www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Josetxo
Jose Manuel Etxeita
1909

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Josecho (Bizkaiko euskeraz), Jose Manuel Etxeita. Florentino Elosu, 1909

 

aurrekoa hurrengoa

IV
MIRARIA ETE ZAN?

 

        Zoratuten jakan Juana Mariri, gomuta izaten ebazanean gertatu zirean gauzak, eta sarri esaten eutsan Txomiñi:

        —Etzara Txomin arrituten igaro jakuzan jazoerakaz? Eztozuz gomuta gure eskintzari eta eskariak, apaltasu andiagaz, Jaungoikoari ta geure biotzeko Doneari, osasuna ta umetxo bat emon daizkuzan? Ezteritxazu miraria ume orren etorrerea etxe onetara? Eztozu uste, zelan zerutik biralduriko bat legez, agertu dan gure etxean? Ai Txomin! Nik ziur-ziur uste dot Jaungoikoa bitartean dabillela gure Josetxogaz, urte askotako eskari apalari errukiturik. Len biotzak esaten eustan, bear bada, uste dogun baño lenago eukiko ginduala umetxo bat: orain diraust Jaungoikoa bitartean dabillela, ta onak bagara, au ume ederrau geuretzat izango dala. Ikusikozu Txomin; ezta agertuko gurasorik ez jauberik, eta geure poztasunak eztitsuak izan daittezan orain da gero, jatorku Josetxo.

        Txomin-txiki arrittuta egoan emazteari begira, bere artean esaten ebala: «Miraria dirudi izanbe Josetxoren etorrereak».

        Zelan obeto siñistu Jaungoikoa gandik etozala arek mirarizko jazoerak, alan sendatuten zan euren Josetxogazko maitetasuna ta bizitzako atsegiña. Alkarri begiratuta, negar malkoak jausten jakezan senar-emazteari, poz-pozagaz, Jaungoikoak euren eskarian jaramon eutzalako.

        Baña ai! batetik eukezan pozgarri orrek eta bestetik euren biotzak bildurrez, astebete edo bi igaro arte, gogoratuten etorriko ete-dan norbait Josetxo billatutera, albistarian jakin da nun egoan. Batetik pozez, da bestetik naibagez, eukezan euren biotzak taupadaka, zer jazoko ete-zan jakiñ arte.

        Igaro zan egun bat, baitta bi bere, baita lau ta sei bere, ta etzan iñor agertu: igaro zan zazpigarrena, baitta illebete ta urtebete-be, ta etzan iñor agertu Ondartzara Josetxo billatutera. Orduan Juana Marik esaten eutsan bere senarrari:

        —Enotzun nik esaten Txomin, etzala iñor agertuko?

        —Alan-da Juana Mari, onezkero eztot uste iñor etorriko danik.

        Txomiñeri joan jakan eukan artegatasuna ta batean kanta edo abesau, ta bestean jantzan Josetxogaz, ibilten zan zorakerietan danari barre eragiten lanetik etxeratuten zanean. Urtebete igaro zanean ugutzau egen Josetxo, ta ezarri eutsezan Joseba Ondartzako, izena ta abizena: iru urte inguru, bere adina.

        Txomin-txikiren arreba Kontzesik eta Juana Mariren neba Austinek artu eben besoetan.

        Josetxok ikasi ebanean senar-emazteari aitta ta ama deittuten, adurra jausten jaken oneri, pozen pozez, deiera ori entzunaz: uste eben, Josetxo bertan jaio ta azia zala, ta txotxo, seme edo Josetxo zirean mutikoaren izenak.

        —Txotxo... nor dok gure txikiena?

        —Neu.

        —Nor gure kutuntxoa?

        —Neu.

        —Zeinbat nai doztak semetxo?

        —Asko.

        —Ta aittari zenbat?

        —Asko.

        Onetan iñarduten eben aittamok, Josetxok erantzuten ikasi ebanean.

        Amak zuzendu eutsazan jantzi barri bi, sarri aldatu ta beti garbi erabilteko: ondo apainduta ibilten zan egunaro. Guztiz zan ibilkorra ta iru urte oso baga, joaten zan soloetara ta basora, aitta lanean egoan lekura, or jausi ta emen jagi: Axeri eritxon txakur txiki polit batek, jarraituten eutsan alde guztietara. Txomiñek artuten eban besoan da aupadaka, gora ta bera, mozu ta laztan, erabilten eban apurtxo baten, da gero jesarri eragitten eutsan bere ondoan jolastuten txakurtxoagaz edo beste edozer gauzagaz. Noizik-bein joaten zan Martiñengana-be, ta onek eukan beti sagar, gaztaña edo zerbait Josetxorentzat.

        Mutiko au Ondartzan agertu, ta urrengo urtea izan zan guztiz ekarkorra, alan gari, arto, baba, gaztaña, zein sagar, madari, intxaur da ortuari edo baratzari guztiakaz: Txomiñek eta emazteak ezeben ezagutu urte ugariagorik; etxean ezagoan lekurik gauza guztiak ondo jarriteko, ta zelan batu alan saldu ebezan gauza asko. Urte atan senar-emazteok artu eben dirutxo ona: ordainddu ebezan eukezan zor apurtxoak, eta ganera erosi eben bei eder bat, bere txaltxoagaz, esnea ugariago eukitteko. Onek diru guztiok emon da gero, oraindiño beterik eukezan sabaia ta goianengoa, astiro-astiro salduteko, leku aretan egozan gauzak: urte atan Juana Mariren otzarea ondo beterik joaten zan zeiara, ta sarri eroaten eban etxera ardaotxoa apalordurako.

        Neke andiak igaroten ebezan Juana Marik, bere ardura guztiak jaso eziñik: goizean goizetik zeiara, gero, gizasemearen da Josetxoren gosariak, urrengo labako arazoak, arto edo talo bear zireanak; ezkaratzean lapikoko ta jatorduetarako janariak, olloari jaten emon, ogeak zuzendu, etxeko sokondoan garbitu, soloetako lan gogorretan senarrari lagundu, urak iragon etxera, ta ganera Josetxo apainddu, jantzi ta zaindu: onek bear guztiok egitten ebazan Juana Marik.

        Txomiñek askotan oartuten eutsan, bear larregi erebillela, ta artu eiela amalau urte inguruko neskame bat, lagundu eion Josetxoren da beste etxeko arazoetan, osasuna galdu nai ezpeban. Juana Mari zan guztiz begiratua, ta neskamea elikatu ta jantzi bearrak atzeratuten eban ekartako: entzuten ebazan Txomiñen oarpenak, eta ganera bekian zelan orain euken esnea len baño geiago, ta alan beste gauzak-be, izan zan urte ekarkorraz: onekaz begiramen guztiokaz, artu eban atzenean burubidea, neskame bat billatzeko, ta egin gitxi garrenean idoro eban neskametzat Pauliña eritxon, amalau urteko neskatilla, ulegorri, sendo bat; Mundakako arrain-saltzalle baten alabea, lanean da neketasunetan ekanduta egoana. Laguntasun onegaz geratu zan Juana Mari, len baño asko nazaiago, bere lanari arpegi emoteko.

        Ezieban bere burutik aldendu, eurakana etozan ondasun da zorion guztiak, zireala Josetxo agertu zanik aurrerantzean, ta ume orren etorrerea, miraria izan zala.

 

aurrekoa hurrengoa