www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Josetxo
Jose Manuel Etxeita
1909

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Josecho (Bizkaiko euskeraz), Jose Manuel Etxeita. Florentino Elosu, 1909

 

aurrekoa hurrengoa

VIII
JOSETXO ARRAINTZALE

 

        Josetxok amalau urte ebazanean, irakasleak esan eutsen bere aittamari, zelan mutiko orrek ikasi ebazan, ikastetxe atan irakasten zirean ikasmen guztiak, eta orain bear ebala billatu bere langitzea. Gurasoak nai eben bizi eittean bati eurakaz, etxealdeko lanetan; baña Josetxok artu eban burutasuna, gurasoaren baimenaz bazan, itxasoko bizibidea nai ebala. Aittamok, bestetik, ezeben nai mutikoari galarazo bere guramena, ta itxasoak zelan artuten eban ikusteko sartu eben arraintzuko txalupa batera. Goizean goizetik jagi bear izaten eban txaluparako, baña pozik ebillen lanean arlo atan: arrain askotxo arrapaten zanean, emoten eutsen zerbait etxerako, ta orduan ainbat pozago.

        Zoli ta bizkor ebillen Josetxo, ta sarri egin-gurien-egingureaz, jauzten zan txalupan zein edonon, da zauriakaz joaten zan etxera. Egun baten txalupan, etxerutz etozala, belea edo aize-oiala bera jazten egozanean, jausi zan itxasora, txalupea oraindiño arin joala: txalupako gizadiak artu ebazan arraunak edo erramuak, eta arrapau eben mutikoa guztiz nekaturik, izurdeak baño putz zoliagoak egitten ebazala. Soñekoak aldean ebazala jausi zan, da arrain bat legez uger egiten jakin ezpaleu, ziur-ziur ittoko zan. Jantzi eben soñeko leorrekaz aleben lez, ta portuan, txalupako arazoak amaittu ebazanean, etxeratu zan, soñeko bustiak besapean ebazala.

        Juana Marik egieutsazan agiraka gogorrak, beti ariñegi, arazo guztietan ebillelako, baña berez zan alakoxe gogotsua lan guztietan, da ezin aldatu leikean bere izakunea. Txalupako gizadiak-be esaten eutsan ardura geiagoaz ibilli eiteala, baña aren zolitasunaz da egipideak egittuteko gurariaz, ezin zan egon geldirik, zeregiñik begoan; biziegia zan, gizajoa, bere egipidietan.

        Mundakan begoan iñor, Eladitxo ikusten ebanik, nun ebillen, txalupak porturatuten zireanean? Portu ingurura begiratu ezkero, aratxoago edo onatxoago, an ikusiko zan, bere lagun bat edo bestegaz, txalupak ondoen ikusten zirean lekuan. Bere begi baltz ederrak, zerbait billatuten eben txaluparen baten: Josetxo ikusi ezkero, joaten zan andik beste jolasetara.

        Egun baten, txalupak kalan egozala, asi zan zerua illunduten sartaldetik, eguzkia sartuten zan aldetik: arraintzaliok batun ebezan kordelak, egin ebezan arin abiamenak, eta belak zabaldurik etozan etxerutz. Biberdi ibilli-orduko, arrapau ebezan ekatx gogor batek, eta Mundaka ta Bermeoko txalupak nai ta nai-ez, joan zirean, batzuk Elantxobera ta beste batzuk Lekeittiora. Oraindio, itxasoa ezegoan guztiz aserre txalupak porturatu zireanean, baña zerbait geroago, arrigarrizkoak zirean aizearen inddarra ta itxasoaren aserrea. Euri landurraz estaldurik egoan itxasalde guztia, ta Mundakatik ez Bermeotik etzirean ikusi txalupak iñora joaten.

        Erri orretako gizadia asi zan, joan ara ta etorri ona: elizea bete zan Jaungoikoari eskariak egitten, da noizik-beñean, euria zan jausialean. Nun dira erri guztiko txalupak? ittanduten eben emakuma, euren aitta, senarra edo semea txalupan ebezanak, guztiak biotzildurik, negarrez da deadarrez. Gizaseme ta emakuma batzuk, joan zirean Mundakatik Bermeora zerbait jakin gurarik, baña erri atan bere, ezeben besterik ikusi negarra ta deadarra baño.

        Aize ta euri guztiakaz, ondo ordainddurik, biraldu ebezan iru gizon Elantxobera, jakitera portu atara agertu ete zirean txalupak: Bermeotik bere biraldu ebezan gizon bi. Biaramoneko egun-abarrean, etxeratu zirean gizonok, albisteagaz, zelan portu atan egozan Mundaka ta Bermeoko txalupa asko, ta aretako gizadiak esan ebala, enparauak Lekeittion egongo zireala.

        Albista orregaz, jarri zan gizadia gogo-argiaz, ta oneraspenaz Jaungoikoari eskariak egitten, baketu eittezan aize ta itxasoaren inddarrak, txalupak ainbat ariñen etxeratu eittezan.

        Urrengo egunean, agertu zirean txalupak euren portuetara, guraso, emaste, seme-alaba, neba ta arreba, aide ta adiskide guztiaren pozgarrirako. Etzan bat-be ondatu.

        Nor ete zan a neskatotxo begi baltz ederrakaz, elizan, ainbeste negar egiebana, txalupen barririk ezegoan egunean? —ittandu eutsan gizon batek beste bati, ta onek erantzun eutsan:

        —Eztakit nor izan zan, baña zana-zala, bere aide urkuen bat, egoan txaluparen baten.

        Irakurleak usmauko dau nor izan zan a neskato begi baltz ederra, ta biotz samurra, ainbeste negar egiebana.

        Josetxori, orrek arriskuok era naigabeok igaro ta urrengo egunean, bere amak esaten eutsan:

        —Txotxo, ez az oranidiño aspertu arraintzan?

        —Ez ni amatxo, zer da ba noizbait eguraldi txar bat artutea? zeinbat olako artu bearko dodaz urrunera noanean.

        —Ai txotxo, ige gogoa sendoa dok, baña nire ustean, geugaz ementxe, geure lanetan, obeto biziko intzan.

        —Ama, urrunetara joan-etorrietan irabazten dodazan dirutxoak, ekarriko deutsudaz.

        —Bai, Josetxo, ori diñok orain, bapa urrunean aztuko az gugaz. Alan igaroten da doazan geienakaz.

        —Nigaz ez ama; nik urrunago ta maitteago izango zaittuet, eta dirutxoa ekarriko deutsuet.

        —Egin-ba olantxe Josetxo; zuk beti daukazuz itxaropen onak, eta Jaungoikoak emon daizula gurozun guztia.

        Josetxo ebillen txalupa jaubeak, eban Txotxo-tontor ezizena, tontor bat bekokian ebalako; zan baltzeran, zabalote, bizartsu, berrogetamar urte inguruko gizon sendo bat.

        Len esan dogun eguraldi gogorra igaro zanean, geienean gertau oi-dan lez, etorri zirean on-onak, zeru garbi ta eguzki argikoak luzaroan, da arraña ugari jaso zan egun orretan; baña egun baten, kalan egozala, eguerdi ostean, estaldu ebazan, laño ta lauso illun batek. Txalupak ezeben alkar ikusten, da iluuntasunaz bilddurturik, zabaldu ebezan belak, eta jarraittu eben etxerutz. Santzoak eta deadarrak zirean euren igargarriak alkarren urre edo urrun egozan ezagututeko: aize apurtxoa, itxasoa bare-bare osin baten antzera, ta txalupok joazan ur-ganean arin-samar, euren bela nagosiakaz.

        Josetxo ebillen txalupakoak joazan zoli aurrerutz begira, Izaro itxasleorra, joko ete eben bilddurraz, da onetan joazala, jo eban txalupeak atx txikitxo bat, eta alboagaz joten-joten, jarraittu eban aurrera, baña urertza baño berago egin jakan zulo bat, eta ondatu bear eben, air ur asko sartuten zan zulo atatik. Batzuk ebiltzan oial zarrak zuloan sartu eziñik, besteak, sartuten zan ura bota eziñik: arazo onetan, arrigarrizko bilddurraz, beste gogamenik ezebela ebiltzan artean, txalupea aurrera joan, da uste-uste baga, dart-dart, atxarte baten sartu zan.

        —Ee...? gizonak, nun gagoz gu? —esaeben batzuk, eta arpegiak zurbildurik jarri zirean guztiak alkarri begira. Orduan Txotxo tontorrek esaeban:

        —Gizonak, uste dot, txalupeak len jo daben atxa, Potorro-arri izan dala, ta orain gagozala Izaroko atxetan.

        —Bai, bai izan be —erantzun eutsen batzuk—, lengo atxak Potorro-arriren antza euki dau, ta Izaroko atxetan egon bear dogu orain.

        Batu belak, eroan leorrera, ta gizon bi joan zirean Izaro-ganera, deadar egittera beste txalupari, adierazo gurarik laguntasuna bear ebela, baña ezeutsen iñok erantzun ez jaramon.

        Ain bare ta geldi egoan itxasoa, zein atxetan bere ezeban zaratarik egitten. Urberantza zan; ura berutz joan, da ordubi garrenean, leorrean egoan txalupea, ta ainbat ondoen arautu eutsen zuloa: gero etorri zan urgorantza ta iru ordu garrenean urganetu zan txalupea; eroan eben Izaroko portua esaten eutsen atxarte batera; txalupan lotu zirean gizon bi, aldizka ura kenduteko, ta enparauek igo eben Izaro-bizkarrera, illuntzean oso illundu orduko.

        Gaubean egieben lo, belakaz estaldurik, eta biñan, aldizka, joaten zirean txalupara an egozanak aldatutera. Gaberdian asi zan lausoa gitxittuten da egun-abarrean, argi ta garbi egozan inguruak. Etziran azartuten euren txalupeaz etxeratuten, zuloan eukan oial zarrak urten ezkero, ondatuko zalako: txupil zar bat euken arraun bategaz gora jasota Izaro-ganean igargarritzat, txalupari goizean kalara joazanean erazagututeko nun egozan.

        Lauso aregaz, beste txalupa batzuk-be jo ebezan atxak, an, or da emen, baña kalte baga eldu zirean portura illuntzean.

        Joan orduak, etorri baga, ta etzan agertuten portura. Txotxo-tontorren txalupea: arrantzaleak esanarren ezegoala arriskurik eguraldi aregaz, bilddurrez ebiltzan txalupa atan, aittak, senarrak eta semeak eukezan emakumak: gau itzala ta neketsua igaro eben guztiak, zer jazo ete-zan gogoan ebela: etxetik portura ta portutik etxera, loa gomuta izan baga ibilli zirean Ondartzakoak eta beste enparauak.

        Gaba zan oraindiño goizaldean txalupak kalarako urten ebenean, baña argittu jaken Izaro itxasleorra igaro-orduko: ikusi eben Izaro-ganeko ezaugarria ta baitta an egozan gizonak-be, ta txalupa bat joan zan zuzen Izaroko portura. Laguntasun onegaz, zabaldu ebezan euren bela nagosiak, eta aize onaz, ordu-erdian eldu zirean Mundakara, ta ondartu eben Txotxo-tontorren txalupea urez bete ezeittean.

        Orduan dana zan barrea ta santzoa portu bazterretan. Ankoker tanbolin-soñulariak bere, urten eban portura, bere txistu ta tanboliñaz, gizadiari jolastu eragitera; ta lengo naibage guztiak, gogo-argira biurtu zirean. Txotxo-tontorrek eta beste batzuk emoeutsen bearrak egin ebezan egun atan. Anka, zerbait okerrak eukazalako, esaten eutsen Ankoker: gizajoak, ume ta emazteari jaten emoteko, edozein lanetan edonora joateko egoten zan beti gogo onaz. Amugillea zan bere langintzea, baña amugintzeak eta tanboliñak ezeutsan emoten bear eban beste, ta edozein gertaera gogo-argikoa igaroten zanean, etzan ibilten erriko nagosiaren baimena billatuten tanboliñaz kalera urteteko: beingoan urteten eban, errealtxo batzuk batuko ebazala uste ebanean. Zan guztiz bizkorra ta gogaldi onekoa: esakerea zan zelan guduan, iges egin bear eban baten, emoeutsen estualdiaz, zazpi zaldiren azpitik igaro zala bere anka okerrakaz: berak-be, esaten eban, egia zala au gertaerau. Beti egoan pipea agoan ebala: sarri egoten zan txistu-joten pipea agoan ebala, ta txistuen zuloetatik urteten eban keaz, irudien, su ta gar, geztokitar bat. Entzute andikoa ta maittetua zan inguru guztia, bere egittasun da gogaldi onakaittik.

        Txotxo-tontorren txalupea portuan ondartu zanean, txalupako gizon-mutillak etxeratu zirean atsedendutera euren neketasunak. Txalupa ingurua legortu zanean, gizadi asko joan zan ikustera Potorro-arrik egieutsan zuloa, ta esaten eben miraria zala zulo aregaz ondatu baga porturatutea.

        Gizon batek ittandu eban portuan:

        —Nor izan da neskatillatxo begi baltz ederrakaz txalupearen zuloa ikusten egon dana?

        Beste batek erantzun eutsan:

        —Masima arroaren alabea.

        Egun atantxe arautu eben txalupearen zuloa, biaramonean arraintzura joateko.

        Astebete garrenean Mundaka ta Bermeoko kalietan, abesauten ebezan urrengo doazan koplak:

 

                Arrantzaleak egozan kalan,

                Arraña sendo jasoten,

                Lauso illuna inguruetan;

                Etzan leorra ikusten.

 

                Etorri zan lausoagaz,

                Estaldu zan eguna,

                Motel-motel, itzal-itzal,

                A zan illuntasuna!

                Lañopean arrain baga,

                Eguraldi astuna,

                Arrantzale gaisoentzat,

                Beti neketasuna.

 

                Lauso illunak bilddurtu eta,

                Betozan danak etxerantz,

                Aize apurra, bela zabalak,

                Begira beti aurrerantz.

 

                Etorri zan lausoagaz...

 

                Lausoagaittik Txotxo-tontorrek,

                Gomuta txarrik ezeban,

                Uste-uste baga, txalupa ederrak,

                Potorri-arri joeban.

 

                Etorri zan lausoagaz...

 

                Nundik galbiltzaz lagun maitteak?

                Zelan joan atx atara?

                Zulatu jaku txalupea-ta,

                Laster ondatuko gara.

 

                Etorri zan lausoagaz...

 

                Leber mutillak, tapa zuloa!

                Bota urori kanpora!

                Ostarantzean ordu-erdian,

                Goaz guztiok ondora.

 

                Etorri zan lausoagaz...

 

                Bear onetan ebiltzazala,

                Txalupau joan aurrera,

                Uste bagarik, gero sartu zan,

                Izaroko atxartera.

 

                Etorri zan lausoagaz...

 

                Arrittu ziran gizon guztiak,

                Neketu euren lanetan,

                Izaro-ganean belan barruan,

                Lo egin eben gau atan.

 

                Etorri zan lausoagaz...

 

                Gaberdian-be, etzan ondiño,

                Txalupan sartu portuan,

                Deadarrra ta negarrik asko,

                Bazan Mundakan orduan.

 

                Etorri zan lausoagaz...

 

                Zorionean pozgarrirako

                Biaramon goiz-goizean,

                Txalupa ederraz arrantzaliok

                Portura sartu zirean.

 

                Etorri zan lausoagaz...

 

                Ankoker an zan, gogotsu joten,

                Zoragarrizko soñuak,

                Negar ostean, etorri ziran,

                Barre ta zantzo gozoak.

 

                Etorri zan lausoagaz...

 

        Pozik ebillen portuan, Polen, Txotxo-tontorren ama, bere semea agertu zanean, larogetazazpi udabarri ikusita egonarren. Bere gaztetako mutil laguna izan zan batek, esan eutsan:

        —Pozik zabiltz, Polen, semea agertu danean.

        —Bai, Gorden, pozik egoteko da egun au.

        —Jantzaldi bat-be egingo zeunke orain.

        —Zuk baño zoliago bai.

        Au esanaz batera asi zan jantzan, Ankokerren tanbolin soñuan, da Gordeni, larogetamar urteren astuntasuna aldean ebala, nai ta nai ez, jantzan eragin eutsan. Gizadi guztia batun zan bertara: Ankoker-be, urreratu zan, da jo ebazan ekiñaleko soñuak, eta barre asko egitteko ereti ona egon zan atzo-agura biaren jantzakaz. Orra, gaztetako adiskide bi, birbisturik, batak larogetamar da besteak larogetazazpi urte ebezanean. Zein laurka atsegintsua.

        Gero luzaroan, eguraldi onak egon zirean, da arrain asko jaso eben arrantzaleak, baña beti oi-dan lez, itxastarrak, eguraldi txarrean, egoten dira onaren begira, ta onean txarraren bilddurrez.

        Egun baten, goizean-goizetik, urten eben txalupak portutik kalarako; zeru garbi ta izarratu ederraz. Eldu zirean kalara; jaurti ebezan kordelak eta ugaritxo etorren arraña txalupara: eguerdian arrain asko egoan txalupetan. Pozik egozan arrantzaleok euren zorionaz, baña arratzaldeko ordubietan, zeru-barrenean, asi zirean gora igoten, edoi txiki baltzeran batzuk, eta etozan goroago andiagoak, eta abiada ariñagoaz: itxasoa bere, asi zan igittuten olatutxoakaz, da ezagun zan aize gogorra urre-samar egoana. Arrantzaleari tamal eritxitten jaken a arraintzu ona istea, ta bilddurrez bai, baña geldi egozan kalan arrain asko jasoten. Arratzaldeko iruretarako, zerua bete zan edoiakaz; olatuak andiagoak zirean, da kanpo-aldetik itxas-ganean agiri zan lauso antzeko illuntasun bat.

        Arrantzaleok oso bilddurtu zirean; egin ebezan arin euren abiamenak, eta artu eben etxera bidea: igarri eben aize gogorra etorrena, ta bela txikienak zabaldu ebezan. Laster ikusi eben aizearen inddarrak, itxasoko urak gora jasoten ebazala, ta olatuak eratuten ebazala gangar zuri ikaragarrizkoak. Biderdi inguruan arrapau ebazan txalupak ekatx onek, eta esan leittekean danak ondatu bear ebela, ain arrigarrizkoak zirean itxasoaren olatuak eta aizearen inddarrak.

        Arratzaldeko lauretan, Bermeoko txalupa bat, ondatu zan, olatu batek urez beteta; bere urrean joan Mundakako txalupa batek, arrapau ebazan gizonak itobearrean. Gerotxoago, beste Bermeoko txalupa batek egieban tira-bira, ta guztian atzetik urruntxo etorrelako, txalupa ta gizon guztiak galdu zirean.

        Urrengo ondatu zan Txotxo-tontorren txalupea, olatu arrigarrizko batek urez beteta, ta gaikera andiaz, ia mutillak! esanaz, Bermeoko txalupa batek arrapau ebazan gizonak, ito bearrik ebiltzanak.

        Illundu orduko etxeratu zirean txalupa guztiak: iru ondatu ta bederatzi Bermeotar ito zirean zorigeiztoko ekatx atan.

        Bermeoko gizadi asko joan zan Mundakara, euren aittak, semeak eta senarrak billatutera, ta Mundakako Txotxo-tontorren txalupako gizadiaren amak, emazteak, alaba ta arrebak joan zirean Bermeora, euren etxetar maitteak billatutera.

        Bermeoko portuan, bertako gizon batek, beste askoren artean ittandu eban:

        —Nor da a neskatillatxo ondo apaindua, bere begi baltz ederrakaz da arpegi itzalaz, Txotxo-tontorren txalupako gizadiari begira dagoana?

        Ezeutsan iñok erantzun, baña irakurleak usmauko dau nor izan zan.

        Josetxo etorren, bekokian zapi bat odolduta ebala, ta beste batzuk-be, aren antzera eukezan zauriak or edo emen, da, alan da guzti-be, Jaungoikoari eskerrak bizirik urten ebelako.

        Eladitxo, bere arpegi itzalaz, etzan azartu Josetxori berba egitten, aittamaren bilddurraz, baña Josetxo joan zan beragana, ta ittandu eutsan:

        —Zer ekarri zaittu Eladitxo Bermeoragiño?

        —Zeu zelan zagozan ikusten, Josetxo; zer jazoten jatzu arpegian?

        —Bekokian daukat zauri bat, baña ezta ezer.

        —Agur-ba Josetxo.

        —Agur Eladitxo.

        Ezin leittekez iratzi ondo, Txotxo-tontorrek eta bere lagunak artu ebezan neketasun da naibageak, euren gorputzak zauritturik eta guztiz mingortuta ittobearrean ebiltzanean, bein itxaspean, bein itxas-ganean, mendielako olatuakaz txalupeari sendo eldurik, itxaroten aida batetik bestera, eriotzako ordua. A zan jazoera ikaragarria! Ordulauren beranduago eldu izan bazan Bermeoko txalupea, danak ittoko zirean. Zeinbat eta zein azkarrak zirean txalupearen zabunak! Zeinbat eta zein neketsuak itxaspean sartu-urtenak! Zeinbat eta zein gogorrak txalupara sartuteko egin zirean indarrak eta igaro zirean arriskuak! Ikusi baga, siñisgatxak dira onek jazoerok.

        Bermeo ta Mundaka etzirean bakarrik zoritxarreko portuak: Santandertik Donostiara bittartean, txalupa asko ondatu zirean ekatx aregaz: negarra ta atsekabea ugari zan itxas-alde guztian.

        Josetxok zauri andi bat eukan bekokian, da bera txalupako lagunak, ain nekaturik egozan, zein guztiz astiro joan bear izan eben Bermeotik Mundakara ordu-erdiko bidean.

        Zarrak esaten eben, urte asko igaro zireala ekatx aren inddarrak eukazanik agertu baga.

        Josetxori, etxeratu zanean, garbittu ta arautu eutsen bere bekokiko zauria, ta ogeratu eben atsedendu eitean.

        Egun batzuk geroago, artu zan Mundakan albistea, zelan Txotxo-tontorren txalupea agertu zan Lekeittiotik urre, ta ango arrantzaleak porturatu ebela. Joan zirean billatutera, ta etxeratu eben kalte andirik ezeukala.

        Bermeoko txalupa biak eta itto zirean gizonak etzirean agertu.

        Txomin-txikik, bere seme Josetxori, ogean egoala ittandu eutsan:

        —Josetxo, eztok oraindiño gogaittu itxasoko ibilketakaz?

        —Ez aitta; txalupako gizonak ikusi ebenean edoiak arin etozala, da itxastxori asko etorrela kanpotik kalara, esan eutsen Txotxo-tontorri, zelan, euren ustez, eguraldi txarra etorren ganera, baña onek erantzun eban, zelan, ezaugarrilleak, etzittuen oraindiño erakutsi etxeratuteko ezaugarriak: alan zan izan-be; arraña etorren ugari txalupetara, ta aginttariak ezeben jaramoten. Gerotxoago, ekatxak belarriak erakutsi ebazanean, izan zirean estutasunak, arin-ariñak, artegak eta bilddurak, ainbat ariñen etxeratzeko.

        —Bai seme, orrek gertaerok olan izan oi dituk, baña, ez az aspertu oraindiño orrekaz arriskuokaz? Sei illebete dozak itxasora oala, ta iru bidar ibilli az ittoteko arriskuetan. Zelakoak direala uste dok itxas-zabaletako ekatxak? Sarrittan ibilli bearkok astebetean soñekoak legortu baga, txittean-pittean uretan barruan sartuta. Eztok ikusi zer dan Cabo de Hornos esaten deutsen lekua! An dozak aizeak eta itxasoak! Edurmendiak irudi izaten dabez ango olatuak, aizeak indar andiak daukazanean: nik eta nire lagunak, Guayakiltik Santanderrera kakaoz zamaturik etorri giñeanean, artu genduzan ekatxak eta edurrak, ezin siñistu leitekez ikusi baga. Gomuta dot zireana garagarrillean.

        Juana Marik, ebagi eutsan berbaldia, ta ittandu eutsan:

        —Garagarrillean, Txomin, orrek edurrok?

        —Bai, garagarrilean: neuk-be eneban siñistuten ori, baña neure begiakaz ikusi, ta neure gorputzagaz nekeak artu nebazanean, ondo siñistu neban. Juana Mari, an izaten da negua emen udea danean, da udea emen negua danean. Bien bittartean dago leku bat, betiko eguraldi onakaz, bero-bero egoten dana.

        —Orrek dira mirariak.

        —Bai, Juana Mari, len esaten niñoana, berrogetabi egunetan ezkendoan jantzi soñeko legorturik. Lenengo alkarren ostean etorri zirean ekatxak, erabili ginduezan guztiz txarto, ontziaren zabun errimeakaz: kakaoa joan zan alde batera upategian; etzan zan ontzia alde aren ganera; olatuak garbittu ta eroan ebezan ontzi-ganeko gauza guztiak; eta arrigarrizkoak izan zirean guk igaro genduzan zortzi egunak. Gero, egun-biko eguraldi on-samarraz, kakaoa jaurti genduan beste aldera ta zuzendu zan ontzia, baña arin jo ginduzan ostera lengoaren gisako ekatx gogor batek. Aizearen inddarraz jasoten zan urak, eratuten eban bitsaz, zuri-zuri egoan itxas-gane guztia: izugarrizko olatuak, euren gangar zuriakaz, jo ta estalduten eben ontzia, ta lengo ekatxean kakaoa, alde batera joan zan lez, orain joan zan beste aldera, ta ontzia etzan zan alde onen ganera. Bost egun zorigeiztokoak igaro genduzan gisa onetan, eriotzea begien aurrean zala: iru gizon da ollatokia olloakaz eroan ebazan gau atan olatu mendielako batek, eta etzirean geiago ikusi. Ezin zan egin besterik, ezpazan, eldu sendo txikotari atze-aldean, da egon antxe geldi, edur, euri, aize ta itxaso-zaparradak artuten, Jaungoikoari eskatuaz bere laguntasuna. Ekatx au aldendu zanean, etorri zan egun bi iraun eban eguraldi ona: kakaoak jaurti bear eban beste aldera ontzia zuzentzeko, baña gure gorputzak oso makaldurik, eta ganera iru gizon gitxiagoaz, nekez da geldiro egin zirean lanak: alegiñen-alegiñaz, egun bietan zuzendu zan ontzia. Gero etorri zirean, iñoiz amaittuten etzirean edurrak eta otzak, itxaso ta aize baketsuakaz, da luzaro jarraittu genduan eguzki ez izarrik ikusi baga ta nun gengozan ezkenkiala. Egunaro geunkazan egiñalako lanak, olatuak apurtu ebezan gauzak, zelan edo alan araututen; egunaz lanean berotuten giñean, baña gauak zirean guztiz neketsuak, geratuten etzan edur jausteaz da otzaz. Ekatxetan, ura joan zan ugari ontzi barruko sokondo guztietara: ogeak, jantzigarriak, janariak edo alikaturak eta beste gauzak, ibilli zirean goikoz-bera ta azpikoz-ganera, uretan. Zerua argittuten asi zanean, gengozan Montebideotik urre, ta ontziko agintariak artueben burubidea portu atara joateko, olatuak eta aizeak egin ebezan kalteak araututera ta elikatura onak artutera. Astebetean egon giñean Montebideon abiamenak egitten, da gero urten genduan barriro itxasora Santanderrerako. Ez az arrituten Josetxo gertaera onekaz? Amaika olako neketasun artu bearkok.

        —Bai aitta, siñistuten dodaz nik orrek jazoerok, baña neke orren urrengo etorri leittekez zorionak. Itxasoko bizibidea da nik gogo geien dotzadana, ta araxe joango naz zeuen baimenaz bada. Zeinbat ikusten dira zorionean atsegiñakaz, neke alatsuak igaro ta gero?

        —Josetxo, euk nai doana egingok.

        Juana Mari-be sartu zan autu onetan, da esan eutsan Josetxori:

        —Ene semetxoa, aittak erazagutu doan edesti arrigarrizkoaz-be, ez az bilddurtuten itxas-urrunetara joaten?

        —Ez amatxo, enaz bilddurtuten; esan neutsun lengo egunean, urrunago ta laztanago izango zaituetazala, ta irabazi aldodan dirutxoa ekarriko deutsuetala.

        —Baña nik txotxo, diruak baña eu naiago aut, eta bilddurra yaukat urrunetan gexotuta ilgo ete azan.

        —Ama ori, urrunetan lez gertau leitteke ementxe-be. Iltea edo bizitea, an zein emen, da edonon, Jaungoikoak agindduten dabena izaten da.

        —Ai txotxo! Iri ondo sartu jak eure gogoan, itxasoetan billatutea eure bizibidea. Jaungoikoak nai dabena izan dedilla!

        Txotxo-tontorren txalupan, Josetxogaz batera ebillan, irurogetamalau urte, neke asko mundu onetan igaro ebana aguratxo bat, eta gizajo onek esaten eban, zelan Josetxori eutsan zor bere bizia, txalupea ondatu zanean. Txalupako gizon guztiak esaten eben, zelan Josetxok egin ebazan gaitasun errimeak, a aguratxoa ito ezeittean, da lortu ebala bere guraria.

        Arriturik mutiko aren azkartasun da egittasun onakaz, arrisku andiko ordu atan, Mundakako gizateri guztia, bein batzuk eta bein besteak joan zirean Ondartzara, Josetxo ikustera gexorik egoanarte, da mutiko onek artu eban entzute andia, ta aurrerantzean izan zan guztiaren maittagarria.

        Zer igaroten ete zan, Masima ta bere senarraren zentzunetan, jakin ebezanean Josetxoren gizabide ta onegiñak?

        Euren andikeri guztia-be, ezagutuko eben, zelan baserrittarra izanarren, zan biotz zintzokoa, ikastuna ta ongillea.

        Itxasalde onetan, len esan dan lez, jazoera neketsu edo atsegintsuetan, agertuten zirean koplak, eta gazteak kantaten ebezan kalean da edonon. Txotxo-tontorren txalupea agertu, ta egin batzuk igaro zireanean, nundik ez zelan iñok ezekiela, azaldu zirean urrengo doazan koplak, eta abesauten ebezan itxasondoko erri guztietan.

 

                Egun-abarraz kalara joan,

                Bota amuak ondora;

                Itxaso bare, izarrak zoli,

                Arraña betorren gora.

                Arrantzaleak pozik egozan,

                Begira euren arlora,

                Goiz eguraldi, ezin obea,

                Kala guztiz emonkorra,

                Zantzo ta barre ia mutillak!

                Jaurti nekeak albora.

 

                        Egun-abarrak

                        Ekarriaren,

                        Zeru ta itxaso

                        Ederrak;

                        Sarri-sarritan

                        Egitten dira,

                        Arratsaldean

                        Negarrak.

 

                Atxerren goitik, agertuten zan,

                Oiz mendien bizkarra,

                Eguzki bero, edoirik baga,

                Guztizko zeru ederra.

                Tira ta tira, beti etorren,

                Arraña amuetara,

                Itxastxoriak kanpo aldetik

                Etozan arin kalara,

                Albista txarrik ezpaekarren

                Ziur zan arrainsundara.

 

                        Egun-abarrak...

 

                Arratsaldeko ordubietan,

                Lañoa euken mendiak,

                Sartaldean gora illuntasunaz,

                Etozan arin edoiak.

                Gerotxoago ikusi ziran

                Aize ta itxaso zuriak,

                Burriketakaz, bela emoeben,

                Arrantzaleak guztiak

                Albista txarra, eroan eben,

                Kalara itxastxoriak.

 

                        Egun-abarrak...

 

                Biderdi oso egin-orduko,

                Illundu ziran bazterrak,

                Burriketak-be, urratu bear,

                Aize gogorren inddarrak.

                Mendielako olatu andi,

                Ausita euren gangarrak,

                Joten ebezan txalupak eta,

                Baitta gizonen bizkarrak.

                Itxasaldeko, erri askotan,

                Baziran zoli negarrak.

 

                        Egun-abarrak...

 

                Olatu batek, ondatu eban,

                Txalupa Bermeokoa,

                Mundakar batek egieban jaso

                Ango gizeri gaisoa.

                Urrun etorren Bermeotar bat,

                Izan zan urrengokoa,

                Danak ito ta, guztia galdu,

                A zan zoritxarrekoa,

                Arrigarrizko gertaerakaz,

                Egun negargarrizkoa.

 

                        Egun-abarrak...

 

                Irugarrena zan Txotxo-tontor,

                Ikusi zan ondaturik,

                Olatupean azpiratuta,

                Gizonak itto-bearrik.

                Bermeotarrak txalupa baten,

                Arin mutillak! esanik,

                Joan zirean gizonakana,

                Nekez, arriskuz beterik,

                Egiñalako-egiñalakaz,

                Jaso ebezan bizirik.

 

                        Egun-abarrak...

 

                Ekatx onegaz, ikaraturik,

                Itxasaldean ebiltzan,

                Estutasunaz guztiz artega,

                Zer gertatuten eta zan.

                Euri-landurrak, txalupa danak,

                Oso estaldu ebazan,

                Arrigarrizko bilddurtasunaz,

                Negar da negar egozan,

                Eskari asko Jaungoikoari

                Egitten euren elizan.

 

                        Egun-abarrak...

 

                Arrantzalien bizibidea,

                Olan da beti, gizonak,

                Neke askogaz artzen dittuez,

                Arriskualdi gogorrak.

                Itxaso ta aize aserreakaz,

                Errukigarrizko lanak,

                Sarri-sarrittan, gertaten jakez,

                Siñismen guztiz okerrak,

                Eguraldi onaz goizean pozik,

                Arratzaldean negarrak.

 

                        Egun-abarrak...

 

        Josetxok, sendatu zanean, jarraittu eban len legez Txotxo-tontorren txalupan: goizean-goizetik joaten zan egunaro txalupara, ta itxasora joan-etorria egin, txalupa garbitasunak eta beste arazoak amaittuten ebazanean, etxeratuten zan: ikasi ebazan arrantzuko bizibidean egitten zirean arazo guztiak, eta ekandu zan itxasoan ibilten, eguraldi onakaz zein txarrakaz.

        Eladitxo, portura agerralditxoa egin barik etzan egoten, txalupak etxeratuten zireanean: arek begi baltz ederrak ezin egon zirean Josetxo ikusi baga itxasotik etorrenean. Neskatotxo aberats, ondo jantzia ta obeto apainddua, joaten zan, a mutiko nekezalea, itxasora eroan oi-diran lez, erropa zar adobatuakaz ebillena ikustera. Zein biotz ederra Eladitxorena! Ezebazan ikusten mutiko aren erropa zarrak, ezpada, mutikoa bera baño.

        Zortzi illebete arrantzoan igaro ebazanean, agertu jakan Josetxori eretia joateko Bilbon egoan ontzi batera, agintarieran ogipeko. Aittamak, ikusirik mutikoaren burubide sendoa itxasketarako, erabagi eben joan eitteala gura beban, zegaitik zalako gizon ona ontzi atako agintaria.

        Josetxo pozik egoan ereti onegaz itxasketara joateko, ta urrengo egunean asi zirean gurasoak abiamenak egitten, mutikoaren soñeko ta enparauakaz. Joan orduko ibilli zan Josetxo, Mundakako lagun da adiskide guztiari agur egitten, da idoro eban a neskatotxo begi baltz ederduna-be, ta esan eutsan:

        —Agur orain Eladitxo; biar noa Bilbon dagoan ontzi batera, agintarien ogipeko, ta urrengo ikusi arte.

        —Urrun zoaz Josetxo?

        —Uste dot baietz.

        —Jaungoikoagaz joan da beragaz etorri zaitezala. Noizarte uste dozu?

        —Eztakit-ba Eladitxo, ori Jaungoikoak daki.

        —Ez altzara joango betiko.

        —Eneuke nai, joan betiko.

        —Ez aztu emeko laguntxoak, eta etorri ainbat ariñen.

        —Zu etzaittut aztuko Eladitxo.

        —Nik-bez zu, Josetxo.

        Negar malkoak agertu zirean euren begietara; agur egin alkarri, ta aldendu zirean.

        Josetxok orain, ebazan amabost urte, ta Eladitxo amairu.

        Biaramonean joan zirean Bilbora, Josetxo ta bere aitta, ta arik irugarren egunean itxasoratu zan ontzia Montebideorako: alan esan eban Txomin-txikik etxeratu zanean.

        Orain, ezin jakin geinke luzaroan Josetxoren barririk, eta goazan Martin-zaldi Karlos-geiztogaz zer igaroten dan jakittera. Irakurleak ezagututen dittu onek mutil biok, eta gomuta izango dau zelan Aprikarren gudura joan zirean, orain urte bi.

 

aurrekoa hurrengoa