www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Josetxo
Jose Manuel Etxeita
1909

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Josecho (Bizkaiko euskeraz), Jose Manuel Etxeita. Florentino Elosu, 1909

 

aurrekoa hurrengoa

III
JITANOAK ETXE-AURREAN

 

        Txomin-txikik eta emazteak oñ-ortotzik eskintsariak egin ebezanik irugarren urtean, illuntzeko illunabarrean, agertu zirean etxe-aurrean jitano batzuk, eta oles egieben. Txomin da Martiñek urten eben atera: jitanoak eskatu eben aterpe bat gau atan etzateko. Juana Mari-be jatzi zan bera, arrituta bildurrez, arek arpegi baltzak ikusi ebazanean; etxekuok bildur zirean joan eitezala esaten, da eskiñi eutsen galtzoa zabalduta egoan korta bat, guztiak antxe etzateko. Pozik egozan jitanoak, korta zabal ederra, bero-berotan egoteko lortu ebenean.

        Jitanuok zirean, iru gizon, iru emakuma, lau ume, lau asto ta txakurtxo bi; ezainak, zazkel, erropazar, trazkil, ikatza baño baltzagoak, azurra ta azala baño ezukenak. Astaganean etorren, umetxo urte bi inguruko, matralla-gorri, begi-urdin, galant, gaztaña margoko ule ederdun bat: ez irudian bestien endakoa; etorren negar baten, ama, ama ta ama deadarrez, da astotik jatzi ebenean, joan zan arin-arinka Juana Marigana, ta eldu eutsan sendo gonatik, ama, ama ta ama txilioka iarduala. Juana Marik ezekian zer gertaten jakan ordu atan, ain erruki gogorra artu eutsan ume zoribako ari: uste eban nunbait ostua izango zala, ta artu eban bere besoan.

        Pozik egoan mutikotxoa, Juana marik besoan artu ebanean: jitanoak urreratuten jakazanean besartetze eban sendo Juana Mari deadar gogorrakaz; ezeban nai joan jitanoakana.

        Mutikoak bekian oñez ibilten, baña oraindiño ezekian berbetan: esaten ebazan berba bakar batzu euskera. Jitanoak ezekien euskerarik eta ezagun zan mutikoa etzana eurena, ezpabere, nonbait ostuta ekarrena.

        Gau atan mutiko onek, egieban lo, Txomin da emazteagaz, poz-pozik, guztizko gogo-argiaz; onek biok, ezin loak arturik egon zirean gau guztian, bildurrez, zer jazoko ete-zan kortan egozan arpegi baltzakaz. Goizean ogetik jagi zireanean, mutikoak ezeban nai urten etxetik aizetegira, bildurrez ostera jitanoak eroan eien.

        Juana Marik eta senarrak artu eutsen erruki gogorra ta ganera maitetasun andia: jitano gizaseme bati egieutsen eskakizuna, a umetxoa eurakaz isteko, baña arpegi illunaz erantzun eban ezetz. Ostera iru emakumak nai eben etxe atan istea, zerbait umearen ordez emoten beutsen: itxi nai eben beti egoten zalako negarrez da deadarrez isildu baga.

        Egun ata, jitanuok, joan zirean Mundakara eskean, astoak eta txakurrak kortan itxita, ta illuntzerarte etzirean agertu Ondartzara. . Beste egunean, urberen zanean, joan zirean atxik-atx arrapatera, lapa, lanperna, mangoliño. muxilla ta arripeko karramarroak: zuzendu ebezan iru egunerako naiko ebezan beste.

        Biaramonean goizetik ebiltzan joateko asmoaz; gizasemeok, eurakaz nai eben eroan Juana Marik besoan eukan mutikoa; jitanak nai eben itxi umea zerbait bere ordez artuta: Txomin da emazteak, errukigarrizko eskariak egiten ebezan mutikoa eurakaz isteko, baña arek gizonak aserre zirean euren emakuma lagunen kaltez. Auzi onetan egon zirean luzaro, ta atzenean, Txomiñi eskatu eutsezan amar ogerleko ta amar egazti mutikoaren ordez.

        Juana Mari joan zan arin Mundakara mutikoa besoan ebala; zuzendu ebazan amar ogerlekoak; illatokian arrapatu ebazan Martin-zaldik amar ollo, ta emon jakezan. Artu ebezan euren ume, asto, txakur, karramarro, lapa ta enparauak, eta joan zirean Ondartzatik mutikoa bertan itxita. Jitanoak esaeben Pedro eritxola, baña Pedro deituaz, ezeban erantzuten.

        Juana Marik, arratsalde atan, altzoan esne-sopak emoten eukala ittandu eutsan:

        —Txotxo, zelan dok eure izena?

        Barriro, ainbeste bidar ittandu eutsanean, gomuta izan eban bere izena, ta poz-pozik erantzun eban —Josetxo.

        —Josetxo dok eure izena? —ittandu eutsan barriro Juana Marik eta buruagaz adierazo eban, baietz.

        —Josetxo az? —oraindiño-be ittandu eutsan da orduan irribarreka erantzueban:

        —Bai.

        Orra jakin zan mutikoaren izena etxeko guztiaren pogarri, ta orduan zoratuta pozarren esaten eutsan Juana Marik bere besartean estuturik:

        —Neure biotzeko Josetxo! Nundik nora ibilli az orrekaz jitanuokaz? Nundik etorri az orrekaz baltzokaz, neure laztana? Zegatik egin dozak arrigarrizko negarrak eta deadarrak? Zegaitik izan az ain bildur arekaz joateko? Zer egin doe arek? Orain ementxe biziko az geugaz, ezta alan?

        —Bai.

        —Beti-betiko geugaz?

        —Bai.

        —Bai neure biotzeko semetxoa.

        Onetan ekin eutsan luzaro Juana Marik, eta emoeutsazan mozu asko.

        Josetxok esaten ebazan berba bakarrak, zirean bai, ez, esnea, ogia, erdu ta Josetxo: ezekian beste berbarik. Jitanoakaz ibili zan artean, aztu bear izan ebazan berba asko, ta orain, euskera entzunaz, gomuta izaten ebazan len ekizenak.

        Txomiñek poz-pozik arratsalde atan esan eutsan bere emazteari:

        —Juana Mari, gaur ondo apaldu bear dogu, ta ekarrizuz Mundakatik ardaotxoa ta beste gauzak.

        —Bai Txomin, —erantzun eutsan emazteak—; neu bere gaur poz-pozik nago, ta ondo apaldu bear dogu Josetxo geugaz geratu dalako.

        Esan da egin; Juana Marik ekarri ebazan bear zirean gauzak, eta Txomin apa-aurrean asi zan jantzan da zorakerietan Josetxogaz, batean sorbaldan da bestean besoan erebillela. Juana Marik, apalduteko, zuzendu ebazan, lunkaika, arrautza, egaztiak eta arraña: ganera esne-sopa ta ardaoa zeinbat-nai. Jesarri zirean maian irribarreka ta guztiz berbalari, Josetxo, Juana Mariren altzoan zala: jaterdian Txomiñek, artueban Josetxo bere altzoan, da asi zan kopla batzuk abesauten, da asmoetan. Juana Mari zoratuta egoan bere mutikoagaz; berak sortua izan balitz-be, ezeban izango laztanago; kendu eutsan Txomiñi eskuetatik, eta jan bear eban mozuka. Apalostean, guztiak egozan berbalari ta koplari; Martin-zaldik bere, egiten ebazan biorkadak ardao pitxarra eskuetan ebala. Txomin jagi zan maitik Josetxo besoan ebala, ta jantzan iarduan zoli ta lerden: Josetxo-be pozik ebillen, euskera berba bat edo beste esaten ebazala. Martiñek-be luzaro euki eban mutikoa bere besoetan, da bakotxak berbaldi luzeak egiñaz, egon zirean ogeratu baga gaberdirarte.

        Gau atan guztiak egieben lo ederto, goizean eguzkiak mendi bizkarrak gora igo arte, ta kortan egozan abereak, urrumaka egozan jan barik belurarte.

        Juana Marik, jagi zireanean, emoeutsen gosaria bere senarrari ta Martiñi; Josetxok eta berak jak ebezan esne-sopak, eta gero joan zan Mundakara egunaroko gauzak saldutera mutikoa besoan ebala. Enparantzan egozan emakuma ta ume gazte guztiak, joan zirean jitanoak Ondartzan itxi eben mutikoa ikustera; batak emoten eutsan sagar bat, besteak madari edo intxaurrak, urrengoak gaztañak, eta ganera, orain batek eta gero besteak erebillen besoan mozuka janbearrik, ain polit eta barrekari egon Josetxo goiz atan.

        Txomin-txikik, bazkal-orduan esan eutsan emazteari:

        —Juana Mari, orain egin bear doguna da, Mundakako agintaritzea daukanai, esan Josetxogaz igaro direan jazoera guztiak, argitu deien berak nai daben lez, nun dagozan Josetxoren gurasoak. Onetarako, Bilbon dago albistari bat Bizkaiko erri guztietara joaten-dana, ta antxe iragarri bearko da Josetxoren albistea. Astebetean iragarri leiteke albistarian, da ikusikogu aittamak agertuten badira mutikoa billatutera.

        —Bildurtu nozu Txomin zeure asmoaz, baña uste dot olan dala Jaungoikoaren agindua ta egizu zeuk nai dozuna.

        Txomin joan zan Mundakako nagoziana ta esaeutsan zer igaroten zan Josetxogaz, da bere ustean zer egin bear litzakean. Nagozi jaunak erantzun eutsan biralduko ebazala mutikoaren barriak, Bilbora, albistarien jaubeari, esaten eutzala astebetean iragarri daizala albistarian, Bizkaiko erri guztietan jakin deitezan barri orrek.

        Txomiñek, etxeratu zanean esautsan emazteari:

        —Mundakako nagoziak esan deust aginduko dabela albistarian ipinteko Josetxoren barriak. Uste dot ugutzauta egon dala, baña gurasorik agertuten ezpada ugutzau bearko da, daben izenagaz, elizako garbitasunak zuzentzeko aldan lez.

        Onetan geratu zirean senar da emazte, itxaroten astebete igaro arte.

 

aurrekoa hurrengoa