo bi, oso zintzoak eta adimen bakoak zerua goian da lurra ta itxasoa beian baño besterik ikusten ezebenak; ume erruezak, ikastetxeko ta elizako arazoak eta beste egipideak amaittu ezkero, jolastutea baño beste gogamenik ezeukenak, orain aldenduta alkarregandik, iñun ez iñori gauza txarrik egin baga: orra banatuta gazte orren adiskidetasuna, andigurako arroak bittartean sartu direanean: ona ume orren zorionak, jolasgarriak eta bizkortasunak, nai ta nai-ez, naibagera biurtuta. Baña Jaungoikoa dago beti munduko zitalkeri guztien ganetik, eta aren bioztxo samur-samurretan, orain edo gero, goiz edo belu, bearrak egingo dabez, erruezazko nekaltasunak eta naigabeak. Olako gertaerak geittuten dabe biotzeko sua ta azkartasuna, maittegurea obeto sendatzeko.

        Ondartzatik urre-egoan Ermokenen ortu edo baratz eder bat, ormakaz inguratuta: sarri joaten zan orra ortuariak zelan egozan ikustera, ta marraskillo ta bareak iltera. Joan zan egun bate; ikusi eban Txomin-txikik bere solo batetik, eta zainddu eban noiz etxeratuten zan. Etxerutz joanean urten eutsan bidera ta esan eutsan:

        —Egun-on Don Ermoken.

        —Baitta zeuk-be, zer nai dozu?

        —Nik nai dot autortu daidazun zein kalte edo okerkeri egin eutsun, gure Josetxok lengo egunean, zuk nekaltzeko txakur bat baillitzan lez. Kalterik egin badeutsu, ondo-da okerra zuzendutea, baña ostarantzean, a joebanak, neu jo ninduan, da esan bear deustazu, zetan zan errudun, zeure etxeko atarian, jo-joalak eta kalera jaurti zinduanean.

        —Neure atarian egoan, da jo ta kalera jaurti neban, gogoa alantxe neukalako, ta barriketa gitxi egizu, ostarantzean esku-makilla au auzikot zeure buruan.

        —Geldi, geldi, Ermoken, orrekaz berbokaz!; ni enago lo, itzarrik baño, ta nik eztaukat esku-makilla orren, ez zure arrokerien, ez zure bilddurrik gagozan lekuan, ta erantzupen oberik ezpozu, edo Josetxoren txar-egiñik erazagututen ezpoztazu, ementxe ikusi bear dogu nok daroan katua uretara.

        Txomin, au esaebanean, aurreratu zan apurtxo bat Ermokenek, lenengoan arro ta zoli erantzun eutsan Txomiñi, baña bilddur andia artu eban gero, ta esaeutsan:

        —Gizona itxi dazu etxeratuten.

        —Bai, oraintxe joango zara.

        Au esanaz batera, ezetsi eutsan Txomiñek Ermokeni azartasun guztiaz; kendu ta jaurti eutsan urrunera esku-makillea; eroan eutsan aizeak bidean zear buruko kapelea; emon eutsazan bultzada batzuk eta ostikada sendo bat, esaten eutsala:

        —Zoaz orain etxera, Masimari esatera zer gertau dan biokaz. Josetxori ezarri zeuntzan ostikada bat: nik aren ordez ezarri deutsut beste bat, eta kittu: orain eztotzagu alkarri sorriz ez arturenik.

        Txomin zan, lau urte inguru Ermoken baño gazteagoa, ta lanean ekanduta egoan gizona: ganera mutil ona zan bera gaztañak batuten! Azpiratu ebazan Ermokenen arrokeriak eta kendu eutsan gogoa beste baten Josetxo joteko.

        Ermoken pozik joan zan Txomiñek kalte geiago egin ezeutsalako: ezeban astirik euki esku-makillea artuteko; an geratu zan bide sokondoan.

        Ermokenek ezeban uste iñok ikusi ebanik Txomiñek emoeutsan ostikadea, ta ezeutsan autortu bere emazteari, baña esakunea dan lez, sasiak-be begiak eta belarriak daukezala, arin jakin zan Mundakan zer gertau zan gizon biakaz. Emakuma bi, ta gizaseme bat egozan lanean goi-aldeko solo baten, da ikusi eben biaren burrukea: egun atan erazagutu ebezan jazoera guztiak.

        Astebete garrenean Mundaka Bermeoetako kalietan, gazteak abesauten ebezan urrengo doazan koplak:

 

                Doña Masima andigurako,

                Guztiz agirakaria,

                Zeuk dabiltzuzan deadarrakaz,

                Arrittu dozu erria.

 

                Aa...! oo...! uu...!

                Andrazko barregarria

                Aa...! oo...! uu...!

                Guztia arrokeria.

 

                Poztuta zagoz ondasunakaz,

                Arro ta gozo bizia,

                Nekezalea ezta zuretzat,

                Iñoiz errukigarria.

 

                Aa...! oo...! uu...!...

 

                Zure senarrai emon eideutse,

                Zigorradatxo andia,

                Txomin-txikigaz, goiko bidean,

                Galdu dozue auzia.

 

                Aa...! oo...! uu...!...

 

        Ermokenek ezeutsan ezer esan emazteari ta beste iñok-bez, ekielakoan. Eladik-be jakin eban jazoera guztia, baña bilddur zan amari esaten: onetan agertu zirean kantok, eta Masimak entzun da adittu ebazanean, jarri zan artega, joan da etorri ona ara ta bestera, zer igaroten jakan ezekiela, inpernu edo geztokiko agintariak baizen geizto. Lenengo nekaltasuna Eladik artu eban etxeratu zanean: Masima ezin zan nasaittu etxe barruan, ta koplak kantaten kalean zear joan zan mutiko bati, jaurti eutsan pitxar zar bat, baña ezeban jo. Mutikoak pitxarren zati andienaz, ausi ebazan leio bateko beirak, eta joan zan iges. Txitean-pittean joaten zan kalean bat edo beste koplak abesauten, da zoratu bearrik ebillen Masima etxe barruan, bein batera ta bein bestera: atzenean jarri zan leio baten, kalera begira, ekiñean agiraka. Bere senarra ezegoan etxean.

        Bata orain da bestea gero, gizaldi asko batu zan kalean, da Masimak berbaldi bakotxa amaittuten ebanean, kalean egozan guztiak erantzuten eutsen batera:

 

                Aa...! oo...! uu...!...

                Andrazko barregarria

                Aa...! oo...! uu...!...

                Guztia arrokeria.

 

        Bere amorruaz, esaeutsen kalekoari:

        —Zuek, zeuen soñeko zarrokaz, artoak mozkortuta zagoze: zoaze ortik.

        Orduan, bere gaztetako lagun batek, zoli ta bizkor erantzun eutsan:

        —Bai, gu artoaz da zu ogiaz. Entzuizu, erregiña Masima; guk jan dogun artoa, zuk laban errerikoa izango zan: len Masima alabako esaten eutsuen, da orain, senarraren diruakaittik, esaten deutsue Doña Masima. Amaika arto erre zenduan ezkondu orduko, goiko kaleko laban! da orduan artorik asko jaten zenduan zeuk-be! Orren zentzunbagak garela uste dozu, ez jakiteko nundik-norakoa zarean andrazko arruori? Gomuta dogu emen gagozan askok, labako lanak amaittuta, zelan ibilten ziñean otzara zar bategaz, kale ta bidietan, idi, zaldi, asto, ta mandazañen mandoak jaurtitten ebezan bekorotzak batuten, solarako bear zenduzala ta: etzagoz bestelakoa, uste izan bozu, etzaittoguzala ezagututen nor zarean! Orain burkada satzak erosteko dirua naikoa daukazue, ta orregaittik zagoz arrokeriaz puztuta: zuri lenengo egunetatik kanta bear eutsuen, bart kantaten eben koplea.

 

                Egun-abarraz joaten ziñean

                Artoak labara sartzen,

                Arratsaldean andik-emetik

                Egozan korotzak batzen.

 

                Aa...! oo...! uu...!...

 

        —Zuek, bakean gagozanok aserre ipinten zatoze, ta joan zaitteze kale onetatik.

 

                Egun abarraz joaten ziñean.

 

                Aa...! oo...! uu...!...

 

        —Bakean zagozala diñozu lotsabagorrek, eta lentxoago, kalean zear joan dan mutiko bati, jaurti deutsazu pitxar bat: zorionean eztau jo, ostarantzean ilgo eban. Zuk eta senarrak zeuen andikeri ta astokeriakaz, emon deutsazuez orrek naigabeok zeuen buruari: ori jazo oi jake sarri, nekezalien erruki baga, arrotuta bizi direanari.

        —Zoaze ortik zakar guztiok, ni zirikatuten beste asmo barik zatoze ona lotsageiztokuok.

 

                Aa...! oo...! uu...!...

 

        Masima sartu zan barrura, ta kalean egoan gizadi guztia-be, joan zan arutz, onutz da besterutz.

        Ermoken etxeratu zanean, geizto ta zoli egoan bere emaztea, ta ittandu eutsan senarrari:

        —Nun egon zara gizona, niri berba bat-be esan barik, Txomin-txikigaz izan dizun auziaren ganean?

        —Zuk eztozu zetan sartu olako gauzetan, da obeto egingo zindoan, lengo egunetan da gaur ixil-ixillik egon-izan baziñean etxe-barruan, loroen antzera berbaldi zentzunbakoak egitten leiora agertu barik: jakin dot, zelan izan dan lotsagarria zure ekiñen-ekiña, kaleko gizadi guztien kontra.

        —Zer egingo neban-ba, arek kanta amorrugarriak entzun ezkero?

        —Ez jaramon, da etxe-barruan egon egun batzuetan, eurak aspertu arte.

        —Bai, Ermoken, zuk batzuetan olakoxe gibela daukazu, baña nik ezin artu izan dot eroapena, ta joan naz leiora agirakaldiak egittera, kopla orrek abesauten ebezanari. Zer bada? iñoren irrigarriak gara gu ala? Nire biotza sutan dago, Ermoken, jazoera onekaz! zuk ez taukazu ezeren naigaberik ez errenkurarik.

        —Nik, zuk baño naigabe geiago daukat igaro direan auziakaz; da zer egin? artu eroapena.

        Aserre gogorrak izan ebezan biak, argittu gurarik zeñek eukan gertaera guztien errua: atzenean erabagi eben Eladitxo zala jazoera txar guztien erruduna, ta onek ume errukigarri onek ordaindu ebazan, apurturiko tresna guztiak.

        Eladitxo, bilddurren-bilddurraz kanpoan ebillen beti: jatorduetan da lo-egitten, bakarrik, joaten zan etxera. Errubako ume gaisoak, ikusirik bere ganera joazala beti egur igarrak, zar baten gisan, artu eban burubidea, aurrerantzean, apaltasun andiaz, geldi egongo zala aittamak joten ebenean, da baitta egittu-be egieban esaebana. Negar sendo egitten eban nekalduten ebenean, geldi-geldi egoala, zirkin egin baga, batera ez bestera.

        Ume zoribakoa! Jaungoikoak ikusten dittu zure naibageak, eta berak erakutsiko deutsu munduan jarraittu bear dozun bidea.

        Txomin-txiki, Ermokenegaz burruka egin ebanean, joan zan etxera, ta esaeutsan bere emazteari, gizon aregaz igaro zan guztia. Juana Mari arriturik lotu zan, jakin ebazanean arek gertaldiak, eta bilddur gogorra artu eban, otu jakanean Ermoken da emaztea, zelan edo alan mendekatuko zireala eurakaz, da senarrari esan eutsan:

        —Txomin, Jaungoikoaren gizona, eztozu uste, orrek senar-emazteok, nai badabe, naibage asko emon leizkuezala?

        —Naibageak zegaittik?

        —Ara-ba, bakizu iñoren etxean bizi gareana, ta.

        —Ta zer?

        —Orrek aberatsok, alkar billatuten dabe, iñori kalte egin gurotzenean.

        —Eztaukat, Juana Mari gauza orren bilddurrik; Ermokenek baki, olakorik egingo baleu, laster ostikopetuko neukeana: ganera, gure ugazaba ezta olako zitalkerietan sartuten dan gizona.

        Masimaren kantak, Josetxok eroan ebazan Ondartzara paper edo ingi baten iratzita, ta laster ikasi ebezan Txomiñek eta otseiñak. Juana Marik etzituan ikasi: bilddur izan zan, kopla arek abesauten, ta besteari esaten eutsen:

        —Ezeizuez kanta orrek koplak.

        Orduan Txomiñek erantzuten eban:

        —Kanta; kanta koplok, kantateko egin dabez-da!: Mundakan ezeizuez kanta, baña emen kanta ardura barik.

        Txomiñek barre asko egitten eban koplak kantaten ebazanean, baña Juana Mari bilddur zan, da esaeutsan:

        —Txomin, Josetxo etxe onetara agertuzanik arrezkero, amar urte onetan, baso, solo ta abere guztiak izan dira ekarkorrak: esan leitteke, Jaungoikoak mutiko orregaz biraldu deuskula zoriona. Nasai ta ondo bizi gara, geure lanak egunaro zuzendurik, baña ugazabak jaurtiko baginduz etxe onetatik, ai Txomin! atsekabez beterik ondatuko gintzakez. Bilddur onegaz nago ezetarako gogo baga, jakin-arte zetan amaittuko direan auzi onek.

        —Juana Mari, jaurtizuz alde batera orrek buruera ta biotziltasunok, eta egon zaitte bildur baga: guk ezteutzagu iñori txarto egin, da iñor eztabil gure billa. Nik Ermokeni jaurti neutsan ostikadeaz, eneban egin besterik, ezpada, bardindu Josetxori berak jaurti eutsana, ta kittu; alkarri zorrik ez arturenik ezteutsagu orain.

        —Jaungoikoak jagon gaizala-ba olantxe aurrerantzean.

        Josetxok eta Eladik, ikastetxean ikusten eben alkar egunaro, ta noizbait, berba-be egitten eben, baña kalerezkero, etziren batuten alkarregaz: eroapena artuten eben.

 

aurrekoa hurrengoa